Bertso berriak... Ezbeharrei jarriak

Xebastian Lizaso


2006-09-10

I

Urte osoa pasa

oporrei begira

jaioterritik urrun

antolatu bira.

Baina hainbat ezbehar

gertatzen ari da

itzuli gabe zenbat

itzuliko dira?

II

Bidaian hasieran

hainbat poz ta zori

nabaritzen zaiona

asko ta askori.

Baina poza penaren

zulora erori

betirako denean

«Geroarte» hori.

III

Errepideak ditu

milaka aitzaki

hegazkinari hegan

ahaztu izaki,

trenak bere bidetik

joaten ez daki

milaka zauritu ta

hildako galanki.

IV

Hegazkina azkarra

bere abantaila,

trenak lortzear omen

hegazkinan maila,

autoaren «zaldiak»

domatzea zaila

presakaegi gabiltz

heriotzan bila.

V

Aurreratuagatik

gero ta gehiago,

betirako bizia

nahi baina, akabo.

«Biziak bizia zor»

zioten lehenago

lege honen ordezko

legerik ez dago.

VI

Korapilo hontatik

zaila da askatzen

ezbeharrek guztiok

gaituzte kezkatzen.

Jarraitu nahi dut lana

oporrez puskatzen

bizitzari ez diot

oporrik eskatzen.


Argia.com 2012