Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-06 16:28:34
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2006-09-10 -- 2053.zenb

Tawantinsuyu espedizioa: Boliviak berriz askatu nahi du

Amets Arzallus

Behatza altxatu baino lehen azaltzen zaio taxia La Pazen azal zuriari. «¨A donde los llevo compañeros?» «A la casa del cambio hermanito!» «Ahorita mismo». Baina taxista onak enbrageari baino lehen eragiten dio mingainari: «Zer, turismoa egiten?» «Ez, kazetariak gara, lanean gabiltza». «Ah...! Eta, zenbat denbora daramazue Bolivian?» «Hogei egun». «Hogei egun nomas?!!! Hau ongi ezagutzeko gutxienez hogei urte behar dira!» «Nik hogeita bi dauzkat». «Hogeita bi? Orduan bozkatu zenezake». «Noren alde?» «Ez dakit, hemen presidenteak mahometarrek emazteak baino sarriago aldatzen ditugu!» «Hainbesteraino?» «Iazkoa da errekorra: hogei minutuan hiru presidente izan genituen!»... Listua irentsi eta gero bota nion hitza: «Asko falta al da casa del cambio horretara iristeko?». Klaxona mintzarazi zuen lehenik, eta gero hasi zen bera: «Hau mugitzen ez bada, hiru presidente bai gutxienez!».

Eta joan ziren hiru, eta beste hiru, eta beste hiru presidente... eta aldaketarik ez. Hiruaren biderketa taulatik atera ere egin zen, segi eta segi, arbelaren mugak ere estuegi, eta paretan segitu zuen idazten, bider hiru, bider hiru, bider hiru... zenbat bider... zenbat hiru... pareta guztiak zikindu arte azkenean... Hogei minutuan ere ezin litezke esan Boliviak izan dituen presidente guztien izenak. Zergatik? Horrexegatik, politika hori baino ez delako: hiru zuhurren kontua.

Politika ez omen du matematikak ulertzen, baina eskolan erakutsi ez zizkieten biderketa taulak badakizkite boliviarrek. Hiru aldiz hogei badakite zenbat den, hirurogei. Eta hiru aldiz hirurogei ere bai, ehun eta laurogei. Ehun eta laurogei urte ziren independentzia aldarrikatu zutela. Ehun eta laurogei urte Simon de Bolivar Boliviako Errepublikako lehen presidentea izan zela. 1825. Joan dira geroztik urteak, eta etorri dira presidenteak. Etorri eta joan, urtaroak bezala, urte baino presidente gehiago izateraino azkenean, ehun eta laurogei presidente baino gehiago Bolivian. Eta neguak erakutsirik, badakizkite boliviarrek biderketa taulak. Hiru aldiz hogei badakite zenbat den, hirurogei. Eta hogei aldiz hirurogei ere bai, hogei minutu. Pentsa zenbat hogei minutu joan ote diren ehun eta laurogei urtean.

Abuztuaren 6an bete berri da ehun eta laurogeita batgarrena, independentzia urteurrena. Hautsi da hiruko taula, huts egin du matematikak. Ea orain politika hasten den koadratzen.


Ederraren desgrazia

Evo Morales Ayma iritsi denetik gobernura indigenak burua altxatzen hasi dira. Duintasuna iratzarri da. Goizeko bostetan, eguzkiak lehen nagiak ateratzen dituenean, El Altotik La Pazera jaisten hasten dira aimarak. Autopista bidea da, baina bizkarra tontorturik eta oinezko pausoan doanak ez du abiadura handirik hartzen. Eguzkiaren atzetik iritsiko da La Pazera. Baina lehen ez bezala pauso seguru batek dakar, burua tenteago jaiki zaio, eguzkiaren argitan lotsarik gabe dator, harro, begirada aurrean duela. Lehenago, indigenak ez zizun inoiz begietara begiratuko, beti behera, begiekin ere isilik egotera kondenatua balego bezala, zapaldua betiko. Orain begiak eskainiko dizkizu, beltzak eta belztuak, aurpegia emango dizu, ilunaz gain ilundua, paparra aterako dizu, estua eta estutua... baina zu, metamorfosiaz jabetuta, irribarre egitera zoazkionean, eskua erakutsiko dizu: «Eman iezadazu boliviano bat mesedez. Harrotasunak ez du urdaila betetzen».

Ruandan ba omen zen neskatxa bat gorputza bi begiekin gerritik heltzeko modukoa zuena, gorputza baino finagoko aurpegia; edertasunari artista batek egindako giza irudia zirudien. ...huraxe bai polita han politik bazan... Baina orduan Europan erromeria zan, eta hantxe ibili zuten, zakilez zakil, txoria baino ere arinago dantzan... Ikatzetarako ere ez omen zuen balio azkenean. Hala diote berandu iritsi zirenek. Eta diote, ispilu hautsi baten kristal zatiekin zainak ebaki baino lehen, azken hitzak malkoz idatzi zituela: «Bi zorigaizto izan ditut bizitzan. Lehena Ruandan jaioa. Eta bigarrena ederra egin ninduela amak. Itsusia izan banintz ez zidaten gorputzik ostuko, eta gutxiago sufrituko nuen». Miseria hain da gorria, ederra izatea ere desgrazi bihurtzen badakiela. Eta hori hala da Haitin, Errumanian, eta Ruandan.

Bolivia ere ederra egin zuen amak (edo, ederra egin zion amak). Ama lurrak, pachamamak, alegia. Itsasoa gerran galdu zutenez, lurretik bizi dira boliviarrak. Eta pachamamak munduko gairik baliotsuenez jantzi zituen; dena gas eta dena petrolio, dena zilar eta dena eztainu, dena urre eta dena kautxu... Baina azal zuriak lur beltzera sartu zirenetik ederraren desgrazia sufritu behar izan du; etxerako on ez balitz bezala, mundura saldu dute. Begirik ere apenas utzi dioten, eta bostehun urte pasa ditu esperantzarik ikusi gabe ia.


Potositik kanpo zorrera

Potosik badaki ederraren desgraziaren berri. Mendia eta hiria da Potosi, eta hotz egiten du orain oso. Ez zen bero handiagoa izango 1545ean. Huallpa indioak koba barruan hartu behar izan zuen babes su txiki baten argitan. Suari putz egitea ahazturik bildu zituen begiak, eta amets bat izango balitz bezala, su txikia koba hartako zilar zaina urtzen hasi zen. Huallpa baino lehenago esnatu ziren espainiarrak, eta laster azaldu ziren han beren zaldi eta beren gizon. Zilarrarekin urrezko inperioa eraiki zuten, mendiak mendeak eman zituen, eta Kolonek ez omen zuen handik aurrera erregearen ezpainetan ezezkorik ezagutu. Munduko hiririk handienetakoa bihurtu zen Potosi, eta handiena ere izango zen, baldin eta zortzi milioi indigena ez balira zilar meategietan hil. Asmatu izan balute errege-erreginek giza hezurrei probetxua ateratzen zilarretik baino gehiago aberastuko ziratekeen ziur. Baina zortzi milioi indigena haiek espainiarrei bost, kolonizatzaileei ardura ziena Potositik Sevillara eramandako hamasei milioi kilo zilarrak ziren. Indigena bakoitza bi zilar kilo aterata hil izan balitz bezala.

Potosi handi bat da Bolivia; barren hustua, izorratua, zorpetua. Potosi mendiak eta Boliviak zulo handi bat dute, eta kolokan bizi dira, beren burua barrurantz amiltzeko beldur. Matematikak bezala ekonomiak ere ez du hiru zuhurren kontuaz asko ulertzen. Eta hamasei milioi kilo zilar eman zituenak sekulako kanpo zorra du. Mila milioika dolarretan kontatzen dena. Aspaldi ordaindua gainera, baina zuloaren kontraesana bizi du interes altuko kanpo zorrak. Zuloa, kendu eta kendu, orduan eta handiago, eta kanpo zorra, eman eta eman, orduan eta gehiago zor. Zilarretik jada ezin, eta larrutik ari da Bolivia kanpo zorra ordaintzen. Baina indigena, inozentea izan. Soziologoak galdetu zionean ea nork ordaintzen duen kanpo zorra, honek «Estatuak! Nork bestela?» bota zion seguru. «Ez, estatua ez da bitartekari bat baino, kanpo zorra zuek ari zarete ordaintzen». Eta indigena barrez hasi zitzaion, «gu, hain pobreak, eta nola ordainduko dugu kanpo zorra!».


Non dira gasa eta petrolioa?

Diruari «plata» deitzen diote boliviarrek hizkera kolokialean, kolonialean. «Zilarra duenak dena dezake» esaten dute. Gasa duenak ere dena lezakeela pentsa liteke gaurko munduan, eta pentsa petrolioa duenak... Baina pentsatzen duenak ere ez du beti asmatzen. Bolivia kasik gasik gehien duen herria da Hego Amerikan, Venezuelaren atzetik bigarrena, sekulako hobiak ditu. Baina ehun boliviarretik laurogeita hemezortzik ez daki berogailua zer den. Repsoli eta Petrobrasi galdetuz gero jakingo dute agian. Horiek baitira gaseodukto denen zainak kanpora zabaldu dituztenak. Fruitua ere kanpora emango dute noski. Boliviarrak, neguko hotzetan, suarekin berotu beharrean dira. Eta suarekin lo hartzen duten guztiei ez zaie zilarra ateratzen.

Ez petrolioa ere. Baina La Pazen bai. La Pazen petrolioa aurkitu dutela esanaz esnatu dira. Lehenaz gain urre beltzez jantziko da Bolivia, petrolio faltarik ez omen du izango. Baina taxista guztiak aldapan behera punto muertoan jaisten ikusi ditugu guk. Eta guk aurkitutako petrolio erreserba bakarrak taxisten autoetako argi gorri txiki piztuak izan dira. Askotan, kezka eragiteraino: «Compañero, iritsiko al gara casa del cambiora?» «Ez dakit, ez dakit, petrolioak ere lagundu beharko digu hermanito».

«Proxima estacion, esperanza.» Aldapan behera goazenetan Manu Chaoren ahotsa garbi-garbi entzuten da kasetetik. Ia pareta margotuen ahotsak bezain garbi. Hormak hizketan aritzen baitira La Pazen: «Nacionalizacion de los hidrocarburos, reforma agraria, asamblea constituyente. Evo cumple». Pareta garbitzaileek ere ez dute hori ukatuko, Evok hitza bete du.


Bolivia dardara batean

Dardarka sumatzen da jendea Bolivian. Esperantzaren eta beldurraren plakek elkar jo izan balute bezala. Eta normala da, lurrikara etortzen denean, harrizkoak ere ez dira zut egoten. Hankak lurrean dituena dardarka hasten da. Horixe gertatzen da Bolivian. Gasa eta petrolioa nazionalizatu zituen Evok, lurren erreformari ekin dio, eta orain konstituzioa aldatzera doa. Galdera guztiak daude airean, hasi herriaren izenetik, eta antolakuntza ekonomiko-politikoak nolakoa behar dueneraino: kolonizatzaileen sistema liberala, edo indigenen sistema komunala, non presidenterik ere agian ez legokeen. Evok igeltseroak biltzea egin du, eta bederatzi hilabetean etxea goitik behera eta eskuinetik ezkerrera erreformatzera doa. Usteldutako zutabe zaharra bota, eta Bolivia berria eraiki behar du. Lanak bukatzean etxekoek esango dute gustatzen zaien edo ez.

«Bertan gara hermanitos! Iritsi gara casa del cambiora» «Zenbat da compañero?» «Hamalau boliviano biena» «Ongi da». Hartu nituen hogei sakelatik eta esku batekin atea zabaltzen nuen bitartean, beste eskuaz hogeiko billetea luzatu nion. «Plazer bat izan da compañero, ea berriro elkar ikusteko aukerarik dugun». «Eta kanbioa?» «Ez, ez, compañero, kanbioa zuentzat. Balia ezazue ongi».

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan