Mikel Garcia
Ez dira batere lauak Eremulauak Kultur Elkarteak jorratzen dituen eremuak, ez eta gai horiek aztertzeko erabiltzen dituen estiloa eta sakontasuna.
Eremulauak.com webguneari begirada bota diogu eta testu freskoak aurkitu ditugu; ironikoak, indarrez beteak. Telebistako
freakyei egindako kritika zorrotza, Sexty Sexers musika taldearekin batera bidaiatu zuen lagunak kontaturiko esperientzia, zaborra eta artea uztartzen dituen
performancearen inguruko artikulua, Iban Zaldua idazlea gaitzat duen bi lagunen arteko elkarrizketa bitxia eta Bilbo, Buenos Aires eta Brusela bezalako lekuen kronika dibertigarriak topatu ditugu, besteak beste. Egun hain modan dauden blogarien antzera, Eremulauak.com egiten duten gazteek kulturari lotutako gogoetak eta bizipenak sarean uzten dituzte, baina Eremulauak bloga baino gehiago da.
Gorka Bereziartuak, Haritz Pascualek eta Xabier Doncelek unibertsitatean ezagutu zuten elkar, Kazetaritza ikasten ari zirela. Hiru lagunek kultur arloan antzeko gustuak zituztela ikusi zuten eta atsegin zituzten talde, idazle edo artista horiek ez zutela ia lekurik komunikabideetan. Horregatik, gustuko zuten literatura, musika eta antzerkiari oihartzuna emateko, hedabide propioa sortzea erabaki zuten. Hala, baliabide eta diru gutxirekin horretarako aukera eskaintzen duen euskarria hautatu zuten: Internet. Ekimena 2004 bukaeran abiatu zuten eta 2005 urte hasieran orrialdea edukiz betetzen hasi ziren. Diseinuaz, Iker Perez de Albeniz webmasterra arduratu da hasieratik.
Eremulauak eztabaida sortzeko gogoz jaio zen eta proiektu irekia izan da beti. Are gehiago, irakurleekin izan duen harremanari esker, urte eta erdi honetan kolaboratzaile dezente lortu du. Horrek lana asko erraztu die hiru koordinatzaileei, edukiak banatu ditzaketelako. Egun, berrogei kolaboratzaile inguru dituzte: batetik, noizbehinka idazten duen jendea dago eta bestetik, kolaboratzaile finkoagoak dituzte. Unai Lakok, esaterako, telebistako kritikak egiten ditu eta Beñat Sarasola literaturari buruzko testu ugariren autorea da. Kolaboratzaile gehienak Kazetaritzako ikasleak dira, egitasmoaren berri izandakoan parte hartzera animatu diren gazteak, baina denetarik dago.
Emokumea ezizenarekin arteaz idatzi izan duen lagunak, adibidez, Arkitektura ikasi du eta gaian aditu izateak sakontasuna ematen die bere testuei.
Zailtasunak ere izan dituzte, ordea. Handiena, denbora da, edo, hobe esanda, denbora falta. Eremulauak aisialdian egiten duten proiektua da eta beraz, azterketak, praktikak, lana edo bestelako betebeharrak egokitzen direnean, web orrialdeaz arduratzeko asti gutxiago dute. «Askotan, nahi genukeena baino denbora gutxiago dugu idazteko -aitortu digu Gorka Bereziartuak-. Webgunea egunero gaurkotzea eta dinamismo handiagoa ematea gustatuko litzaiguke, baina ez gara honetatik bizi eta ez dugu aukera hori. Ahal dugunean berritzen dugu».
Ekarpen interesgarrien bila
Eguneroko eginbeharrek tartea uzten dietenean, webgunerako idazteari ekiten diote. Durangoko Azoka dagoen garaian, esaterako, informazio gehiago mugitzen dute, bolada horretan liburu eta disko piloa kaleratzen delako, baina literatura eta diskogintzatik at, beste motatako kultur ekintzak urte osoan zehar aurki daitezkeela dio Bereziartuak. Gehiengoarentzat hain ezagunak izan ez arren, Eremulauakeko kideek gustura jarraitzen dituzte. Azken finean, zerbait gehiago bilatzen eta gauza originalak egiten saiatzen diren artistei hitza ematea dute helburu. Lituraren kasuan, esaterako, Bereziartuak azaldu digu lehenago aipatuko dutela Uxue Apaolazaren azken liburua, Atxagarena baino, jendeak Atxagaren idazkera eta literatura ezagunak dituelako. Apaolazaren liburuak, ordea, euskal kulturari ekarpen interesgarriagoa egin diezaioke une jakin batean. Pertsonaia ezagunen itzalpean geratzen diren egileak sustatu nahi dituzte.
Irizpide horietatik abiatuz, kultura da ardatz nagusia. Webguneak Berriak, Ikus-entzun, Musika, Literatura eta Artea atalak ditu eta bertan aurki daitezkeen testuek ikuspegi berritzailea, umoretsua eta freskoa bilatzen dute. Halaber, Lekuak izeneko atalean idatzi literarioak dira nagusi, estilo libreagokoak, «nork bere hausnarketak eta paranoiak bertan husteko». Foroa atalak elkarreragina eta ideien trukea sustatzea du xede eta Agendan kultur ekintzen berri ematen da. Hori dena, copyleftaren filosofia jarraituz. Hots, nahi duenak webguneko artikuluak bere probetxurako erabil ditzake.
Ehunetik gora egunero
Sorreratik, Eremulauak.com atariak harrera oso ona izan duela eta hastapenetako arrakastak harritu egin zituela onartu du Bereziartuak. Orain, IP (Internet Protocol) edo ordenagailu desberdinetatik egindako ehun bisita baino gehiago jasotzen dituzte egunero. Orrialdea kultura atsegin duen edonori zuzendua dago, baina egitasmoaren urteurrena ospatzeko antolatu zuten jaian ikusitakoaren eta hitz egindakoaren arabera, irakurle gehienak unibertsitarioak direla uste dute egileek. Era berean, zaleengandik entzundako iritzien arabera, musikari buruzko atala da arrakastatsuena. Gainera, artikulu gehienak atal horrek bildu ohi ditu. Literaturaren inguruko atalak izan duen harrera ona ere nabarmentzekoa da, bertako iritziek beste hainbat foro eta webgunetan eztabaida ugari piztu baitituzte. Horrek guztiak proiektuaren sustatzaileak gunearekin aurrera jarraitzera animatzen ditu. Internautek atsegin dute, geroz eta lankide gehiago dira eta hasieran baino seguruago ikusten dute beren burua. «Gure estiloa markatu dugu eta pixkanaka bidea egiten ari gara. Gainera, bere txikitasunean, proiektu propioa sortu ahal izana oso interesgarria eta aberasgarria da», dio Bereziartuak.
Jon Gonzalo
Artelekuk 20 urte beteko ditu, eta bere ibilbidearen inguruan balorazioa egiteko garaia da. Nola baloratuko zenituzke 20 urte hauek?
Gauza asko aldatu dira 20 urte hauetan, baina hasierako oinarriak bere horretan mantentzen dira. Arteleku artea eta kultura garaikideko zentro bat da. Artea sortzea eta aztertzea du helburu, artearekin esperimentatzea eta gozatzea. Hemengo eta nazioarteko artistentzat gune egoki bat sortu dugu, beraien proiektuak eta lanak gauzatzen laguntzen diegu. Alde horretatik, egia da 20 urte hauetan gero eta jende gehiagorengana iritsi garela. Urtero-urtero milaka pertsona pasatzen dira zentro honetatik.
Zein da 20 urte hauetan nabaritu duzun aldaketa handiena?
Teknologia berrien zabalkundeak eragin handia izan du gure gizartean eta, noski, baita arte munduan ere. Artea sortu eta artearekin esperimentatzeko aukera berriak eskaini dizkigu, eta gaur egun mundu honek eskaintzen dituen aukerek ez dute orain dela 20 urtekoekin zerikusirik. Artelekun teknologia berri horiek guztiak integratzen saiatu gara, eta horregatik garrantzia handia eman diogu digitalizazioari eta ikus-entzunezko munduari.
Hain zuzen ere, aurtengo bi erronka nagusiak artxibo digitalaren sorrera eta ikus-entzunezko emanaldi eta jardunaldiak dira, ezta?
Halaxe da. Gure webgunean (www.arteleku.net) artxibo digital mugagabea sortzen ari gara. Artxibo horretan Artelekun egiten diren ekitaldi, proiektu eta jardunaldi guztien berri jasotzen da, baina helburua ez da egindakoa gordetzea. Artxibo honen helburu nagusia Artelekun egiten dugun lana ezagutaraztea eta zabaltzea da. Banatzaile digital bat sortu dugu, eta aurtengo aurrekontuaren zati handi bat lan horretan xahutu dugu.
Dena den, bestelako ekitaldi, jardunaldi eta tailerrak ere antolatu dituzue.
Ia zazpi hilabete pasa dira urtea hasi zenetik, eta bide erdian gaudela esan daiteke. Orain arteko ekitaldiek izan duten erantzunarekin oso pozik gaude, eta hemendik urte amaierara bide beretik jarraitzea espero dugu. Hilabete honetan Mugatxoan 06 ekimenarekin jo eta ke ari gara lanean. Dantzaren, performancearen eta arte plastikoen inguruko esperientzia berritzailea da, eta parte hartzaileek beraien artelanak aurkezteko aukera dute. Hizkuntza berrien bila ari diren artistentzat oso esperientzia polita da. Donostian eta Oporton egiten ari gara aldi berean. Hemendik urte amaierara, ordea, bestelako hainbat ekitaldi ere izango dira.
Makina bat ekitaldi antolatzen dituzue urtero, baina iruditzen zait egiten duzuen lana ez dela behar bezain beste ezagutzen. Artelekuren jardunak ba al du oihartzunik gizartean?
Guk ez dugu publiko handientzat lan egiten. Gure helburua ez da gizartearen osotasunera iristea. Publiko txikientzat egiten dugu lan. Hori bai, ahalik eta publiko txiki gehien izan nahi ditugu. Urtean zehar antolatzen ditugun ekitaldietan jende askok hartzen du parte, 5.000 edo 6.000 pertsona pasatzen dira urtero Artelekutik, eta hori pozik egoteko moduko datua da. Nolanahi ere, gure lana ezagutarazteko helburua ere badugu, eta besteak beste, helburu horrekin jarri dugu martxan gure lanaren berri ematen duen artxibo digitala.
Gipuzkoako kultur mapak aldaketa handiak izango ditu datozen urteetan, eta Artelekuk aldaketa horietara egokitu beharko du. Zein da mapa horretan dagokion tokia?
Datozen hilabeteak erabakigarriak izango dira Artelekuren etorkizuna finkatzeko. Baina ez dago jokoan Artelekuren etorkizuna bakarrik: Koldo Mitxelena liburutegiaren, Euskadiko Filmategiaren eta beste zenbait erakunderen lana ere berraztertu beharko da. Etorkizunari begira Artelekuk dituen aukerak mugagabeak dira: fusioa, mutazioa, migrazioa... Argi dagoena da aldaketa badatorrela, eta gure helburu nagusia aldaketa horri emango diogun forman asmatzea da.
Aldaketa horien guztien sortzailea Donostiako Tabako Fabrikako proiektua da, Arte Garaikidearen Nazioarteko Gunearen proiektua. Zein da egitasmo honi buruz duzun iritzia?
Argi dago Tabako Fabrikako proiektuan oso gauza interesgarriak egin daitezkeela. Horretan ez dut inolako zalantzarik. Kontua da gauza horiek guztiak ondo definitzen asmatu behar dela, eta oraindik lan handia egin behar dugu. Datozen hilabeteetan bilera asko izango dira proiektua definitzeko, eta guztion iritzia kontuan hartzea beharrezkoa izan da.
Eta zein da zure iritzia?
Tabako Fabrikak kultur munduan sortzen diren aldaketei eta esperientzia berritzaileei lehentasuna eman beharko die, digitalizazioan eta konektibitatean aitzindaria izan beharko du. Gaur egun, ohiko liburutegiek, filmotekek eta argazki artxiboek ez dute etorkizun handirik. Hori guztia Interneten dago, sarean dago, eta horregatik Tabako Fabrikak aldaketa horietara egokitu beharko du.
Hasiera batean, proiektu honetako zuzendaritzan egingo zenuen lan, baina ondoren izendapen horrek atzera egin zuen. Zergatik?
Ezezkoa eman nuen, pertsonalki oso esperientzia sakona bizitzen ari naizelako. Orain gutxi aita izan naiz, zazpi hilabeteko alaba daukat, eta nire emozioak eta sentsazioak bizitzeko eta ulertzeko denbora behar dut. Une hauetan ezin dut Tabako Fabrika bezalako proiektu baten buru-belarri sartu. Espazioak eta denborak libratu behar ditut, eta bolada batean eszedentzia hartzea pentsatzen ari naiz. Dena den, Tabako Fabrikako egitasmoa esku onetan dago, eta ziur nago Joxean Muñozek lan txukuna egingo duela.
Pilar Iparragirre
Hitza azti egitean izan duzun helburua?
Bitxikeriatzat joko du hainbatek nire jarduna. Mamirik gabeko artifiziotzat. Baina hizkuntzarekin jolas egiteak hizkuntzak dituen ahalbideez ohartarazten gaitu. Ez da hori, inolaz ere, helburua, jolasa ez bailitzateke jolas izango asmo baten agindupean egongo balitz, baina hala ere norberaren hizkuntz kontzientzia eta ezagutza garatzen direla ezin da ukatu. Bi aditzek ematen digute nire jardunaren gakoa: hizkuntzaz gozatu, hizkuntzaz jabetu. Liburuan azaltzen ditudan adierazpen ludiko guztien abiapuntuan hizkuntzaren gaineko gogoeta dago. Hau da, kontzienteki askotan, ohartu gabe beste batzuetan, darabilgun hizkuntzaren nondik norakoak zalantzan jartzera eta birpentsatzera bultzatzen gaituzte ariketa hauek, hitzen beste aldean dagoen mundua ikusarazten baitute.
Zer eskatzen du jolas horrek?
Jokalariak ez ezik, esploratzaileak ere izatea hizkuntz zelaian, hitzen, esaldien, arauen iturburutara joateko, haietan barneratzeko, aurkitutakoa apurtu, aztertu eta berregiteko.
Eta nork egin dezake halakorik?
Nornahik luza lezake liburuan agertzen diren adibideen zerrenda, beste nonbait irakurri edo entzun dituenak gehituta, mugagabea baita horien pare jar genitzakeen aipuen multzoa. Baina inon bilatu beharrean, denon esku dago hitzekin jolastea, hizkuntzaren jabe garen aldetik. Beraz, distantzia hartu, hizkuntza den bezala onartu, lanabesa dela ohartu, aurreiritziak ihartu, eta hitzak hitzekin hitzartu. Egizu proba, irakurle. Zure txanda da.
Itsaso Ibarra / Estitxu Eizagirre
Gustav Mahler Europako Orkestran hemengo bi gaztek joko dute aurtengo udan: Jorge Pacheco hernaniarrak Parisen egin zuen perkusiolari aritzeko froga, eta Miren Zeberio tolosarrak Hagan (Herbehereak). Orkestran jotzea zer den eta euren bizimoduaren berri eman digute.
guztia irakurri
Pilar Iparragirre
Iparraldean gaindi
Joseba Aurkenerena
Gero
204 orrialde 15 euro
Iparraldekoen euskal nortasunaz
Globalizazioak eta Frantziako Gobernuaren zentralismoak Iparraldea gogor astintzen badute ere, bertako herritarrek euskal nortasunari, modu kontzientean edo oharkabean eusten diotela azaldu nahi izan du Joseba Aurkenerena Barandiaranek Iparraldean gaindi lanean agertzen diren hogeita lau kroniken bidez. Liburua, Lapurdiko Urruñan bizi den irakasle gipuzkoar honek 2003. urtean plazaratu zuen Iparraldeko kronikak izeneko haren jarraipena dela esan daiteke. Hamar urte badira dagoeneko Joseba Aurkenerena Iparraldean finkatu zenetik, eta denbora horretan izan dituen bizipen zenbait bildu ditu bere lanean, Hegoaldekoek Iparraldean uniformizazioaren kontrako borrokan egiten den lana hobe ezagutu dezagun.
Depósito ilegal
Karlos Linazasoro
Alga
114 orrialde
Karlos Linazasororen hainbat narrazio labur gaztelaniaz
Gerardo Markuletak itzuli ditu gaztelaniara Karlos Linazasorok Ipuin errotikoak eta Ez balego beste mundurik liburuetan agertutako hainbat narrazio labur. Besteak hiltzea lanbidetzat duen gizonaren eta bere semearen arteko elkarrizketaren mamia azaltzen duen ipuina izan, edo igande gauero garbigailutik ateratzen den garrasiaren arrazoia eskaintzen diguna, guztietan ageri da idazle tolosarrak hain maisuki erabiltzen duen umore garratz horren aztarna. Gaiak ugari dira: norbaiten aurkako mehatxua enkargatzera doan gazteak jasotzen duen erantzuna, inongo dendatan zorrik izan nahi ez duen emakumeak hala izan dadin lortzeko egiten duena, koartada galdu duelako oso kezkaturik dabilen gizonari ematen dioten iradokizuna... y
Katalin etxe berrira doa
Liesbet Slegers
Ibaizabal
28 orrialde 8,20 euro
Neska txiki baten etxe aldaketa
Haur txikienei begira idatzitako istorio honen protagonista eta kontalaria Kattalin da, oso urte gutxi dituen neskatoa. Etxez aldatu beharra dute, eta, ohitu dadin, bere amatxok etxe berri bat oparituko dio neskatoak hainbeste maite duen untxiarentzat. Gero, ordura arte etxean dauzkaten gauza guztiak kartoizko kaxa handietan gorde behar izango dituzte, baita Kattalinen jostailuak ere. Eta halako batean iritsiko da aldaketa eguna. Gizon batzuk etorriko dira Kattalin eta bere gurasoen kaxa eta altzariak kamioi batean sartzeko, eta han joango dira denak: untxitxoa, Kattalin eta bere gurasoak kotxe batean aurretik, eta kamioia atzetik. Etxe berrira iritsitakoan, gizonek kaxa guztiak hartu eta geletan utziko dituzte. Eta jakina, jarraian gauza guztiak atera eta bere lekuan jarri behar izango dituzte.
Txantxa.Quick
Patxi Zubizarreta
Erein
190 orrialde
Patxi Zubizarretaren azkena
Erein argitaletxeak plazaratu duen Txantxa.Quick nobela Patxi Zubizarretak argitaratu duen azkeneko lana da. Telebistan hain ohiko diren txantxa saio horiek ditu hizpide. Nobela korala dela esan daiteke, ugari baitira bertan protagonistak. Besteen kontura barrea eragin arazteko zelatagailuak behar dira, nonbait, eta traste horiek saltzen dituen emakumea da protagonistetako bat, txantxa saio baten egilea den Marta kazetariarekin eta honek haurra izan orduko Interneten pornografia bila ekin dion bere senar goi funtzionarioarekin batera. Senar-emaztearen arteko kontuak okertzen hasten direnean, familia terapeuta batengana joko dute, Karmelo izenekoa. Bikotearen haurra ere ez da txantxetakoa: Perejil uharteko konkistan parte hartu zuen txapel berde ohi baten laguntzaz, bahiketa espres bat prestatuko du!
Egun bat nire bizitzan
Bobby Sands
Txalaparta
154 orrialde 15 euro
Bobby Sandsen testigantzaren berrargitalpena
Preso politiko gisa onartuak izateko IRAko presoek kartzela barruan aurrera eraman zuten borrokaren ondorioz hil zirenetako bat dugu Bobby Sands. Bederatzi preso errepublikano hil ziren era berean, 1981ean. Bobby Sandsek 66 egun zeramatzan baraua eginez ordurako. Hogeita zazpi urte zeuzkan eta bizitzaren herena kartzela barruan pasatua zuen. Txalaparta argitaletxeak berrargitaratu duen Egun bat nire bizitzan liburuan agertzen dena preso errepublikanoen borroka horren kontakizun lazgarria da. Komuneko paperean eta uzkian gordetako boligrafo batez idatzi zuen Bobby Sandsek bere testigantza Idatzitakoa ezkutuan atera zuen tarte batean, eta horrela heldu da gugana.
Baso magikoan
Gabriel Janer Manila
Ibaizabal
70 or. / 9,40 euro
Teresa eta Jaume amonaren etxerako bidean galduta
Gabriel Janer Manilak sortu, Enara Azkuek euskaratu eta Mabel Piérolak marraztutako istorio honen protagonistak Teresa eta Jaume anai-arrebak dira. Larunbata dute egunik gogokoena, amonari bisita egitera joaten direlako, eta horretarako basoa zeharkatu behar dutelako. Amak beti esaten die bide ezagunetik joateko, ez bilatzeko bidezidorrik, baina Teresa eta Jaumeri bost axola amak esana, debeku bakoitza akuilu moduan iristen baita beren belarrietara, eta bidezidor misteriotsuak zeharkatzeari ekingo diote.
Hitza azti
Iñaki Arranz
Alberdania
284 orrialde
Iñaki Arranz edo hitzen herrian osorik sartzea
Gasteizko Udaletxeko Kultur teknikaria den Iñaki Arranzek Hitza azti lanean irakurleari hitzen herrian murgiltzeko proposamena egiten dio. Berak oso garbi du hizkuntzarekin jolas egin daitekeela, gainera betidanik horrela egin izan dela, eta jolas horren adibide ugari bildu ditu bere lanean, euskarak ere joera ludikorako isuria nabarmendu duela erakutsiz. Belaunaldiz belaunaldi iritsi zaizkigun atsotitzetatik hasi eta egungo olerkari abangoardisten esperimentazioekin buka, umeen leloetatik eta publizisten esaldi biribiletatik igarota, euskal literaturaren ibilbide osoa korritu du horretarako, bertsolarien lana ere kontuan hartuz, hiztegiak eta izendegiak arakatuz, egungo eta aspaldiko kazeta artikulu eta denbora pasak berrirakurriz, kantak eta komikiak aztertuz, gramatiketan ere ibiliz eta ingurukoen esanak ondo jasotzeko belarriak erne edukiz. Eta jakina, horrela eskaini ahal izan dizkigu hitz eta esapide bikoitzak, esaldi totelak, hitz kateak, aho korapiloak, errima errebesak, serializazioak, anagramak, hitzak dantzan, perpaus nahasiak, aurpegi biko hitzak, palindromoak, akrostikoak, hitz hautsiak, itsatsiak, asmatuak, osatugabeak eta lapsusak, besteak beste.