Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-02 15:11:57
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2006-09-17 -- 2054.zenb

Rosa Martin Sabaris

Esku ilunak telebistako pantaila seinalatu du: «Hori daukagu guk Saharan, hori daukagu guk!». Begiratu dut eta milaka puntu zuri-beltz ñir-ñir, eta zarata. Hori baino ez. Udako ekaitzak eraginda, emanaldia moztu egin da. Elurra deritzote teknikoek, seinalerik eza. Baina ez omen da elurrik Saharan. Eta hala ere, baietz dio Hafdallah-k, hori ematen dutela Tinduf-eko kanpamentuetan daukan hautsitako telebistan. Aurkitu du, bilatzearen poderioz, daukana erakusteko abagunea.

Elur horri begira geratu naiz, eta poltergeist batean bezala, neska baten aurpegia azaleratu da elur-maluten artetik. Beste telebistari begira dago Natasha Kanpusch gaztea. Azken zortzi urte hauetan, "irakurri, etxeko lanak egin, telebista ikusi, hitz egin, eta janaria prestatu", horixe egin omen du. Holakoxea da lagun askoren eguneroko jarduna, eta irakurri eta asko hitz egin gabe ere eman dezake beste askok bizitza. Elurra baino gehiago ikusi du Natashak giltzapeko telebista horretan, nonbait ikasi du eta bere borreroa eta kateak maitatzen.

Halaber, pentsamendu propioa eta telebistarekiko independentea duela ere erakutsi du idatzi bide duen komunikatuan: ez duela komunikabideek muturra sartzerik nahi, zuloa bere etxea izan dela eta bere intimitatea berari dagokiola eta ez beste inori. Eskolatik zetorrela bahitutako ume honek nerabe burtzoro bihurtuta amai zezakeen itxialdia, baina ez, horra hor heldu buru-argiaren erantzuna. Antza.

Telebista gora telebista beherako kontuekin higuinduta, tartekaritza-bideez okituta, benetako zapore, usain, ehunduraren bila abiatu naiz, egiazko sentsazioen bila, zuzeneko soinuak eta irudiak, errealak, instant bakar honetakoak, dastatze aldera. Silvioren kontzertua suertatu da aukera ona garai bateko plazera gaur egunera ekartzeko. BECeko Bizkaia Arenan milaka gorputzen beroak hasi du epeltzen kanpotik nekarren hotz hezea, eta begietan kokatuta nuen elur-irina urtzen hasi zait. Ez da elur-girorik jada. Ilun dago, baina nahiko argi ikusten da, desagertu da halakoetan inguratzen gintuen lainoa. Jendetza honen poltsiko gutxi-gutxitan daude poxpoluak. Surik ez den lekuan, kerik ez, esan dut nirekiko. Eta antzinako iluntasun goxo hartan pizten genituen metxeroez gogoratu naiz, udako gau bateko zerua zirudien, hain ziren ugariak argi gorrixka haiek.

Hasi dira oraintxe bertan izar zuriak pizten. Han-hemenka, izar zuri-zuriak, ñir-ñir hauek ere. Argazki-kamarak eta mugikorrak nonahi, orain eta hemen guztiak deusezteko sortutako bi hazbeteko pantailatxoak. Izar zurbilak, hitsak, margulak. Elurra bezain hotzak.

Eta izar gorrien mina sentitu dut.

Xipri Arbelbide

Badira esklabuak gutartean. Palazio bat pagatu behar delarik dirurik ez baita gelditzen langileentzat! Hemen berean, badakikezue Eusko Jaurlaritzako aditu batzuk ari direla lege bat prestatzen "gorantz egiten duen ekonomiako sektore" berezi batentzat: putentzat. «Langileak» 1.788 dira «ekonomiako sektore» horretan: EAEko datu ofiziala.

Baina ez digute erraten zenbat diren beren hautuz ari, zenbat diren proxeneten esklabu: %90az goiti berriki irakurri dudanaz. Ez arabiar edo beltzen esklabuz, baina euskaldun peto-petoen fantasmen esklabu: «Haz realidad tus sueños» dio publizitateak.

40.000 neska bildu omen zituzten Berlinen, mundialera etorri kotzoen asebeterako. Datu hori errealitatetik urrun dela diote zenbaitek. «Errealitate» bat bazen beraz. Zein, ez digute erran. Jadanik 500.000 baziren Europa Ekialdetik Mendebaldera etorriak ongi pagatua zen "lan" batek liluraturik. Zenbat beltz Afrikatik?

Australiako burtsan kotizatuak dira «lan sektore» horretako «enpresak», izan diten Sex-zentrum, Bar d'hotesses, Habitaciones con sauna edo nahi duzuena. Baina ez putetxeak. Mesedez, otoi! Noizko Sex-cluster bat?

Baina bada besterik. Sex-zentrumetan okupatuak, haurrik ez dugu egiten eta langileak behar gure ekonomiak. Maghreb-eko emazte arabiarrek, Afrikako beltzek edo Andesetako indioek fabrikatzen dizkigute, hezten, eta laneko prest direlarik igortzen, gure gizarteari ezer kosta gabe: El Dorado! Frantziako etorkinetan %24 unibertsitatean diplomatua da: konpara hango datuekin. Sistema liberalaren lege bat izanez «eskaera eta eskaintzaren oreka», usteko zenuten langile eskaintza ttikiegiagatik, nehork egin nahi ez dituen lanak gehiago pagatuak izanen zirela. Gure ekonomialariek aterabide hobea aurkitu dute: etorkinak. Ez zenuke nahi peoi batek ingeniari batek bezainbat irabaz dezan!

Baina nora garamatzate gure ekonomialariek? Babiloniako zibilizazioaren ondotik, Egipto, Grezia eta Erromakoek leher egin dute. Gurea ere ez ote da beherapenean? Udareondoa hozitu da. Hozia muskildu. Muskila lilitu. Liliak udarea eman du. Hau handitu, hantu, horitu. Baina gero eta gehiago ttitta beltz ageri zaizkio: usteltzera doalako seinale ezin ukatuak.

Gure ekonomialariak GARATZEA beren dogma gogoan daude beti. Garatu behar dugu. Beti eta gehiago garatu, irabazi eta kontsumitu. Garatu, gizakiaren laurdenak, beste hiru laurdenen bizkar. Gure ekonomialariak ez dira ohartuak errotak itzulia egin duela. Epe motzean, Txinak kenduko dizkigula gure lantegiak. Gure puntako informatikariak itoko dituztela Indiakoek, Txinan ala Indian askoz eta askoz merkeago ari baitira.

Gaitzerdi liteke Mendebaldeko zibilizazioaren segida hartzen balu Asiakoak. Baina garapena errespetatuz gero eta gehiago gasolina erre behar dugu. Badeno. Gaurko biribilek guttixeago behar dutela? Baina gero eta handiagoak dauzkagu, aire egokituarekin. Garatu behar kostarik kosta.

Esklabuen garaia itzaliko da Pompeiako Villa aberats, ospetsuetako zoriona gozatuko dugularik. Menderen mendetan.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan