Ez dira batere lauak Eremulauak Kultur Elkarteak jorratzen dituen eremuak, ez eta gai horiek aztertzeko erabiltzen dituen estiloa eta sakontasuna. Eremulauak.com webguneari begirada bota diogu eta testu freskoak aurkitu ditugu; ironikoak, indarrez beteak. Telebistako freakyei egindako kritika zorrotza, Sexty Sexers musika taldearekin batera bidaiatu zuen lagunak kontaturiko esperientzia, zaborra eta artea uztartzen dituen performancearen inguruko artikulua, Iban Zaldua idazlea gaitzat duen bi lagunen arteko elkarrizketa bitxia eta Bilbo, Buenos Aires eta Brusela bezalako lekuen kronika dibertigarriak topatu ditugu, besteak beste. Egun hain modan dauden blogarien antzera, Eremulauak.com egiten duten gazteek kulturari lotutako gogoetak eta bizipenak sarean uzten dituzte, baina Eremulauak bloga baino gehiago da.
Gorka Bereziartuak, Haritz Pascualek eta Xabier Doncelek unibertsitatean ezagutu zuten elkar, Kazetaritza ikasten ari zirela. Hiru lagunek kultur arloan antzeko gustuak zituztela ikusi zuten eta atsegin zituzten talde, idazle edo artista horiek ez zutela ia lekurik komunikabideetan. Horregatik, gustuko zuten literatura, musika eta antzerkiari oihartzuna emateko, hedabide propioa sortzea erabaki zuten. Hala, baliabide eta diru gutxirekin horretarako aukera eskaintzen duen euskarria hautatu zuten: Internet. Ekimena 2004 bukaeran abiatu zuten eta 2005 urte hasieran orrialdea edukiz betetzen hasi ziren. Diseinuaz, Iker Perez de Albeniz webmasterra arduratu da hasieratik.
Eremulauak eztabaida sortzeko gogoz jaio zen eta proiektu irekia izan da beti. Are gehiago, irakurleekin izan duen harremanari esker, urte eta erdi honetan kolaboratzaile dezente lortu du. Horrek lana asko erraztu die hiru koordinatzaileei, edukiak banatu ditzaketelako. Egun, berrogei kolaboratzaile inguru dituzte: batetik, noizbehinka idazten duen jendea dago eta bestetik, kolaboratzaile finkoagoak dituzte. Unai Lakok, esaterako, telebistako kritikak egiten ditu eta Beñat Sarasola literaturari buruzko testu ugariren autorea da. Kolaboratzaile gehienak Kazetaritzako ikasleak dira, egitasmoaren berri izandakoan parte hartzera animatu diren gazteak, baina denetarik dago. Emokumea ezizenarekin arteaz idatzi izan duen lagunak, adibidez, Arkitektura ikasi du eta gaian aditu izateak sakontasuna ematen die bere testuei.
Zailtasunak ere izan dituzte, ordea. Handiena, denbora da, edo, hobe esanda, denbora falta. Eremulauak aisialdian egiten duten proiektua da eta beraz, azterketak, praktikak, lana edo bestelako betebeharrak egokitzen direnean, web orrialdeaz arduratzeko asti gutxiago dute. «Askotan, nahi genukeena baino denbora gutxiago dugu idazteko -aitortu digu Gorka Bereziartuak-. Webgunea egunero gaurkotzea eta dinamismo handiagoa ematea gustatuko litzaiguke, baina ez gara honetatik bizi eta ez dugu aukera hori. Ahal dugunean berritzen dugu».
Ekarpen interesgarrien bila
Eguneroko eginbeharrek tartea uzten dietenean, webgunerako idazteari ekiten diote. Durangoko Azoka dagoen garaian, esaterako, informazio gehiago mugitzen dute, bolada horretan liburu eta disko piloa kaleratzen delako, baina literatura eta diskogintzatik at, beste motatako kultur ekintzak urte osoan zehar aurki daitezkeela dio Bereziartuak. Gehiengoarentzat hain ezagunak izan ez arren, Eremulauakeko kideek gustura jarraitzen dituzte. Azken finean, zerbait gehiago bilatzen eta gauza originalak egiten saiatzen diren artistei hitza ematea dute helburu. Lituraren kasuan, esaterako, Bereziartuak azaldu digu lehenago aipatuko dutela Uxue Apaolazaren azken liburua, Atxagarena baino, jendeak Atxagaren idazkera eta literatura ezagunak dituelako. Apaolazaren liburuak, ordea, euskal kulturari ekarpen interesgarriagoa egin diezaioke une jakin batean. Pertsonaia ezagunen itzalpean geratzen diren egileak sustatu nahi dituzte.
Irizpide horietatik abiatuz, kultura da ardatz nagusia. Webguneak Berriak, Ikus-entzun, Musika, Literatura eta Artea atalak ditu eta bertan aurki daitezkeen testuek ikuspegi berritzailea, umoretsua eta freskoa bilatzen dute. Halaber, Lekuak izeneko atalean idatzi literarioak dira nagusi, estilo libreagokoak, «nork bere hausnarketak eta paranoiak bertan husteko». Foroa atalak elkarreragina eta ideien trukea sustatzea du xede eta Agendan kultur ekintzen berri ematen da. Hori dena, copyleftaren filosofia jarraituz. Hots, nahi duenak webguneko artikuluak bere probetxurako erabil ditzake.
Ehunetik gora egunero
Eremulauak Kultur Elkarteko kideek badakite ekimenak aurrera egiteko bidean berrikuntzak gehitzea beharrezkoa dela. Hartara, web gunearen diseinua berritzeaz gain, aurten Ediziogunea izeneko sekzio berria sortu dute. Zigilu horren bitartez, Nun taldearen Collage diskoa kaleratu dute dagoeneko. Copyleftaren filosofiari jarraiki, bilduma web gunean bertan deskargatu daiteke eta etorkizunean argitaratzen dituzten lanekin gauza bera egiteko asmoa dute. Ediziogunea atalean, musikaz gain ikus-entzunezko nahiz idatzitako produktuak kaleratzea da helburua.
![]() |
|
||||
2051 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa