Euskararen inguruko albiste laburrak
Onintza Irureta
Euskara Berreskuratzeko Lege proposamenari ez
Batasunak egin eta EHAK taldeak proposatutako lege proposamena ez du aintzat hartu Eusko Jaurlaritzak. Lehendakariordetza Sailaren iritziz, 1982an indarrean jarri zen EAEko Euskararen Erabileraren Legeak «proposamenean jasotzen diren alderdi garrantzitsuenak dagoeneko modu egokian aurreikusten ditu». Karmele Aierbe Batasunako Euskara arduradunak Berriari emandako elkarrizketan balizko lege berriak babesteko gutxieneko zazpi puntu aipatu zituen: «Euskara Euskal Herri osoan ofiziala izatea; belaunaldi berrien euskalduntasuna bermatzea; udalerri euskaldunen garapen iraunkorra bermatzea; administrazio eta zerbitzu publikoak euskalduntzea; lan mundua euskalduntzeko baliabideak jartzea; euskarazko hedabideak eta kultur produkzioa lehenestea; eta hori guztia egiteko baliabideak bermatzea». Aierbek elkarrizketa horretan esan zuenez, «guk egiten dugun planteamendua oraintxe bertan indarrean jartzeko modukoa da».
Aranaren Euskunsa
Hiria argitaletxearen eskutik argitaratu du Aitor Arana legazpiarrak Euskunsa liburua. Esperantoaren logika erabiliz, euskunsa izena jarri dion hizkuntza sortu du, hogei letrako alfabetoa duena. Ez omen da serio hartzekoa hizkuntza berria, «txantxetako euskara erraza» asmatu baitu. Aranak esan du euskararekin dibertitzeko intentzioz idatzi duela liburua, «kokoteraino» dagoelako euskara hizkuntza zaila dela eta ikasterik ez dagoela entzuteaz.
Ekonomiaz ez dakitenentzat ekonomia liburua
Mikel Navarrok idatzi du
Espainiako ingurune ekonomikoa eta lehiakortasuna liburua eta Deustuko Unibertsitateak argitaratu du. Navarro Unibertsitate horretako Ekonomia katedraduna da eta ekonomiaz ez dakitenentzako liburua idatzi nahi izan du. Bere asmoa ez da irakurleak Espainiaren helburu ekonomikoak zein diren ikastea, ingurune ekonomikoa aztertzeko gai izatea baizik. Liburu osoa pdf formatoan dago
www.euskaraz.net/Argitalpenak/Testuak helbidean.
Hiru Mosketariak bideo-jokoan
Elhuyar Fundazioak Hiru Mosketariak izeneko bideo-jokoa argitaratu du CD-ROMean. Bideo-jokoa 19 herrialdetan argitaratu da eta Elhuyar Fundazioak euskarazko bertsioa egin du. Jokoak Alejandro Dumas idazlearen kontakizuna hiru dimentsioko irudien bidez azaltzen du.
Hiztegi berriak Euskaltermen
Uzei, Terminologia eta Lexikografia Zentroak, hiztegi berriak integratu ditu Euskalterm sareko hiztegian: Automobilen mantentze-hiztegia, Burdindegiko hiztegia, Norberaren Irudia, Ile-apaindegiak eta Estetika hiztegia, eta Arropa-denden hiztegia.
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.