Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-09 11:13:02
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2006-09-17 -- 2054.zenb

Jakoba Errekondo


Robinia generoko landareei akazia edo sasi-arkazia deitzen diegu eta Acacia generokoei mimosa. Eta, Mimosa generokoei nola deitu? Galdera hauxe bururatu zait gaur goizean, behingoz, Mimosa pudica bat etxera ekarri dudanean. Benetako mimosa! Elhuyar hiztegiaren arabera minbera du euskarazko izena. Amerika tropikaletik dator eta zenbait, atrebentziaren zingiran ilkialdian, brasildarra dela esatera ausartzen da.

Sentikorra da minbera. Ukitu ordurako eguzkitara zabalik dauden hostoak bildu eta hosto-txortena makurtuz piura patala hartu eta hostopean erdi-ezkutuan dituen arantza zorrotzak agerrarazten ditu. Eraso eta bazkatu nahi duen edozeini ximel itxura erakutsi eta ihartutakoaren plantak egiten ditu. Gaua itxura horretan igarotzen du, begi goseren batzuk inguratuta ere... Berezko mugimendurik ez izatea da landareen gehiengo zabalaren ezaugarri; bada ekilorea eta beste batzuekin batera mugimendu nabarmenak burutzen dituztenen bana-banako koadrilako kide da minbera.

Minbera 1638an ekarri zuten Europara eta harrezkero ezagutzen duen guztia aho zabal harritzen du. Bere itxurakeriaren jokoa dela eta gazteleraz izen polit askoak eman dizkiote: vergonzosa, dormilona, sensitiva... eta zenbait idazleren bazka ederra izan da: Alfonso Reyes, Juan L. Ortiz, Antonio Gamoneda...

Minbera jendearen Mimosa genero izena latineko mimusetik omen dator. Mimus honek hitzik gabeko komediantearena, mimoarena, egitea adierazten omen du. Izena eta biziraupena, nahikoa komeria...

Aurkitzen baduzu eskuratu, komediak eta komeriak gora-behera dotorea da eta loreak gustatuko zaizkizu. Toki bero eta hezea behar du eta kerik ezin du jasan. Pipatzailea bazara, atzendu, ke horietan bere buruaz errauts egiten baitu.

Jabier Agirre


Sudurretik spray baten moduan ematen den botika baten ondorioak eta eraginak aztertu eta neurtzeko, AEBetan esperimentu bat abiatu zen duela urte batzuk, bederatziehun boluntarioren partaidetzarekin. Botika horren izena PT-141 da oraingoz, eta dirudienez afrodisiako berri eta indartsu baten aurrean gaude. Botikak libidoa gehitzen du eta, ikerketak dioenez bederen, ez du ez kontraindikaziorik ezta eragin kaltegarririk ere.

Boluntarioek lau urte inguru daramatzate PT-141 hori erabiltzen, eta orain arte gaia isiltasun osoz eramaten saiatu diren arren, The Observer egunkari britainiarrak lehenengo berriak kaleratu zituenetik kontua denon ahotan dago. Izenik eta bestelako xehetasunik argitaratu ez duten arren, boluntario horien iritziak oso oso onak dira: «Gorputz osoa ongi sentiarazten dizu», «desira sexual handiagoa sentitzeaz gain, gazteagoa sentitzen naiz, indartsuago», «nire andrearen ustez -eta hau adineko boluntario batek esana da-, oso ondo nabaritzen da noiz hartu dudan Viagra eta noiz PT-141».

The Observer aldizkariak hainbat espezialista farmazeutiko eta kimiko ere kontsultatu zituen, eta adituen datuak hain dira positiboak ezen kazetaren arabera botika berri honek ohitura sexualak aldatu egingo omen ditu, garai batean pilulak aldatu zituen bezalaxe. Iraultza sexual berria dela ere esan dute.

Produktua landu eta kontrolatzen duen Palatin enpresa farmazeutikoaren kontseilari delegatu Carl Spanak uste du hiru bat urte barru merkaturatzeko modua izango dutela, boluntarioekin egiten ari diren probak amaitu ostean FDA erakundeak -AEBetan botiken gainean ardura gorena duen erakunde ahalguztidunak- bere oniritzia ematen duenean. Spanaren ustez, PT-141 molekula sintetiko bat da, organo genitalak suspertzen dituena, baina baita sexuaren alderdi psikikoa ere, hau da, libidoa. Viagra pilula urdinarekin ez bezala, PT-141 honek ez ditu arazo funtzional edo fisikoak konpontzen, gizonezkoekin nahiz emakumeekin funtzionatzen du eta ez dauka inolako arriskurik bihotzeko arazoak dituztenentzat.

Joxerra Aizpurua


Europako airearen kalitatea gero eta kaskarragoa da

Poluzioak gizakiaren osasunean duen eraginarekin kezkatuak dauden zientzialariek semaforo gorria piztu dute, airearen kalitatearen inguruan Europako araudia dela eta. Aipatu zientzialariek munduan oso ospetsu diren ondorengo hiru erakundeen sostengua izan dute: ISEE (Ingurumen Epidemiologiarako Nazioarteko Elkartea), ISEA (Analisiak Egiteko Nazioarteko Elkartea) eta ERS (Europako Arnasketa Elkartea).

Zehazki, PM10 eta PM2,5 partikulak izan dira kezkaren arrazoi, 10 eta 2,5 mikrometro baino gutxiago dituzten partikulak, alegia.

Zientzialariek argitara eman duten APHEIS izeneko azterketan, Europako 23 herritan 16.926 heriotza goiztiar zenbatu dituzte. Heriotza hauen arrazoia bihotz-biriketako gaixotasunak eta biriketako minbizia izan dira. Beraien ustez, PM2,5 partikulen gehiengo tasa onartua metro kubikoko 15 mikrogramokoa izan balitz, ez lirateke aipatu heriotzak gertatuko. Une hauetan, ordea, Europan partikulen tasaren muga 25 mikrogramotan kokatzea aurreikusten da eta zientzialariak asaldatu egin dira egoera horren aurrean. AEBetan, adibidez, muga 15 mikrogramokoa da.

PM10 partikulen muga Europako Batzordeak 40 mikrogramotan utzi nahi duenez, zientzialariek ohartarazi dute datozen urteetan urtero 348.000 heriotza goiztiar gertatuko direla Europan.

Ez dakigu Europako Ingurumen ministroek zer erabakiko duten datorren urriaren 13an egingo duten bileran, baina eztabaidatutakoaren berri emango dizuegu.


Ozono zuloaren joera baikorra

Gai honek urtero bizpahiru aldiz izaten du lekua gure orri hauetan. Orain arte, Hego Poloan nabaritu izan da eskasia eta eskasia hori beti ere bolada honetan, hau da udazkena hurbiltzen denean -hego hemisferioan udaberria denean- hasten da eta urriaren amaiera arte irauten du. 2000. urtera arte, oso datu kezkagarriak plazaratu izan dira, baina daramagun hamarkadan joera aldatu egin da, hots ozono zuloa gero eta txikiagoa dela dirudi. Zientzialariek ere horixe diote eta are gehiago, 80ko eta 90eko hamarkadetan hartutako neurrien emaitza orain ikusten ari garela diote. Hala bada, zorionekoak gu. Aurtengo irailaren hasieran ere joera ona du ozonoak -ikusi irudiak-. Azaroan ere azalduko dizuegu ordura arte ozonoak izango duen joera.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan