Onintza Irureta
Hamaika Telebista Hedatzeko Taldea
Enpresa berria sortu da uztailean. Tokiko telebista digitalaren erronkari eusteko asmoz, Euskal Herriko sei eragilek osatu dute enpresa: EKT (Berria), EKHE (Le Journal-Gara) eta CMNtv (Deia-Noticias taldea) komunikazio talde bakoitzak enpresaren %20a dute, Bainet eta Elkarrek %10na eta Euskaltelek %20. Enpresako zuzendari nagusia Iñaki Uria izango da. Euskal Autonomia Erkidegoan, udazkenean, tokiko telebista digitalak ezartzeko lizentziak eskuratzeko aukera izango da eta enpresa berriaren helburua 15 telebista barrutietan euskarazko kate bana ziurtatzea da.
Elhuyarrek 15 urte euskara planetan
Elhuyar Aholkularitzak 15 urte daramatza enpresetan euskara planak ezartzen. Lehenengoa 1991ko irailean diseinatu zuen Elay Taldearentzat. 15. urteurrena baliatu dute irailaren 27an jardunaldiak antolatzeko. Helburua, orain arte egindakoa kontuan hartuta, erronkak definitu eta horretarako gakoak zehaztea da. Bide batez, euskara planetan aritu diren enpresa eta erakundeei egindako lana aitortu nahi diete eta oraindik ahalegin horretan urratsik eman ez dutenak animatu nahi dituzte.
Donostiako Miramon Parke teknologikoan izango den jardunaldian, hainbat ekimenen artean, mahai-ingurua izango da. Partehartzaileak honakoak: Jesus Alberdi (Elkargi), Itziar Lopategi (LAB), Xabier Mendiguren (Kontseilua) eta Patxi Baztarrika (HPS).
Epaileak A ereduaren eta EGA gainditzearen arteko erlazioa ezeztatu du
Eva De Miguel ikasle sopelarrak demanda jarri zion Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari. A ereduan ikasi zuen eta EGA gainditzeko gai ez zen izan. Orain euskaltegian ari da ikasten EGA azterketa gainditu ahal izateko. Hezkuntza Sailari 10.600 euroko kalte-ordaina eskatu zion De Miguelek, ikastetxetik at ordaindu behar izan dituen eskola orduak berreskuratzeko. Epaileak esan du ordea, legeak ez duela korrelaziorik ezartzen hizkuntz ereduen eta lortu beharreko euskara mailaren artean.
Euskalerria Irratiak lizentziarik gabe segiko du
Nafarroako Gobernuko Industria kontseilariak, Francisco Iribarrenek, apirilean adierazi zuen Nafarroako irrati lizentziak Net21ek eta Nafarroako Unibertsitateak jasoko zituztela. Apirileko erabakiak sinadura orain jaso du eta beraz, Euskalerria Irratiak orain arte bezala segiko du, emititzeko lizentziarik gabe. EAJ, EA, Aralar eta Euskara Kultur Elkargoak kritikatu dute Nafarroako Gobernuaren jarrera.
Juan Mari Arregi
Ibarretxe lehendakaria oso pozik zen aurreko astean, EAEko hazkuntza ekonomikoa (BPG) bigarren hiruhilabetekoan %4,2 hazi baita. Espainiako eta Frantziako hazkuntza baino handiagoa omen da. Makroekonomia datuok onak eta adierazgarriak izango dira finantza- edo enpresa-mundukoentzat eta Burtsan inbertitzen duten handikientzat. Etxeko mikroekonomiekin bizirauten duten herritarrek, aldiz, ez dute ulertuko epe berean eguneroko erosketak gero eta garestiagoak izatea. Hipotekak hilero igotzea. Soldatak izoztea. Beren lanek kalitatea galtzea. Milaka pentsio eta oinarrizko errenta gutxieneko soldatara ez iristea, pobrezia gero eta gehiago hedatuz. Noren lepotik izaten da hazkuntza ekonomiko hori? Ibarretxek makroekonomia datuak pozarren azaldu zituen egun berean, beste datu mikroekonomiko hauek ere ezagutarazi zizkiguten: Reckitt Benchiser multinazionalak Gueñesko ekoizpen zentroa itxiko du Europako herrialde batzuetara eramateko eta 190 familia langabezian utziko ditu. Euskal Herrian multinazionalen 350 filial baino gehiago daude eta enpleguen % 38a hartzen dute. Zenbaitzuk dagoeneko joanak dira eta beste batzuk mehatxuka dabiltza. EAEko aldi baterako kontratuen ehunetik lau baino ez dira sei hilabete baino gehiagokoak. Euskal enpleguaren behin-behinekotasuna 2005ean Europakoa baino bi aldiz handiagoa izan zen, Hego Euskal Herrian % 30,3ra iritsi zen. Eta pasa den astera arte 68 langilek galdu zuten bizia. Hau al da Ibarretxek defendatzen duen hazkunde ekonomikoaren eredua?
Xabier Letona
Garoñako zentral nuklearra itxiko da 2008an, Euskal Herritik gertuen dagoen mota horretako zentrala. Aspaldiko aldarrikapena da eta, azkenean, Espainiako Gobernuak gauzatuko duena, iragarri duenaren arabera behintzat. Estatu Batuetan, Europan eta munduko beste potentzia batzuetan -India eta Txina buru- energia nuklearraren perpiztea bizi den moduan, Europako beste herrialde batzuek kontrako norabidean dira eta Espainia azken tren honetan da oraingoz. 70eko hamarkadan energia nuklearraren aurkako borroka latza bizi izan zen Euskal Herrian, eta orduko hezi nagusiak gainditu gabe jarraitzen du atomoan oinarritutako energia mota honek, arriskua eta kutsadura. PSOEren Gobernuak iragarritakoa egia bada, bi urte pasatxo ondoren, arrisku larri bat gutxiago izango da etxe atarian.
Ez da oso sinesgarria Benedicto XVI.a Aita santuak musulmanen aurrean egin duen atzera egitea. Ez da samur ulertzekoa, halako pertsonak horren baldar jokatzea. Pentsa liteke lumak alde egin diola, baina sinesgarriagoa da pentsatzea idatzi zuena hala sentitzen duela, baina ez zuela halako erreakzio tinkorik espero. Geopolitikaren testuinguruan, musulman munduak iraindua sentitzen du bere burua -arrazoi handiz gainera- eta erreakzio gehienak logika horretan kokatu behar dira. Baina ezin ukatu, hala ere, herrialde musulman askotan izandako erreakzio eta erantzun asko beldurgarriak direla laikotasuna edo ikuspegi desberdinen arteko begirunea aldarrikatzen duen edonorentzat. Komunikazioaren aroan, gizarte eta kulturen arteko inkomunikazioa da elkar ulertzeko arazorik handienetakoa.
Mahaien eraketaren atzerapenean ei da bake prozesuaren arazo nagusienetakoa, eta bideratzen ari da. Hori da azken egunotan han-hemenka entzun eta irakur daitezkeen arabera prozesuaren uneaz esan daitekeena. Dena den, PSOEren eta EAJren inguruetako iruzkin eta sentipenak dira. Batasunaren aldetik oraindik ez da halakorik iradoki.
Luis R. aizpeolea da El Pais-eko Moncloako ahotsa eta joan den igandean, ohi legez, prozesuaren egoeraren berri emateaz gain, Iñaki de Juana presoaren gose grebaren berri ere ematen zuen eta modu berezian gainera. Gose grebaren zioaren azalpena ematerakoan, 2005eko otsailetik libre beharko lukeela zioen, baina Gara-n idatzitako bi artikulurengatik Auzitegi Nazionalak berriz prozesatu duela eta horregatik jarraitzen duela espetxean. Ez zuena esaten da garrantzitsuenetakoa: hau da, bi artikulo horiengatik -idazteagatik- 97 urteko espetxe zigorra eskatzen zaiola. Datu funtsezkoena ezkutatu zuen. Kazetaritza munduan ohiko jokaera, baina kasu zehatzak aipatzea ere ez da gaizki.
Mertxe Mujika AEK-ko koordinatzaile nagusiak
Berrian esanak: «Sektorea une honetan ez dago krisian. Azken hiru urteotako matrikulazio datuek erakusten dute ez gaudela krisian. (...) Osasuntsu gaudela esango nuke».
Lan munduan euskara sustatzeko Eusko Jaurlaritzak patronalekin sinatutako akordioari buruz
Berrian:
Leire Txakartegi (
ELA): «Enpresen borondatezkotasun eta parte hartze askea hartzen du abiapuntutzat. Printzipio horrekin ados egonik, ekimen hau haratago doazen beste neurri batzuekin osatu behar delakoan gaude».
Miguel Lazpiur (
Confebaskeko presidentea): «Enpresek eurek hartu behar dute erabakia beren borondatez, eta enpresetako jendearen artean ere, horrela nahi izanda hartu behar du parte, norberaren borondatez; inor baztertu gabe, pixkanaka eta laguntza oinarri nagusi bezala hartuz».