Astekaria

 Zientzia eta teknologia 

Uraza sasoia

Jakoba Errekondo

Jakoba Errekondo


2051. alea
2006-07-30
alde 0    kontra 0

Bero zakar hauetan edanaz ezin osa eta jateko gogo zipitzik ere ez. Honelakoetan baserritarrak nahikoa uraza edo letxu sortu ezinik ibili ohi dira. Tonaka letxu dabil gure errepidetan.

Milaka urte batzuk badaramazkigu uraza jaten. India aldetik ekarria, Mediterraneoko kulturen ur aparretan hedatu zen. Egipton, duela lau mila bat urte jaki estimatua zen eta garaiko aldaretako ikonografian maiz azaltzen da igebelar edo nenufareen aldamenean. Erroman izan zuen gero pagotxa, kana erdiko gerri moko finen eskariz barietateak hobetu ziren, estimuari eutsi eta zabalduz. Hortik egun ere letxu arruntari «erromatarra» deitzearenaą

Gerriak kana osatzen eta mokoak txepetxarenak bainoago xorroxten ari diren garaiotan letxu aukera ederra dugu: berdeak, gorriak, kizkurrak, kizkurragoak, buru handiak, barbanaką Hauek denak bezatutako letxu makatzetatik datoz; milaka urtetan makina bat ortuarik hoberenetan onenak bereiziz egindako lana. Makatzok geure inguruan ditugu oraindik ere eta azkena jandako urazaren aldamenean jarriz gero antzik ezetz atzeman! Uraza jende hau Lactuca generoan biltzen da. Lactuca-k esne kolorekoa esan nahi du, hostoa edo zurtoina hautsiz gero esne antzeko izerdi lodia jariatzen baitu. Izerdi honekin «laktuario» sonatua egiten da, opioaren ordezko narkotikoa, lasaigarria, hipnotikoa eta onirogenoa. Botika hau erruz erabili da, lo harrarazteko eta larrutarako gogoa pizteko. Botikako beste drogen aldean ona da, ez baitu zeharkako kalterik eragiten. Letxu makatza, Lactuca virosa, topatzen baduzu hona laktuarioa sortzeko bidea: hostaila eta zurtoina txikitu eta 50 gramoko litro erdi bat uretan jarri, berotu baina irakin gabe eta zortzi bat orduz honela eduki, iragazi eta horko ur arrea berriro berotzen jarri; ur guztia lurrindu eta goma ilun baten antza duenean hoztu eta jaso. Surik gabe erre behar da, hautsa egin eta tabakoari gehitzen zaio nahastuta edo pipatxoetan. Tamainan hartuta eragina ederra da, pasata hor ibiliko zara ez zerurako ez larrutarako.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
azala  
azala2050
 
azala2049

2051 zenbakia.
2006ko uztailaren 30a


   

Babeslea

Irizarren webgunera joan
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza