Gustav Mahler Europako Orkestran hemengo bi gaztek joko dute aurtengo udan: Jorge Pacheco hernaniarrak Parisen egin zuen perkusiolari aritzeko froga, eta Miren Zeberio tolosarrak Hagan (Herbehereak). Orkestran jotzea zer den eta euren bizimoduaren berri eman digute.
Itsaso IbarraEstitxu Eizagirre2006-07-30 |
Txiki-txikitatik ekin zioten musikari, baina heldu diren heinean lotu zaizkio gehiago zaletasun horri. Biak ere musikarien familiatan haziak dira, eta horrek bere eragina duela diote. Miren Zeberiok gogoan du nola hasi ziren bere anaia eta biak Donostian biolina ikasten, Suzuki metodoa jarri zuen irakaslearekin. Hiru urte baino ez zituen eta lehen «biolina» jostailu modukoa izan zuen, kartoizko kaxa sokadun bat. Batxilergoa amaitutakoan musikarekin jarraitzea erabaki zuen eta Donostian goi mailako ikasketak egin ondoren Holandara joan zen; hurrengo urtean ere Ultrecheko kontserbatorioan jarraituko ditu bere ikasketak.
Jorge Pacheco anaia Robertok bultza eta eraman zuen kontserbatoriora: «Hamar urte nituela hasi nintzen eta ez oso konbentzituta. Anaiak eman zuen nire izena musika eskolan eta hasieran oso gaizki pasa nuen. Gero tinua hartu nion eta anaiarekin egunero joaten nintzen. Arreba Laurak perkusioa jotzen zuen, eta niri ere kolpeak ematea gustatzen zitzaidan». Etxean bakarrik zegoenean, arropak garbitzeko xaboiaren tanborrak bihurtzen zituen bateria. Denborarekin Euskadiko Gazte Orkestran sartu zen eta orain goi mailako ikasketak amaitzen ari da Musikenen.
Gustav Mahler Jugendorchester Europako Gazte orkestran sartzeko frogak gainditu behar dira. Nolako froga tokatu zitzaizuen?
Frogetara aurkezterako, orkestra zein estilokoa den jakin behar duzu. Mahler orkestran tradizioa alemaniar edo austriarra da eta jotzeko era ez da hemengoen berdina. Perkusioa instrumentu askok osatzen dutenez, denak ondo jotzen ikasi behar da: egun batean pandereta jo behar duzu, hurrengoan xilofonoa edo tinbalak... Ordu pila sartu behar da bakoitzarekin.
M. Zeberio: Biolinaren kasuan, orkestrako froga gehienetan antzeko errepertorioa eskatzen dute. Kontzertu batzuk aukeratu behar dituzu eta mugimendu bat jo. Bi zati izaten ditu frogak: zure instrumentuko errepertorioa jotzea da bat, eta bestea zure instrumentuak orkestrako obretan joko dituen zatiak jotzea. Estilo eta erritmo ezberdinetako gauzak jo behar dituzu eta horrela orkestrako errepertorioa jotzeko zer gaitasun daukazun ikus dezakete.
Nolakoa da horrelako orkestra bat barrutik?
J. Pacheco: Zure adineko jendea ondo jotzen ikustea garrantzitsua da motibaziorako. Zortzi orduz aritzen bazara gela batean bakarrik ikasten eta ez baduzu kanpora atera eta besteekin jotzen, motibazioa galtzen da.
Ordu asko ematen al duzue entseatzen?
M. Zeberio: Bizitzan garai ezberdinak izaten dira. Nik orokorrean nahiago dut denbora gutxiago pasa ikasten eta ikasten dudanean benetan horretara jarri. Horrela denbora gehiago izan dezaket beste gauzetarako.
Aurrera begira zein asmo dituzue?
M. Zeberio: Nik ez daukat hain argi. Ez naiz inoiz profesional bezala orkestra batean egon. Ezberdina da gazte orkestra batean edo orkestra profesionalean aritzea. Gazte orkestrak bizpahiru asteko topaketak dira, giro ona dago, parranda, jendea ezagutzen duzu, ondo pasa...
J. Pacheco: Orkestra profesionala lana da. Gazte orkestran beti lagunekin zabiltza eta profesionalean baliteke denak lagunak ez izatea. Ez luke lantegi izan behar baina azkenean hala bihurtzen da. Uste dut hori kanpoko orkestretan ez dela hainbeste ikusten. Duela gutxi Manchesterreko orkestrarekin jo nuen eta giroa eta jotzeko modua erabat ezberdinak dira, maila oso ona daukate. Tradizio kontua ere bada, hemen duela 30 urte hasi ziren orkestrak -Euskadiko Orkestrak orain egingo ditu 25 urte-, Manchesterrekoa aldiz, 1820an hasi zen.
Abuztuaren 4an Bolzanon (Italia) elkartuko dira eta bi astez entseatuko dute, hasieran instrumentu bereko jendearekin eta ondoren orkestra osoak batera. Abuztuaren 16an hasiko dute bira: Bolzano eta Bolzen (Italia), Grazen (Austria), Edimburgon, Londresen, Colonian (Alemania) eta Donostian (abuztuaren 24an, Musika Hamabostaldian)
joko dute.