Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-08-29 14:59:50
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2006-07-30 -- 2051.zenb

Aintzane Ezenarro

"Zer eskatzen du herriak? Askatasuna". Askotan pentsatu dut herri honetan askatasuna hitza zentzu mugatuegian erabili dugula; kanpora begirako askatasunaz aritzeko bakarrik moduan. Baina ez dut sinesten herri baten askatasuna aldarrikatu eta lortu daitekeenik norbere buruari pentsatzen duena esateko askatasunik onartzen ez diogunean. Tamalez, autozentsurak eta isilik geratzeak gehiegi balio izan dute gurean.

Zenbaitzuk isilik ez geratzea erabaki genuen duela hainbat urte, benetan sinesten dugulako herri honetako ezkertiar eta abertzaleok merezi dugula askatasun osoz ariko den eragile politikoa izatea.

Eta premia hau areagotu egiten zaigu ETAk gai politikoetan zeresana izan nahi duela gogorarazten digun bakoitzean edo beste batzuk gogorarazten digutenean. Azkena Gara egunkaria; haren arabera, ETAk gu guztion erabakitzeko eskubidea onartarazi dio Estatuari.

2006an horrelako gauzak irakurtzeak eragiten digun aluzinazioa alde batera utzita, hiru gogoeta/galdera airera:

Bat: Zergatik behar duzue euskal gizarteak hau sinestea? 46 urte luzez borroka armatua praktikatu ondoren, ia 1.000 hildako eta milaka iheslari eta preso sortu ondoren, ETA inoiz baino ahulagoa dagoenean, orain lortu du erakunde armatuak -eta berak bakarrik gainera- Estatuak inoiz onartu ez duen euskal herritarron erabakitzeko eskubidea. Hori bai, ez dakigu eskubide hori non eta nola jasotzen den, ez eta ordenamendu juridikoan nola txertatzen den. Dakiguna da ezker abertzale ofizialaren bertsioaren arabera, ezkutuko paperen batean bada ere, euskal herritarrok gure eskubide nazionalak lortuak omen ditugula. Baina bada Euskal Herrian hau sinestuko duen inor? Zergatik jarraitu norbere buruari gezurrak kontatuz eta autozentsura praktikatuz? Zergatik ez onartu gainontzeko guztiok ikusten duguna? Alegia, borroka armatuak ez duela zentzurik, ez duela balio gatazka politikoak konpontzeko -areagotzeko baizik- eta horrek eragindako sufrimenduarekin -biktimak, presoak- amaitzea dela bake-prozesuaren arrazoia?

Bi: Gertakizunen bertsio honek gainera, borroka politikoa desaktibatu nahi duela dirudi. Ez legoke autodeterminazioaren aldeko borrokan jarraitu beharrik -ezta politikoki ere- dagoeneko ETAk eskubide hau lortua izango lukeelako. Eta desaktibazio mezu horrek kezkatu egiten gaitu. Izan ere, ez al da orain inoiz baino gehiago indarrak bildu eta gure eskubideen alde modu bateratuan lan egiteko garaia?

Hiru: ETAk Estatuarekin adostu izan balu erabakitzeko eskubidea, zein paper geratuko litzaieke alderdi politikoei? Zertarako orduan alderdien mahaia? Aita santuen artean ustez adostutakoa bedeinkatzeko?

Kezkagarriena da ezker abertzale ofizialak edo MLNVk oraindik ere abangoardiari ematen jarraitzen dion garrantzia. Batzuek oraindik ere salbatzaileak behar dituzte: beldurra diotela dirudi politika egiteari beste inoren laguntzarik gabe; beldurra askatasunari: «Hobe ETAk konpontzen badu, guk ez dakigu gai izango garen eta».

Zorionez gero eta gehiago gara, ezkerrekoak eta abertzaleak izanik, eragile politiko erabat independentea nahi dugunak: errealismo politikotik politika egiten arituko dena eta gai zehatzen inguruan ihes egin beharrean ezkerretik eraikitako alternatiba egingarriak plazaratuko dituena. Ikusi besterik ez dago AB eta Aralarren bideak Iparraldean eta Nafarroan hartu duen indarra. Euskal Herriko hiru eremuetatik bitan ezker abertzale independentea lehenengo indar abertzalea da. EAEko ezkertiar eta abertzaleok ere merezi dugu eta horretan ahalegina egiten jarraituko dugu. Espazio hori indartuz bakarrik lortuko dugulako ezkertiarrok sinesgarritasuna gizartearen aurrean bai eta alternatiba sendo bat eraikitzea. Borroka armatuaren luzapenak ezinezkoa egin duena posible egin behar dugu ETAren ondorengo garai berri honetan: ezker independentista independentea, please.

Ixabel Etxeberria

Chiracek ez omen du lehen ministroa aldatuko, urte bat gelditzen zaiola eta ekintza baikorretan murgildu nahi omen du, haren agintaldia ederki bukatzeko. Nahiz eta Dominique de Villepinen politika boterearen pasabideetaraino oso zalantzagarria izan, hau leial eta zintzo geldituko da, argi baita lehendakaritzarako hautagai izateko aukera guziak galdu dituela.

Aldiz, horren gibelean gogor lanean ari dena Nicolas Sarkozy dugu. Telebistako kate guztietan ibilki da, haren politika indartsua saldu nahian. UMPko presidenteari urtea gelditzen zaio bere burua hautagai gisa inposatzeko. Beste aukera gutti daude eskuinean, autopista dauka aurrean.

Baina, hau guztia betikoa da, agintaldi bukaera zalapartagarria, presidentea legeak eskaintzen dizkion ahalak baliatzen lagunak zigor penaletatik babesteko, boterearen azpikeriak agertzen eta berehala xuritzen, politikari eraginkorrak tartean nahasiak baitira, aldi honetan Clearstrean aferarekin gertatzen den gisan, telebistaren usaiako jokoa bozen bideratzeko eta hautagai batzuei espazio gehiago emateko. Hori guztia betikoa da, Giscardekin, Mitterrandekin ikusi genuen eta zaharragoak direnek antzinakoekin ezagutu zuten. Hori guztia ez zaigu arrotz egiten, eta nonbait ez zaigu inporta Frantziako boterea euskaldunen interesak kontutan hartu gabe eraiki baitute.

Aldiz, une honetan, gure geroa alda lezakeen garai berezi batean gaude. Elkarrizketarako ematen ari diren urratsak neurgarriak dira, atzera pausoak berehala etor litezkeelarik. Horren erdian nor dugu? Sarkozy. Honek, urratsez urrats Espainiako Gobernuak egiten duena jarraitzen du, bideratze honetan asko baino gehiago parte hartzen ari da. Baina, haren azalpen bakarra izan da Konponbidea Espainiako arazoa dela. Harentzat, Frantziako euskaldunek ez dute eskakizun politikorik, Pariseraino heltzeko gai direnik behintzat.

Hala bada, zer izango da ba Frantziako arazo? Miseria? Gero eta jende gehiago kalean bizi dela? Inondik ere, azken hogei urteetan egoera okertu baizik ez da egin, Coluchen ekintza ezinbestekoa bihurtuz. Hiri handien inguruetako auzoak? Batere ez, hor ere oldartze guztien ondotik horretaz arduratzeko ministro bat izendatu eta errepresioa gogortu. Hau izan da erantzun bakarra. Enplegua, gobernuz gobernu joan eta aterabiderik ez dute aurkitzen. Pribatizazioa izan da erantzuna, liberalismoa, autopistak pribatizatu, EDF-GDF pribatizatu, Gizarte Segurantza murriztu, etorkinei ateak hetsi, kontrol soziala indartu. Horretarako legeak bozkatu, kasu horietan legea aldaezina baita eta aitzaki ederra interes pribatuei legitimitatea emateko. Ikasleen protestak ez balira izan, hedabideetan errealitate hau aldaezina dela erakusten ariko ziren. Noiz dira frantses telebistan lan istripuak edo emazteek jasaten dituzten tratu txarrak zortzietako berri sailetan aipatzen? Frantziak ba al du arazorik?

Mundiala al da frantses arazo bakarra? Edo Frantziako Tourra? Sarkozyren proiektua, politikaren karikatura bihurtu da. Lanjerosa.

Jose Luis Elorza

Demagun ETAk eta gobernuak denbora daramatela hitz egiten eta -kostata baina- emaitza batzuk lortzen hasi direla. Demagun ezker abertzalearen legalizazioaren aldia amaituta dagoela. Batasuna izenarekin edo beste izen batekin ezker abertzaleak baduela bere alderdi legala. Demagun isilpean edo, komunikabideetan kanpaiak jo gabe behintzat, presoen hurbilketarako lehenengo pausoak ematen ari direla. Demagun euskal alderdi politikoak prest azaltzen direla beraien arteko elkarrizketa prozesua irekitzeko. Demagun azkenean, benetako ordu politikoa iritsi dela, hasierako tanteoak, harrokeriak, aho handiarekin egindako prentsaurrekoak eta abarrak gainditu direla, maskarak alde batera utzi eta mamiarekin, zutabeekin, edukiekin hasteko unea iritsi dela. Eta... orain zer?

Jakin ez dakigu elkarrizketa prozesu horretan nola joango diren gauzak baina dagoeneko marraztu ditzakegu mugak non kokatu diren. Ezker abertzaleak autodeterminazioaren inguruan jarri du bere marra. Zapaterok ofizialki esan du euskaldunen erabakiak onartuko dituela legediaren barruan hartzen badira eta legeak errespetatuz. Bi marra hauen artean ba al dago gutxieneko adostasun puntu bat lortzeko aukerarik?

Baina badaude beste marra edo baldintza batzuk kontuan hartu beharko direnak prozesua ondo amaitzeko. Akordioak adostasun nahikoa izan beharko du. Zenbat da nahikoa? Erantzun asko eduki dezake galdera honek baina gauzak serio egin nahi badira garbi dago adostasunean gutxienez estatuko bi alderdi nagusietako bat behintzat egon behar duela eta biak badaude hobe. Baina kontuz, ez dira egon behar estatuko partidu handienak direlako bereziki, ez, PSOE eta PP Euskal Herriko lehenengo eta bigarren partiduak direlako eta Euskal Autonomi Erkidegoan 2. eta 3. partidua direlako. Norbaitek zalantzak badauzka datu hauekin begira dezala euskal lurralde bakoitzeko emaitza elektoralak eta ondorioak atera ditzala.

Puntu honetan "Noraino iritsi daiteke Zapatero?", agian ez da galdera zuzenena. Lehenengo beste galdera honi aurkitu beharko genioke erantzuna, gure alderdi politikoak, gai izango ote dira akordio politiko batera iristeko alderdi bakoitzak jarritako marra eta baldintzekin? Galdera honen erantzuna baiezkoa bada, gure alderdi politikoak gai badira akordio politikoa lortzeko orduan beste pauso bat eman beharko da, akordio politiko hori tresna juridiko bihurtzea. Horretarako Madrilekin negoziatu beharko da eta hor iritsiko da Zapateroren ordua. Baina Madrilera joaten bagara babes zabaleko akordio politiko on batek ematen duen indarrarekin, ziur nago Zapatero ez dela oztopo izango akordio horrek behar duen babesa lortzeko.

hemeroteka

2050. zenbakia | 2006-07-23
2049. zenbakia | 2006-07-16

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan