Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-14 09:19:54
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2006-09-03 -- 2052.zenb

Gotzon Garate

Ni bizi naizen etxean egunero hamaika kazeta diferente hartzen ditugu. Ez dago denak ikusterik. Ez eta gainetik ere. Nik Berria, Deia, El Correo Español, El Diario Vasco eta Gara zabaltzen ditut.

Bizkaian bizi garenez gero, El Correori begiratu bat egiteak ez du kalterik egiten. Askozaz gure probintzia honetan irakurriena da. Oso abertzale denik ezin esan. Euskara gutxi sartzen du. Astero Javier Rojo, Deustun Euskal Filologia ikasi zuenaren liburu baten kritika ekartzen du euskaraz. Kritika laburra baina ongi orraztua.

El Diario Vasco El Correoren anaia da eta enpresa berarena. Nik euskal atala irakurtzen dut, gustura, Felix Ibargutxik esku zuzenez daramana. Ibargutxik batez ere Gipuzkoako euskal kulturaren gorabeheren berri mamitsua ematen digu.

Deia oso maitea izan dut beti. Garai batean sarri idazten nuen kazeta horretan, Garcia Olano zuzendari zelarik.

Deia euskal nazionalisten kazeta da. Ezin liteke ahaztu EAJ dela alderdi nagusia Euskadin. Deiak Euskal Herriaren alde lan bikaina egiten du. Euskara kontuan, ordea, guk euskaltzaleok zulo handia ikusten dugu Deian. Ez dugu uste egunero euskarari zor zaiona ematen diotenik. Garai baten euskarari leku handiago eskainiko ziotela agindu zuten. Nik eskutitza egin nion zuzendariari zorionak emanez. Ez dakit hitz hori bete ote duten. Ezagutzen ditugu, halere Deian euskaraz idazten duten kazetari batzuk, argiak eta trebeak.

Garak erabat abertzale izateaz gainera zati handiak euskaraz dakartza eta euskal kulturari leku garrantzitsua ematen dio.

Berriari batzuek aitzakiak bilatzen dizkiote. Ezin litekeela beste kazeten parean ezarri. Orri gutxiago dituela eta astelehenetan ez agertzea moztaile dela.

Irrati oso ezaguneko zuzendari batek hauxe esan zidan: "Berria beti izango da bigarren mailako kazeta".

Zertan den. Egia da Berriak zenbait alorretan, berri gutxiago ematen dizkigula: kiroletan, munduko politikaren albistetan... ezin beste kazetekin berdindu.

Euskal kulturaren barruan ari garenontzat, baina, askozaz onena Berria da. Kazeta honek ematen digu Euskal Herriko kulturaren berri, nondik doan eta nora doan, egunero-egunero. Zehazki eta ongi.

Berriak postura jatorra hartu du. Euskara maite duten guztiek Berrian beren buruak ispilaturik ikusten dituzte. Euskaltzale guztiek maite dute Berria.

Bukatzeko. New Yorken badut judutar lagun bat, David Goldstein, The New York Timesen lan egiten duena. Euskal Herriko kazetak ongi ezagutzen zituela esan zidan. Eta hauxe gaineratu: «Mundu guztian oso zail da Berria eta Gara bezalako kazetak aurkitzea». Hau da, horrenbeste kazetari gazte duten kazetak.

Juan Kruz Lakasta

Uda latza, Faltzesko betizuentzat. Urtero bezala, entzierrotik alde egin dute, baina inork ez die kasurik egin. Inork ez dio erreparatu haien abentura erromantikoari: sei animalia haien sen suharrak bultzaturik iraganerantz ihesean, adardun saldo bat larre zabaletan aske bizi zitekeen iragan urrunerantz ihesean. Hil ala biziko ihesa. Porrotera kondenaturiko ihesa. Aurten, azken urteotan ez bezala, batere oihartzun mediatikorik gabeko ihesa.

Uda honetan, inork ez die kasurik egin Faltzesko bigantxei. Aurreko urteetan, haien balentria lehen orrialdeetan azaltzen zen, irrati zein telebista albistegiak zabaltzen zituen. Aurten, ozta-ozta jakin dugu hanka egin dutela, egunkarien barruko orrialdeetan, albistegietako azken minutuetako berri laburretan. Eta gero, ezereza. Datu gehiagorik ez. Ez dakigu haien Arkadia basatira heltzea lortu duten, ala Foruzaingoak tiroz akabatu dituen.

Udako inkesten patua ez da hobea izan. Konparazio baterako, urtero, garagardo marka ezagun batek inkesta bat zabaltzen du, dioena patata tortilla pintxoak eta garagardoak osatzen dutela nafarrok gehien maite dugun aperitifa. Urtero, datuak tokitxoa izaten du foru berri-paperen azaletan. Urtero, aurten izan ezik. Aurten ez dute datua ezagutarazi. Eta aztoraturik nabil, ez baitakit nafarron gustuak aldatu ote diren, orain nahiago ote ditugun bermuta eta kroketa, esate baterako.
Uda latza, beraz, udako albisteentzat. Su-etenaren lehen biktimak izan dira. Prozesuak, udan ere hedabideak betez, ez baitu haientzako tokirik utzi. Zalantza bat daukat: ez dakit gertatu dena gertatu den egiazki une historikoak bizi gaituelako, ala prozesua bera udako sugetzar mediatiko bilakatu delako.

Erran nahi baita sinesgaitz begitantzen zaidala uda honetako adierazpen politiko trukaketa. Sinesgaitz, PSOEk adieraztea ETAk ez duela zeresanik prozesuan. Batasunak legalizatu nahi badu egungo legeriaren uztarrira makurtu beharko duela. Nafarrek eta soilik nafarrek erabaki behar dutela Nafarroaren etorkizuna -Nafarroa delarik haren estatutua bozkatzerik izan ez duen erkidego bakarra-.

Sinesgaitz iruditzen zait, halaber, ETAk orain esatea gobernuekin adostu beharrekoak adosteaz gain alderdi politikoen jarrera politikoak baldintzatu nahi dituela. Edo Batasunak orain Euskal Herri osoan alderdien mahai bakarra osatzearen aldeko jarrerarik irmoena hartzea, aldez aurretik behin baino gehiagotan adierazi duenean errealitate politiko-administratibo ezberdinen araberako erritmo ezberdinak onar ditzakeela.

Sinesgaitz deritzot horri guztiari ez dudalako sinistu nahi. Baina, jakina, egia ere izan daiteke. Egiazki, prozesua galbidean sartua izan daiteke, eragile nagusiak atzera egiten ari daitezke. Beraz, zalantza hor dago: prozesua horren kinka larrian dago ala guztia udazkenean heltzekoak omen diren aurrerapausoen balioa nabarmentzeko nolabaiteko joko mediatikoa da? Horixe da duda, denborak argituko duena.

Bitartean, adierazpen jasarekin segituko dugu. Eragile nagusiak, baita, jakina, gainontzeko guztiak ere, kalaka batean, zorioneko prozesuari hauspoa eman nahi diotela behin eta berriz esanez, prozesu zorigaiztokoa arnasarik gabe uzten.

Zalantza izpirik gabe, beste behin ere politikariak ez dira txukun ari.

Joxerra Aizpurua

Euskal administrazio publiko gehienak ikerketa, garapen eta sektore industrialen alorrean, datozen lauzpabost urterako dituzten planak aurkezten ari dira gaudeneko urtean. Gehienetan berrikuntza gaiari garrantzi berezia ematen diote, hori baita, ikerketarekin batera, egun lehiakide diren estatuekin lehiatzeko dugun bideetakorik nagusiena.

Berrikuntzaren gaia ez da berria euskal enpresentzat ezta munduko gizakiarentzat ere, berrikuntza betidanik egin baita. Berrikuntzan asmatu dutenek aurrera egin dute edo beste batzuk baino aukera gehiago izan dute eta zaharkituta geratu direnak poliki-poliki itzaltzen joan dira.

Egun, administraziotik ezezik enpresa-elkarteetatik ere berrikuntzaren aldeko etenik gabeko kanpaina ailegatzen zaigu; horren adibide ditugu honelako edo halako berrikuntza-sistemaren inguruan eskaintzen diren formazio-ikastaro ugariak, gero eta bibliografia zabalagoa eta gero eta aditu gehiago.

Orain gutxi horietako aditu batek emandako hitzaldira joateko beta izan nuen eta sentsazio gazi-gozoarekin irten nintzen. Berrehun bat entzule ginen, ia gehienak gazteak eta horietako asko eta asko enpresa sortuberrietakoak eta ikasketa bukatuberriak. Hizlaria zutik mikrofono batekin arrakasta izan zuten enpresen kasuak kontatzen hasi zen, egia esan entrenamendu askoko gizona zen eta esandakoaz oso onarpen ona egiten zuten geure neuronek. Baina une batean nire neuronek jasotako informazioari buruzko galderak egiten hasi ziren; hor zaudeten berrehun pertsonak altxorraren bila al zabiltzate? Arrakasta beti ideia jenial baten ondorioa al da? Gauzak gertatu ondoren justifikatzea edo zergatien arrazoiak aztertzea ondo dago, baina nola jakin gauzak gertatu aurretik? Kontatu zizkigun kasu guztiak enpresa handiei gertatutakoak izan ziren, baina munduko enpresen %90 enpresa txikiak direnez, non daude hauen arrakastaren kasuak?

Globalizazioaren, hezkuntzaren eta ez dakit zenbat faktoreren eraginez mugikortasunaren gizartean bizi gara. Gauzak azkar, epe motzera eta ongi egin behar ditugu eta gainera ahalik eta etekin handiena lortu behar dugu; gainera gero eta gehiago kontsumitzen dugu eta aisialdi denbora handiagoa nahi dugu. Ez dugu denborarik pentsatzeko hartzen eta berrikuntzak zerbait behar baldin badu denbora da. Egia da arrakasta-kasuen ehuneko txiki baten oinarrian hutsetik sortutako ideia zoragarri bat egon dela, baina egi berdaderoa da urteetako lan isilak sortutako berrikuntza-izpiritua dela kasu gehienen arrakastaren atzean dagoena.

Baina aditu berritsuak magiarekin txunditu gintuen zeren eta entzule gehienak magiaren bila azaldu ziren, antza denbora eta lana txiroontzat baita.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan