Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-02 15:11:57
Udako Euskal Unibertsitateko web gunera lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2006-09-10 -- 2053.zenb

Utzi mugak gainditzeari!

Josemari Velez De Mendizabal

Oporraldi aproposa izan dut aurtengoa, etxe ondoan eraikitzen ari den urbanizazio berri bateko zarata eutsiezina salbu. Milaka urtean bazter baketsu izan direnak eguneko zibilizazioaren azken sukar suntsitzaileak harrapatu ditu eta lehen garia, garagar eta patatak ereiten ziren tokian hogeita bi etxe jasotzen ari dira orain, lur jabearen, etxegintzako eragilearen eta kontzejuko buruaren pozerako.

Ikaragarria da gizakiaren apeta aseezinak ordena egonkorraren kontra egin dezakeena. Mugak logikaz gaindi pasa daitezke eta hankaz gora jar daiteke elkarbizitza, burmuin "adimentsu" batek neurriak hartu behar dituela erabakitzen duenean. Berarentzat onuragarri gertatzen diren neurriez ari naiz, noski. Eta gizarte zibilak kontrolaren gaineko eskubidea duen arren, badakigu jakin nolako jukutriak erabiltzen diren botere publikoetatik haren hedapena eragozteko. Zer esanik ez, gizarte zibilak gune zornetsurantz beharrean beste norabait begiratzen duenean erakunde publikoetatik barre egiten dute, hori bai, sotiltasunez eta erdi ezkutuka.

Oporretako egun batzuetan Gasteiz-Arrasate errepidea hartu behar izan dut, goizik goiz, eta ihintzaren goxotasuna gozatzearren Arlaban gaineko bazter batean geratu nuen behin kotxea. Eta azken hilabeteotan leinztarron bizitzan Bibliako izurritea bailitzan mailukatzen ari zaigun espektakuluarekin egin nuen topo modu bortitzean. Ibarreko berezko isiltasuna, autobide berriko lanetan jo eta ke ari ziren makina zulatzaile erraldoiek apurtzen zuten, zerurantz hauts hodeiak igotzen ari ziren aldi berean. Makinek, har orojale gupidagabeak balira bezala, aurrera egiten zuten, ibarraren mendetako itxura aldatzen eta baserritarren oihu eta kexei jaramonik egin gabe. Ikaragarria zen begi bistan neukana.

Zementuaren kultura ari gara guztiz gurtzen. Orain dela gutxi, Jaurlaritzako goi mailako kargudun bati azaldu nion nire kezka, ingurumenarekin gertatzen ari den espolio lotsagarri eta atentatu salagarriak direla eta. Bere erantzunak ez ninduen lasaitu: "zuzen zaude, amaiera eman behar zaio politika honi, bai... baina orain AHT datorkigu". Eta mugimendu ekologistak etorri zitzaizkidan gogora, gero eta itxura txarragoa hartzen ari zaigun mundu txoro honetan euren bertute eta akats guztiekin aintzakotzat hartu behar direla zeharo konbentzituta.

Etxe inguruko makinek asteburuetan eskainitako tarte isil eta lasaiak, besteak beste, irakurtzeko erabili ditut. Eta gaien arteko bat Los límites del crecimiento 30 años después liburu ederra izan da. Gehiegikeriari -neurria gainditzeari- buruzko kapitulutik hasi eta giza ongizatearen erakusleen zein arrasto ekologikoaren gaineko azken lerroetaraino gustura aritu naiz, duela hogeita hamar urte Meadows eta Randers adituek burutu iragarkien berrikuspenean barrena.

Mugak gainditzea urrutiegi joatea dela oroitaraziz ekiten diote aipatu liburuaren egileek, eta hain baieztapen xumea sarritan ahaztu egiten dugu. Gizabanakoaren eta gizartearen eskubideen gaindi erraz egiten da gure egunotan, inoiz gutxitan ez gizabanakoari ezta gizarteari ere iritzia eskatzen ez zaien bitartean. Noren izenean -zeinen onuran- aritzen dira sistemaren jagoleak? Eta gehiegikeriak bi irtenbide bakarrik eduki ditzake: moduren bateko talka edo norabidearen aldaketa. Eta begi bistan da, txokea erabatekoa gerta ez dadin guk norabidea bestelakotu egin behar dugu, ziztu bizian. Mundu iraunkor batek arau berriak behar ditu, orain artekoak zaharkituak baitaude. Eta arau horiek, gizarteari eta gizateriari mesede egingo badiote, askatasuna ez txikitzeko erabili beharko dira, eta ez -inolaz ere- libertinajeari aukera emateko, egun gertatzen ari den bezala.

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan