Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-02 15:11:57
Udako Euskal Unibertsitateko web gunera lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2006-09-10 -- 2053.zenb

Josemari Velez De Mendizabal

Oporraldi aproposa izan dut aurtengoa, etxe ondoan eraikitzen ari den urbanizazio berri bateko zarata eutsiezina salbu. Milaka urtean bazter baketsu izan direnak eguneko zibilizazioaren azken sukar suntsitzaileak harrapatu ditu eta lehen garia, garagar eta patatak ereiten ziren tokian hogeita bi etxe jasotzen ari dira orain, lur jabearen, etxegintzako eragilearen eta kontzejuko buruaren pozerako.

Ikaragarria da gizakiaren apeta aseezinak ordena egonkorraren kontra egin dezakeena. Mugak logikaz gaindi pasa daitezke eta hankaz gora jar daiteke elkarbizitza, burmuin "adimentsu" batek neurriak hartu behar dituela erabakitzen duenean. Berarentzat onuragarri gertatzen diren neurriez ari naiz, noski. Eta gizarte zibilak kontrolaren gaineko eskubidea duen arren, badakigu jakin nolako jukutriak erabiltzen diren botere publikoetatik haren hedapena eragozteko. Zer esanik ez, gizarte zibilak gune zornetsurantz beharrean beste norabait begiratzen duenean erakunde publikoetatik barre egiten dute, hori bai, sotiltasunez eta erdi ezkutuka.

Oporretako egun batzuetan Gasteiz-Arrasate errepidea hartu behar izan dut, goizik goiz, eta ihintzaren goxotasuna gozatzearren Arlaban gaineko bazter batean geratu nuen behin kotxea. Eta azken hilabeteotan leinztarron bizitzan Bibliako izurritea bailitzan mailukatzen ari zaigun espektakuluarekin egin nuen topo modu bortitzean. Ibarreko berezko isiltasuna, autobide berriko lanetan jo eta ke ari ziren makina zulatzaile erraldoiek apurtzen zuten, zerurantz hauts hodeiak igotzen ari ziren aldi berean. Makinek, har orojale gupidagabeak balira bezala, aurrera egiten zuten, ibarraren mendetako itxura aldatzen eta baserritarren oihu eta kexei jaramonik egin gabe. Ikaragarria zen begi bistan neukana.

Zementuaren kultura ari gara guztiz gurtzen. Orain dela gutxi, Jaurlaritzako goi mailako kargudun bati azaldu nion nire kezka, ingurumenarekin gertatzen ari den espolio lotsagarri eta atentatu salagarriak direla eta. Bere erantzunak ez ninduen lasaitu: "zuzen zaude, amaiera eman behar zaio politika honi, bai... baina orain AHT datorkigu". Eta mugimendu ekologistak etorri zitzaizkidan gogora, gero eta itxura txarragoa hartzen ari zaigun mundu txoro honetan euren bertute eta akats guztiekin aintzakotzat hartu behar direla zeharo konbentzituta.

Etxe inguruko makinek asteburuetan eskainitako tarte isil eta lasaiak, besteak beste, irakurtzeko erabili ditut. Eta gaien arteko bat Los límites del crecimiento 30 años después liburu ederra izan da. Gehiegikeriari -neurria gainditzeari- buruzko kapitulutik hasi eta giza ongizatearen erakusleen zein arrasto ekologikoaren gaineko azken lerroetaraino gustura aritu naiz, duela hogeita hamar urte Meadows eta Randers adituek burutu iragarkien berrikuspenean barrena.

Mugak gainditzea urrutiegi joatea dela oroitaraziz ekiten diote aipatu liburuaren egileek, eta hain baieztapen xumea sarritan ahaztu egiten dugu. Gizabanakoaren eta gizartearen eskubideen gaindi erraz egiten da gure egunotan, inoiz gutxitan ez gizabanakoari ezta gizarteari ere iritzia eskatzen ez zaien bitartean. Noren izenean -zeinen onuran- aritzen dira sistemaren jagoleak? Eta gehiegikeriak bi irtenbide bakarrik eduki ditzake: moduren bateko talka edo norabidearen aldaketa. Eta begi bistan da, txokea erabatekoa gerta ez dadin guk norabidea bestelakotu egin behar dugu, ziztu bizian. Mundu iraunkor batek arau berriak behar ditu, orain artekoak zaharkituak baitaude. Eta arau horiek, gizarteari eta gizateriari mesede egingo badiote, askatasuna ez txikitzeko erabili beharko dira, eta ez -inolaz ere- libertinajeari aukera emateko, egun gertatzen ari den bezala.

Jose Luis Elorza

Autodeterminazio hitzak oso prentsa ona du euskal politika munduan, erraz saltzen da, baina juridikoki balio oso eskasa ditu. Gauzak argitu beharrean nahastu egiten du. Autodeterminazio hitza erabiltzen denean, independentziaren alde daudenen artean, benetan aldarrikatu nahi dena SEZESIO eskubidea da. Hobeto esanda -zeren sezesioa berez ez da eskubidea-, sezesioa gauzatu ahal izateko eskuduntza aldarrikatzen da. Espainiatik aldentzeko aukera izatea. Baina eskuduntza hau gauzatu ahal izateko ere -asko suposatzea da horrelako eskuduntza onartuko zenik baina... segi dezagun oraingoz gogoetarekin- arazo ugari planteatzen dira.

Lehenengo, Euskal Herria askorentzat errealitate kulturala da, batzuentzat errealitate politiko, baina Euskal Herria ez dena da errealitate juridikoa. Hegoaldean, Euskadi (Euskal Autonomia Arkidegoa) eta Nafarroa dira "Euskal Herria" baina juridikoki hiru entitate juridikoz ari gara. Euskadi, Gernikako Estatutuan oinarritzen dena, Nafarroa "Amejoramenduan" eta Espainia, 1976ko Konstituzioan. Sezesio eskuduntza gauzatzekotan hiru errealitate juridiko horietan aplikatu beharko litzateke. Iparraldean berriz, euskal lurraldeek ez dute entitate juridiko propiorik. Batzuek urteak daramatzate Euskal Departamendu propioa izateko borrokan, baina oraingoz amets bat besterik ez da. Lapurtarrak, zuberotarrak eta Iparraldeko nafarrak bi entitate juridikoko parte dira, Akitaniako Erregiokoak eta Frantziako Estatukoak. Hegoaldekoekin batera sezesio prozesu baten sartu nahiko balute, bi entitate juridikoetan aplikatu beharko litzateke.

Ikusi daitekeenez, gaurko errealitatetik begiratuta prozesu guzti hau kimera bat besterik ez da. Baina autodeterminazioa aldarrikatzen dutenek jakin beharko lukete egunen batean, autodeterminazio hitza pankartetatik atera eta errealitate bihurtu nahiko balute, bidea, gutxi gora behera, hemen deskribatzen dena izango dela.

Sezesio eskuduntza tentagarria izan daiteke batzuentzat, baina errealitatean praktika ezina da. Eskuduntza edukita ere gaurko Euskal Herrian aplikatzekotan, Gipuzkoan eta Bizkaian bakarrik izango litzateke posible eta hori nahiko zalantzarekin baita ere. Beste euskal lurraldeetan, amets beroenetan ere, ez dago gehiengo nahikorik. Orduan, Gipuzkoan eta Bizkaian posible izango balitz ere, merezi al du horrelako prozesu korapilatsu eta frustrazioz betetako batean sartzeak, hain emaitza eskasak lortzeko?

Iñaki Barcena

AHT eta agenda. 16 urte luze eta ilun igaro ostean, udaberritik hona AHTren auzia berpiztu dela esan dezakegu eta agenda politiko-mediatikoan gai zentralagotzat sumatu dugu. Agintariek diote kontsentsu instituzional nahikoa dela obrak hasteko, baina ekainaren 10ean Donostiako manifestaldi jendetsuan argi geratu zen moduan, oposizioa handituz doa informazioa -aurkakoen eskuetatik lorturikoa noski- zabaltzen den heinean. Gatazka iragarrita dago eta nekazarien, auzokideen, ekologisten eta gazteen aldetik ari da protesta antolatzen hondeamakinak hasten direnerako. Gatazka zerbitzaturik dago eta bai EAJko ordezkarien (Garraio Saila) zein EAkoen (Ingurumen Saila) aurpegietan harridura ikusi dugu gatazkaren iragarpena entzuten dutenean. Mehatxu legez interpretatzen dute konbate sozialaren logika arruntean oinarritzen dena. Non bizi dira?

Kalteak eta onurak. Esan berri digute EAEko populazioaren %80 baino gehiago ordezkatzen dutela, baina Urbinako herri kontsultak euren matematika ordezkagarriaren akatsak erakusten ditu. Zornotzako kasuan ikasi genuen partidu politikoen arteko lehia elektoralak eta herriko arazo sozio-politikoak ez direla arrazoi berdinetan neurtzen, horregatik ere Euskal Yren auzian ere herriari hitza eman behar zaio, interes kontrajarrien jokamoldeak ez baitira hain sinpleak. Gutxi batzuentzako 10 minutuen aurrezteak askorentzako zarata jasanezina edota baserriaren galera ekar lezake eta hor dago koska! Apur batzuentzat negozio borobila izan daitekeena diru publikoa profitatuz, garraio publiko eta sozialaren bazterketa suposa lezake ez baitaude errekurtso ekonomikoak eskaera guztiak asetzeko.

Arrazoiak. Ingurumen eta giza gatazkak ez datoz zerutik, eta ez dira modu artifizialean elikatzen interes politiko-ideologiko maltzurrei esker, tesi ofizial horiekin ez da ezer azaltzen. Aspaldiko partez iragarrita dago euskaldunak txapeldunak garela gure ingurumenaren aldeko defentsan (ikus Environmental Protest in Western Europe, Chris Rootes (arg.) Oxford U.P. 2003) eta Lemoiz, Itoiz edo Leitzaran gure herritik kanpo ere ezagunak egin dira. Hazkunde ekonomikoaren norabide bakarreko errepideak oztopoak aurkitzen ditu, jendeak bizi-mailari bizi-kalitatea aurrejartzen dionean eta azken 30 urteetako zerrenda luzea idatz zitekeen, non AHTkoa azken ginda dugun.

Italiako Val de Susan ikasi dugu mobilizazio xume bat, haran oso bateko hamar milaka lagunen kanpaina erraldoia bihur daitekeela. Han Abiadura Handiko nazioarteko proiektu bat kolokan jarri dute eta bide batez erakutsi dute borrokak, tokikoak eta kopurutsuak, baliotsuak direla interes ekonomiko eta politiko nagusiak gainditzeko. Eutsi gogor!

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan