Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-02 15:11:57
Udako Euskal Unibertsitateko web gunera lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • Erreportaje / Elkarrizketak

2006-09-10 -- 2053.zenb

Pilar Iparragirre

Zertan bereizten da Etorkizuna aurreko liburuetatik?
Liburu honetan aurrekoetan baino ipuin luzeagoak daude, orobat. Eta uste dut luzera horrek bestelako xehetasun batzuk zertatzeko aukera eman didala: giza harremanen garrantzia, gurasoen eta seme-alaben arteko harremanena, esate baterako. Bestalde, estiloz ez dut gehiegi aldatu -ipuin fantastikoak daude, eta errealismotik hurbilago daudenak ere-, baina behintzat nire lagun eta emazte denak dioenez, besteak baino koherenteagoa da liburu hau. Eta onartu behar dut horrela izan daitekeela, bai. Agian horregatik ez dut, beste liburuak bezala, kapituluetan banatu. Beste antolaketa bat bilatu diot. Uste dudalako hemen ipuinen arteko loturak eta hurbiltasuna handiagoak direla.

Etorkizuna-n, halere, iraganari egiten diozu kasu...
Hala da. Azken batean, etorkizun ezinezkoak urratu eta erratu gabeko iraganetatik datoz. Perplejidade hori, historialari bezala behin eta berriz historiaren alternatibaren inguruan neure buruari planteatzen dizkiodan galdera horiek dira, ein handi batean, ipuin hauetako abiapuntuetako bat eta batzuetan helmuga. Iraganaren eta etorkizunaren arteko loturaren inguruko obsesioak.

Zer esan nahi duzu horrekin?
Bada, Françoise Saganen aipu honek dioena: «Norberaren atzetik ateak itxiz baino ez dira etorkizunerako leihoak irekitzen». Nahiz eta niri etorkizunari buruz gehien gustatzen zaidan aipua beste hauxe den: «Etorkizuna da aro bat zeinetan gure negozioak ondo doazen, gure lagunak leialak diren eta gure zoriontasuna ziurtatuta dagoen».

* * * * * * * * * * * * * * * * * * * *

Etorkizuna
Iban Zaldua
Alberdania
114 orrialde 12,50 euro

Iraganeko zenbait pasarte aldatzea izango bagenu...

Nork ez du izan, noiz edo noiz, iraganeko zenbait gertakizun aldatzeko gogoa? Iruditzen zaigu, horrela balitz, geure oraina eta etorkizuna askoz hobeak izango liratekeela. Baina gure uste itxaropentsu hori egia ote litzateke? Bada, iragana aldatzeko balizko aukera horrek aldatzaileari ekar diezaizkiokeenak islatzen saiatu da, hain zuzen ere, Iban Zaldua Etorkizuna. Hamabost ipuin ia politiko izenburuko liburuan. Hamasei urte zituenean bere bihotzeko kuttunak ezezkoa emateko izan zituen arrazoiak aldatuko ditu ipuinetako baten protagonistak, baina ondorioak ez dira, doi-doi, berak espero zituenak izango. Eta berdin gertatuko zaio Euskal Herriaren historia aldatu nahiz Rikardo Arregi auto istriputik bizirik ateratzea lortzen duen zientzialariari. Izan ere, kontakizun labur bezain zirraragarri hauen egileak azpimarratzen duen bezala, iragana aldatzeak etorkizuna aldatzea dakar, ia ezinbestean. Nolanahi ere, Iban Zalduaren ipuinetako protagonista gehienek ez daukate, iragana aldatzeko, maitasuna, bakea edo antzeko arrazoi ederrik. Beren ahaleginei barren-barrenetik sortzen zaien mendeku nahiaren usain likitsa darie, jasotako mina eztenkadaz erantzuteko gogoa-edo.

Jon Gurrutxaga

Duela bi urte sortu zenez geroztik, punk talde nafarra ez da gelditu eta dagoeneko maketa bat eta bi disko ditu kalean. Askotan esan ohi da musika estiloen loraldia zikloka ematen dela. Eta ez da harritzekoa, Euskal Herrian 80ko hamarkadan hainbeste zale izan zuen estiloa azkenaldian gero eta presentzia handiagoa izaten ari da hemengo zein Espainiako eszenatokietan. Joan zen urtean taldearen izen bereko lehen disko luzea argitaratu eta gero, udaberrian bigarren lana plazaratu zuen Lendakaris Muertosek. Aitor Goñi (ahotsa), Asier Goñi (gitarra), Txema Domench (baxua) eta Potxeta (bateria) dira laukote nafarra osatzen dutenak. Estreinakoa bezala Se habla español Iruñeko K estudioetan grabatu zuten Alberto Porresekin. Porres Asto Pituak punk taldeko bateria jolea da eta, beraz, ongi baino hobeto ezagutzen du estiloa. Aitor Goñi abeslariaren esanetan, kanta guztiak hilabete batean prestatu zituzten: «Egia esan, abestiak nahiko erraz sortzen ditugu, entsegu bakoitzean bat edo bi».

Euskal Herrian punkaren loraldia duela bi hamarkada gertatu bazen ere, talde nafarraren ustez musika estilo honenganako zaletasuna ez da desagertu urte guzti hauetan. «Maketa grabatu eta gutxira Basauriko Gaztetxean jo genuen. Denboraren tunela pasa eta beste garai baten geundela zirudien, tokia punkiz josita baitzegoen», azaldu digu Goñik. Nafarrak Dead Kennedys talde estatu batuarraren izenean oinarritu ziren laukotea bataiatzeko orduan. Kennedyren tokian, Euskal Herrira hurbilketa eginez, Eusko Jaurlaritzako buruaren kargua jarri zuten. Nafarren bigarren lanaren azalean Ibarretxe lehendakariaren aurpegia ikus daiteke espainiar banderaren kolorez jantzitako ikurriña baten gainean. Se habla español tituluak, berriz, Ibarretxeren begiak estaltzen ditu. Diseinu ausarta eta oso punkia da laukoteak aurkezten duena. Taldeko abeslariaren esanetan, ez dute inolako zentsurarik izan: «Zarautzeko auzo batean jo eta gerora Udalean gure izena zela-eta ika-mikak izan zirela komentatu ziguten, baina bestela ez dugu arazorik izan». Zaragozan El Pilareko jaietan jo zuteneko urtea gogoratu du Goñik. Udalak antolatutako emanaldia zen eta karteletan «Lendakaris Muertos» jarri beharrean «Los Lendakaris» jarri zuten. Nafarren iritziz, salbuespenak dira horrelakoak.


Hitzetan, umorea barra-barra

Euskal Herrian izan diren punk talde gehientsuenek bezalaxe, Lendakaris Muertosek gazteleraz abesten du. Ironia zein umorea ez dira falta abestien hitzetan. Kantuen tituluei erreparatzea besterik ez dago: Gaupasa o spiz, Pastel de costo, Das por cool, ETA, deja alguna discoteca... «Punkean eta musikan orokorrean umorea falta dela uste dut, La Polla, The Kagas... asko gustatzen zaizkit, baina badirudi beti amargaturik daudela; guk ideia berdintsuak ditugu, baina beste era batera adierazten ditugu», dio abeslari nafarrak. Hala ere, jendeak ez du beti ondo ulertzen ironia hori. Aurreko lanean, adibidez, RIP taldearen Policía no kanta moldatu eta Policía sí abesten zuten eta emanaldietan jendeak ez zuen beti umorez hartzen taldearen bertsio berria.

Disko berriaren diseinua taldeak berak egin du eta aurreko lanean bezala poster bat eskaintzen dio zaleari. Abestien hitzak, 2004ko eta 2005eko kontzertuen datak zein kartelak eta beraien argazkiak dira protagonista posterraren alde batean; bestean, berriz, zaleak dira nagusi. Beraien disko berrian agertu nahi izanez gero, www.lendakaris.com webguneko mail helbidera argazki bat bidaltzeko deia egin zuten nafarrek. Proposamenak sekulako arrakasta izan zuen, izan ere, hirurehun zaleren argazkiak jaso zituzten. Guztiak hartu eta collage bat egin zuten, poster gisa diskoaren barnealdean sartzeko. «Orokorrean collage-ean agertzen den jendea ez dugu ezagutzen. Duela gutxi Burgosen jotzen izan ginen eta posterrean agertzen ziren zenbait zale ezagutu genituen. Def Con Dos taldeko abeslariak ere bidali zigun argazki bat, adibidez», diosku Goñik.

Taldekideek ez dute bi diskoen artean alde askorik sumatzen: «Talde askok esaten du garapen bat egon dela... baina guri hauxe da gustatzen zaiguna». Dena den, kantuak hilabete batean sortuak diren arren, diskoa landuago dagoela onartzen dute. Lehen lana grabatzeko zorian zeudela Iñaki Domench bateria joleak taldea utzi zuen eta beraz Potxetak hilabete bat bakarrik izan zuen kantak ikasteko. Diskoa grabatu eta berehala, kontzertuak eskaintzen hasi zen talde nafarra eta hori disko berrian igarri dela diote taldekideek.


Ibilbide motza, baina oparoa

Lendakaris Muertosek 2004ko otsailean hasi zuen bere ibilbidea. Aurretik hainbat taldetan ibilitakoak dira bertako partaideak. Potxeta bateria jolea, adibidez, Tijuana In Blue eta Ultimatumen izan zen; beste hirurak, berriz, Eztanda eta Kuto taldeetan aritutakoak dira. Hasieratik garbi zuten punk-rocka jorratu nahi zutela. Aurreko taldeetan bestelako filosofia zuten, metal estiloa lantzen zuten eta hitzak ere beste ikuspuntu batetik jorratzen zituzten. Aitor Goñi abeslariak garbi zuen punk talde bat sortu nahi zuela, baina hasieran taldea osatzeko kideak topatzea zaila gertatu zitzaiola onartzen du: «'Talde punki bat? Badira hamabost bat urte horrelako musikarik ez dudala entzuten!' esaten zidan jendeak». Kuto taldeko gitarra jole Asier Goñi izan zen animatu zen lehena eta talde bereko Txema Domench baxu jolea gero. Txemaren anaia Iñaki izan zen bateria jole gisa lehen pausoak eman zituena. Baina maketa grabatu bezain laster Ameriketako Estatu Batuetara joan zen bizitzera eta ordezko bat bilatu behar izan zuten. Lehen lana grabatu baino pixka bat lehenago batu zitzaien Potxeta baterian. Hasieran La Polla eta Cicatriz bezalako banden moldaketak egiten zituzten, baina abesti propioak sortzen joan ziren heinean grabatzeko irrika piztu zitzaien. Estreinako demo edo maketa taldea sortu eta lau hilabetera grabatu zuten. Gero webgune bat sortu (www.lendakaris.com) eta kantak mp3 formatuan eta doan jaisteko aukera eskaini zuten sarean. Marketing lanaren fruituak berehala igarri zituzten. «Hamabost urte daramatzagu musikan eta kakotx arteko arrakasta orain lortu dugu. Lehen gu ibiltzen ginen toki guztietara kontzertuak lortzeko deitzen. Orain gu gara deiak jasotzen ditugunak», dio nafarrak.

2004ko martxotik 2005eko azaroa arte berrogeita hamar kontzertu baino gehiago eskaini zituen laukoteak. Eta Euskal Herrian kontzertu andana izateaz gain, Espainian ere maiz jotzeko aukera izan dute: Salamanca, Burgos eta Tarragona dira, besteak beste, Lendakaris Muertosek bidean topatu dituen herriak. Lan berriarekin ere kanpora irteteko asmoa du laukoteak, jadanik Madril, Murtzia eta Tarragonan loturik ditu kontzertuak.

Mikel Garcia

Urte askoan, nahiz eta Euskal Herrian lan egin, Eduardo Chillida (Donostia, 1924-2002) artista handiaren obrak Parisko galeria batek banatu zituen eta hona geroz eta lan gutxiago iristen zen. Chillidak, ordea, obraren zati bat bere jaioterrian gorde nahi zuen, sorterrian, maite zituen lurretan. Horregatik, 1982an galerista hil zenean, bere kabuz aritzea erabaki eta Donostia inguruan lanak biltzeko leku baten bila hasi zen. Urte horren bukaeran, Chillida-Belzunze senar-emazteek Hernaniko Zabalaga baserria ikusi zuten lehen aldiz; kasik erortzear zegoen, baina eskultoreari bikaina iruditu zitzaion zeukan ideia garatzeko. Baserriak 500 urte zituen eta sustraiak oso errotuta; tokirik egokiena zen, dudarik gabe. Munduko arkitekto handienen laguna zen eta horietako edonork bere obrak jasotzeko eraikin ikusgarria egingo zion, eskatuz gero, baina zerbait tradizionalagoa bilatu zuen, bertakoa. Hain zuzen ere, lekuak berak duen alde sentimentala da batez ere museoa berezi egiten duena. «Bere herrian ari zen lanean, bere inguruan, ezagutzen zuen tokian ûdio Luis Chillida semeakû. Donostialdean bizi izan zen beti eta bere sustraiak hemen daude; leku honi balioa ematea oso garrantzitsua zen beretzat eta horregatik zelaia errespetatu egin zuen; Hernani inguruan aurki ditzakegun zelaien antzekoa da, ez da museorako sortutako lorategi artifiziala».

Zabalagan lanean hasi zen Chillida, inongo presarik gabe, denbora ez zuelako epeekin lotzen, gauza bakoitza ondo egiteko beharrezkoa zen denbora neurtzen zuen. Obrak egiten eta lorategian haientzako lekua bilatzen joan zen, naturan egokitzen. Izan ere, horixe da leku publikoetan egin zituen obren ezaugarri garrantzitsua, ez zela saiatzen lekua obraren neurrira egokitzen, alderantziz baizik. Lanaren bidez, espazio horri ekarpen bat egitea zen bere asmoa, aldaketa handirik eragin gabe. Zabalaga, esaterako, baserria dela ikusten dugu kanpotik. Barrutik, hustuta dagoela ohartuko gara, Chillidaren obrez beteta. Lan berriak egiten joan zen heinean, lur gehiago erosi behar izan zituen. Halaber, egitasmoa beste motako lanekin uztartu zuen, batik bat obra publikoan oinarritutako proiektu handiekin. Hala, museoan aurki daitezkeen obra asko gero beste leku batzuetan garatutakoen ideiak dira. Azken finean, eskultura bat egiteko prozesuak fase ugari ditu eta fase edo obra bakoitza desberdina dela uste zuen berak, ideia bera izan arren, bere osotasunean desberdinak direla, materiala, tamaina eta gainontzeko ezaugarriak desberdinak direlako. Argia bilatzen eskultura itzela, adibidez, duen tamaina handiagatik Chillida-Lekuko bisitarien artean arrakasta gehien dutenetakoa da eta Municherako egin zuen proiektuaren parte da.

Zabalaga baserriaren zaharberritzeak 1997ra arte iraun zuen eta lan horretan artistak Joaquín Montero arkitektoaren laguntza izan zuen. Baserri barruko espazioa bilatzen saiatu zen Chillida, bere artelanak han kokatzeko. Baserria ulertzeko, eraikinarekin hitz egin behar zela zioen eta Monterok ere azkenean baserriarekin hitz egiten bukatu zuen. Hain zuzen ere, Zabalagan denboraren eta gauza bakoitzaren garrantzia antzeman daiteke, dena oso pentsatua eta aztertua baitago. Lan horren guztiaren ondorio, 2000. urtean Chillida-Leku inauguratu zen. Museoa eskultorea hil ostean irekitzea zen asmoa, baina urte horretan al-zheimerraren gaitzak jo zuenean, Chillidak egitasmoa ikustea izan zen emaztearen nahia eta etxeko lorategia museo bihurtu zuten. Semearen ustez, bisitariek museoari duen zentzua igartzen diote: «Gaur egun zentzurik gabe egiten dira museoak, jendea hirira erakartzeko. Zentzu artistikoa galtzen dute eta nire ustez gure kasuan jendeak balioa ematen dio museoak atzean duen zentzuari. Museo hau aita hil ondoren guk egin bagenu, dudarik gabe ez zen berdina izango eta hori jendeak hautematen du, denak sentimendu berezia duela». Azken finean, Chillida artista bezala erakusteaz gain, jaioterrira lotua dagoen pertsona islatzen du museoak.

Baina hori ez da Chillida-Lekuk duen berezitasun bakarra. Oso museo aberatsa da kolore eta tonuetan. Urtaroaren, eguneko unearen, eguraldiaren arabera, asko aldatzen da, kanpoan dagoelako. Era berean, Eduardo Chillidak ez zuen mausoleo bat nahi, bizirik dagoen museoa baizik, eta artistaren nahia errespetatu dute. Obrek munduko beste erakusketara bidaiatzen dute, Chillida-Lekun bertan aldaketa txikiak egon ohi dira, behin-behineko erakusketak antolatzen dituzte eta inguruko bizitza kulturalean integratzeko asmoz, ekintza ugari egiten dira, batez ere tradizioarekin lotuak. Hala nola, Sagardo Eguna, Solstizioaren Eguna, antzerki lanen bat eta musika emanaldiak. Chillidarentzat musika oso garrantzitsua zen eta artelan guztiek musika eta poesia izan behar dutela zioen. Luis Chillidak gogoratzen du Oreka TX taldea eskulturetan txalaparta jotzen aritu zela, esperimentatzen, tradizioa eta berrikuntza uztartuz. Obrak ukitu ahal izatea ere museoaren bitxikerietako bat da. Ez da arraroa kanpoan dauden tamaina handiko obretan bisitariak eserita edo eskulturen barrunbeak ikertzen ikustea eta haurrak artelanekin jolasean aurkitzea. Umeek lorategian gozatu egiten dute eta aldi berean artea ikusten. Hain zuzen ere, museoak heziketari garrantzia ematen dio eta haurrentzako jokoak prestatzen dituzte. Eskolan, museoa bisitatu aurretik eskulturen irudietako bat aukeratu behar dute eta beraien burua horren ondoan margotu. Normalean, marrazkian eskultura haurra baino txikiagoa izan ohi da eta harritu egiten dira Chillida-Lekura iritsi eta obraren benetako tamaina ikusten dutenean. Urtean 10.000 haur inguruk bisitatzen dute museoa. Horren guztiaren bidez, turistez gain inguruko jendea erakartzea eta gipuzkoarrek museoa bere sentitzea da helburua.


Aparteko txokoak

Semeak kontatu digunez, Eduardo Chillidari orokorrean museo guztia gustatzen zitzaion. Arratsean goian dagoen lorategitxoan esertzea atsegin zuen, baina eguneko une bakoitzerako leku bat zuen. Baserria ere oso gustuko zuen. Bertan lan asko egin zuen, asko hausnartu, eta gainera, baserria espeziala zen beretzat. Bere aiton-amonak Urretxuko baserri batean jaio ziren eta bere obrak bilduko zituen lekua baserria izatea nahi zuen. Artelanei dagokienez, ez zuen eskultura kuttunik. Obra gustukoena zein zuen galdetzen ziotenean, beti berdina erantzuten zuen: «Une honetan lantzen ari naizena». Obra bakoitzak bere energia guztia eramaten zuen, lantzen zuen unean. Familiako kideek ere txoko propioak dituzte, baina aita lurperatu zuten tokia, museoaren alde pribatuan, berezia da denentzat. Eta bisitarien kasuan, Argia bilatzen 27 tonako eskultura handia eta baserriaren xarma dira arrakastatsuenetakoak. Dena den, Chillida-Lekuk aparteko gune asko ditu. Zuhaitzez inguratuta, zelai berdean eta txorien kantupean eskultore donostiarraren artelanak mirestea plazera da, dudarik gabe.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan