Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-13 16:35:30
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • Gaiak >
  • 36ko Gerra. Abuztuko kronika: Bidasoako gudaldia

2006-09-03 -- 2052.zenb

36ko Gerra. Abuztuko kronika: Bidasoako gudaldia

Josu Chueca

Gipuzkoa eta Nafarroa arteko muga den Endarlatsatik aurrera jotzeko soldadu nazionalek egindako saioak, abuztuaren 25az geroztikoak ez ziren hasierako gatazken tankerakoak, ohiko gerra bat baizik. Izan ere, lehen aldiz, aurrez aurre milatik gora soldadu metatu ziren. Alde nazionalean, Iruñetik bidalitako soldaduez gain, 550 legionario, 450 errekete, beste hainbeste falangista eta 400 inguru Goardia Zibil. Alde errepublikanoan, datu zehatzik ez dugun arren, orduko kazetariek antzeko miliziano kopurua aritu zela zioten. Estreinako aldiz ere, infanteriarekin batera, nazionalek artilleria ugari eta hegazkineria erabili zuten Irungo defentsak suntsitzeko. Era berean, anaien arteko borroka zena, egun horietan nazioarteko bilakatu zen. Alde batetik, mugaz bestaldetik egundoko jarraipena eskaini ziotelako Bidasoa ezkerraldean gertatzen ari zenari. George L. Steer bezalako makina bat kazetari Bidasoa aldera gerturatzeaz gain, jendetza hurbildu zen, autobus eta guzti, Biriatura, Behobira eta Hendaiara, prismatikoz gudaldiak eta bonbardaketak ikusteko. La Presse du Sud Ouest egunkari baionarrak guda turismo horrek izan zuen gorakada, batere deitoratu gabe, behin baino gehiagotan azaldu zuen.

Baina ikusmin horren gainean, gatazkaren nazioartekotasuna jokaturik zegoen aldez aurretik, Londresen eta Parisen. Frantziak eta Britainia Handiak martxan jarritako Parte Ez Hartzearen Batzordea oso erabakiorra suertatu zen mugako giltzaren zoria erabakitzeko. Claude G. Bowers, Amerikako Estatu Batuetako enbaxadoreak ederki azaldu zuen auzi hori, honakoa erranez: «Irungo gudaldian, une larrienetan, defendatzaileei armak eta munizioak ekarri behar zizkieten kamioiak ez ziren Hendaiako nazioarteko zubitik igaro eta errepublikanoak biluzik gelditu ziren etsaien aurrean. Molak lortu ez zuena, gobernu demokratikoek martxan jarritako Parte ez Hartzearen batzordeak erdietsi zuen, errepublikanoei egundoko kolpea emanez. Orduz geroztik, indar leialek ezinezkoa izan zuten Espainiako iparraldeko frontea defenditzea». Ez zegoen oso desbideratua enbaxadore amerikarra. Orduan ez berak ez Irungo defendatzaileek ere ez zekiten geroxeago jakin zutena. Frankistek nazioarteko laguntza izateaz gain, bere esparru guztietako indar metaketa burutu zuten Errepublikak Euskal Herrian zuen nazioarteko errepideko lotura bakarra, Irun-Behobikoa, eskuratzeko.


Bidasoa aldeko alarde militarrak

San Martzialekoak baino askoz latzagoak suertatu ziren gune horiek eskuratzeko alardea eta indar erakustaldiak. Beorlegi eta Ortiz de Zarate buru militarren aginduetara, abuztuko bigarren hamabostaldian, soldaduekin eta karlistekin, legionarioak eta Marokotik ekarritako tropak aritu ziren. Frankistek abuztuaren 15ean burutu zuten Badajoz aldetik beraien ipar eta hegoaldeko armaden arteko lotura. Horrek ahalbidetu zuen Mugimenduko nahasmahas militarra fronte batean erabiltzea. Horrela, irundarren irudiko «zetozen nafarrak eta erreketeak» uste baino askoz gehiago ziren. Apezpikuen arabera «Gurutzada» bazen ere, mairuak ere alde nazionalean aritu ziren lehen aldiz kristauen eremu euskaldunetan.

Mauser, Naranjero eta orduko fusil moten kopuruen aldetik, nolabaiteko oreka zegoen arren, beste armetan frankistak gailentzen ziren. Bidasoako defendatzaileen aldetik, Pikoketa eta Erlaitzeko defentsa guneak galdu ondoren, Puntxasen eta San Martzialen zituzten artilleriako toki nagusiak. Pixka bat atzerago, itsas aurreko azken su iturria zuten Guadalupeko gotorlekua. Baina nazionalak artilleria mugikor ugarirekin, eta itsasotik euren Almirante Cervera, España eta Velasco gerra ontziekin, nagusi ziren gerra eremu horretan. Era berean, nazioarteko neutraltasunari muzin eginez, nazionalek egunero erabili zituzten Italiatik ekarritako hegazkinak. Caproni 101 eta Savoia Marchetti tankerakoek abuztuaren 25etik aurrera Irunera jo zuten, San Martzial, tren geltokia eta inguruak inpunitate osoz behin eta berriro bonbardatzeko.

Fronte lerroa aldatzen hasi zen egun horrez geroztik. Erasoaldia gogortu egin zen hurrengo egunetan, Irun eta Behobia eskuratzeko, Puntxas, Zubeltzu eta San Martzial frankisten helburu zirelarik. Gune horietan milizianoak txandaka aritu ziren fusilez eta metraileta apurrez. Beste aldetik, berriz, Bidasoako ezker aldetik zihoazen trenbideak altxatu ondoren, Endarlatsako zubi dinamitatuaren oztopoa gainditu zuten. Horren ondorioz, tropelka bidali zituzten erasotzaile andana San Migueletik Puntxas aldera. Tanketak lagunduta, legionarioek eta mairuek erasotu zuten Puntxasko defentsa lerroa. Kostatu zitzaien nazionalei Endarlatsatik haraino zeuden 5 kilometroak burutzea eta Puntxasko guneaz jabetzea. Bizpahiru aldiz aldatu zen kolorez bertan harro jarri zuten bandera, harik eta errepublikanoena, piperpotoak ordezkatu zuen arte. Eremu horren gainean Biriatuk duen talaiatik, xake partida odoltsu eta gogor bat bailitzan, turistek zein kazetariek, ederki ikusten zituzten aldaketa eta mugimendu horiek. Puntxasen aurkako behin betiko erasoa irailak 2an burutu zuten legionarioek, soldaduek eta erreketeek, hortik Behobiara kilometro bat besterik ez zuten. Egun berean, San Martzialez jabetu zirenean, Irungo patua erabaki zen.


Irun hutsa eta errea

Egun batzuk lehenago hasi zen alde errepublikanoak Euskal Herrian izan zuen lehen ihesaldi handia. Ordura arte, Nafarroatik bereziki, taldeka mugatik gertu zeuden haranetan edo banaka beste eskualdetan, ihes egin zuen jendeak. Baina, 1936ko abuztuaren 31n, Bidasoa zeharkatzen duten nazioarteko zubiek sekula ikusitako ihesaldirik populutsuena lagundu zuten. Mugaz bestaldean, batzuk inguruko herrietan kokatu ziren bitartean, gehienek Frantzian barrena Kataluniara jo zuten. Hor igaro zuten gerra askok, 1939ko otsailean, bigarren aldiz, erbesteratu behar izan zuten arte. Hori dela eta, irundarrak ihesean adituak izateaz gain, erbestean ugariak ziren. 1939ko apirilean ireki zuten Gurseko Kontzentrazio Zelaian, esaterako, errefuxiatu irundarren kopuruak (362koa) Bilbo eta Donostikoenak gainditzen zuen.

Frankistak irailaren 4an Behobiaratu ziren, Montejurra Tertzioko erreketeak buru zirela, legionarioek nazioarteko zubia eskuratzen zuten bitartean. Bestetik, beraien artilleriak eta hegazkineriak Irungo hainbat leku bonbardatu zituen, San Martzialetik eta Ventastik Uranzu zaharrari heltzeko. Bonbardaketa horien ondorioz, lehen suteak hasi ziren Irunen. Ikusgarriena eta lehenetarikoa, El Medio, hau da, Behobia eta Irunen artean zegoen auzotxoko La Cerillera lantokian sortu zen. Hurrengo orduetan askoz gehiago sorraraziko zituzten. Baina azken hauek, Irungo azken borrokalari anarkistek nahita piztutakoak izan ziren. Irun laga baino lehen, Kolon pasealekuan bereziki, zenbait etxeri sua eman zioten, lur errearen taktika garatu nahian. Ordu batzuk beranduago, frankisten esku zegoen, baina ia-ia hutsik aurkitzeaz gain, neurri handi batean erreta zegoen. Irailaren 5a zen.

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan