Alvaro Hilario Pérez De San Román2006-07-23 |
Errenteria, udaberriko igande bateko arratsaldean: han hemenka, eguraldi ona dela-eta hondartzarako bidea hartu ez dutenak tabernetako mahaietan daude jarrita, kafe bana aurrean, berbetan. Alde zahar berria daukagu begi aurrean: txukun-txukuna; etxeek margotu berriak diren aurrealdeak erakusten dituzte; ez dago lehen beste pankarta jarrita. Ez du ematen duela urte batzuetako hiri berdina, Madrilgo hedabideek hainbat urtetan jomuga izan zuten hura. Inguruak ere aldatzen doaz: errepide berriak; lanak portuan, hor, Lezo aldean; inoiz gazte izan zirenek kementsu eskatutako bidegorria, mantso-mantso doa RENFEko geltoki parean. Behin herri batzarren eta herri izaera zehatz baten sorreran esanguratsuak izan ziren lantegiak ere ezin ikusi gabiltza. Ertzainetxea atzean utzita, gorantz jo dugu, Perratokia etxe okupaturantz. Solairu biko harrizko etxea zuhaitzek eta lorategi txiki batek inguratzen dute; teilatuan Zintzilik Irratiaren antena luzea dago. Iñaki Garmendiak, Piratak dioenez, «hartu zure etxea eta bandera zabaldu» garaietako etxea da. Honekin adierazi nahi du egungo okupazioekin erkatuta aurrekoek zeukaten asmoa kolektiboagoa zela. «Guretzat bizitza sistemarekiko adierazpen modua zen; egiten dugunak bat egin behar du horrekin; egunerokotasunean koherente izateko beharra daukagu. Eta urte haietako okupazioak politikoak ziren berez».
Gaur badugu hitz egiteko astirik, astelehenetan Piratak ez baitu bere ogi goxoa egiten, ezta saldu ere. Berrogeita bi urte ditu Piratak; horien erdiak behintzat Donostialdeko zein Oarsoaldeko okupazioetan bizi izanak. Belabaratz baserria, Toki Onena, Ategorrietako dutxak, Gabierrota, Zapatari eta ezin ahaztu oraindik ere Pirataren bizi lekua dena, duela hogei urte okupatu zuten Arditurriko meategia, Oiartzunen. Beheko solairuan gaude: apaletan, katalogatuta, liburuak eta bideoak, panfletoak eta aldizkariak; borroka askoren lekuko izateaz gain, La Herrería ta zía liburutegi eta dokumentazio gunearen hazia, abiapuntua da. Ordenagailu batean, hamar filmen laburpenak ikusgai daude. «Banuen nik hainbat konturen gaineko erakusketa egiteko gogorik», dio Piratak, «bizi izandakoak kontatu nahi nituen; iraganeko gauzak izan arren, gaurkoak bezalakoak izan zitezkeelakoan. Orduan, guretzat hain bereziak izan diren alde zaharretako tabernetan edo gaztetxeetan irudiak erakustea pentsatu nuen: izan ginena eta garena ezagutzeko eta ez ahazteko». Zigarreta piztu eta esandakoaren harira aurrera egiten du: «Irudiak ikusten hasi nintzen; konturatu nintzenerako, hamar film baino gehiago neuzkan ikusita. Ordu erdikoak eta luzeagoak zirenez, laburpenak, trailerrak, egitea nuen ideia; niretzako dokumentazio modu ona eta azkarra da laburpena. Azken batean, tabernan, zerbait hartu bitartean, minutu gutxitan eta ordenagailuaren bidez jendeak ikusi ahal izatea nahi nuen nik». Egiteak baina guztien digitalizazioa ekarri zuen. Orotara bederatzi dira orain DVDan eskura dauden filmak. Bestelako materialak saltzen diren ohiko lekuetan topatuko dituzue. 80ko hamarkadako herri mugimenduak sortutako borroken eta egoeren kronika biziak dira. Lau dira okupazioari dagozkionak: Errenteriako egoitzaren utzaraztea, Gure Ametsa. I. urtemuga, Okupazioari buruz eta Zapatari, X. urtemuga; intsumisioa hizpide du Europan zeharreko intsumitu karabana -Donostiako Intsumisio Taldeak antolatu zuena- filmak; Ekintza estoldetan kontrainformazioari buruzkoa da, Ezztanda aldizkariaren agerpenerako egina dena; Oiartzungo Intsumitu eguna zela-eta, ikuskizunaren kultura salatzeko Ezztanda kabaretaren emanaldia beste batean bildu dute; Hans Geodebure zinegile herbeheretarrak egin zuen Legerik gabeko hiriak lehen mailako lekukotasuna eskaintzen du, Errenteriatik igaro diren polizi ezberdinen agerraldiak biltzen dituelako. Eta azkenak, Erditu Arditurrinek, bost erditze azaltzen dizkigu. Batzuk irudi gordinak dira -filmatu ziren bezala aurkeztuak-, besteak, ekoiztutako filmak. Egunez eguneko bizitzaren irudiak dira, kalez kaleko gertakarienak.
DVD bilduma honek Cuéntame qué te pasó desde el 86, Va por Minas. Documentos del activismo en un país sin reino dauka izena. Hala ere, zaharrena 1987-88koa da, Ategorrietakoa: «Hura EMK-ko jendeak egin zuen, garai haietan beraiek baitziren bideoak egiteko tresneria eta sosak zeuzkaten bakarrak. Hauxe zen hasiera batetik lortu nahi nuenetako bat eta, zoritxarrez, duela gutxi eskuratu dudanez, ez dago erabat digitalizatua; momentuz ez dago DVDan. Honek Ategorrietako Toki Onena etxeko utzaraztea kontatzen du. 1987ko urtarrila zen, sei edo zazpi solairuko etxe arrunta genuen. Hura izan zen Ertzantzaren lehenengo agerraldia. Itzela, bortitza izan zen oso», gogorazten du Piratak, «bigarrenak Errenteriako egoitzaren utzaraztea jasotzen du: niretzat egun jendeak hau ikustea zirraragarria da». Aipatutako bi hauek jatorrizko bideoak ziren; Legerik gabeko hiria, ordea, 35 milimetrotan egindako filma da: «Hansek egin zuen, Arditurrin, gurekin, hilabete bi eman zituen holandarrak; horretan, 1977-79ko irudiak daude, Fotos Valentínekoek hartuta». Lazkao Txikiren bertsoen eta irudien bidez, jendeari eginiko elkarrizketak tartekatuta, poliziek egindakoak agertzen zaizkigu: Polizia Nazionalaren irudi ospetsu haiek, herria setiatuta, poliziak dendatan lapurtzera sartzen, Ertzantzarenak... «Oso dokumental profesionala da, kanpotik emandako begirada, Hans gurekin bizi bazen ere». Abisua ematen digu: «Badira ere, 1985ean, Belabaratz baserrian -oraindik ere okupatuta dagoena- ETBk hartutako irudiak; geuk, Iruñeko Katakrak taldekoekin egin genuen ekitaldi batean erabili genituen baina ETBk, berriz, ez zituen emititu», eta barrez amaitzen du, «berreskuratzearen artea zer den ikusiko duzue!».
Irudiaren kulturarik ez