![]() | Zihara Enbeita2006-09-10 |
Mendian kokatua dago Nabarniz -herriaren erdigunea itsasoaren mailatik 360 metrora dago- baina hondartzatik 10 minutura dago autoarekin joanez gero. Hurbil baina urrun dagoela esan dezakegu. Batez ere baserritik bizi izan den herria izanik, baserriaren krisiaren ondorioz populazioak behera egin du azken urteotan. Gaur egun, 200 biztanle inguru bizi dira bertan, zazpi auzotan sakabanatuta: Lekerika, Merika, Eleizalde, Uribarri, Zabaleta, Intxaurraga eta Ikazurieta auzoetan, hain zuzen ere. Eleizalden dago udaletxea eta berau dugu erdigunea. Bertan dago gizarte etxea eta bertan daude jatetxe zein tabernak.
Santimamiñeko koba ezagunetatik (Kortezubi) 3 kilometrora dago Nabarniz. Urdaibaiko itsasadarraren eskumako alde horretan aurkitu dira historiaurreko aztarnategirik gehienak. Santimamiñe multzoan kokatzen dira hauetako asko, baita Nabarnizko Ondaro izeneko haitzuloa ere. Dirudienez, Oma (Nabarniz eta Kortezubi) eta Basondo (Kortezubi) haranetako topografiak animalia basatien ehizan laguntzen zuen. Horregatik Santimamiñeko ehiztariak Nabarnizen askotan ibili zirela pentsa daiteke. Oma errekaren isurialdean dago Ondaro haitzulo edota kobazuloa. Ikazurieta auzoan, hain zuzen ere. Bertan Neolito eta Burdin Aroko hezur aztarnak aurkitu zituzten bere garaian. Lehen nabarniztarrak bertan lurperatu zituzten ustea dago. Joxe Miguel Barandiaranek aurkitu zuen kobazuloa 1920an eta Santimamiñeko taldearen barruan dago. Hilobi haitzuloa da. Jendearentzako zabalik dago, baina ez da erraz topatzen eta onena joan orduko baten bati edota nonbait galdetzea da. Zati bat bakarrik dago zabalik. Barrurago joateko espeleologian ibilitakoa izan behar da gutxienez.
Maruelezako kastroa
Iluntzar mendia
Besteak beste, Ineritzeko leizearen ahoa aurkituko dugu gainaldean. Eskualdeko ADES espeleologia taldearen arabera, 350 metroko sakonera dauka leize honek. Bizkaiko luzeenetako bat dugu, beraz. Aske dabiltzan zaldi zein behiak ere aurkituko ditugu bidean, animaliek urmael bat baitaukate egarria asetzeko premia dutenerako. Nabarnizen zaldi probetarako zaletasun handia dago eta horrek lagundu egiten du zaldien azienda mantentzen.
Gailur lau eta zabala dauka Iluntzarrek. Mendirik garaienen itxurakoa. Gailurra bera ikusgarria bada ere, are ikusgarriagoa da bertatik ikus daitekeena. Iparraldetik kostaldea ikusten da; ekialdetik aldiz, Arnoko mendiak; hego-ekialdetik, Bedartzandi eta Urregarai; hegoaldetik, Oiz mendia eta Lea bailara; hego-mendebaldetik, Gorbea aldea, Sierra Salbada eta Ordunteko mendiak; eta azkenik, mendebaldetik, Sollube eta Ereñozar mendiak eta Mundakako itsasadarra. Horretaz guztiaz gain, kastro zelta baten aztarnak ikusteko parada izango dugu gailurrean.
Iluntzar mendia dugu Nabarnizko ezagunena, baina beste hainbat ibilbide ere badaude herrian zehar egiteko eta garai bateko bizitzaren aztarnak ere nonahi aurki ditzakegu Nabarnizko inguruetan. Baserriak, garaiak, labeak, errotak, perratokia edota sagardotegiak, besteak beste.
Goikolea errota
Mikel Deunaren baseliza
Mikel Deunaren baseliza orain gutxi berreraiki eta berritu dute. Uribarri auzoan dago berau, Eleizalde eta Ikazurietak topo egiten duten lekuan. Jolastokia eta atsedena hartzeko tokia daude bertan. Asentzio egunean erromeria ospatzen zuten bertan. Erromesek eraikuntzari buelta bat ematen zioten eta meza ospatzen zen. Halaber, ura eta gatza bedeinkatzen zuten bertan soroetara botatzeko. Baina horietako erromeri egun batean borroka bat egon zen eta pertsona bat hil zen. Ondorioz, Apezpikuak debekatu egin zituen erromeriok.
Kultura, historia, erlijioa... Nabarnizera joateko arrazoi nahiko dira, baina beste bat ere badago. Jateko ere leku aproposa da-eta Nabarniz. Asko dira bertako jatetxeetara «indiarrak» (indaba edo babarrunak) jatera hurbiltzen direnak. Ibilaldi luze baten osterako, ez dago hoberik indarrak berreskuratzeko.