Uztailetik hona politikaren lehen lerroetan dabil ETA eta Gobernuaren arteko balizko konpromisoena eta prozesuaren krisiarena. Espainiako Gobernuak biak ukatu ditu, bai konpromisoak eta baita krisia ere. El Pais-eko ideologotzat jo izan den Javier Praderaren ustez, Gobernuak ez du inongo konpromezurik erakunde armatuarekin, hori pentsaezina da, baina aditzera ematen du, su-etenaren aurretik ETArekin berbetan egon direnen -»erabakitzeko ahalmenik gabeko pertsonak»- hitzetatik etakideek horrelakorik ulertu izana posible dela, halakoetan oso zabal eta era abstraktuan hitz egiten delako, baita Euskal Herriaren etorkizunaz ere. Praderaren artikulua hilaren 3an agertu zen aipatu egunkarian.
Onintza Irureta
Ikeak ez du etxeetan banatuko katalanezko katalogoa
Altzari saltegiak irailean banatuko du doan Kataluniako etxeetan 2007ko Ikearen katalogoa. Katalanezkoa ordea, ez du etxeetara bidaliko: urrian jaso ahal izango da Ikeako dendetan. Plataforma per la Llengua elkarteak Ikea kritikatu du horregatik, eta saltokiaren hizkuntza politika «diskriminatzaile»tzat eta «logikarik gabeko»tzat jo du. Joan den martxoan Ikeak Generalitatearekin hitzartu zuenaren arabera, katalogoa katalanez argitaratzea hitz eman zuen. Ikeako arduradunek azaldu dutenez, irailerako itzulpena egiteko denborarik ez dute izan eta urrirako egongo da. Katalogoa katalanez sarean zintzilikatuta dago.
Correllengua hasi da
Herrialde Katalanetako Korrika Andorran hasi berria da, irailaren 2an. Andorran hasi eta Perpynian, azaroaren 4an amaituko den Correllengua, Andorran, Ipar Katalunian, Hego Katalunian, Valentzian, Menorcan, Eivissan eta Formenteran izango da. Katalanaren aldeko herriz herriko korrika saioa Katalanaren Aldeko Elkarteen Koordinakundeak (CAL) antolatzen du. Iaz 400 herritatik igaro zen Correllengua eta milioi erdi katalanek hartu zuten parte korrika saioan eta bestelako ekitaldietan.
Katalana blogetako bigarren hizkuntza?
Vilawebek jaso duenez, Nitle bilaketa teknologikoaren inguruko eta hezkuntza liberalaren aldeko elkarte estatubatuarraren arabera, katalana da blogetan gehien erabiltzen den bigarren hizkuntza. Nitlek erregistratuta dituen mundu osoko hiru milioi blogetatik bi milioi inguru ingelesez daude, 123.000 katalanez, 83.000 frantsesez, 80.000 gaztelaniaz eta 35.000 alemanez. Vilaweben iritziz zerrenda horrek ez du sinesgarritasun handirik. Izan ere, Technorati atariak apirilean argitaratutako txostenean, katalana ez da lehen hamar postuetan ere agertzen. Nitlek bostehun byte baino testu luzeagoak dituzten blogak hartu ditu kontuan zerrenda egiteko eta hori izan daiteke, Vilaweben ustez, emaitza horren arrazoia.
Derrigorrez flandesera
Flandeseko Merchtem udalerriko alkateak hartu du erabakia: herriko lau eskola publikoetan ezingo da frantsesa erabili, ez ikasgelan, ez jolastokian, ezta guraso bileretan ere. Eddie de Block alkateak azaldu duenez, Bruselatik, Marokotik, Turkiatik... datoz ikasleak eta integratzeko flandesera hitz egin behar dute, baita jolas garaian ere. Belgikan biztanleen %40ak hitz egiten du frantsesa eta ia %60ak flandesera. Alkatearen erabakiak hautsak harrotu ditu belgikarren artean.
Hedabideetan euskara sustatzeko Nafarroako Gobernuaren laguntzak
Nafarroako Gobernuak 250.000 euro banatuko ditu aurten hedabideetan euskara sustatzeko. 162.500 euro euskarazko hedabideentzako izango dira, 86.250 gaztelaniazkoentzako eta 1.250 prestakuntza programetarako. Irratiei dagokienez, emisio kontzesioa izatea edo izapidean izatea derrigorrezkoa da. Hala, beste behin, deialditik kanpo geratuko litzateke Euskalerria Irratia. Hala ere, Mikel Bujanda irratiko zuzendariak azaldu duenez, diru laguntza jasotzeko eskaera egingo dute, Europako Kontseiluko adituek udazkenean egindako txostenaz lagunduta.
Juan Mari Arregi
Hego Euskal Herrian hamabost langile hil dira lan-istripuetan uztailean (9) eta abuztuan (6). Zaurituak gehiago izan dira. Lan-istripu horiek uda betean gertatu dira, produkzioa nabarmen jaisten den urte-garaian. Azken lan-istripu larria lehengo astean gertatu zen, Tubacex enpresan, eta 17 langile zauritu ziren. Aurten, Hegoaldean, dagoeneko 65 langile hil dira eta ehunka zauritu, horietako batzuk larri. Lan-istripuak langileen benetako «odolustea» ari dira eragiten. Ordua da produkzioan inplikatuta dauden agenteek segurtasun-neurriak hartu eta aplikatu ditzaten. Guztiek dute erantzukizuna -dudarik gabe, batzuek beste batzuek baino gehiago-, baina guztiek: enpresek, langileek, enpresetako komiteek, sindikatuek, administrazio publikoek, justiziak. Guztiek. Sindikatuek beren iritzia kaleratzea ondo dago, eta egin behar dute. Baina gehiago egin behar dute langileen laneko baldintza duinen alde eta segurtasun-neurri egokien alde, eta, horretan, langileei segurtasun-neurriak hartzeko exijitu behar diete. Enpresariek gehiago inbertitu behar dute segurtasunean eta laneko baldintza prekarioak alboratu. Administrazioak etengabe egin behar ditu inspekzioak, zorrotzak eta prebentzioa helburu dutenak. Justiziak langileen «odoluste» honen arduradunen gainean egon behar du, azkar erantzunez eta modu erakusgarrian. Guztion artean, «odoluste» hau gelditu egin behar dugu.
Xabier Letona
20. urteurrena ospatu berri du EAk, azken urteetan hauteskunde atarietan ohikoa duen eztabaidarekin, EAJrekin koalizioa egin ala ez. Ezezkoa ez da erabat biribila, baina zaila dirudi batzar nazionalak atzera botatzea; hala gertatuko balitz kolpe gogorra jasoko luke -Begońa Errazti lehendakariak orain jaso duen moduan- zuzendaritzan bakarrik joatea defendatu duen taldeak. Azken finean, koalizioaren inguruko eztabaidak azken 20 urteetan EAn izan den galdera nagusia plazaratzen du behin eta berriz: ba al da lekurik EAJ eta HB edo Batasunaren artean proiektu sozialdemokrata batentzat? Eta orain arteko erantzuna baiezkoa izan da, nahiz eta aipatu bi bloke horietatik behin eta berriz desagerpena iragarri zaion.
Hauteskundeetako emaitzei begiratuz gero, bere proiektua finkatua dagoela ikusten da: 186.000 boto lortu zituen 1986ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan eta 1998koetan 108.000. Bada jauzia, baina bere hauteslegoa gaur egun 100.000 botoren bueltan dagoela esan liteke.
1998ko su-etenaren osteko prozesuak porrot egin ondoren, EAJrekin koalizioan aurkeztu zen EA, frontismo giroak bultzatuta 2001ean eta Ibarretxe Planak akuilatuta 2005ean. Bakarrik aurkeztu den azken aldia 2004ko Espainiako Legebiltzarrerako hauteskundeetara izan zen eta ia 81.000 boto eskuratu zituen EAEn (Nafarroan Nafarroa Bai koalizioan aurkeztu zen). Ezaguna da hauteskunde mota desberdinetako boto kopuruak asko alda daitezkeela, baina hemen agertutako datoekin har daiteke EAren hauteskundeetako ibilbidearen inpresio txiki bat. Eta ondorio nagusia da oraingoz eutsi egin diola, beherako joera historikoa ere hor dagoen arren, ikusten den gisan, batzuk EAJrekiko koaliziora bultzatuz eta beste batzuk bakarkako abenturaren erronkara.
Alegia, EA moduko alderdi batentzat etorkizuna ez dela erraza izango, ez bakarrik joanda ez EAJren itzalpean. Orain bakarrik joatea erabaki dutenek gogor eusten diote sorrera espirituari, bakarrik joan ezean azkenean EAJren uretan urtuko direla sinetsiz eta horretarako 20 urteko bidai hau alferrikakoa izan dela pentsatuz.
Egoera berria dator euskal politikara eta honek alderdi politikoen mapa ere ukituko du, batez ere eremu abertzalean. PSOEren eta Batasunaren ezkerreko poloen artean lekurik badela erakutsi nahi du Ezker Batuaren eta Aralarren apustu transbertsalak. EAn bakarrik joatea defendatzen dutenek, Batasunaren eta EAJren artean espazio sozialdemokrata badagoela sinesteaz gain, EAJri hegemonia kenduko dion esparru abertzale ezkertiarrean ere sinesten da. Edo hobe esanda, amesten da.
Beste hauteskunde batzuetako esperientziak erakusten duenez, dena den, kapitulu hau oraindik guztiz itxi gabe dagoela esan liteke.
Euskal presoek bizi duten sakabanaketarena da pil-pilean dagoen gaietakoa. Espainiako Gobernuaren inguruko iturriek uda ostean emango zela zioten uztailean. Orain Batasunaren legeztatzeari lotu zaio gaia eta Rodolfo Ares buruzagi sozialistaren esanetan ez da gerturatzerik izango. Josu Jon Imazek Noticias de Gipuzkoa-ri adierazi dioenez, dena den, «denbora ez oso luzean urratsak emango diren esperantza dut».