Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-09-04 17:20:17
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2006-09-10 -- 2053.zenb

Mezua eta irudia sakandarrak erakartzeko

Jon Gonzalo

Azken urteotan, ekimen berritzaile ugari jarri dituzte martxan Sakanan, eta besteak beste, ahalegin berezia egin dute irudia eta komunikazioa indartuz jendearengana iristeko. Ondo egindako lan horri esker euskararekiko kontzientzia piztu dute bailarako herritarren artean.

80ko hamarkadaren hondarrean sortu zen Sakanako Euskara Zerbitzua. Hasiera batean, lan egiteko ez zuten erraztasun handirik, baina urteak aurrera joan ahala gauzak asko aldatu dira. Gaur egun, Sakanako Euskara Zerbitzua bailarako hainbat ekimenen sortzailea da, eta ehunka herritarri laguntza eskaintzen dio. «Oso dinamikoak garela uste dut. Urteotan proiektu asko sortu eta gauzatu ditugu, eta jendeak ondo ezagutzen du gure lana. Horregatik, arazoren bat edo kezkaren bat dutenean guregana jotzen dute», azpimarratu digu Castillo Suarez Sakanako Euskara Zerbitzuko teknikariak.

15 udal eta 23 herritan banatuta, 20.000 biztanle ditu Sakanako bailarak. Euskarak presentzia handia du bailaran, eta hori gal ez dadin garrantzitsua da Euskara Zerbitzuaren lana. Hiru teknikarik egiten dute lan eta beraien lan ildoak finkatzeko garaian askatasun handia dutela aitortu digu Castillo Suarezek: «Nafarroako Gobernuarengandik jasotzen dugun diru-laguntza oso eskasa da, eta horren aurrean bi aukera ditugu. Batetik, diru-laguntza handitzeko egunero kexatzen aritzea, eta bestetik, diru-laguntza eskasa izateak ematen digun askatasuna aprobetxatzea. Hartara, inposaketarik gabe guk nahi ditugun ekimenak gauzatu ahal izango ditugu. Guk bigarren aukeraren aldeko apustua egin dugu».

Hiru lan ildo nagusi dituzte uneotan, eta honako hauek dira beraien helburuak: haurrak D ereduan eskolaratzea, euskaltegietan izena ematen duten helduen kopurua handitzea, eta etorkinengan euskararekiko kontzientzia piztea. Hiru helburu horiek lortzeko beste horrenbeste kanpaina sortu dituzte. Kanpaina hauetan berebiziko garrantzia ematen diote mezuari, baina baita mezua zabaltzeko baliabideei ere. Castillo Suarezek dioenez, «publizitatea eta harreman publikoak oso garrantzitsuak dira gaur egungo gizartean, eta euskara teknikariek egin dezakegun lanaz gain, ezinbestekoa da publizista edo diseinatzaile grafiko batekin elkarlanean aritzea. Elkarlan horri esker gure mezua askoz ere lehenago iristen da jendearengana».

Haurren kanpaina, esate baterako, Une honetan, D eredua aukerarik onena lelopean abiarazi dute. Ez da hori, ordea, kanpainaren zutabe bakarra. Mezua indartzeko TxeChu izeneko dragoia sortu dute. «Bi buru dituen dragoia da. Zergatik bi buru? Bi hizkuntza ditugulako (euskara eta gaztelera) eta biak erabiltzea eta menperatzea nahi dugulako. TxeChu dragoiaren irudiak haurrengana iristen eta gure mezua indartzen lagundu digu». Helduei dagokienez, bete-betean ari dira orain lanean. Irailean euskaltegietan izena emateko epea zabaltzen da, eta izen-emate hori bultzatzeko kanpaina indartsua plazaratu dute. Nafarroako Gobernuak orain dela urte batzuk erabilitako mezu batean oinarritu dira. Irurtzundik Ziordira doan autobidea egin zutenean, autobide hark Sakanako biztanleak batuko zituela azpimarratu zuen Gobernuak. Mezu hori euskararen alorrera ekarri du orain Euskara Zerbitzuak: «Badago autobideak baino gehiago batzen gaituen zerbait: euskara».

Asko dira lan bila edo beraien bizitza kalitatea hobetze aldera azken urteotan Sakanara heldu diren etorkinak. Gauzak horrela, Euskara Zerbitzuak ahalegin berezia egin du azkenaldian bizilagun berri hauek euskalduntzeko. (Des)berdinak gara Sakanan leloa da etorkinak euskalduntzearen aldeko kanpainaren zutabe nagusia. "Hitz joko horrekin etorkinak berdintasunean euskalduntzeko eskubidea dutela aldarrikatu nahi dugu. Beraiekiko harremana ez dugu asistentzian oinarritu nahi, gure harremanak berdintasunean oinarritu daitezela nahi dugu». Helburu hori lortzeko Sakanara iritsi bezain pronto bi esku-liburu eskaintzen dizkie etorkinei Euskara Zerbitzuak: Ongi-etorri gida eta Hizkuntza-gida.

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan