Astekaria

 Zientzia eta teknologia 

Lore euria

Jakoba Errekondo

Jakoba Errekondo


2050. alea
2006-07-23
alde 0    kontra 0

Usaimenak bere aparteko memoria duela diote gastronomo jakintsuek. Usain batek egoera, garai edo une zaharrak berritu, aldarte eta paisaia iraganak gaurko begietara ekarri omen ditzake. Memoriaren terralpean bizitutakoaren hondakindegia zirudiena, usain jakin baten lainoan samur kudeatzeko moduko irudi biltegia da bat-batean.

Landareek estrategia zehatzak burutzen dituzte usainak medio. Esentzia oliotsuak dituzten landareen hostoari edozein animalia belarjalek ez dio ez nola-hala, kazetariak kiratsa darion berriari gisa itsu, kosk egingo. Loreen kolore eta eiteak hala, usaina horrela: sexurako nahitaezko bitartekari dituen animaliak erakartzeko eraikitzen ditu landareak. Erakarri nahi duenaren gustuko usaina dario loreak. Ez bada, beltzurituta sudurilun zaputz, esan: «Lore honen usaina ez dut gogoko» edo «bai txarra lore honen kiratsa!» bezalako txepelkeriarik, landare horrek zu aldamenean ez zaituela nahi jabetu zaitez behingoz, mozolo alaena!

Berotan landareak usainak loditzen trinkotzen umatzen ditu, eta gu mozolometroan adina melenga ere izan daiteke: liluratu, horditu, mozkortu, zorabiatu eta usaina eta kiratsaren arteko mugan zein aldetan jarriko zenukeen erabakitzerako, memoriaren artxiboan gogaikarri itsatsi eta hurrena ezagutu ahala goragalea pizteko gai diren lurrinak taxutzen dituzten landareak badira. Harpa doinuz «ondo etorri» dizu, uxatuz.

Atzo, aspaldiko partez, errioaren beste aldeko erriberatan izan nintzen. Zubia igaro ordurako, lehengo mendeko hirigintzaren ikur, bide ertzean Ligustrum vulgare zuhaiztxo ilara ederra. Hemen beltxalea, biñorria, zuhain madarikatu, sosakusia eta, batez ere, arbustu arrunta deitzen diogu.

Inoiz ezagutu ez dudan adinako lorea du aurten, ikaragarritako horietakoa. Onenean zabal zabalik loreak; zimeltze bidean, azpian lore euria ari zuen, lorea lur-estali. Usaina liluragarria zen, hordigarria... bada ezpada ere, azkar asko hanka egin nuen. Nire artean, jo iezaion harpa beste bati...

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
azala  
azala2049
 
azala2048

2050 zenbakia.
2006ko uztailaren 23a


   

Babeslea

Irizarren webgunera joan
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia