Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-14 09:19:54
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • Erreportaje / Elkarrizketak

2006-09-03 -- 2052.zenb

Jon Gurrutxaga

Zure lehen bakarlana Arditurri izan zen. Zertan bereizten da lan berria?
Niri iruditzen zait ildo beretik doala. Hala ere, badaude zenbait ezberdintasun. Arditurri gure herri musikaren baitan osteratxoa egitea bezala zela esan nuen, txokorik txoko ibili eta dauzkagun perlak ikusi... Oraingo honetan ez dakit osteratxoa ala hegaldia den, txoria baita tituluaren protagonista, baina lurrera ere jaisten gara. Beraz, gonbidapena aurrekoaren berdintsua da. Baina dena beste era batera ikusten da. Arditurrirekin egon ginen toki batzuetan berriro gelditu gara, Gorrotxategitarrenean, adibidez, aurrekoan fandangoa eta bueltea izan ziren, oraingoan, berriz, martxa oso berezia. Zuberoan ere gelditu ginen aurrekoan Xarmangarri bat badut kantuarekin, oraingoan berriz oso ezberdina den kantua, Bortian ahuzki grabatu dugu. Plazara ere jaitsi gara berriro eta neurri aldetik oso konplexua den dantza batekin egin dugu topo, Muneinak, kaos erabat ordenatua, Zuberoan ezagutzen dudan kanta luzeena. Arraroa da oraindik XXI. mendean Europan halako dantza konplexuak irautea zortzikoa nagusitu zela 200 urte pasa direnean.

Beraz, zein ezberdintasun daude bi diskoen artean? Alde batetik gauza bera dela esaten ari naiz, baina bestetik ezberdina dela. Aurrekoan kaletar giroan ere sartu ginen, baina oraingoan are gehiago: XVIII. mendeko txistularien errepertoriotik hartutako kontradantza eta oso kaletarra den erraldoi eta buru handien konpartsa.

Zergatik Orhiko xoria?
Diskoan dagoen kanta baten titulua da. Abesti horren hitzak oso gaurkoak direla iruditzen zait eta ziurrenik diskoan agertzen diren zaharrenak dira. Gaur egun oso zabaldua dago unibertsalismoa eta globalizazioa, baina azken batean gu geu gara. Munduko guztietaz ari naiz. Eta lurra lurra da, eta bakoitzak bere lurra du. Kanta honek hori adierazten duela uste dut. Orhiko Xoria azken batean denok gara. Nongoa zaren galdetzen dizutenean beti erantzun bat daukazu eta lur horrekin lotura daukazu. Txori horrek bere lurraldeari abesten dio eta iruditzen zait ezin hobe abesten diola gainera. Izan ere, ez du inongo apologiarik egiten, ez du esaten bere lurra hoberena denik. Bere lurra dela besterik ez du esaten eta larre-sasi horietan gustura bizi dela. Momentu honetan gainera begira zenbat kanpotar dagoen Euskal Herrian, horiek ere badute beren lurra! Eta guri ere komeniko litzaiguke zein diren eta nondik datozen ezagutzea, eta haiengandik ikasi. Beraz, Orhiko xoria kanta zaharra da oso, baina oso egungoa era berean.

Ote jotzea irudietan aurki dezakegu diskoan. Gauza berezia oso.
Askotan irudiak hitzak baino hobeto adierazten du eta ote jotzea irudietan grabatu eta diskoan sartzeko aukera zegoenez parada probestu nuen. Nik otejotzea hemen, Ergoiengo Sarobe baserrian ikasi nuen. Baina han otaxka desmuntatuta zutela-eta Urnietako Aierdi baserrira joan ginen. Otaxka jarri, otea bildu... Asmoa horixe zen, ote jotzen ari zarela musika egin daitekeela erakustea.

Txalapartarekin antzekotasunik badu ezta?
Nire ustez txalapartaren beste aldaera bat da. Liburu bat argitaratua dut horren inguruan eta hori aipatzen dut, hain zuzen ere.

Urte asko daramatzazu musika munduan, zein uste duzu izan dela zure garapena musikari gisa?
Gero eta jantziago nagoela uste dut. Gero eta gehiago ezagutzen dut musika, momentuz behintzat musika ulertzeko gero eta gaitasun gehiago dudala uste dut. Eta agian musika egiteko ere bai. Ni hainbeste aritu naiz ikasten eta oraindik ikasten dihardut egunero; edozein tokitan gainera. Lehengoan hemen bertan izan zen igeltseroa zenbait konponketa egiten, Altzibarko Joxe, nola kantatzen zuen berak!!! Estiloa eta joera! Hari arretaz entzun eta ikasten izan nintzen orduan. Grabatzen ahalegindu nintzen, baina ez zuen nahi izan eta buruan grabatu behar izan nuen. Txiki-txikitatik bi aldeetan ibili naiz, alde batetik musika akademian, Etxarriko musika akademian, El solfeo de los solfeos liburu zahar harekin, eta klarinetea ikasten. Gero Donostiako Kontserbatorioan ere izan nintzen. Baina txikitatik sukaldeetako kultura ere ezagutu dut. Alegia, artoa zuritzen biltzen ginen auzoko haurrak izebak istorioak kontatu eta kantatzen zuen bitartean. Hortik ere ikasi dut beraz. Urtezahar gauean, adibidez, Etxarriko gazte koadrila etortzen zen kantatzera eta nik ohetik entzuten nituen. Ohetik entzunda dakizkit kanta horiek. Ama, berriz, larraundarra genuen eta han ere pasatu izan ditugu Eguberriak; han beste modu batera abesten ziren kantu horiek. Batetik eta bestetik ikasten joan naiz. Gero Donostian Isidro Ansorena eta bere taldea ezagutu nituen, haren bitartez gero baserriz baserri txistua jotzen hasi nintzen... Eta jada erabat engantxatuta gelditu nintzen. Gerokoa abentura bat izan da niretzat. Tartean gidari Oteiza ere izan genuen, haren eraginez musika beste modu batera ikusi eta ulertzen hasi ginen. Eta bat-batean Mauriziok jotzen zuena ez zen gauza zaharra, biharko gauza bat bilakatzen zen. Nola jolasten zuen musikarekin gizon horrek! Gorrotxategitarrek hiru-lau minutuz esaldi bera errepikatzen zutela entzun, baina aldiro ezberdina zela konturatzen hasi ginen. Hori jolasteko modu berezia! Beraz, norbera gauza horiek aztertu eta gauza bera egiteko gai izango den galdezka hasten da.

Irakasle diharduzu Hernaniko musika eskolan. Herri musikari dagokionez, gazteak ari al dira lekukoa hartzen beteranoei?
Gazteak dira ikasten ari direnak. Helduak ez dira inguratzen. Hernaniko musika eskolan itxaron zerrenda gazteez osatuta dago. Hogeita bat urte daramatzat Hernanin eskolak ematen. Hasieran bazen 17 urteko gazte bat edo beste txalaparta ikasten, baina beste guztiak 35 eta 45 urte artekoak ziren. Orain zortzi eta bederatzi urteko umeak datoz alboka ikastera beraien borondatez eta askotan gurasoen gogoaren kontra. Ez dago zalantzarik, gazteak dira gauza hauetara gerturatzen direnak. Albokari gaztetxoek Leon-en piezak fenomeno jotzen dituzte eta baita kanta berriak ere. Kontua da inguru ezberdinetan hazi direla gazte hauek Leon-ekin konparatuta. Bestalde, Leon-ek noiz jo behar izaten zuen hogei minutu baino gehiago? Gutxitan. Gaztetxo hauek, berriz, San Juanetan mugarik gabe irteten dira kalera. Horregatik kanta berriak ikasi behar dituzte. Beraz, abestiak albokarekin jotzeko moldatzen ditugu. Albokako eskoletan ia berrehun piezatako errepertorioa erabiltzen dugu. Rap-a eta guzti jotzen dute.

Pilar Iparragirre

Zure azken lan hau gazteei zuzendua al dago?
Idazten hasi aurretik ere oso argi neukan Diamantezko mirariarekin zer nahi nuen eta norentzat izango zen. Bai, gazteentzat idatzi dut, 12tik 112 urte bitartekoentzat! Izan ere, nigan eragin handia izan dute abentura liburuek, irakurle bihurtu naute.

300 urte atzera egin duzu. Lan nekeza izan al da?
Atzera egiteak, noski, dokumentazio lana eskatzen du, hanka sartze larregirik egin nahi ez bada. Baina, egia esan, ez zait batere nekeza egin, gustatzen zaidan gaia baita. Dokumentazio asko dago eta erruz irakurri behar izan dut, azkenean lauzpabost pintzeladarekin paisaia margotzeko, ezin baituzu ikasitako guztia erabili. Bestalde, pertsonaia historikoak ere badira nobelan: Martin Aldia, Bernat Elhuyar eta Batis Egurrola protagonista nagusiak, esate baterako. Baina historia, askotan, fikzioa da. Beraz, fikzioak ere historia darabil istorioen iturri.

Galegozko esaldiak ere tartekatu dituzu.
Bidaia da nobela iniziatiko honen abenturaren ardatza. Galizia aldera doaz Donejakue bidetik. Arriskuz betetako bidea zen, erromesak, ostatuak, lapurretak, «fede-tratuak» aurkituko dituzte. Baina Galiziarako bidaia denez, galegoak ere protagonista dira, eta eurek galegoz egiten dute; euren hizkuntzak agertu beharra zeukan. Esaldi txikiak jarri ditut, ondo ulertzeko modukoak. Bidaiariek beti ikasi dituzte hizkuntzak, eta garai hartan ere baziren berea ez beste hizkuntzak ulertzen zituztenak. Hala, Diamantezko mirarian euskaraz eta galegoz egiten dute hemengo eta hango zenbait pertsonaiek. Baina horren zergatia nobela irakurtzean jakiten da.

* * * * * * * * * * * * * * * * * * * *
Diamantezko miraria
Joxemari Urteaga
Elkar
208 orrialde 12 euro


Joxemari Urteagaren abentura nobela historikoa

«Bidaia batek, betirako ez denean, bi bide izaten ditu: joanekoa eta etorrerakoa. Eta jakin ez zein den arriskutsuagoa», dio Joxemari Urteagak XVIII. mendean kokatutako istorio honen pasarte batean. Protagonista nagusia Ondarroa sorterri duen hamar urteko mutikoa da. Lan istripu baten ondorioz aita galtzen duenean, seme nagusia izaki, Durangora bidaliko dute, beiragile jakintsu baten etxera, lanbidea ikas dezan. Baina ez dira hor amaituko mutikoak bizi behar izango dituen aldaketak. Izan ere, halako batean Galiziako mendebaldera joan behar izango du, zertara doan eta zer gerta dakiokeen jakin gabe. Jaunen arteko gatazkak, handinahikeria, botere borroka, alkimia eta misterioa nahasten ditu Diamantezko mirarian. Eta jakina, maitasuna ere bai. Zenbait pertsonaia Joxemari Urteagak egiaztatutakoak dira. Adibidez, Martin Aldia, gaztetatik Ondarroatik irten eta kanpoan ibilia. Hamazortzi urterekin herriratu omen zen berriro, nola lortu zituen ezagutzen ez zen aberastasunen jabe. Beirategi handi bat eraiki ei zuen Ondarroan, eta Euskal Herri osoko zein Gaztelako etxe handi guztien hornitzaile izan omen zen. Nobelan agertzen den Margarita Beirasekin ezkondu zen.

Mayi Tolosa

Zirkoa heldu da herrira! Heldu dira euren karabana, lehoi, elefante eta tximuekin. Domadoreak bibote zorrotza du eta magoak duen kapela beltzak sorpresa mordoa gordetzen omen du. Karpa zuri-gorri handia jarri dute eta asteburu honetan larrosa koloreko azukre hodeia jateko aukera izango da.

Umeak zoratu egiten dira plan horrekin eta liluratu egiten ditu; guztiok dugu gogoan umetan zirkora eraman gintuztenekoa. Baina zirko mota hori etorri egiten da Euskal Herrira, hemen ez dago konpainia handirik eta ez dute karpa zuri-gorri handirik erabiltzen. Dena den, karpa barrukoak bezain ikusgarriak dira euren malabarismoak eta kontortsioak. Akrobatari begiratzen diogu eta sabaia beharrean zerua ikusten dugu. Zirkoa hemen, kalean dago-eta.

Kalean moldatzea zailagoa dela dirudi, baina hemen lan egiten duten artistek nahiago dute, horretara ohitu dira eta ez hori bakarrik, euren ikuskizunari nortasun handiagoa ematen diola uste dute. Ikuslea ezustean harrapatzen dute eta ikustera doan horrek ez du espero halako harridura eta zirrara sortuko dionik. Eta lanean ari den malabaristari, akrobatari edo bihurrikari horrek sortzen dio benetako poza, ikuslearen irribarrea hain gertu sentitzeak. Orduan ahazten ditu ordu luzez entrenatu osteko nekeak.


Bokazio handiko ogibidea

Ez da erraza hiru pilota hartu eta airean dantzan jartzea, ezta norberaren hanka hartu eta lepo atzean jartzea, eta ez noski, lurretik metro batzuetara jarri eta uztai batekin jauzika aritzea. Ordu asko behar dira hori guztia lortzeko. Ordu asko, egunero. Ezinbestekoa beraz, izugarri gustatzea, inork ez dizkie eta ordu horiek ordaintzen. Hori bazekiten hasi zirenean ere, baina hori eta askoz gehiago merezi du.

Ane Miren bihurrikaria da. Katuei begira jarri zen egun batean. Euren mugimenduak aztertu zituen eta ikusgarriak iruditu zitzaizkion. Ederrak. Berak ere hori egitea lortu nahi zuen eta bere giharren gogortasuna ez da traba izan, gaur egun ezinezkoak diruditen kontortsioak egitea lortu dezan. Bi ikuskizun ditu orain martxan: No me mires que me quiebro eta A la hora de cerrar.

Xabier Larrea iturgina zen, baina malabareekin aritzea atsegin zuen. Horregatik, egun batean, trasteak hartu eta Bristolera joan zen, zirko teknikak ikastera. Orain malabareak eta orekak egiten ditu batez ere, nahiz eta trapezioarekin ere baduen abilezia. Hiru ikuskizun osatu ditu: Filamento Farolaria, Mr. Frack eta Hegan. Horretaz gainera, lan handia egiten du Koblakari Bizkaiko malabaristen elkartearekin.

Azulkillas taldekoak airean sentitzen dira gustura, lurretik hiru metrora gutxi gorabehera, zintzilik. Aireko akrobaziak egiten dituzte, zerbait oso berezia. Hartara, Rio de Janeirora (Brasil) joan ziren teknika hori ikastera. Hantxe ezagutu zuten elkar Maider Yabar eta Gloria Peónek. Hiru urte egin zituzten han eta gero La Habanara joan ziren beste urtebetez, han teknika oso ona dute, izan ere.

Orain Euskal Herrian dira eta ekainean Leioako Antzerki Jaialdian ikuskizun berria aurkeztu zuten arren, gehiago ari dira lehengo urtekoarekin lan egiten. Kaxa zahar baten istorioak du izenburua eta kutxa baten barruan dauden bi panpin zaharren istorioa kontatzen du. Bat-batean kutxa ireki eta jolasean hasten dira eta pixkanaka lehendik ikasitako akrobazia eta jolasak gogoratuko dituzte.


Negua hotza da zirkoan

Orain udan, lanez lepo dabiltza. Gaur Kalealdi jaialdian Bilbon emankizuna dutela eta etzi Kataluniako Trapezi jaialdian. Halako lekuetan egiten dute topo Xabier, Gloria, Maider eta Ane Mirenek eta eurak bezala zirkoa egin nahi duten beste hainbat artistek. Deskantsu hartzeko betarik ia ez dute.

Negua hotza da ordea zirkolarientzat. Giharrak ere izozten zaizkie. Azulkillaseko Gloriak kontatu digunez hori izugarri nabaritu zuten Hego Amerikatik etorri zirenean, han zuten flexibilitatea hemengo hotzarekin ez dutelako.

Hotza traba da giharrentzat, baina baita zirkoarentzat ere Kale antzerkiaren programazioari oso lotuta baitago, aktibitate bat gehiago bezala: «Udan ongi, ez dago arazorik eta nahiago dugu kalean aritu, baina negua heltzen da eta aretoetan ez dute zirkoa antzerkia edo txotxongiloak bezainbeste maite eta uste dute ez dela inor joango gu ikustera», dio Gloriak.

Horregatik, entrenatu, ikasi eta irakasteko probesten dute, hori guztia diru laguntzarik gabe.


Eskolak sortuko luke kultura

Xabier Larrea kexu da zirkoak Hegoaldean babes oso txikia duelako: «Izugarria da, gainera Frantziara begira jartzen gara eta 35 zirko eskola ikusten ditugu eta konpainia mordoa, diru laguntza handiak jasotzen dituztenak. Sekulako inbidia ematen digu eta amorrua, ez dugulako ulertzen hemen zergatik ez... Euskal zirko eskola on bat behar dugu».

Badira zirko eskola txikiak hemen, baina kudeaketa pribatura jo behar izaten dute, ez dutelako asmo handiagoko zerbait sortzeko diru laguntzarik jasotzen.

Hori da adibidez Orekan zirko eskolaren adibidea. 99an hasi zen lehen pausoak ematen, hainbat lekutan izan du entsegu eta eskoletarako lekua eta duela bi urtetik Burlatako kultur etxea du kokaleku. Pixkanaka hasi ziren eta egun 15 pertsonako bi talde dituzte; formazio integrala jasotzen dute, goiz eta arratsalde, akrobazia, antzerki, dantza, malabare eta ekilibrioak ikasten dituzte, beren aldaera guztietan.

Formazioa gero eta osoagoa dela dio bertako kide den Iban Perezek, baina oraindik ere oinarriko mailan ari direla. Eskola horretatik irteten direnak, gehienak, Madril eta Bartzelonara joaten dira teknika hori hobetzera, beste zenbait kultur diziplina ikasi nahi dituztenek bezala.

Horren arrazoia zirkoaren kultura eza dela deritzote eta kultura hori eskola baten inguruan sor daitekeela apur-apurka. Horrela gertatu da Madrilen edo Bartzelonan, urte gutxian garapen handia bizi izan dute. Hemen ere ari da indarra hartzen eta gero eta publiko zabalagoa du. Dena den, oraindik beste herrialde batzuetan duen izena hartzeko asko geratzen dela eta luzaroan kale antzerkiaren programazioari lotuta jarraitu beharko duela uste dute.


Nahiago ikuskizun xumea

Ez dute Cirque du Soleil bezalako konpainia batean lan egingo dutela amets egiten. Egiten dutena gustuko dute eta ohartzen dira hori bezalako multinazional batek, diruaz, nahi duena egin dezakeela, horretarako besteen ikuskizunetara koadernoa eta boligrafoarekin begirale bat bidali behar badute ere. Hori da Ane Mirenek pentsatzen duena adibidez. Oro har, Euskal Herrian maila altua dagoela uste dute elkarrizketatuek eta hemengoengan gehiago sinetsi behar dela.

Azken batean, denbora kontua izan daitekeela uste du Orekaneko Pérezek. Ez da hemen okerrago edo hobeto egin dugunik. Iparraldean adibidez, edo beste herrialdetan erraztasun gehiago dituzte, lehenagotik hasita baitzeuden zirkoa lantzen. Hegoaldean ere zerbait mugitzen ari dela iruditzen zaio eta urte batzuen buruan ziur da, horrek ere, forma polita hartuko duela.

Cirque du Soleilekin ez, baina Ane Mirenek aurten esperientzia berri bat bizi izan du, konpainia batekin bira egin du. Mundu osoko jendearekin egin du lan, karabana eta guzti, alde batetik bestera. 15 pertsonako lan taldea zen eta eguneko 24 orduak batera egiten zituzten. Ane Mireni esperientzia bezala aberasgarri iruditu bazaio ere, ez du bere burua horrela lan egiten ikusten. Nahiago du Euskal Herrian bizi, bere etxean lo egin eta behar denean, alde batera edo bestera joatea.

Bi ikuskizun ditu eta horiek mugitzen ditu, han, hemen, berdin da non, ikusgarri egiten dizkioten bitartean. Berdin egiten du Xabierrek eta baita Azulkillasekoek ere. Une hobeak eta txarragoak bizi dituzte eta batzuetan zirkoa ez den beste zerbaitek ematen die eguneroko ogia, baina ez zaie axola, entrenatzen dituzten ordu horiek guztiak bezalaxe, merezi dielako. Guztia ematen dute, gehien gustatzen zaien horregatik, zirkoagatik. Eta txalo gehiago entzun nahi dituzte, merezi dituztelako.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan