Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-07 16:31:31
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2006-09-24 -- 2055.zenb

Katixa Garate


Kulturaren Euskal Behatokia martxan

Kulturaren Euskal Planaren zutabetako bat zen kultura aztertzeko behatokia sortzea. Beharrezkotzat jo zuten kultur agenteek eta erakunde publikoek kulturaren esparruko informazio eskasiari, informazioa biltzeko metodo estandar ezari eta kultur arloaren azterketa beharrari aurre egiteko. Lakuan kokatuko da Behatokia eta 2008a bitartean Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak izango du haren gaineko ardura. Behatokiaren jarraipen batzordea Eusko Jaurlaritzak, hiru Foru Aldundiek, hiru hiriburuek eta Eudelek osatuko dute, kulturgintzako hainbat ordezkarirekin batera.


Latinoamerikako Kulturen Jaialdia

Zinema izango du ardatz Latinoamerikako Kulturen Jaialdiak ûLa Cita deitzen zenakû hamabosgarren urtean. Irriak eta umoreak leku berezia izango dute Miarritzeko jaialdian. Hamaika film lehiatuko dira sail nagusirako, besteak beste, Brasil, Mexiko, Kuba eta Ekuadorretik iritsitakoak. Bestalde, Txileko zinemari buruzko atzera begirakoa eskainiko dute eta Federico Luppi aktore argentinarra omenduko dute. Mexikoko zinemagile gazteen lanak eta Kimuak eta Aquitaine Image programetako filmak ikusi ahal izango dira. Literaturaren gaineko hitzaldiak ere izango dira, besteak beste, Laura Restrepo eta Eduardo Manet idazleen eskutik. Arteak ere izango du lekurik eta gauero Kasinoko plazan DJek musika jarriko dute.


Auspoaren 300. liburua kalean

1954an hasi zen Antonio Zavala bertsoak biltzen, Xabierren irakasle zela. Bi urte geroago Bertso berri billa Euskalerrian zear hitzaldia eman zuen eta lau urte beranduago Auspoa bilduma abiatu zuen Balentin Zamoraren laguntzaz. Hasierako liburuetan bertsoak, prosa eta antzerkia argitaratu zuten. Beranduago, bertso liburuak nagusitu ziren eta Sendoa argitaletxearen babesa lortutakoan etorri ziren liburu ezagunenak: Xalbadorren Odolaren mintzoa, Manuel Lasarteren Gordean neuzkanak... Ordutik beste asko etorri dira eta 300.a azkena.


Kantautoreen diskoetako artea ikusgai

Kantautoreen eta artisten arteko harremana gehixeago ezagutzeko aukera dago Donostiako Okendo kultur etxean. 50eko hamarkadatik hona artista plastikoek kantautoreen disko azaletarako eginiko lanak bildu dituzte Hegan, abestiok, hegan! erakusketan. Hilaren amaiera bitarte, Zumetak Mikel Laboaren 14 diskoari eginiko azala, M. Hiribarrenek Mixel Labegerieren 4 kanturi egindakoa eta Ivan Zuluetak Vainica Dobleren Contracorrienteri egindakoa ikus daitezke, besteren artean.


Lourdes Iriondoren omenez

Abenduaren zazpian urtea beteko da Lourdes Iriondo kantaria hil zela. Irailaren 26tik aurrera haren omenezko ekitaldi ugari izango da Urnietan. Egun horretan Iriondori buruzko mahai-ingurua egingo dute Mikel Atxaga eta Joxe Mari Iriondok eta ondoren hari eskainitako Bidegileak bildumako liburukia aurkeztuko dute. 29an Lourdes Iriondo parkea inauguratuko dute eta 30ean Pier Paul Berzaitzek kontzertua eskainiko du Saroben.


San Telmo museoa Veneziako Bienalean

Hiriak: jendea, gizartea eta arkitektura da aurtengo Veneziako Arkitektura Bienaleko leloa. Espainiako pabilioiaren baitan, Fuensanta Nieto eta Enrique Sobejano arkitektoek Donostiako San Telmo museoa handitzeko egindako proiektua erakutsiko dute, azaroaren 19a arte.


Kontalari Jaialdia Getxon

Getxokontari jaialdia egingo da estreinakoz hilaren 22tik 24ra bitartean. A la luz de las velas taldearen ekimenez, kontalari andana izango da Getxoko Pipper's tabernan, Geltoki plazan eta Getxo antzokian: Maite Franko, Antton Irusta, Joxemari Carrere, Virginia Imaz, Itziar Rekalde...


Jon Martin bertsolari oiartzuarrak Igartza literatur saria irabazi du, Bakardadeak ipuin liburuaren proiektuarekin. Urtebete barru plazaratuko ditu Martinek eromenaren mugan dauden pertsonen gaineko ipuinak.

Juanito Garate Maltzeta (1924-2006) trikitilari azkoitiarra zendu zen joan den astean. Erromeriaren garai jorienean aritu zen Zabale eta Landakanda pandero jotzaileekin plazaz plaza. Bere alaba Mamen Garaterekin grabatu zuen azken diskoa 2001ean: Negarrez abesten dut.

Auñamendi argitaletxeak jasoko du aurtengo Euskal Herritar Unibertsalaren Saria. Auñamendi entziklopedia osatzen egindako lana eskertuko diote hala, azaroaren 15ean, Eusko Jaurlaritzak eta Euskadiko Kutxak.

Txaro Arrazola artista gasteiztarraren Desadostasuna, hondamendia eta egungo bestelako paisaia batzuk erakusketa zabalik da Durango Beittu arte galerian. Mihise gaineko ploter itxurako argazkiak eta margolanak jarri ditu. Komunikabideetako irudi gogorrei esperantza gehitzen dioten lanak urriaren 28a arte ikusi ahal izango dira.


Ixiar Rozasek Nabarrari esanak: «Literatura bestearen bilaketan hasten zarenean hasten da, niarengandik urruntzen hasten zarenean, ezagutzen ez duzun eremu batean sartzen zarenean».

Pako Aristik hitzok idatzi zituen Berrian: «Irakurleen defizit larri bat bizi dugu orokorrean, irakurleena, erosleena, kontsumitzaileena (...). Badirudi euskaldunon bizi maila zenbat eta altuagoa den orduan eta gutxiago gastatzen dugula kulturan. Diru guztia aisialdian doakigu, ondo pasatzen eta ondasunak pilatzen. Kultura denborapasa aspergarrien zerrendan jarria dago, hala izan gabe. Klase politikoak ere ez du gehiegi egiten kultur kontzientzia bat hedatzeko, hedabideek ere ez dute inor apasionatzen, ez kulturari buruz, ezta euskarari dagokionez ere».

Gabriel Gulian Uruguayn jaiotako musikaria Garan: «Nadie sabe nada lana hemengo diskoetxe batekin kaleratzea izugarri gustatuko litzaidake, baina ezin izan dut. Batetik, hizkuntzaren trabengatik. Hemen bizi garen eta musika hemen egiten ari garen kanpotarrekin zor bat dago kitatzeke. Oraindik ez naute artista euskaldun gisa hartzen, duela hamabost urte baino gehiago etorri eta ia ibilbide osoa hemen egin dudan arren. Instituzio eta kultur politiken mailan herrialde hau saldu eta aberastuko genukeela konturatu ez direlako gertatzen da hori».

hemeroteka

2054. zenbakia | 2006-09-17
2053. zenbakia | 2006-09-10

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan