Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-02 15:11:57
Udako Euskal Unibertsitateko web gunera lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • Erreportaje / Elkarrizketak

2006-09-03 -- 2052.zenb

Miel Anjel Elustondo

Lanaren izenburua gorabehera, Erronkariko eta Ansoko toponimiaz baino areago jardun du tesian Lopez-Mugartzak. Lanak, izenean agintzen digun eremu geografikoari berari dagokionez, gainditu egin ditu mugak. «Ikerketa aberasteko asmotan, alderaketak egin ditut Erronkarik eta Ansok inguruan dituzten herrietako leku izenekin. Zuberoan Santa Grazi hartu dut aztergai. Biarnon bi ibar, Baretous, edo Baretetze, eta Aspe ibarra».

Oinezkoak esatera, aspaldi galdu zen euskara ibar horietan. Bestela zehaztuko luke baieztapen hori ikertzaileak. «Ez da hainbeste denbora ere. Erronkarin duela gutxi arte hitz egin izan da euskaraz. Orain, berriz, euskaldun berriak ditugu. Galdu, beraz, ez da galdu». Zehaztapena egin eta aurrera egingo du Lopez-Mugartzak bere bidean. «Erronkaritik ekialdera zer gertatzen den aztertu behar da. Izan ere, XX. mende arte euskaraz hitz egin da Erronkarin. Bestalde, hego mendebalderago, Gazteluberrin, esaterako, XIX. mende arte hitz egin izan zen. Kontua da XVI. mendeko mapetan euskararen mugak bat egiten zuela Nafarroako erresumaren muga administratiboarekin». Logikarik ez duena: hizkuntzaren eremua mapako lerro artifizialak etenarazia. «Zerbait bitxi zen. Menendez Pidalen mapan, Nafarroatik kanpo dagoen alderdi horretan gaztelaniak eragin zuela ikusten da. Badakigu, jakin, erromantzea Esako urtegi ingurura iritsia zela XVI. mendean eta askoz lehenago ere VIII. mendean, baina horrek ez du esan nahi euskara desagertu egin zenik handik». Komunitate elebidunaren hipotesia egitera jo du Lopez-Mugartzak, honenbestez. Eta badu horretarako arrazoi pisuzkorik. «Erronkarin, adibidez, duela gutxi arte iraun du komunitate elebidunak. Bertakoek euskara behar zuten zuberotarrekin eta zaraitzuarrekin hitz egiteko. Gaztelania ere behar zuten: hasteko, errekan behera almadietan jaisten zirenean. Berdin gertatu zen Ansoko ibarrean XVI. mendean. Ez naiz arriskatu, baina esango nuke komunitate elebidunak izan zirela han ere, baita XVI. mendea baino geroago ere». Zenbait toponimo aldaturik ageri zaizkigu herri etimologiaren bitartez: Saiestiko leku izena, esaterako, Saiestoki eta Saistoki dokumentaturik dator. Eta toponimo batzuetan, bi aldaerak ditugu, bata euskal itxurakoa (Urrizti), eta bestea erdal itxurakoa (O Risté). Hori ulertzeko ez dugu modu bat besterik, Lopez-Mugartza irakaslearen aburuz: «Horiek asmatu dituenak euskal sena behar zuen. Ez dago bestela ulertzerik».


Euskararen ezaugarriak argitara

Toponimia biltzera jo du irakasleak, nahiz eta bestelako helburu gordeagorik ere bazuen. «Asmo taxonomiko hutsa ez ezik, hau da, bildutako toponimoen sailkapena egin ez ezik, banuen beste asmo bat ere, aukeran: hango euskararen ezaugarrien berri ematea, ahal izanez gero». Eta egin du. Eta uste ez zuenarekin topo egitea gertatu zaio. Euskara bat espero eta beste bat agertu! «Hegoaldeko goi-nafarreraren antza izango zuen euskara espero nuen, hizkuntza zaharra, baina, aldiz, euskara garatua aurkitu dut, zenbait ezaugarritan erronkarieraren antza duena». Datuei zuku atera eta ondorioak dagozkio ikertzaileari. «Horrek esan nahi du haraino heldu zela iparraldeko eragina. Eta ekialde-mendebalde harremana ere inportantea izan zela. Alegia, Erronkari eta Anso ibarretatik hegoaldera beste euskalki bat ageri da».

Aingeru Irigaraik izen bat asmatu zuen inguru honetako euskarak izendatzeko: euskalki eusko-aragoierakoak. Lopez-Mugartzak izendapena baliatu du tesian, eta oharra egin. «Eusko-aragoiera dialektoak... hainbat daude. Eusko-aragoiera diogunean, badirudi Aragoiko erresumaren hasierako ibarrak ditugula kontuan, ez besterik. Anso, Etxo, Sobrarbe, Ribagorza... goi-haranak, alegia. Horri loturik, badirudi, hala ageri da Alfontso Irigoienen eta Aingeru Irigarairen lanetan, Alfontso Batailatzailea erregea bera euskaldunen artean hazi zela. Etxon jaio omen zen. Izan ere, Aragoiko erreinuaren sorreran azaltzen dira Nafarroako erregeak ere. Hau da, hango lurrak Nafarroako zati ziren, Euskal Herriko zati. Euskaraz egiten bazuten, eusko-aragoieraz egingo zutela da ustea». Dialekto bat edo gehiago izanda ere, alegia. Artez jakiterik ez dagoenean, berriz, ustea da nagusi. «Nire iritziz, hegoaldeko goi-nafarreraren antzeko euskalki edo azpieuskalkia hitz egingo zuten han. Gero, iparraldeko eragina heldu zen, hau da, hizkuntza frankoek bertako euskaran eragin zuten garapena. Besteak beste, horrela sartu zen seigarren bokala -u frantsesa esaten duguna- gure artean». Bistan denez, hizkuntza frankoak ez zion, soilik, euskarari eragin. «Akitaniako sistema bokalikoa eragin zuen, gaskoiera». Eta kontuan harturik Zuberoak aski harreman historiko estuak izan dituela auzo dituen Biarno eta Gaskoiarekin, bada Zuberoako euskararen bokal egin zen. «Are hegoalderago ere igaro zen eragina eta Erronkarin bokalen asimilazioa eragin zuen: iturri-tik uturri dugu, gaztelu-tik gaztulu... Anso aldean ere ageri da fenomeno hori (mozurgia batean, muzurgea bestean)!».


Euskara dokumentatua

Autore eta dokumentazio handia aztertu du Lopez-Mugartzak. Erronkariko eta Ansoko toponimiaren gaineko lanak urri izanagatik, bertako euskara ongi azterturik dago. Hasteko, Erronkarikoa. «Mitxelenaren lana daukagu, Txillardegirena, Bonaparte Printzearena... eta, bereziki, Azkuerena eta haren laguntzaile Mariano Mendigatxarena». Besterik da Ansoko egoera. Hor ez da gisako ikerketarik. «Ez, ez daukagu horrelakorik. Bonaparte Printzeak,1879ko mapa egin baino lehenago, zera galdetu zien Erronkariko laguntzaileei: alegia, ea herri euskaldunik ba ote zen Aragoin. Goi-aragoiera sartu zenetik lurralde hori beti erdalduna izan dela esan izan da, baina Bonapartek berak ez zuen horrela usteko, galdera egin zuenean. Bestalde, badakigu Barétous, Baratones, Bareton(e)s edo Baratetze ibarrean, eta Aspeko Leskun herrian, adibidez, duela gutxi arte hitz egin izan dela euskaraz». Duela gutxi arte. Eta zer du gutxi hizkuntzaren denborak zientzialariaren esanetan? «Ehun edo berrehun urte. Ez da urte asko. Gainera, Barétousen oraindik auzo euskaldunak daude, egun euskaraz mintzo direnak. Eta hau Barétousen gertatu bada, zergatik ez Aragoiko Lorbes herrian, adibidez? Burgitik bertara dago Lorbes, Salvatierra de Eskatik hur, baina Sasi mendian sartuta, Zaragozan, baina Huescako muga aldera». Lorbes, lur beltz, eta herri isolatua. «Burgikoekin hitz egiteko beharra zuten. Zergatik ez zen han mantenduko euskara? Arestian esan dizut: Bonaparteren iritziz, hasteko, gerta zitekeen Aragoin herri euskaldunik izatea. Eta hor dago Txillardegik emandako datua: Salvatierra de Eskan, 1838an, apaiza behar zutela, euskaraz zekiena».


Justo Baque Salboch berriemailea

«Askotan joaten nintzen berarengana eta beti hitz egiten genuen toponimiaz, berak ere ardura hori hartzen baitzuen, bere lana balitz bezala. Lagun batzuk ere aurkeztu zizkidan. Nikolas Necoch, adibidez, Urzainkikoa. Askotan jo omen zuten Nikolasen atean, ikertzaileek, alegia, informazio eske, baina Nikolasek ezetz. Niri, aldiz, Justoren eskutik nentorrenez, baietz, kontatuko zidala nahi nuena». Bata lagun, bestea adiskide, zenduak dira gure ikertzailearen berriemaile zintzo eta onak. «Justorekin egon nintzen azken aldian, ateraino irten eta esan zidan: ćEa honekin konpontzen zaren. Ea nahikoa duzun eta bikain jartzen dizuten!Ć. Autoan sartuta nengoen ordurako. 'Ea bikain jartzen dizuten!', Justo hoska... Hil zen gizajoa». Lopez-Mugartzari bikain cum laude eman zion epaimahaiak.

Mikel Asurmendi

Desobedientziaz ibiltzen liburuaren lehen aipua Jon Benito poetarena da: «Ez nautela militarrek eta bakezaleek salbatuko» dio pasarte batean: «Jon izugarri maite dudan laguna da. Eta nik interpretatzen dudan moduan behintzat, arrazoi du. Desobedientzia zibilaren aroa ETAri edo EAJri gehiago ez itxarotea erabakitzen dugunean sortuko da, sortuko bada behintzat» adierazi digu Txapartegik jardunaren abiaburuan.

Desobedientziaz ibiltzen izenburu iradokigarria argitu aldera egin dugu aitzina, eta galdera honekin egin ere.

Desobedientzia zibila aktibatuz aska al liteke Euskal Herria?
Aska liteke. Hasteko baina, desobedientzia zibila ezagutu behar da. Nik, filosofo bezala, ez dut esango desobeditu egin behar denik, erabaki hori hartzea politikoen edo desobedientzialarien ardura delako. Liburuan aurrelan teorikoa bakarrik egin dut, besterik ez, desobedientzia zibilak hobekien noiz eta nola funtzionatzen duen azalduz.

Desobedientzian aritutako lau aitzindariren ideiak landu eta nabarmendu dituzu: Thoreau, Ghandi, Ru-ssell eta King. Ghandi azalean agertzeak konnotazio berezirik al dauka?
Desobedientziari buruzko liburu bateko azalean inor jartzekotan Gandhi da, dudarik ez, bera baita erreferente nagusia. Gandhi irakurri ez duen jende askok uste du badakiela Gandhik zer pentsatzen zuen. Hollywoodek asimilatutako Gandhi ez da Gandhi benetakoa ordea.

Desobedientzia definitzeak lanak ematen ditu. Zenbat lan eman dizu zuri?
Espero baino handiagoa. Lan teorikoa oso aurreratua aurkitzea espero nuen baina, harrigarria bada ere, ez da horrela. Gure kasurako balio dezakeen desobedientzia zibilaren definizioa sortu behar izan dut maila handi batean.

Desobedientziari buruzko pentsamenduari ekarpenik egin al diozu? Zein?
Akademian jende gutxik landu du desobedientzia zibilaren gaia eta landu dutenek John Rawls-en bidetik jorratu dute gehienbat. Arazoa da Harvard-eko irakasleak ez duela euskaldunok behar dugun desobedientzia zibilaz hitz egiten. Horregatik, perspektiba teoriko berri bat ireki behar izan dut nazio askapena ere barne hartzeko. Praktikan existitzen zen, Gandhiren nazio askapen mugimendua da horren eredu, baina teorikoki ez zaio arretarik jarri. Nik egiten dudan desobedientzia zibil errepublikarraren defentsa akademian proposamen berria dela uste dut.

Teorian aritu aitzin ekintzailea izan zinen. Zertan erosoago?
Hilean 2.000 euro kobratuz erosoago, jakina! Ikerlarion bizimodua ez da jendeak uste duen pagotxa hala ere, ekintzaile izatea hain erosoa balitz Euskal Herria aspaldi askatu genuen.

Izan al daiteke teorilari, ekintzaile izan gabe? Edo alderantziz?
Horrelako gaietan ez. Desobedientzia zibilaren zentzua ekintza da, legea hartu eta bihurritzea, legezko bidegabekeriak lehenbailehen amai daitezen. Teoria beharrezkoa da baina norbera egoeran jartzea beharrezkoago.

Teoria eta praxia kontuan hartuta, egiguzu gogoeta zure esperientziatik.
Gure kasuan praktikak eraman gintuen teoriara. Presoak Euskal Herrira hurbiltzeko eskatuz autopista moztea erabaki genuenean sei urteko kartzela zigor arriskua hartu genuen. Pertsonalki egoera hori zaila da, imajinatuko duzunez, orain Berkeleyn egon beharrean Valdemoroko kartzelan egon bainintekeen. Horregatik ondo aztertu nahi genuen egiten ari ginena. Testuinguru horretan ulertu behar da desobedientzia zibilaren azterketa teorikoa egiteko sentitu nuen beharra.

Euskal herritarrok jabetu al gara desobedientziaren funtsaz eta helburuez?
Baietz uste dut. Gutxi gorabehera guztiok dakigu desobedientzia zibila zer den. Kontua da, arrazoi batzuengatik edo besteengatik, zenbaitek gutxi gorabeherako ezagutza baino gehiago eduki nahi izatea. Liburuak horretan sakontzeko aukera ematen du.

Zein neurrian dute desobedientzia alorrek elkarren beharra? Esaterako, burujabetza nazionalaren jarduera nagusituko balitz, «kaltegarria« litzateke burujabetza nazionalaren helburuentzat?
Galdera horiek politikariek erantzun behar dituzte. Historiak erakusten duenez ordea, gehienetan desobedientzia zibila alor batean aktibatzen denean errazagoa da besteetan ere aktibatzea.

Lizarra-Garaziko Akordio garaian «loraldi» moduko bat bizi zuen desobedientzia ekimenak. Ez dirudi ordukoa errepikatuko denik.
Egun beste lehentasun batzuk daude. Gainera, ez dut uste su-etena eta desobedientzia zibilaren arteko lotura automatikoa izatea ona denik. Horrek presa sartzen baitu. Desobedientzia zibila sortuko bada, eta nire ustez sortuko da, bilakaera propioa duenean eta helduta dagoenean sortuko da.

Desobedientziaren joera liberala eta errepublikarra landu dituzu, bigarrena da zure aukera.
Liburuan diodanez, Euskal Herrian desobedientzia zibilak aurrera egiteko errepublikartu egin behar du. Horretarako bi jauzi konkretu eman beharko lituzke: autodeterminazioa eskatu beharrean burujabetza eskatu beharko luke eta desobeditzaileak, ekintza sinbolikoak egin beharrean, politikoki euskaldun gisa bizitzeko erabakia hartu beharko luke.

Azken urteotako bilakaera ikusita, nola ikusten duzu bi joeren garapena?
Desobedientzia zibila izatekotan errepublikarra izango da, bestela pixkanaka ahultzen joango da, estrategia instituzionalean buru-belarri sartu garela adieraziko baitu.

Ziklo politiko baten amaieran bide gaude. Ziklo honetan Estatuaren bortizkeriaren erantzunezko bortizkeria praktikatu da. Zein neurrian eragin du horrek herri honen borroka moldetan?
Euskal Herrian desobedientzia zibila indartsuagoa ez izatearen arrazoia ez zait ETAren existentzia arrazoi pisuzkoena iruditzen. Ez dut sekula entzun ETAk desobedientzia zibila aktibatzea galarazi duenik. Ikastolak edota intsumisoak sortzeko, adibidez, ez zen oztopo izan. Baina, oker egon ninteke. Eztabaida hori betiko geratuko da. Dena dela, ez desobeditzeko erabakiaren erantzukizuna norberarena da, ez beste inorena.

ETA dagoen bitartean desobedientzia zibila kriminalizatzeko arriskua igo egiten dela esan nahi dut.
Bai, hori hala da, baina desobedientzialariak oztopo horiek gainditzeko estrategiak gara ditzake. Gainera, ETA gabe ere kriminalizazioa ez da desagertuko. Kriminalizazioa fenomeno globala da eta ETA ez da mundu mailako erakundea. Alegia, desobedientzialariak edozein testuinguru politikotan garatu behar izaten ditu kriminalizazioa gainditzeko estrategiak, bestela jai dauka.

Nola ikusten duzu Euskal Herriko bake prozesua Kaliforniatik?
Egia esan ez dakit zein den bake prozesuaren osasuna. Nire ezjakintasunetik PSOE suarekin jokatzen ari da. Bake prozesuan Europako Batasunaren inplikazioa galaraztea, Batasunaren ilegalizazioa luzatzea, presoen sakabanaketari eustea... Euskal Herrian gai horiek guztiak gasolina dira eta gasolinarekin jokatzen duenari badakigu zer gertatzen zaion. Felipe Gonzalez erre zen, Aznar ere bai eta horrela jarraitzen badu, Zapatero ere erre egingo dela uste dut. Tipo hauek ez dira beraiek uste duten bezain azkarrak.

Orokorrean zer nolako tankera hartzen diozu egoera politikoari?
Pre-sezesio garaian sartuak gara, edo gutxienez, sezesiorako trantsizio baten atarian gaudela esango nuke. Aznarren gobernuak atzaparrak erakutsi zizkigun. Martxoaren 11 hartan, esaterako. Benetako terrore eguna bizi izan genuen Euskal Herrian. Gogoratzen duzu Ibarretxeren terrore erreakzioa? Horrek eta Martxelo Otamendi eta Joan Mari Torrealdai eta besteak torturatzeak eta Madrildik datozen eraso guztiek, azken batez, euskaldunongan gure babesgabetasunaren kontzientzia piztu zuen. Gure benetako egoeraren kontzientzia horrek prozesu soberanista bat jarri du martxan, inork ezin duelako babesik gabe bizi.

Nola jokatu behar luke euskal gizarteak uneon?
Gizarte zibilak egundoko rola joka dezake egoera honetan. Euskal Herrian ezin da gertatu Katalunian gertatu dena. Han gizarteak CIU saritu du, hain zuzen ere PSOEren aurrean burua gehien makurtu duen alderdia. Euskal politikariei alderantzizkoa erakutsi behar diegu, PSOEren aurrean burua makurtzea zigortu egingo dugula alegia. Horregatik, garai honetan oso garrantzitsua da politikoen lana. Ardura itzela dute egonkortasuna galdu gabe askatasuna eskuratzen.

Askatasuna diozu, baina nola definitzen duzu askatasuna?
Askatasuna modu errepublikarrean definitzen dut, dominazio gabezia bezala. Badago askatasuna definitzeko modu liberal bat ere, esku-hartze gabezian oinarritzen dena, baina definizio errepublikarra hobea da, interbentzio arbitrarioen posibilitatea debekatzen duelako.

Adibiderik?
Asko dago. Euskal errepublikar bat ez da konformatzen Estatuak, besterik gabe, guk irakurtzen ditugun egunkariak itxi ez dituelako; itxi ezin dituelako baizik. Alegia, bermatu arte Estatuak ezin duela gure egunkaririk itxi errepublikarra ez da aske sentituko. Gure askatasunak estatuburuaren atrebentziaren gainetik egon behar du. Horregatik, askatasuna definitzeko tradizio errepublikarra errekuperatu behar dugula iruditzen zait. Edonork ulertzeko modukoa da eta gurearen moduko dominazio egoerak deskribatzeko bitarteko ezin hobea eskaintzen du.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan