Astekaria

 Liburuak 

Liburutegia

Irudia

Pilar Iparragirre


2052. alea
2006-09-03
alde 0    kontra 0

Axenario

Jules Renard

Alberdania, Elkar

180 orrialde 10,70 euro

Amak maite ez duen mutikoa

Ordura arteko literaturan hain ohikoak ziren ama maitekorraren eta aingeruzko semetxoaren mitoak hankaz gora jarri zituen Jules Renard-ek (1864-1910) Itziar Otegik euskaratu duen Axenario liburuan. Egileak berak aitortu zuenez, bere haurtzaroan oinarritua dago, amarenganako herrak bultzatu zuen lan hori idaztera. Protagonista, Axenario, mutiko ilegorri, oreztadun eta hankokerra da. Familiako gazteena da, amak ez du maite eta aitak ez dio jaramonik egiten, ezta anai-arrebek ere. Nolanahi ere, biktima ez ezik krudela, maltzurra eta animalia-senak bultzatua ikusi zuen Renardek mutiko hori, izaki konplexua izan arren, aldi berean fina, sentibera, eskuzabala eta noblea ere badelako. Haren amarekin, berriz, ama doilorraren eredua sortu zuen idazle frantziarrak.

Alta cocina de andar por casa

Asier Abal

Ttarttalo

252 orrialde 25,50 euro

Etxean erraz egin daitekeen goi mailako sukaldaritza

Sari ugari eskuratuak ditu Asier Abal hernaniarrak (1977) sukaldaritzan, azken biak aurten bertan: Martin Berasategik antolatutako lehiaketa gastronomikoan Urteko errezeta onenaren eta Errezeta berritzaile onenaren sariak jaso baitzituen. Alta cocina de andar por casa, berriz, sukaldari honek plazaratu duen aurreneko errezeta liburua da. Etxean zerbait berezia baina zailtasun handiegirik gabe prestatu nahi dutenei dago zuzendua. Bazkari edo afari berezi horien hasieran ateratzen diren gutizi hotz eta beroetatik hasiz, arrain, marisko, haragi eta postreetaraino, ehun bat plateren errezetak eskaintzen ditu liburuan sukaldariak. Gainera, ardoei eta mahaiaren atonketari eskainitako tarteak ere badira bertan. y

Zergatik ez dauzkat begi urdinak?

Anne Vantal

Ibaizabal

78 orrialde 9,40 euro

Adoptatutako neskaren nahia

Iñaki Zubeldiak euskaratu eta duela gutxi zendu zen Asun Balzolak marraztutako Anne Vantalen Zergatik ez dauzkat begi urdinak? liburuko protagonista Maia da, laster hamar urte beteko dituen neskatila. Oso beltzarana da, eta begiak ikatz kolorekoak ditu, bere ametsik handiena amak bezalako begi urdinak izatea bada ere. Arrazoia? Bada, mundu guztiak esaten diola zeinen ama dotore eta polita duen, ez daukala batere antzik harekin. Maiak jakin badaki oso txikia zenean gurasoak alabatzat hartu zutela. Kolonbiaraino joan ziren espreski horretarako. Baina berak haien antza izan nahi luke. Amari galdetu dio norberak bere begien kolorea alda al dezakeen. Amak aurpegi oso arraroa jarri du eta ezetz erantzun dio. Orduan, ea lentilak non eros ditzakeen galdetu dio neskak. Eta orduan amak barre egin du.

Herria, hiria, nazioa. Zibilismoaren sustraiak

Xabier Arregi

Pamiela

126 orrialde 11 euro

Politika kontzeptuak historian

Xabier Arregik oso garbi dauka herri subiranoa eta nazioa -baita ethno-hizkuntzako taldea erreferentzia gisara hartzen badu ere- asmatutako kontzeptuak direla, Estatua eta tribua, arraza eta hiria, zibilizazioa eta kultura, gizarte klasea eta klase borroka asmatuak izan diren bezalaxe, denek zerbait adierazten duten arren. Arregik honakoa nabarmentzen du liburuan: «Hastapen zibilista bera aitzakia ederra bihurtu da botere ekonomiko huts batzuen hedapen neurrigaberako eta berarentzat komenigarria den ethnos, hizkuntza, ekonomia eta botere ereduaren inposaketarako. Euripidesen Medeatik hasiz, Aristotelesen Politika -eta Sokratesen zein Platonen ideiak-, kristautasunari lotutako Tarsoko Pauloren Efesiarrei gutuna, Hobbesek idatziak, Lockeren lana, marxismoaren hastapenak ulertzeko oinarrizko diren Rousseaurenak, Kanten filosofia eta Jürgen Habermasen hiru testu aztertu ditu lanean.

Mila eta bat gauen gauak

Nagib Mahfuz

Txalaparta

326 orrialde 17 euro

Xerezadek bizirik irautea lortu eta gerokoak

1988ko Literatur Nobel saria irabazi zuen Nagib Mahfuz egipziarrak idatzitako lana da Mila eta bat gauen gauak, Patxi Zubizarretak Txalaparta argitaletxean kaleratzeko euskaratu duen liburua. Gibel solas bat ere gehitu dio itzultzaileak, itzulpen hori egitera bultzatu zuten arrazoiak agertuz. Mila gau eta bat gehiago liburuak kontakizun hari segida emateko gogoa piztu zion. Izan ere, Xerezadek bizirik irautea lortu zuen gauero sultanari kontatu behar izan zizkion istorioei esker. Baina, zer gertatu ote zen sultanak Xerezaderi bizitza barkatzea erabaki eta gero? Zubizarretak , horretan zebilela, galdera horri erantzuna ematen zion liburuarekin egin zuen topo, hau da, Nagib Mahfuzenarekin. y

Futbolzale...

Frauke Nahrgang

Ibaizabal

148 or. / 8,20 euro

Futbolaren alderdirik onenak nabarmentzen dituen bilduma

Futbolzale amorratuak izenburua du Ibaizabal argitaletxeak plazaratutako bilduma honek, eta gaztetxoen artean futbolaren alderdirik onenak nabarmentzea du helburu. Elkartasuna, elkarren arteko laguntza eta sexu edo arraza bereizkeriarik eza lirateke alderdi horiek. Fitxaketa bikaina du izenburutzat aurreneko liburuak, eta Moritzen eskola aldaketa azaltzen du. Gurasoak banandu zaizkiolako joan beharko du mutiko horrek aitonarekin bizitzera eta eskola berrira. Jakina, ez dira une samurrak beretzat.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
azala  
azala2051
 
azala2050

2052 zenbakia.
2006ko irailaren 03a


   

Babeslea

Irizarren webgunera joan
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia