Jakoba Errekondo
Ikusgarriak daude oraintxe artasoroak. Uda urtsu honek beltz kolore ederra eman die artalandareei, are gehiago babarruna lagun dutenei, hauek lurrean pilatzen duten nitrogenoak hostajeari aparteko kemena eransten baitio. Adi ikusi artasoroak. Adi eta ikasi. Artalandare guziak kolore berekoak, garaiera berekoak, eite berekoak, batera loratuak... baldin badira elkarren kopia diren landare hibridoz osatutako artasoro bat izango da. Aldiz, ezaugarri hauetan landaretik landarera alde nabarmenik baldin bada artabarietate desberdinen kabi da soroa.
Lagun batekin etxeko soroari begira, hibrido dontsuen gaia mihira. Gai hauetan ohikoa denez mihia miztotu. Bideko begi miatzaileei etxeko bordako ikusmira kentzeko irrikan da adiskidea. Mendian izaki, hesi zuzen hiritarra baino, basotxo batez eraikitako estalki bati aproposagoko ustea eman genion. Zuhaixkak eta zuhaitzak, hosto iraunkorrekoak eta biluzten direnak, zabalak eta luzeak... Itxura naturaleko nahasketa. Nahaste-borrastea borobiltzeko azkar eta garai haziko den zuhaitz bat aukeratu behar eta Leilandgo sasi altzifrea begiz jo (x Cupressocyparis leylandii). Hesietan ugaria da konifero hibrido hau. Izenaren aurreko ixak adierazten duenez, bi espezie arteko hibridoa da, Cupressus macrocarpa eta Chamaecyparis nootkatensis. Bien batzetik dator genero hibridoaren izen berria eta leylandii berriz 1925ean Galesen hibrido hau bazenaz jabetu zen C.J. Leylanden omenez. Landareen familiatan urrun samarreko bi generoen arteko hibridoa izaki, kemen handiko landarea da sasi altzifre hau, ia edozein lurretan eta girotan sasoiko hazten da.
Hibrido edo nahasketaren kemen hau nola garatzen den zehatz-mehatz ez dakigu, baina izaki desberdin samarren nahasketa sexualak sortzen duen bultzada dela jakina da. Nahasketa honetatik datozen lehen belaunaldikoek aurreko zituzten aita-ama biak baino hazkunde handiagoa izango dute: garaiago, hosto handiago, lore gehiago... Geuk garatu nahi dugun ia ezaugarri oro landu dezakegu hibridazioarekin. Kemen honi esker, behingoz, handia eta makala ez doaz batera.
Jabier Agirre
Aurpegiko eta hortzetako disarmonia hitz konplexuarekin izendatzen den arazoak oinarri genetikoa du, baina badira okerragotzen duten ohitura txar batzuk -esate baterako hatzak zupatzea, edota denbora luzean, baita urtetan ere, txupetea erabiltzea-, aurpegiko hezurren hazkunde normala mugatu egiten dutelako.
Biztanleriaren portzentaje esanguratsu batean ez da forma-anormaltasun nabarmenik antzematen, baina hala ere aurpegiaren hainbat atalek ez dute behar bezalako orekarik beraien artean, eta horrek eragin estetikoa eta funtzionala dauka pertsonarengan. Zorionez, gaur egun asko hobetu dira era horretako ebakuntza kirurgikoen emaitzak: ospitalean egin beharreko egonaldiak laburragoak dira eta orbainak minimizatu eta operazioaren iraupena gutxitu egin dira, arazo horiei konponbidea emateko egiten den kirurgia ortognatikoak izandako aurrerapausoei esker.
ĞAurpegi-hortzetako disarmoniak oso kasu gutxitan konpontzen dira ebakuntza kirurgikorik gabeğ, dio Nafarroako Unibertsitate Klinikako Carlos Concejo doktoreak. Horregatik, hezurren garapenak harmonia galtzen duenean baraila masailezurra baino gehiago haziko da -alderantziz ere gerta daiteke- eta garapen disarmoniko horren eraginez hortzek ez dute beren lekuan ongi ahokatuko. Gerta liteke pazientea ortodontista batengana joatea aurrena, bere hortzak leku egokian kokatuta ez daudela nabari duelako, baina ortodontistak kirurgialariarengana bidaliko du gaixoa. Beste kasu batzuetan, ordea, aurreneko fasean -9 hilabetetik urte eta erdira iraun dezake fase honek- kirurgia-aurreko ortodontzia bat egingo zaio pazienteari, hortzak behar bezala lerrokatzeko. Behin goiko eta beheko hortz-arkuak behar bezala lerrokatuak daudenean hasiko da kirurgialariaren lana, eta hezurrak lerrokatzea izango da helburua. Hala, ebakuntza-gelatik irten ondoren oklusioa ezin hobea izango da, hortzak eta hezurrak behar bezala lerrokatuak egongo baitira. Amaitzeko, eta ortodonzistaren eta kirurgialariaren artean, kirurgia osteko ortodontzia egingo diote azkeneko desorekak zuzentzeko.
Joxerra Aizpurua
Bere kabuz hozten den botila posible ote?
Eguzkiak egunero jotzen du gure Lurra, baina Ğdebaldeğ eskaintzen digun beroa oso gutxi aprobetxatzen dugu. Beroak berotzeko edota hozteko balio dezake eta azken urte hauetan Rensselaer Institutu Politeknikoko Steven Van Dessel-ek zuzendutako taldeak eguzkiaren beroa aprobetxatzen duen teknologian aurrerapen interesgarriak lortu ditu.
Hain zuzen ere, ia lodierarik gabeko mintzetan eguzki-zelulak eta bero-ponpak itsatsiz klimatizazio sistemak lortzeko bidean aurrerapenak egin dituzte.
Mintz estuetan aurrerapenak lortzeak estaldura termiko ia gardenak ekoiztea ahalbidetu dezake. Aplikazioen esparrua bukaezina da: artikulu honen izenburuan aipatu dena, hots, botilak beren kabuz hoztea edota berotzea; etxeetako berogailu eta aire girotuko sistemak ordezkatzea; edota sateliteetan energia iturri gisa erabiltzea, besteak beste.
Nitrogenoa ala airea gurpilak puzteko
Irakurle batek baino gehiagok puztu izango ditu bere gurpilak nitrogenoarekin eta gurpiletako tapoi berdeak horren adierazle dira. Hala ere, tapoi berdedun jabeei nitrogenoa erabiltzearen zergatiaz galdetuz gero, inork gutxik du erantzuna. Lerro hauetan datu batzuk ematen saiatuko gara, aipatu gaia argiago gera dadin.
Nitrogenoa kamioi, hondeagailu eta abioietan aspaldidanik erabiltzen da eta horren arrazoia airea presio eta tenperatura altuetan oso erreaktiboa izatean datza. Erreaktibotasunak gurpiletako kautxua, aluminioa eta altzairua kaltetzen ditu eta beraz, bero eta tenperatura baldintza gogorretan lan egiten duten ibilgailuetan saihestu egin behar da elementu erreaktiboak erabiltzea. Izan ere, airea gurpiletan sartzen denean oxigenoa eta nitrogenoa ez ezik ur-baporea ere sartzen da eta honek areagotu egiten ditu herdoiltzeko mekanismoak.
Bestalde, nitrogenoaren molekula oxigenoarena baino handiagoa denez, zailagoa du ihes egiten gurpilen kautxu edo balbuletatik. Gure automobilek ez dituzte, oro har, ibilgailu handien lan baldintza gogorrak izaten eta beraz, gure gurpiletako airearen erreaktibotasuna ez da hain larria. Hala ere, badago nitrogenoaren alde egiteko beste arrazoi bat: nitrogenoz puztutako gurpilen presioa ez dago ia kontrolatu beharrik eta aldiz, airez puztutakoena bai.
Eta gainera gurpilak nitrogenoz puztearen kostua ia hutsaren trukekoa da.