Katixa Garate
Abuztuaren azkenetan, rocka
Azkena Rock jaialdia egingo da Gasteizen bosgarren urtez, abuztuaren 31tik irailaren 2ra bitartean. Punta-puntan dabiltzan nazioarteko talde andana, beteranoak eta berriak, arituko dira zuzenean Mendizabalako zelaietan. Besteak beste, Iggy Pop & The Stooges, Pearl Jam, New York Dolls, Mondo Generator, The Waterboys eta Euskal Herriko Berri Txarrak, Sharon Stoner eta Kriston. Kontzertuez gain, merkatu txikia, DJen karpak eta kanpatzeko lekua izango dira Mendizabalan.
Zinemaren Kimuak aukeratuta
Berrogeita bat film labur aurkeztu ziren Eusko Jaurlaritzak eta Euskadiko Filmategiak kudeatzen duten Kimuak egitasmoaren azken ediziora eta horietatik zazpi izan dira sailkatuak: Midori (Koldo Almandoz), Sarean (Asier Altuna), Cirugía (Alberto González), For(r)est in the Des(s)ert (Luiso Berdejo), Juego (Ione Hernández), Máquina (Gabe Ibáñez) eta El relevo (David González). Filmokin osatutako katalogoa hil honetan aurkeztuko dute Donostiako Zinemaldian eta ondoren mundu osoko 500dik gora zinema jaialditara zabalduko. Altuna, Almandoz, Berdejo eta Hernándezek egitasmoan esku hartzen duten bigarren aldia da.
Arte erakusketa Mailopean
Artista ugariren bisitak jaso ohi ditu Juan Gorriti eskultoreak Arriben duen Mailope galerian. Hainbat diziplinatako 44 euskal artistaren (Laura Esteve, Patxi Buldain, Dora Salazar, Joxean Artze, Arrastalu...) artelanekin Aralarte. Mailopeko magalean hegaletan erakusketa osatu du Gorritik. Lekunberri eta Araitz batzen dituen egitasmoa da eta erakusketa Lekunberriko Mitsausenean kultur etxean eta Arribeko Mailope galerian paratu dute. Irailaren 10a arte ikusi ahal izango da.
Antzerkiola Imaginarioaren Topaketak
Teknika eta metodoen arteko trukea eta elkar ezagutzea dute helburu Antzerkiola Imaginarioak antolatzen dituen Nazioarteko III. Topaketak. Aurreko bi urteetan aktoreei zuzenduta zeuden Topaketetako tailer eta laborategiak. Aurten, ordea, musikariei eta zuzendari eta antzerkigileei ere zuzenduko zaizkie. Hala, hiru lan talde osatuko dituzte Urduñan, hilaren 3tik 17ra. Besteak beste, Espe Lópezek, Aitor Agirianok eta J. L. Raymondek gidatuko dituzte laborategiak.
Folkaren ordua Getxon
Munduko hainbat herrialdetako musikak entzun ahal izango dira irailaren 1etik 4ra bitarte Santa Eugenia (Erromo) eta Geltoki (Areeta) plazetan. Salif Keita (Mali), Kepa Junkera, Hedningarna (Suedia), Enzo Avitabile i Bottari (Italia), Dronadar eta Los Niños de los Ojos Rojos (Espainia), izango dira, besteren artean, taula gainean. Musikaz gain, ekitaldi andana izango da: bidezko merkatua, kale banden desfileak, beste kultura batzuetako gastronomia...
Nazioarteko abesbatzen jaialdia Araban
Abesbatza Astea zena Arabako Nazioarteko Abesbatza Jaialdia gisa da ezaguna duela bi urtetik. Hogeita bost urte bete ditu aurten eta Alemania, Kuba, Filipinak, Mexiko, Polonia, Txekia eta Errusiatik etorritako zortzi abesbatzek hartuko dute parte. Arabako berrogeita hamar herritan eskainiko dituzte emanaldiak irailaren 1etik 8ra.
94 film labur Bidasoako Zinemaldian
Nazioarteko 94 labur aurkeztu dira Bidasoako Film Laburren Nazioarteko IX. Zinemaldira. Horietatik aukeratzen dituztenak Elizondo, Bera, Doneztebe, Lesaka eta Hendaian ikus ahal izango dira, hilaren 4tik 15era arte. Filmok labur onena, Akitaniako edo Nafarroako egilerik onena eta euskarazko film onena sailetan lehiatuko dira.
Verdiren operak OLBEren eskutik
Giusseppe Verdik konposatu zituen 35 operak taularatu nahi ditu Operaren Lagunen Bilboko Elkarteak. Hamabost denboralditan 45 emanaldi eskaintzea da Tutto Verdi egitasmoaren helburua. Urrian eskainiko dute lehena: Rigoletto.
Joseba Tapiak Real politik diskoa plazaratuko du irailean, Zakurraren bibolina zigilupean. Tapiak autoekoitzi egin du bakarkako laugarren disko hau. Karga kritiko handiko diskoa osatu du. Besteak beste, Koldo Izagirreren, Gabriel Arestiren eta Bertolt Brechten eta Kurt Weillen kantuak musikatu ditu.
Javier Rebollo zinemagile bilbotarrak zuzendutako bosgarren filma zine aretoetan da pasa den ostiraletik: Locos por el sexo. María Eugenia Salaverrik eta Rebollok idatzitako filmak Herbehereetako psikiatriko bateko pazienteei prostitutekin egin zieten terapia du oinarri. Karra Elejalde, Jordi Vilches eta Inma del Moral dira aktore nagusiak.
Xabin Egaña (Oñati, 1958- Gasteiz, 2006) artistaren omenezko erakusketa kolektiboa zabalik da Gasteizko Zuloa aretoan. Egaña ezaguna zen oso Gasteizko kultur mugimenduan. Erakusketan parte hartu duten artistek Egañaren obra bildu eta zabaltzeko eskaera egin diete erakunde publikoei. Irailaren 16a arte bisitatu ahal izango da erakusketa.
EOSek (Euskadiko Orkestra Sinfonikoa) Donostiako Musika Hamabostaldiko Ohorezko Domina jaso du. Datorren urtean hogeitabost urte beteko ditu orkestrak eta sortu zenetik musika jaialdian urtero parte hartu izana saritu nahi izan du Hamabostaldiak.
Tartean, Ados, Kukai-Tanttaka, Gaitzerdi eta Pikor antzerki eta dantza taldeek euren azken ikuskizunak aurkeztuko dituzte Tarregako (Lleida) Antzerki Ferian, irailaren 6tik 10era bitartean.
Lucia Lacarrak adierazpenok egin zizkion El Diario Vascori: «Dantzaria ez dago leku berean geratzeko egina (...) Motibatu beharra daukat, gauza berriak, baita nire nortasunari dagozkionak ere, erakutsiko dizkidaten koreografoekin lan egin beharra daukat. Gure lana dantza egitea da eta dantzaren munduko aldaera guztiak ukitu behar dira».
Asier Etxeandia aktore bilbotarrak Garari esan zizkion hitzok: «Denborarekin telebista kultura bilakatu ahal izatea espero dut, antzerki greziar berriaren modukoa izatea, herriak ikasi ahal izateko lekua. Jendea alda dadin gauza indartsuak egiteko aukera izan lezake, baina ikusleek kaka eskatzen dute eta hori ematen zaie».
Claude Labat Lauburu elkarteko kide eta irakasleak Berrian: «Batzuek merkatura erakartzeko produktu gisa erabiltzen dute euskal kultura. Hori kulturaren perbertsioa da. Topiko handiak erabiltzen dituzte. Lauburuarekin saltzen dituzten produktuak Korean eta horrela eginak dira. Euskal kulturaren itxuraz baliatzen dira merkantzia helburu soilekin. Herri honen irudi bat saltzen dugu, irudi hori finkatuz. Ez dute kultura horren alde bizia erakusten, baizik eta azken 40 urteetako irudiarekin segitzen dute: etxe zuriak, fandangoa, Luis Mariano eta abar».
Joxe Portela IBAIAko lehendakaria El Paísen: «Kultura ez da beti errentagarria eta zinemagintzarekin gauza bera gertatzen da. Zaila da erabakitzea non inbertitu behar den, baina lehentasunak zeintzuk diren argitu beharra dago. Gure istorioak kontatzen ez baldin baditugu, kanpotik etorritakoak ikusiko ditugu, haien kultura eta ikuspuntuarekin.».