Hendaia, 1936ko irailaren 5a. Prismatikoak Irungo zeru gorriari adi-adi begira daude, urrezko eraztunez jositako esku batek heltzen ditu. Irun sutan dago. Ikuskizun harrigarria da Frantziatik Hendaiara «gerra turismoa» egitera joan diren burges aberatsentzat. 1936ko iraila hasiera hartan, bataila odoltsuaren ondoren, frankistek Bidasoako muga eskuratzea lortu zuten eta horrek Gipuzkoa guztia hipotekatu zuen. Donostiako azken defentsa lerroan borrokaldi batzuk izan ziren -San Marcosen, Santa Barbaran...-, baina erabakia hartua zegoen jadanik: Donostia ebakuatu eta hiria frankistei entregatuko zitzaien, alferrik zen kalez-kaleko borrokaldi zoroetan ibiltzea. Horrela, irailaren 13an, Lacar Tertzioko «Artaxoako Berrogeiak» hiriburuan sartu ziren inolako erresistentziarik aurkitu gabe eta hamabost egun geroago Deba eta Urola bailarak errekete eta falangisten esku geratu ziren baita ere.
Ihesaldia sekulakoa izan zen, Nafarroako sarraskien zurrumurruek izututa milaka herritarrek alde egitea erabaki baitzuten eta Donostian esaterako, 80.000 biztanletik erdia besterik ez zen geratu, agintari frankistek aitortu zutenez. Geratzea erabaki zuten askorentzat orduan hasi zen benetako amesgaiztoa, gerraren ondorengo gerra.
Errepresio aparatua martxan
«Mugimenduaren» aldeko ekitaldiak aldiro egin ziren hortik aurrera: desfileak, omenaldiak, prozesioak... eta herritarrak ekitaldi horietara joan beharrean aurkitu ziren. Hain zuzen, errepresio horretan talde politiko paramilitarrek buru-belarri kolaboratu zuten eta jakina da falangista eta erreketeek atxiloketa ugari burutu zituztela hilabete horietan. Atxiloketak salaketa baten ondoren egiten zituzten normalean, baina askotan salaketa horiek ez zuten ideia politikoekin zerikusirik izaten, gerra aurreko liskar edo diru kontuekin baizik. Giro zital horretan, herritar askok beren seme-alabak Falangeko Margarita edo Reketeko Pelayo sartu zituzten, euren gaineko susmoak arintzeko.
Epaiketarik gabe fusilatuak
Dena den, epaiketarik egin ez izanak ez du esan nahi fusilamenduak nola hala egin zirenik. Ikerlari batzuek diotenez ondo pentsatutako hilketak izan ziren haiek eta horregatik uste dute froga dokumentalek nonbait egon behar dutela. Tamalez, oraindik zailtasun handiak daude artxiboetako zenbait eduki arakatzeko, nahiz eta urte batzuetatik hona gauzak asko aldatu diren alde horretatik.
Ondarretako horma hezeak
Haizearen Orrazira bidean harri koxkor batzuk ikusi daitezke oraindik paretari itsatsita, olatuen indarrari eta denborari aurre egiten. Ondarretako kartzelaren arrastoak dira. Presondegi hori Gipuzkoako handienetakoa zen, eta bertan pilatu zituzten atxilotu gehienak. Baina horretaz gain, atxilotze gune gehiago zabaldu zituzten Donostian: Boulevardeko checka, Zapatari eta Prim kaleko egoitzak, Gobernu Zibileko eraikina, San Bartolome... Azkeneko leku honetara eraman zuten urriaren 2an Manuel Garbizu pasaitarra. Falangista batzuk joan ziren bera atxilotzera eta hortik hamar egunera fusilatu zuten Hernanin, heriotza aktan jartzen duenez «liberazio gerran suzko armaz zauritua» hil zen Garbizu, fusilatu zutela esateko modu sarkastiko bat besterik ez zen hura.
Hernaniko hilobia
1936ko Gerran epaitu eta fusilatutakoen espediente gehienak Ferrolgo Artxibo Militarrean daude, baina oraingoz ez da Hernanin eraildakoen izenik aurkitu. Dena den, handik eta hemendik ateratako datuen bidez, fusilatutakoen izen ugari berreskuratu dituzte jadanik eta senideen testigantzak funtsezkoak izan dira puzzlea osatzeko. Izan ere, 70 urte geroago, ez dira gutxi fusilamendu haien inguruan guganaino iritsi diren istorio eta kontuak. Esan izan da Galarreta izeneko parajean fusilatu eta zabor gurdian sartuta eramaten zituztela gorpuak hilerrira, baina badirudi hilketa gehienak Hernaniko hilerrian bertan egin zirela. Ondoko etxean bizi zen Goia familiak gertutik bizi izan zituen fusilamendu haiek; egunez hilobiak egiten aritzen ziren eta etxeko alaba Josebek hilobi horiek kontatzen zituen, horrela jakiten zuten, gau beltzeko tiro hotsak entzutean, zenbat pertsona hiltzen zituzten egun bakoitzean.
Elizgizonak: «gurutzadaren» beste biktimak
«Iturricastilloren fusilamendua, oso larria. Zein da hutsegite horren arduraduna? Justizia». Horrela idatzi zuen Lacoume aitak, Ondarretako kartzelako jesuitak. Jorge Iturricastillo apaiza 1936ko azaroaren 8an fusilatu zuten eta hura izan zen zerrenda luze baten azkenekoa. Urria eta azaroa artean dozena bat elizgizon hil ziren frankisten eskuetan, nazionalistak izatea leporatuta. Euskal kleroa matxinatuen jomugan zegoen Gerra hasi zenetik, apaiz asko abertzale sutsuak baitziren eta Gipuzkoan nahiz Bizkaian «Gurutzadak» irabazi ez izanaren errua beraiena zela uste baitzuten militar eta karlista askok.
Apaiz horien kontrako azpijokoak laster hasi ziren. Mateo Mujika Gasteizko apezpikua paretik kendu zuten nahikoa egin ez omen zuelako eta Gomá kardinalaren txosten erabakigarri baten ondoren fusilamenduak hasi zituzten: Gerbasio Albisu eta Martin Lecuona errenteriarrak lehenik eta beste asko gero, tartean hiru arrasatear -Ramiro Llamas komandante eta epaile bereziaren izena ageri da hilketa horien atzean, gero, ezkutuko arrazoiengatik, kargua kendu bazioten ere-. Fusilaturiko apaizetan ezagunenetarikoa Jose Aristimuño Aitzol dugu. Errepublika garaian mugimendu abertzalean gogoz hartu zuen parte Aristimuñok eta Gerra hasitakoan mugaz bestaldera pasatu zen. Nolanahi ere, itzultzea erabaki zuen, baina Bilbora zihoala harrapatu zuten, Galerna izeneko ontzian.
Galerna: frankistei saldutako bakailao ontzia
Jose Mari Elizalde Baionan igo zen Galerna ontzira. Komertziala izanik Gerrak Bartzelonan harrapatu zuen; baina ahal izan bezain laster Iparraldera joan zen, Donostiara itzultzeko asmoz. Bere alaba Conchita ondo gogoratzen da aita fusilatu zutela jakinarazi zioten egunaz, lau urte besterik ez zituen arren: «Usoz enpresako nagusia azaldu zitzaigun berri emanez eta amak oihuka eta negarrez besarkatu gintuen ahizpa txikia eta biak».
Galernako atxiloketen testigantza bakarra Jean Pelletier izeneko hegazkin pilotu frantsesarena da. Pelletierrek justu-justu salbatu zuen bere bizia eta Ondarretan pasatakoa memoria batzuetan idatzi zuen. Pilotuak azaldu zuenez, bera torturatu egin zuten eta Aitzol apaiza odoletan ikusi zuen bazter batean; gau horretan ziegatik atera eta kamioi batean sartu zituzten atxilotuetako asko, baina bera azken momentuan libratu zen kamioira igotzetik. Gero Hernanira bidean jarri zen ibilgailua, han fusilatu zituzten guztiak.
«Gorria da, senarra fusilatu zioten»
Izan ere, fusilatuen familiarrek gizarte osoaren gaitzespena jasan behar izan zuten urte askoan, denen begitan «gorriak» zirelako. Esaterako, Carlos Benito Rodriguezen kasua adierazgarria da. Madrilen jaio baina Pasaiara ezkondutako gizon ezkertiarra zen Rodriguez, senideek diotenez Donostiako Tabakalerako langile batek salatu ostean fusilatu zuten. Behin, emazteak langile hori aurrez aurre ikusi zuenean, isilik ezin egon eta bere senarraren heriotza leporatu zion; orduan langile honek emaztea bera ere salatu zuen, baina zorionez emakumeak heriotzatik libratzea lortu zuen.
Ukatutako duintasunaren bila
Patxi Zabaleta.
Badena dena da.
Txalaparta 1995)
(N)ondarrak?
-(...) ez al da Altxamendu Nazionala deitzen duguna erailketa, mendeku, lapurreta eta gorrotoaren atzapar gainean onarritzen? Nora goaz?
-Zer uste zenuen bada? Guduetan beti lan zikina norbaitek egin behar izaten du. Aurrekaldean hotz egiten badu, atzekaldea ezin daiteke irakiten eduki!
Iruñeko Artzapezpiku Martzelino Olaetxea eta Altxamenduaren antolatzaile Emilio Mola jeneralaren arteko elkarrizketaren pasartea duzue. Irakurleak asmatuko du nor den nor solasaldian.
Badena dena da Patxi Zabaletak XX. mendeaz idatzi trilogiaren bigarren partea da. Eleberriaren eszenatokiak Nafarroako bi herri, bata mendialdean bestea Erriberan, gertakariek Gerraren lehendabiziko urte erdia hartzen dute. Nafarroan, gerra fronterik izan ez zuen herrialdea, hiru mila eraildako, maiz, politikarekin zerikusirik ez zuten arrazoiak tarteko. Ondoren isiltasuna, ahanztura, non da anaiaren gorpua? Non dira, aita zenaren hezurrak? Egun ere, hirurogeita hamar urte pasa eta gero, hilobiak agerian. Nondarrak dira horien arrastoak?
Lan honetan, Zabaletak datu ugari eskaintzen ditu, Olaetxea eta Molaren arteko solasaldiaren gisakoak, gertagarriak edota gertatuak. Era berean, eta hori da idazle honen ezaugarrietako bat, literatura, hipotesiak baino, tesi historikoak plazaratzeko baliatzen du.
Fusilatzeekin zerikusirik duten beste bi lan, aurreko Literaturaren argitan-ean aipatu Martiria ipuina, eta Pablo Sastreren Mariaren Mendea (Susa 1992) liburuaren hasierako pasartea.
Bestalde, eta fusilatzeaz ari garelarik, ezin ahaztu, Andoni Egañaren Pausoa noiz luzatu (Alberdania 1998) liburuaren 16. kapitulua. Irakurleak mugak gainditu ditugula iritziko dio, izan ere, Garcia Hernandez eta Galanen fusilatzeaz ari da 1930eko Oskan (Huesca), alta, uste baino harreman estuago dauka gurearekin.
Hernani eta Ondarretako gertakariez hainbat lan daude gazteleraz eta antza denez Hernaniko labeena ez omen zen literatura izan, gertakariok orririk utziko al dute gure literaturarako? Ez da gugana heldu gerezi denbora. Oraingoz.
Nafarroa
Altxamenduaren zilborra izanagatik-edo, fusilatutakoen kopurua izugarrizkoa da Nafarroan, 3.000 pertsona baino gehiago hil zituzten 1936ko udatik aurrera. Duela urtebete, Fustiñanako Bardeetan fusilatuak izan ziren hainbat murtxantearren hezurrak atera zituzten lurpetik. Pauso txiki bat da, baina erretagoardian hil zituzten nafar askoren gorpuak oraindik ez dira agertu.
![]() |
|
||||
2055 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa