Katixa Garate
Donostiako Zinemaldia zabaltzear
Irailaren 21etik 30era denetariko filmak ikusi ahal izango dira Donostiako Nazioarteko Zinemaldiaren 54. edizioan. Hamasei film lehiatuko dira sail ofizialean; besteak beste, Carlos Sorin, John Boorman, Agnieszka Hollan eta Marion Hansel zinemagileen azken filmak dira Urrezko Maskorra irabazteko hautagaiak. Zinemaldiko Zabaltegiko zuzendari berrien saria atalerako, hemezortzi film hautatu dituzte. Mireia Gabilondok eta Fernando Bernuesek zuzendutako Kutsidazu bidea, Ixabel euskarazko filma, Koldo Serra eta Iñaki Dorronsoro euskal herritarren The backwoods eta La distancia tartean. Bestalde, beste zinemaldietako harribitxiak eta bost film dokumental proiektatuko dituzte Zabaltegiren baitan. Hala, Oreka TX taldearen Nomadak TX eta Arkaitz Basterraren Agian euskarazko dokumentalak ikusi ahal izango dira. Halaber, Ernst Lubitschi eta Barbet Schroederri eskainiko dizkie atzera begirakoak Zinemaldiak.
Etxepare institutua, euskal kultura atzerrian zabaltzeko
Euskara eta euskal kultura zabaltzeko eginkizuna izango du Etxepare Euskal Institutuak. Alemaniako Goethe, Erresuma Batuko British Council, Kataluniako Ramon Llul eta Espainiako Cervantes institutuen antzeko lan eta helburuak izango ditu. EAEko Gobernu Kontseiluak institutua sortzeko lege egitasmoa onartu du eta eta berau sortzeko lege proiektua datorren urteko uda aurretik onartzea espero du Kultura Sailak. Egoitza Donostian izango du eta oraino Jaurlaritzako hainbat departamentuk burutzen dituzten programak hartuko ditu bere gain: Film laburren Kimuak programa, arte plastikoetako Gure Artea sarien erakusketak, atzerriko literatura azoketan parte hartzeko programak, euskara atzerriko unibertsitateetan irakasteko hitzarmena...
Kaleko musika nahiz esperimentala
Kaleko musikariak bilduko dira seigarren urtez Basaurin, Erandion, Leioan, Ermuan, Zornotzan eta Sestaon Musikale nazioarteko jaialdian. Hilaren 15etik 17ra, Katalunia, Errumania, India nahiz Euskal Herriko fanfarre, brass-band eta txarangek alaituko dituzte Bizkaiko sei herrietako kaleak. Irailaren 14tik 17ra bitarte, musikal elektronikoei, inprobisazioei eta soinu esperientziei egingo diete leku Berako Ertz jaialdian. Besteak beste, Oier Etxeberria, Llorenç Barber eta Gabriel Paiuek musikariek osatzen dute egitaraua.
Antonio Mercero zinemagile lasartearrak
¨Y tu quién eres? filma errodatu du. Alzheimer gaitzaren inguruko filma da eta Vicente Alexandre eta José Luis López Vázquez dira aktore nagusiak. Alzheimer gaitzagatik hil zen Luis laguna gogoratzeko egin du Mercerok Madrilen eta Donostian errodatutako filma.
Golden Apple Quartet taldeak
Galipotx antzezlan musikala estreinatuko du abenduan. Oraingoan, ordea, laukotea ez da taula gainean izango. 18 eta 30 urte bitarteko artista gazteek jokatuko dituzte rol nagusiak, Patxi Barcoren zuzendaritzapean. Familiei zuzendutako lana da.
Anje Duhaldek Sorminetan diskoa plazaratu du
Elkar diskoetxearekin. Zortzi urte joan dira kantu propioak azkenekoz disko batean bildu zituenetik. Rock, blues eta folkean barneratzen diren hamahiru kantu grabatu ditu Duhaldek.
Cristobal Balenciagak (Getaria, 1895-Jávea,1972) diseinatutako ehun eta hirurogei jantzi paratu dituzte Pariseko Dekorazio Arteen Museoan. 2007ko urtarrilaren 28a arte izango da zabalik moda diseinatzailearen erakusketa.
Alberto J. Gorritiberea zinemagileak Noticias de Gipuzkoari: «Esan ohi da dirua dela garrantzitsuena, baina gure zinemagintzak aukerak behar dituela esango nuke nik. Oso mundu zaila denez, produktoreek eta banatzaileek pelikula errazak eta gai finkoak jorratu nahiago dute, komediak esaterako. Zenbat eta aukera gehiago eduki, orduan eta askatasun gehiago edukiko dute sortzaileek bere ahalmen sortzailea garatzeko eta mota askotako pelikulak burutzeko».
Mari Karmen Garmendia Kultura sailburu ohiak honakoak esan zizkion Irutxuloko Hitzari: «Gizarteratu egin behar dugu kultura, jendeak deskubritu egin behar du, ni beti kezkatu nau horrek. Beldurra galduarazi. Sozialki denentzat izan behar da eta kulturak guztiok aberastu behar gaitu».
Victor Morenok hauxe idatzi zuen Garan: «Idazlea bere ideologia dela-eta sistemak gustuko ez duenean, autoreak ez du idazle kopirrai-a lortuko, oso ona izan arren. Aitzitik, stablishment-aren ideologia defendatzen badu, idazle eta pertsona gisa nazkagarria izan arren ûgauza nahiko ohikoaû, arazorik gabe sartuko da gomendagarrien zirkuituan. Indarkeria darabiltenen Euskadiri kargu hartzeko idatzitako nobelak multzo horretan sartuko lirateke».
Antton Olariagak adierazpenok egin zizkion Aizuri: «Jogurtak baino motzagoa du tira batek iraungitze data, eta norbaitek moztu eta horman iltzatzeko lana hartzea zoragarria da».