Jakoba Errekondo
Bermeoko tala hankapean duen tala da Almike, milaka urtetan Bermeoren patrika betetzen duen herria. Auzoa deitzen diote bermeotarrek, beraiek eta almikearrak bi direla argi asko adieraziz. Haiek ere, beste direla azaltzeko jaiak egun bera ospatuz egiten dituzte. Bermeo handikian barraka zatarrak nagusi ziren artean Almikeko zumardian idi-buztarriak pasieran zebiltzan, itsaso estropada zaleari zeinek baino zeinek kopetako dotoreagoak erakutsi...
Zumardi ederra da bai Almiken. Bermeoko Lameraren parekoa. Bikiak ez badira ama berak herendutakoak. Izenean besterik ez dute aldea: kolonoen alamedatik eratorritakoa bata eta zuhaiztiarenetik bestea. Gazteleraz alameda hitzak hostoz jantzitako zerua duen kale edo ibilbide zabala adierazten du; garai batean alamozkoak (guretzako zurzuria Populus alba, makala Populus nigra eta lertxuna Populus tremula). Kale horien egitura geurean ezarri zenean zumarrezkoak (Ulmus sp.) izango zirenez, itzalpe horiek euskaraz zumardiak dira.
Harrigarria da bada Almikekoa. Itzelezko zumarrak ditu, egun inon gutxi ikusten diren horietakoak. Duela berrogei bat urtetik hona milaka eta milaka zumar hil dituen grafiosiaren eraginez pixkanaka bakantzen ari dira hemen ere. Tarteak bururik gabe betetzen ari dira. Beheko nagusien lamerako zumardiaren tankera eman nahian aldatutako zurzuriak-udaletxe bera, zinegotzi bera, lorazain bera... kolonizazio bera- zumar amonen hanketara makurraraziak ditu mendebalak. Nahasian XX. mendean itzaletarako baino lorazainen kuttunak izan diren ezkiak (Tilia sp.), indigaztainak (Aesculus hippocastanum) eta zume negartia (Salix babylonica). Panorama hau ezagututa, zumardiko karrejoan buztarria eta harriaren artean idiak lez zumarrak mangata, akituta lirateke... Eskerrak itsasoa eta bere mendebalaren bizi-pozari!
Jabier Agirre
Botika generikoen merkatuak hazkunde handia izan du azken urteotan, administrazio maila guztiek (Espainiako estatukoek, probintzietakoek nahiz lekuan lekukoek) abian jarritako politiken ondorioz. Izan ere, produktu horiek funtsezko papera jokatzen dute gure osasun sistemaren iraunkortasun finantzarioan. Horrez gain, eta hiritarrei begira, botika horiek prezio merkeagoa izanda markako botiken kalitate eta eraginkortasun berbera bermatzen dute, segurtasun osoarekin. Azken finean, urte askoko esperientzia daukate.
Eskura dauzkagun azkeneko datuen arabera, 2005eko abenduan generikoen kontsumoa %15,02koa izan zen, eta zenbateko ekonomikoa berriz, %7,68koa. Zifra horiek gorakada handia dira 2004 urtearekin alderatuz gero, orduan botika generikoen kontsumoa %12,03 eta zenbateko ekonomikoa %6,58koa izan baitzen.
2004ko maiatzetik abendura, 12 osagai aktibo berri sartu ziren botika generikoen eskaintza zakuan, 2005ean 11 izan ziren eta aurten guztira 7 izan dira, maiatza bitartean -horietatik bost aurreneko hiruhilekoan-. Halaber, epe horretan goraka egin du espezialitate farmazeutiko generikoen portzentajeak, urtero finantzaketa publikoan sartzen diren botika berrien kopuru osoarekin alderatuz gero -2004an %43 ziren eta 2006ko martxoan berriz, %63-.
Generikoak sustatzeko bidean hainbat kanpaina egin dira, bai jendea sentsibilizatzeko, bai botika generikoak kontsumitzera bultzatzeko, eta baita medikuak nahiz botikariak gai horren inguruan trebatzeko ere. Dena den, 2005eko Osasun Barometroaren datuak erabiliz, herritarren %69,5ak badaki zer diren botika generikoak, baina %30,3ak ez. Bestalde, %76,5ak begi onez ikusiko luke horrelako botikaren bat erabiltzea bere medikuak aginduz gero, eta %10,3ak dio medikuak markako botikaren bat errezetatzea lortzen saiatuko litzatekeela.
Joxerra Aizpurua
Magnetismoa, seigarren zentzumena?
Gizakiak bost zentzumen dituela betidanik ikasi dugu, hots ikusmena, entzumena, ukimena, usaimena eta dastamena. Baina izaki bizidun guztietan dagoen kriptokromo deituriko fotohartzailea ere eremu magnetikoen aldaketekiko sentikorra dela frogatu berri du Margaret Ahmad ikerlariak zuzendutako talde frantziar-alemaniarrak.
Kriptokromoek argi urdinarekiko sentikortasuna adierazten dute eta izaki bizidunen erritmo biologikoaren erregulazioan parte hartzen dute. Hainbat saiakerei esker, frogatu ahal izan da kriptokromoek argi urdinaren eraginpean daudenean landareen hazkundean duten eragina. Txori migratzaileen kasuan kriptokromoa begien erretinan kokatzen da eta ezaguna da begiek txori mota horien orientazioan duten eragina. Txori migratzaileen orientazioa argiarekin lotua dagoela ezaguna denez, ikertzaileek kriptokromoen eragina ezagutu nahi izan dute. Horretarako, Arabidopsis deitu landarearekin aritu dira laborategian lanean eta argi urdinaren aurrean landareak aurkeztutako erreakzioez gain, eremu magnetikoen aurrean gertatutako aldaketak ere kriptokromoak eraginak direla frogatu dute.
Antza, eboluzioaren historian zehar kriptokromoek beren izaera mantentzea lortu dute eta animalia eta landare guztietan irautea lortu dute.
Hau dela eta, ikerketaren hurrengo urratsa gizakietan non kokatzen diren, nola eragiten duten eta noski, beren erabilpenetik zein onurak atera daitezkeen aurkitzea izango da.
Aurrerantzean Pluton 134340
Aurtengo irailetik aurrera Eguzki sistemak zortzi planeta izango ditu eta horrez gain hainbat planeta nano. Azken hauen artean kokatu behar dugu Pluton. Bere izen ofiziala Pluton 134340 izango da hemendik aurrera.
Minor Planet Center deitu erakundearen esku geratu da Pluton eta bere sistemako «harri puskak» izendatzeko lana. Horrela, Plutonen sisteman dauden Charon, Nix eta Hydra harri puskei 134340 I, II eta III zenbakiak edo izenak esleitu dizkiete, hurrenez hurren.
Gauden berrizendatze fase honetan, 2003 UB313 edo Xena goitizena zuenari 136199 zenbakia egokitu zaio.