Astekaria

 Liburuak 

Liburutegia

Irudia

Pilar Iparragirre


2053. alea
2006-09-10
alde 0    kontra 0



Anoetako Baserriak

Batzuen artean

Aranzadi Zientzi Elkartea, Anoetako Udala

312 orrialde

Anoeta herriaren historia

Juantxo Agirre-Mauleon historialari eta arkeologoak zuzendu duen Aranzadi Zientzi Elkarteko ikertzaile taldeak eraman du aurrera Anoetako Baserriak izenburua duen monografikoa. Udalerriaren jatorri historikoa eta baserriaren sorrerari buruzko xehetasunetatik hasiz, Anoetako folklorea, sinesmenak, festak, kirolak, tradizioak eta kultur ondarea nabarmentzen dira lanean, baserri guztien datuak eskaintzeko orduan. Baserri denen izenak, kokapena eta deskribapena azaldu dituzte, oinarrizko erreferentzia kartografikoaz lagundurik. Eta bakoitzaren historiako zenbait zertzelada eta eraikinaren ezaugarri arkitektonikoak ere gehitu dizkiote, nahiz eta ohartarazi batzuk desagertu direla haien ezaugarri arkitektonikoen aztarnarik utzi gabe.

El café de los portugueses

Fernando Ruiz Paños

Kutxa Fundazioa

65 orrialde 7 euro

Donostia Hiria literatur

lehiaketako gaztelaniazko saria

Fernando Clemot izenordearen atzean ezkutatzen den Fernando Ruiz Paños filologo eta editoreak idatzitako El café de los portugueses izenburuko ipuinak irabazi zuen iaz Kutxa Fundazioak antolatu ohi duen Donostia Hiria literatur lehiaketako gaztelaniazko saria. Portugalek XIX. mendearen bigarren erdialdean izan zuen idazlerik handienetakoa du kontakizunak protagonista, 1845ean Póvoa do Varzimen sortu eta 1900ean Parisen hil zen José María Eça Queiroz. Hain zuzen ere, Queirozen azken uneak izan zitezkeenak daude ipuinean islaturik. Biriketako mina oso aurreratua duela, Parisko kafetegi batera sartuko da. Eta han, bera bezain gaixo dagoen poeta gazte portugaldar maltzur batekin egingo du topo.

Jirafa lepo-motza

Hermínia Mas

Ibaizabal

64 orrialde 8,10 euro

Jirafa txikiaren tristura

Iñaki Zubeldiak euskaratu du Jirafa lepo-motza, Hermínia Mas idazle katalanak sortu eta Mercé Arànegak marraztutako kontakizuna. Ester jirafa txikiaren istorioa agertzen du. Guztia zuen motza jirafa txiki horrek: lepoa, hankak eta izena ere bai. Beste jirafa guztiek izen oso luzeak zituzten bitartean -Jeronima, Berengaria, Brunisenda, Klementzia edo Petronila- jirafa lepo-motzari izen laburra jartzea erabaki zuten haren gurasoek. Izan ere, beste jirafa denek hanka eta lepo luze-luzeak zeuzkaten, eta berak ez. Ester hazten zihoan neurrian, lagunengandik guztiz desberdina bihurtzen ari zen. Eta jakina, beste jirafak bezalakoa ez zela izango konturatzen zenean, oso triste sentitzen zen, ederki asko zekielako beste jirafek barre egiten zutela bere kontura. Baina halako batean guztia aldatu zen.

Behinola

Batzuen artean

Galtzagorri Elkartea

64 orrialde 7,60 euro

Itzultzaileek egindako lanak

Kataluniako, Galiziako eta Euskal Herriko itzultzaileek egindako lanen azterketa dakar Behinola haur eta gazte literatura aldizkariak 13. zenbakian. Pau Joan Hernándezi egin diote elkarrizketa, Galtzagorri Elkarteak iaz martxan jarri zuen Irudiz irudi, liburu ibiltari deitzen den proiektu-aretoa zertan den agertu dute, euskaratik galizierara itzulitako haur eta gazte literatura lanen gainean Mónica Domínguezek azterketa egin du, katalanera itzulitako euskal haur eta gazte literaturaz idatzi dute Pep Molist eta Joan Portellek, Xabier Etxanizek Galizia eta Kataluniako literatura gure artean atondu du eta haur euskaldun errefuxiatuak gai harturik 1936ko urriaren 30ean Josep M. Folch i Torresek En Patufet haur aldizkarian argitaratutako El petit refugiat i el seu company testua euskarara itzuli du Manu Lopez Gasenik (Errefuxiatu txikia eta haren lagunak).

El aniversario de la independencia

José Javier Abasolo

Tropismos

326 orrialde 18 euro

Independentziaren ondorengoaz

José Javier Abasolok nobela beltz asko idatzi ditu bere bizitzan zehar. El aniversario de la independencia titulua duen honetan, Euskal Herriak independentzia lortu ondorengo garaietara darama irakurlea. Lorpen horrek oraindik ez du urtea bete, baina dagoeneko zenbait aldaketa begi bistakoak dira lurraldean. Ertzaintzan, adibidez. Izan ere, aurreko garaietan ezker abertzalearekin gogorregiak izateagatik nabarmendu ziren polizietatik batzuk kanporatu egin dituzte, eta ETA erakundeko zenbait partaide bertan sartu. Azken erabaki honek ertzain bat baino gehiago haserraraziko du, baina goitik dator agindua eta besteekin lan egitea baino ez dute. Bitartean, beste erakunde armatu bat agertuko da.

Jakin

Batzuen artean

Jakin

136 or. / 9,50 euro

Ikasle etorkinez eta euskaraz Jakinen 154. zenbakian

Jakin aldizkariaren azken zenbakiak etorkin ikasle berrientzat bideratutako integrazio eta gizarteratze ereduak eta hezkuntza politika ditu aztergai. Baita ikasle hauen artean euskarazko ereduaren hautapena bultzatzeko gakoak ere. Ikasle etorkinen eskolatzean eta hizkuntz ereduen hautaketan eragiten duten baldintzak, hezkuntza sistemak ikasle hauen euskalduntzea sustatzeko eskaintzen dituen bitartekoak, eta ikasle etorkinen ama hizkuntzari eta jatorrizko kulturari eman beharko litzaiekeen tratamendua. aztertzen ditu.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
azala  
azala2052
 
azala2051

2053 zenbakia.
2006ko irailaren 10a


   

Babeslea

Irizarren webgunera joan
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia