PSOEko zuzendaritzak Nafarroako lehendakaritzarako PSNren hautagaia ez zela primarietan hautatuko erabaki zuen ekainean. Une honetan Jose Blanco PSOEko antolaketa arduradunaren eta Carlos Chivite PSNko idazkari nagusiaren negoziazioaren menpe dago gaia. Seguruenik irailerako izango da emaitzarik, baina Blanco-Chivite bileraren atarian, PSNko alkate talde zabal batek PSNren Lurralde Batzordearen ezohiko bilera eskatu du, honek gaia aztertu eta Ferrazi primariak bertan behera uzten zituen dekretua balio gabetu dezan eskatzeko. Zurrumurruek indar handiz diote PSOEk ez duela Chivite nahi eta nola hala hautagai izan ez dadin lortuko duela.
Onintza Irureta
Euskara Berreskuratzeko Lege proposamenari ez
Batasunak egin eta EHAK taldeak proposatutako lege proposamena ez du aintzat hartu Eusko Jaurlaritzak. Lehendakariordetza Sailaren iritziz, 1982an indarrean jarri zen EAEko Euskararen Erabileraren Legeak «proposamenean jasotzen diren alderdi garrantzitsuenak dagoeneko modu egokian aurreikusten ditu». Karmele Aierbe Batasunako Euskara arduradunak Berriari emandako elkarrizketan balizko lege berriak babesteko gutxieneko zazpi puntu aipatu zituen: «Euskara Euskal Herri osoan ofiziala izatea; belaunaldi berrien euskalduntasuna bermatzea; udalerri euskaldunen garapen iraunkorra bermatzea; administrazio eta zerbitzu publikoak euskalduntzea; lan mundua euskalduntzeko baliabideak jartzea; euskarazko hedabideak eta kultur produkzioa lehenestea; eta hori guztia egiteko baliabideak bermatzea». Aierbek elkarrizketa horretan esan zuenez, «guk egiten dugun planteamendua oraintxe bertan indarrean jartzeko modukoa da».
Aranaren Euskunsa
Hiria argitaletxearen eskutik argitaratu du Aitor Arana legazpiarrak Euskunsa liburua. Esperantoaren logika erabiliz, euskunsa izena jarri dion hizkuntza sortu du, hogei letrako alfabetoa duena. Ez omen da serio hartzekoa hizkuntza berria, «txantxetako euskara erraza» asmatu baitu. Aranak esan du euskararekin dibertitzeko intentzioz idatzi duela liburua, «kokoteraino» dagoelako euskara hizkuntza zaila dela eta ikasterik ez dagoela entzuteaz.
Ekonomiaz ez dakitenentzat ekonomia liburua
Mikel Navarrok idatzi du
Espainiako ingurune ekonomikoa eta lehiakortasuna liburua eta Deustuko Unibertsitateak argitaratu du. Navarro Unibertsitate horretako Ekonomia katedraduna da eta ekonomiaz ez dakitenentzako liburua idatzi nahi izan du. Bere asmoa ez da irakurleak Espainiaren helburu ekonomikoak zein diren ikastea, ingurune ekonomikoa aztertzeko gai izatea baizik. Liburu osoa pdf formatoan dago
www.euskaraz.net/Argitalpenak/Testuak helbidean.
Hiru Mosketariak bideo-jokoan
Elhuyar Fundazioak Hiru Mosketariak izeneko bideo-jokoa argitaratu du CD-ROMean. Bideo-jokoa 19 herrialdetan argitaratu da eta Elhuyar Fundazioak euskarazko bertsioa egin du. Jokoak Alejandro Dumas idazlearen kontakizuna hiru dimentsioko irudien bidez azaltzen du.
Hiztegi berriak Euskaltermen
Uzei, Terminologia eta Lexikografia Zentroak, hiztegi berriak integratu ditu Euskalterm sareko hiztegian: Automobilen mantentze-hiztegia, Burdindegiko hiztegia, Norberaren Irudia, Ile-apaindegiak eta Estetika hiztegia, eta Arropa-denden hiztegia.
Xabier Letona
Alderdien mahaia, nazio izaera eta transbertsalitatea
Alderdi politikoek haien arteko elkarrizketa errondarekin jarraitzen dute, egoera aztertu eta alderdien mahairako prestakuntza lanak egiten. Su-etenaren ostean mahaia irailean era zitekeela zabaldu zen eta, besteak beste, Ibarretxe lehendakaria izan zen mezuaren iragarle esanguratsuenetakoa. Jadanik irailaren ate aurrean gaudenean, dena den, abendura arte gutxienez mahaia nekez eratuko dela iragarri liteke. Hirukiaren hiru erpinek etorkizunerako egiten dituzten planteamenduek erabakiko dute noiz komeni den berau eratzea. Prozedura, metodologia eta edukiez gain, prozesu osoarekiko denboren kontrola ere funtsezkoa baita erpin bakoitzarentzat eta nagusiki prozesuaren gidaritza lanetan ari diren PSOE eta ezker abertzalearentzat.
Mahaiaren erabaki ahalmenari dagokionez, transbertsalitatean jarri du garrantzia PSEk. Batasunak, aldiz, mahaiak ordezkatu behar duen nazio izaera azpimarratzen du. Eta EAJ bigarren lerro batean dago, ezohikoa den jarreran, oraingoz burua gehiegi agertu gabe.
Transbertsalitate kontuak zer adierazten duen garbi dago eta egoera gatazkatsuetan logika ere badu, baina argi izanez ezin duela ikuspegi demokratikoan muina den gehiengo eta gutxiengoen arteko araua urratu eta beto eskubide bilakatu.
Nazio izaeraren islatzea konplexuagoa da, mahai bakarra edo prozesu berean kokatutako mahai desberdinen eraketa askoz interpretatiboagoa delako. Gaur egun ez da posible Nafarroa eta EAE ordezkatuko dituen mahai fisiko bakarra eratzea. Zerbait eratzekotan, beraz, bi mahai eratuko dira eta gero ikusi beharko da hori nola janzten den, mahai horietan eseriko diren guztiak eroso senti daitezen eta alde bakoitzak eraketa horren interpretazioa saldu ahal izan dezan. Hau da, eta adibide gisa bi eragile garrantzitsuren kasuak erabiliz, Batasunak nazio
izaera ikus eta saldu dezan, eta PSNk saldukeriatan ez dabilela eta Nafarroak bere bidea duela defendatu ahal izan dezan. Hortik aurrerakoak, alderdi bakoitzak bere tempusak kontrolatzeko erabiliko dituen planteamenduak izango dira.
Alderdien eremuan, sozialista eta popularren artekoa lehia baino borroka gordina dela irudikatzen da. Gaur egun, dena den, badituzte interes bateratuak eta, besteak beste, horrexegatik ez dira iritsi oraindik hainbat instituziotan dituzten itunak haustera.
1996an boterera eraman zuen PSOEren higatze politika gogorra eredutzat hartuz, PPk sozialisten aurkako mezua gogortzen jarraitzen du. Baina beren teilatuaren aurkako harriak ere botatzen ari dira, PSEren arrosa ETAren sugearekin nahastuz, beren kaioa ere ETArekin nahasten dutelako hainbat herritan sozialistekin dituzten akordioak hausten ez badituzte behintzat. Badaezpada Arabako diputatu nagusi Ramon Rabanera eta Gasteizko alkate Alfonso Alonso bederen ez dira PPren erasoaren lehen lerroan.
Urtzi Urrutikoetxeak Aizu!n: (...) parajeotako apustua ezagutza dela diot, erabilera baino gehiago. Neurekoikeria hutsez. Bost axola bizitza osoa espainolez egiten duen, euskaraz egin badezaket. Inposaketarik gabeko leloekin dabiltzanei arrazoi eman, bakoitzak gura duena erabil dezala. Baina elkarrekin bizi behar badugu, biak ezagutu behar. Guk aspaldi ikasi genuen eurena».
Lionel Joly soziolinguistak Berrian esanak: «Jakin badakigu, 14 urte inguruko gazteengan hizkuntza aldaketa bat gertatzen dela. Horri aurre egiteko bi modu daude. Bata, motibazioetan eragitea, 'euskara gure hizkuntza da', 'euskaraz egin behar da', eta horrelakoak esanez. Eta bestea, Kuadrillategi egitasmoan erabiltzen dutena, hots, gazteei gune batzuk eskura jartzea non euskaraz egingo duten, hau da, ekintzan bertan eragitea».
Kataluniako Generalitateko iritzi publikoa aztertzen duen erakundeak (CEO) egindako inkestaren arabera, datorren azaroaren 1eko hauteskunde autonomikoetan PSC aterako litzateke garaile botoen %21,8rekin, CiUk baino 1,6 puntu gehiago eta ERCk baino 8,9 gehiago. Hauteskunde giroa nagusi da Katalunian, eta abuztuko oporren bueltan bi hilabeteko kanpaina gogorra biziko da.