Juan Mari Arregi
Oraintsu arte pateretan etortzen ziren Afrikako gosetiak, bizirik edo hilik, Espainiako hegoaldeko kostaldera. Orain, kayukotan, Senegaleko arrantza ontzitxoetan, Afrikako lurralde oso urrunetatik kanariar eta mediterranear kostaldera iritsi nahi dute. Abuztuan, kayukotan iritsitako afrikar etorkinen kopurua izugarria izan da. Hogei milaren bat iritsi dira aurten kosta horietara Europako «paradisua» aurkitu nahian. Ehunka hil dira ahaleginean. Afrikako zenbat milaka immigrante izango dira Mediterraneoko itsas hondoan? Batek daki. Azken urteotan milaka omen dira. Immigranteak, helmuga herrialdeetan atxiki eta aberriratu egiten dituzte, askotan gogo txarrez, baztertutako merkantzia bailiran. Estatu espainiarrari eta Europar Batasunari axola zaion bakarra haiek Europan ez sartzen uztea balitz bezala. Horretarako hegazkinak, itsasontziak, fragatak, sateliteak... erabiltzen dira. Errepresio politikoa handia bada ere, gose denak eta lan bila dabilenak, direnak eta ez direnak egingo ditu europar «paradisu» partikularrera iristeko. Bada formula bat, hala ere, bakarra agian, patera eta kayuko gehiago ez izateko: euren baliabide naturalak ustiatzea, Afrikako lurralde horietan inbertituz. Euren garapena sustatzea. Hori da Europak eta Iparrak, elkartasunez, egin beharko luketena, Hegoaldeko lurralde txiroen onerako. Gainontzeko guztia adabakiak baino ez dira, eta gainera, Mediterraneo Itsasoa immigranteen hilerri bihurtzen dute.
Onintza Irureta
Marta Mata eta hizkuntz eredua eskola katalanean
Toni Mollà Valentziako Unibertsitateko filologia irakasleak Marta Mata pedagogoari egin dio erreferentzia www.gipuzkoaeuskara.net webguneko artikuluan. Mata pedagogo katalan hilberriak, beste gauza askoren artean, sare bakarreko eskola katalana defendatu zuen, hau da, katalanez irakatsiko zuena. Eredu horretako eskola kohesio sozialeko eta integrazio soziolinguistikoko tresna zela defendatu zuen. Hona Mataren harira Mollàk idatzitakoaren zati bat: «Bere arrazoibideen eta proposamenen zehaztasunak erabateko arrakasta izan zuen. Kataluniako Generalitateko bi gobernuek, Jordi Pujolenak eta Pasqual Maragallenak, æestatu politikaÆ gisa hartu dute sare bakarra, malgua eta gizarteko aldaketei adi egongo dena behar dela. Gainera, biek katalana hartu dute integrazio eta sustapen sozialeko tresna gisa, irakaskuntzaren hizkuntza instrumental eta herrialdearen hizkuntza sinboliko gisa. Tamalez eta zuhurtzia soziala alde batera utzita, valentziarrok kontrako eredua, eredu horren negatiboa, garatu dugu. Gobernu sozialistek eta popularrek gaztelaniazko irakaskuntzarekin jarraitu dute, eta katalana eta valentziera borondatezko hizkuntzatzat utzi dituzte, irakasleek, ikasleek eta ikasleen gurasoek aukeratzeko hizkuntzatzat. Logikoki, Katalunian lortu duten emaitzaren kontrakoa lortu dugu, gobernuan edozein koloretako alderdia egon arren. Valentziako eskola -eta, beraz, baita Valentziako gizartea ere- zatituta dago, irakaskuntzako hizkuntzen arabera. Hizkuntza ez da integrazio tresna, eta zatiketa eta bereizketa bultzatzen du. Hori oso larria da herrialdera iristen ari diren migrazioak kontuan hartuta; izan ere, gaztelania aukeratzen dute integrazio hizkuntza gisa».
Etorkinak eta euskara
Xabier Aierdi soziologoak
www.euskara.euskadi.net/hizkunea webgunean EAEra doazen etorkinen hizkuntz eta kultur integraziorako bideei buruz idatzi du. Hona pasarte bat: «Beste kontu bat iruditzen zait euskararena, eta immigrazioak hemen ere ez ditu arazo berriak sortzen, zeudenak berriro seinalatu edo intentsifikatu baino ez. Horrela,
1. Nork ez du irakurri Koldo Izagirreren «Z Eredua» artikulua eta nor ez dator bat han esaten zen %90ekin gutxienez?
2. Nork ez du askotan pentsatu eta esan egungo ereduak errebisatu egin behar direla, ez dutelako euskararen geroa bermatzen: egoera berriek esperimentazio berritua behar dutela?
3. Nor ez da konsziente euskarak bi kode dituela egungo ikasleengan: bizipenena, zeinetan ia agertzen ez den, eta ikasketena, angustiaz bizi dutena askotan ikasleek. Hau zer da, egoki ala desegoki, on ala txar? Seguruenik on eta desegoki. Seguruenik, izan behar duena.
(...)
5. Zer egin behar du etorkinak bertakoak egiten ez duenik? Hau ere argumentu erretorikoa da, baina egia da. Agian, bertakoak egiten ez duena eta euskara ikasi, baina hori ere zaila da».
Xabier Letona
Uztailean Gara-k argitaratutako filtrazioaren bidez bake prozesuari buruzko ENAMen ikuspegia oso kezkagarria zela adierazi zen eta abuztuan ETAk argitara emandako komunikatuarekin ikuspegi ezkorra krisi egoera bilakatu da. ETAk egindako salaketa nagusia da «prozesu honek askatu behar dituen korapilo nagusiei negoziazioaren eta akordioaren bidezko erantzun zuzena emateko borondaterik» ez dela erakutsi oraindik eta salaketa horren erantzule nagusiak PSOE eta EAJ egiten ditu. Areago, «hartutako konpromisoetatik aldentzeko jokabidea» dagoela zehazten du erakunde armatuak, konpromiso horiek zeintzuk eta noren artekoak diren esan gabe.
Uztailaren 8ko Gara-ren filtrazioetan zehaztu ziren konpromiso horietako batzuk: Espainiako Gobernuak euskal herritarrek euren etorkizunaz erabakitakoa errespetatuko zuela, segurtasun indarrek atxiloketarik ez egitea, polizi indarren gutxitzea, edota ezker abertzaleko erakundeen jarduera normalizatzea. Gara-ren egun horretako informazioaren arabera, konpromisook 2005eko ekainetik 2006ko otsailera Espainiako Gobernuak eta ETAk izandako negoziazioetan hitzartu ziren.
Eragile politikoek, oro har, ez dute kezka handirik azaldu ETAk prozesuaren analisian egindako krisi eta prozesu irakurketa honi buruz, eta honen atzean egon daitekeen egoera aztertu beharrean, prozesuaren tutoretza egiteko ETAk duen zilegitasun eza azpimarratu dute. Espainiako Gobernutik krisirik ez dagoela iradoki da argi eta garbi. Baina bistan da alde batek krisia dagoela esaten badu, krisia egon badagoela, beste kontu bat da zein neurrikoa eta alde bakoitzak egoera nola interpretatzen duen.
Azken bost hilabeteak: argi-ilunak
2006ko martxoaren 22an aldarrikatu zuen ETAk su-eten iraunkorra eta harrezkero aurrerapen asko eman dira, baina beti ere nahi baino gutxiago, batez ere Estatuaren errepresioaren eta presoen eremuan. Alde positiboan osagai asko daude: su-etena bera, alderdien arteko elkarrizketak, alderdien mahaiaren osaketarako lanak, ETA-Gobernua elkarrizketa, gizarte mailako esperantza... Alde negatiboan ere, dena den, zerrenda garrantzitsua osa liteke: Batasunaren ilegalizazio egoera, errepresio juridiko-polizialen mantentze zorrotza, presoen eremuan aurrera egin beharrean atzera egitea ûnagusiki Parot doktrina dela etaû, PP eta UPNk prozesuari egindako etengabeko erasoak... Eta bakoitzaren esperantza eta pentsamoldearen arabera, askoz osagai gehiagorekin bete litezke alde on eta txarren zorro hauek.
Krisia, beraz, hor dago, nahiz eta ez dakigun zehatz-mehatz zein mailatakoa den, nagusiki alde bakoitzak bere interpretazioa egiten duelako; ETA «blokeo» egoeraraino iristen da bere definizioan. Harrigarriena da ETAren komunikatuak ez duela halako larritasun zantzurik piztu edo adierazpen publikoetan bederen ez dela halakorik sumatu. Are gehiago kontuan hartuta mehatxua ere komunikatuaren baitan dagoela: «Ohartarazi nahi dugu, Euskal Herriaren aurkako eraso horiek jarraitzen badute, ETAk erantzun egingo duela». Ez du erantzun mailaz hitz egiten, baina prozesu hau guzti hau bukatu arte ez litzateke ahantzi behar ETA erakunde armatua dela.
Edozein modutan, badirudi Pernandoren egia hori ahaztu nahi dela, ETA oraindik hor dagoela alegia eta bake prozesu hau ez dela onik iritsi bere amaierara. Klase politikoan barneratuegia dago honako ideia: erakunde armatua gidatzen dutenek erabakia dutela borroka armatua utzi behar dela eta, beraz, krisiak krisi, prozesuak aurrera jarraituko duela oztopo guztien gainetik. Baliteke hala izatea, bada hori pentsatzeko datu eta esanik; baina badira kontrakoa pentsatzeko ere, horien artean gaur egun arte izandako negoziazio prozesuetan ETA engainatua sentitu denean erakutsi duen jarrera bera da esanguratsuena.
Hiru ardatz nagusi
Datozen hilabeteetan hiru ardatz nagusiren inguruan bilakatuko bide da bake prozesua: Batasunaren legeztatzea, presoak eta alderdien mahaia. Presoen eremuan, besteak beste El Pais-eko bidea erabilita, uda osterako mugimenduak iragarri zituen Espainiako Gobernuak; berdin Batasunaren legeztatzea dela eta.
Prozesuaren sukalde inguruetan informazioa ez da batere garbia eta zuhurtasun handiz erabili behar da iturri desberdinen ahotik entzundakoa, baina badirudi Batasunako zuzendaritzak ez lukeela arazorik beste sigla batzuk sortu eta egungo legedira egokitzeko, horretarako formula duin bat erabiliz gero. Baina Batasunak bere ordezkoak jarduera politikoan normaltasunez aritzea eta egungo Batasunaren aurkako neurririk ez legokeela segurtatu nahi du, eta Espainiako Gobernuak ez ei dio horrelakorik bermatzen. Argi dagoena da orain PSOEk ez duela Alderdien Legea deuseztuko eta Batasuna ez dela legeztatuko sigla horiekin. Argi dago, halaber, datorren udaberriko udal eta foru hauteskundeetan, prozesuak zutik jarraitzen badu, herritarrek Batasunaren ordezkoaren aldeko hautua egin ahal izango dutela.
Berriz ekarri beharko dira lerroetara Jose Luis Rodriguez Zapateroren hiru hitz ospetsu: gogorra, luzea eta zaila. Bai, halakoxea da bizi den bake prozesua eta datozen hilabeteetan jorratuko diren osagai garrantzitsuenetan izango dira krisi gogorrak, adibidez Batasunaren ordezkoaren legeztatze kontuetan, presoen eremuan edota alderdien mahaien osaketan.
Krisi une bakoitzean soka behin eta berriro tenkatuko da, eta ikusteko dago Espainiako Gobernua eta ETA egoerari eusteko gai izango diren. Baina tentsioa ez da bakarrik maila horretakoa izango, eta alde bakoitzak bere barne kohesioari eusteko gai den erakutsi beharko du. Beste bake prozesu askotan ikusi dira talde, alderdi edo gobernuen baitako tentsio eta zatiketak, eta hemengoa ere ez dago zergatik salbuetsi beharrik.
Bitartean, jende askok sufritzen jarraitzen du, aktualitateari helduta, hor dago latza aurreikusten den Iñaki de Juana presoaren gose greba.
Xabier Letona
Iñaki de juana Chaosek libre beharko luke 2004ko urriaren 26tik, baina espetxean jarraitzeaz gain lerrook idazten diren unean 22 egun daramatza gose greban, Algecirasko espetxean. Eta, berak jakinarazi duenarekin eta gose greba hartzen ari den ezaugarriekin, denak adierazten du latza izango dela.
Espetxeetan euskal preso politikoek jasaten duten egoera gogorraren adierazle esanguratsuenetakoa da Iñaki de Juana. 19 urte ziegaz ziega egin ondoren, 1973ko kode penalaren arabera jadanik libre beharko luke. Eta bera moduan beste preso asko. Espainiako justizia sistemaren 'akats' hori zuzentzera etorri zen Parot doktrina moduan ezagutu dena. 1973ko kode penalaren irakurketa berri honekin jadanik ez dago Iñaki de Juanari egindako txapuzarik egin beharrik, eta dena legezko da.
Iñaki de Juanak ere legezkotasunaren barruan jarraitzen du preso, jakina, baina bere bigarren espetxealdia eskubidezko fundamenturik ez duen auzian oinarritzen da; beste askotan ere hala da, baina kasu honetan nabarmenegia da. 96 urteko espetxe zigorra eskatzen zaizkio bigarren espetxealdi honetan, eta dena 2004ko abenduan Gara-n argitaratutako bi idazkirengatik: «El escudo» eta «Gallizo». Maltzagako hau idatzi aurretik berriz irakurri ditut, eta hitz gogorrak, iritziak eta espetxe funtzionario zenbaiten pasarte historiko subjektibo -baina espetxe munduaren inguruan ibili den edonorentzat oso sinesgarriak- batzuetatik haratago ez dago ezer. Ikusmolde batekoak edo bestekoak, estilo horretako dozenaka irakurri daitezke prentsan.
Auzitegi Nazionaleko fiskal eta epaileek, ordea, ETAko partaide izatea eta mehatxuaren delituak
garbi ikusi zituzten iritziotan eta hori nahikoa izan zen kalean beharko lukeen presoak berriz 96 urteko espetxe eskaera bizkarreratzeko. Aznarren garaiko botere judizialaren politizazio neurrigabeaz argudia liteke auzia gehiago ulertzeko. Parot doktrina, ordea, Zapateroren garaikoa da, eta seguruenik, euskal presoen aurka azken 30 urteetan izan den erasorik sendoenetakoa.
Tamainako erasoa ezin da ulertu bizi den negoziazio prozesutik at, ohi bezala, Espainiako Gobernua presoen gaia presio politikorako tresna gisa erabiltzen ari baita. Inozoa litzateke pentsatzea ez lukeela hala egingo, baina jarrera hori -edo jarrera horrekiko isiltasuna- eta Estatuaren errepresioaren eremuko beste jokaera asko ere ez dira bateragarriak giza eskubideen diskurtsoarekin.
Iñaki de Juana sinbolo bat da, bai Espainiako iritzi publikoaren aurrean, bai ezker abertzalean. Baina sinboloaren gainetik, eskubideak dituen pertsona da.
Ludger Mees-ek
Noticias de Gipuzkoan esanak: «Gero eta jende gehiagok ikasi nahi du euskaraz gure unibertsitatean. Nolabaiteko desoreka sortzen da, gure irakasleen perfila ez datorrelako guztiz bat eskaera horrekin. 4.000 irakasleetatik heren bat baino ez da elebiduna».
Jean-Baptiste Coyos hizkuntzalaria
gipuzkoaeuskara.net-en: «Hizkuntz politikako proiektua dela-eta, botere publikoek eta euskararen alde lan egiten duten elkarteek ahalegin guztiak egin beharko lituzkete, euskararentzat erabilera-eremu berriak sorrarazteko eta horietan euskara ohiko hizkuntza izateko, egungo eremuak (ikastolak, euskal irratiak) sendotu daitezen. Horretarako, igorle bakoitzak euskararentzat truke-sareak osatu beharko ditu, euskara Iparraldean gero eta beharrezkoagoa izan dadin. Eta hori lortze aldera, Euskararen Erakunde Publikoaren aurrekontua (egun 1.700.000 eurokoa da) handitu egin beharko da».