Katixa Garate
Musika nonahi
Reggaea, rocka, metala, musika klasikoa... askotariko kontzertuak ikusi eta entzun ahal izango dira uztailaren hondarrean eta abuztuan zehar. Ostiralean hasiko da bigarrenez Biarritzen Les Extravagances jaialdia. Musikari ezagunek hartuko dute parte Agilera errugbi zelaian 28 eta 29an: Alpha Blondy (irudian), Toots & Th Maytals, Sergent Garcia, Delorean... 28tik 30era heavy doinuak izango dira nagusi Gernikako Metalway jaialdian. Hogei talde inguru arituko dira zuzenean Santa Luzia zelaian: Annihilator, Arch Enemy, Baron Roko, Helloween... Abuztuaren 3an abiatuko da Donostiako Musika Hamabostaldia. Aurtengoan Mozart, Arriaga eta Aita Donostia izango dituzte bereziki gogoan euren urteurrenak direla-eta, musika klasikoko jaialdi ospetsuan.
Komiki topaketak Araban
Laku-Ertzeko Topaketak antolatu ditu Saure argitaletxeak. Abuztuaren 25etik 27ra izango dira Legutio eta Murgian. Programa aberatsa atondu dute narratiba laburrean eta karikaturaren artean trebatzeko. Hiru eguneko tailerrak izango dira. Txani Rodriguezek ipuingintza tailerra eskainiko du, Rober Garaik komikigintzakoa eta Jean Françoise Saurék sorkuntza artistikoaren gainekoa. Horiez gain, ekitaldi andana izango da. Musicature ikuskizunaz gozatu ahal izango da, Sonia Vera abeslariaren, Pepe Goya gitarra jolearen eta Simonides marrazkilariaren eskutik. Teknologia berriak sorkuntza artistikoaren prozesuan eta Mitologia mintegiak izango dira Aurora Solano eta José Herrerorekin, eta Unai Busturiarekin. Ibilaldiak, bazkariak eta erakusketak ere izango dira.
Metalezko eskulturak Irisarrin
Pirinio atlantikoetako departamenduan meategiei eta metalurgiari lotuta dagoen ondarea nabarmendu nahian, egurrez eta burdinez egindako eskulturen erakusketa da ikusgai Irisarriko Ondarearen Heziketa Zentroan. Christiane Giraud, Iñaki Olazabal, Aitor Mendizabal, Baroja Collet, Christophe Doucet eta Claude Vizeus artisten lanak paratu dituzte. Eskulturak ikusteaz gain, hiru dimentsioko ibilaldi artistiko eta sentsorialak egin ahal izango dituzte ikusleek. Hitzaldiak ere antolatu dituzte apiriletik hona eta artistek hainbat lantegi egin dituzte. Abuztuaren 30a arte izango da zabalik.
Zapatek ere badute euren historia
Plataformadun oinetakoak modan izan ziren duela urte batzuk baina haiek ez zituzten joan den mendean sortu, Veneziako hirian aspaldi jantzi zituzten lehenengoz lokatzetik eta uretik babesteko. XIX. mendearen amaierako botinak eta takoiak boladan dira egun. Oinak babesteko, norbanakoaren klase soziala adierazteko, edergarri gisa... askotariko erabilera izan dute oinetakoek antzinatik. Haien historia hurbiletik ezagutzeko aukera dago Bilboko Euskal Museoan. Eldako (Herri Katalanak) Oinetakoen Museotik ekarritako 115 oinetako ikus daitezke bertan urriaren 15a bitarte.
Antzerkian sakontzeko ikastaroak
Urtero bezala, uda ikastaroak antolatu ditu Nafarroako Antzerki Eskolak. Abuztuaren 21etik irailaren 8a arte lau ikastaro eskainiko dituzte Iruñean. Roberto Romeik gorputza eta emozioa nola landu azalduko du, Ernesto Caballerok klasikoak interpretatzeko gakoak emango ditu; Kalamandalam Ravindran maisuaren eskutik Koodiyattamera, ahotsa eta dantza uztartzen dituen munduko antzerki forma zaharrenera, hurbiltzeko aukera izango da, eta Patxi Larreak bufoien gaineko ikastaroa emango du.
Euskal gaiei buruzko narrazio labur lehiaketa
EuskoSarek Narrazio Laburren Nazioarteko Lehiaketa antolatu du estreinakoz. Edozein herrialdetako idazleek har dezakete parte. Narrazioek euskal gaiei buruzkoak izan behar dute eta euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez edo ingelesez idatz daitezke. Ipuinek 300 hitzeko luzera izan dezakete gehienez. Lanak irailaren 16rako bidali behar dira eta irabazleak 500 euroko saria jasoko du. Informazio gehiago
www.euskosare.org helbidean.
Blanca Arrietaren Ciento Cincuenta Cuerdas dantza konpainiak Silvery Snot obra estreinatu du. Dublingo Irish Modern Dance Theatre konpainiako zuzendari artistikoa den John Scottekin batera sortu du lana Arrietak eta denboraren igarotzea du hizpide. Arrieta bera, Igor Calonge, Robert Jackson eta Jorge Lastra dira obrako dantzariak.
Kepa Gallegok idatzitako Eingo al deu? antzezlana plazaratu du Artezblai argitaletxeak. Serantes antzerki saria jasotakoa da antzerki lana. Autorearen esanetan «ekitaldi bakarreko fartsa ludiko-sexuala» da.
Zafari Project taldea gailendu zen joan den azaroan Debajazz jailadiak egindako talde berrien lehiaketan. Lehen diskoa dakarte orain besapean. Rocketik jazzeraino doazen doinuak dira entzungai Errabal zigiluarekin kaleratutako lehen diskoan.
Miriam Ocariz moda diseinatzaileak Marrazkiak erakusketa jarri du Bilboko Espacio Marzana galerian. Marrazkietatik abiatu zen Ocariz modaren mundura eta hastapenetako marrazkiak eta egungoak euskarri ezberdinetan aurkeztu ditu galeriako zoru, pareta eta sabaietan.
Patxi Zubizarretak adierazpenok egin zizkion Berriari: «Orain arte gehiegi idatzi dugu idazleontzat. Idazleok gero eta gizarte talde endogamikoagoa egiten ari gara, eta jendearengandik gero eta urrunago gaude. Bi mutur daude, bata best seller-a, eta bestea literatura eskisitoa. Nik uste dut askoz ere hurbilago nagoela literatura eskisitotik, eta horretaz ere aspertua nago. Ertzeko bide bat bilatu nahi dut bi mutur horien artean».
Fito Rodriguezek horrelaxe esan zion Nabarrari: «Lehen, artista saldua izateak zentzu peioratiboa zuen; orain, berriz, salduena izatea, merkatuak hala agintzen duelako, ezaguna izatea da».
Joxean Muñoz KGNGko zuzendariak Euskonews & Mediari: «Aurrean dugun erronka oso polita da, eta oso kontuan hartu behar dugu non eta noiz sortzen ari garen. Eta noiz horretan, XXI. mendean, ikusi egin behar da zenbat aldaketa izaten ari diren kulturarekiko (gainera gaur egungo kultur esanahiaren zabaltze horrekin...), eta nola definitu 'garaikide' hori. Kultura eta dibertimendua, kultura eta industria, kultura eta zientzia... non dago muga?».
Don Herbert artista Berrian: «Teknologia berrien garaian, pintura eta eskultura bizirik daude New Yorken, Londresen, Alemanian... (...) Hemen (Euskal Herrian), ordea, arte bakarra teknologia berrietakoa delako ustea nagusitu da».