![]() | Zihara Enbeita2006-07-23 |
Bizkaiko bertsogintza izenduna, XX. mendea aurrera samartu arte behintzat, ez da plazako bertsolaritza izan», dio Xabier Amurizak Bizkaiko Bertsogintza II liburuan. Hori bai, hamaika ezizen eta hamaika izengabe agertu ziren orduko aldizkarietako zein egunkarietako orrietan. Horiekin batera baita hainbat izen propio ere. Eskoladun eta ikasiak batzuk, eskola gabeak beste batzuk. Bertsoak bakarrik ez, koplak ere asko idazten zituzten 36ko Gerrara arte. Ez da harritzekoa, beraz, Bizkaiko Bertsogintza III liburuan zati handi bat hartzea koplaritzak, «Bizkaian hain maitea eta, zorionez, ugari jasoa izan den bertsogintza xarmangarri horrek» Amurizaren esanetan.
Bat-bateko bertsogintzari dagokionez, Kepa Enbeita Urretxindorra izan zen XX. mende hasieratik 36ko Gerrara arteko erreferentzia nagusia. Mende hasieran Getxon antolatu zuten txapelketa batean lehenengo saria lortu zuen, hogeitabost urterekin. Bigarren Txirritak egin zuen. Ordutik batetik bestera ibili zen gaixotu zen arte. 1941ean hil zen. Gerra aurretik gerra osterako zubi lana, berriz, honen seme Balendin Enbeitak egin zuen. Gerra denboran erdi isilik ibili zen-eta bertsolaritza.
1958an antolatu zuen Euskaltzaindiak lehenengo Bizkaiko Bertsolari Txapelketa. Alfontso Irigoienek gutun batean hala zioen: «Bilboko arenala puntatik puntara beterik egoan gentez, eta urrunetan be, gentea zutunik ikusten zan, ezarleku barik» Abuztuaren 24an egin zen final handi hori eta Balendin Enbeita muxikarrak jantzi zuen txapela. Juan Ormaetxea larrauriarra izan zen bigarren. Hirugarren Jose Alberdi mańariarra. Laugarren Asentzio Bidaurrazaga getxoztarra, bosgarren Eusebio Zubiaga Urdulizkoa. Beste biak Pedro Castrejana Loiukoa eta Florencio Zarraga Berangokoa ziren. Azken bi hauek zenbatgarren egin zuten ez dakar dokumentuetan. Epaimahaian Nazario Oleaga Euskaltzaindiako idazkaria, Migel Arruza, Josu Arenaza medikua, Aita Santi Onaindia karmeldarra, Aita Martzel Andrinua pasiotarra, Gabriel Aresti idazlea eta Alfontso Irigoien zeuden, besteak beste. Irigoien bera ibili zen aurreko hilabeteetan bertsolariak topatzen, baimenak lortzen, laguntzak eskuratzen, epaimahaia osatzen zein gaiak eta ariketak prestatzen. Propaganda ere berak egiten zuen. Bar ipintzen zuen leku guztietara gutun-azal bat bidaltzen zuen propagandarekin eta gero hauek jartzen zuten tabernan. Pertsona klabea izan zen Irigoien urte horietan guztietan. Egindako lana gutxi balitz, urteetan batutako dokumentu, argazki eta abarrei esker, gehiago dakigu gure historiaren inguruan.
1959an ere ospatu zuten Bizkaiko Txapelketa, baina oraingo honetan Eskualdeetakoak jokatu ziren lehenengo. Bost izan ziren guztira. Denak herriko jaietan. Urkiolan ekainaren 13an Jose Alberdi mańariarra izan zen txapeldun, Mungian ekainaren 28an Juan Ormaetxea, Bermeon ekainaren 29an Deunoro Sardui, Markinan uztailaren 18an Jon Azpillaga eta Zeanurin abuztuaren 15ean Basilio Pujana. Finala Bilboko Areatzan egin zuten berriro. Abuztuaren 30ean, jaietan, egitekoa zen, baina alkateak bozgorailuak kentzeko agindua eman zuen. Azkenean, hurrengo domekan egin zuten. Berriro ere Enbeitak jantzi zuen txapela eta Jon Azpillagak egin zuen bigarren. Anaitasuna aldizkariak osorik atera zuen final hori gehigarri berezi batean. 1960an, 1961ean, 1962an, 1964an eta 1966an ere antolatu zuten Txapelketa.
Bertsolarien batzarrak
1975ean, 76an eta 77an Mallabiko Bertsolari Txapelketa antolatu zuten. «Bizkaiko 2. mailako txapelketa» legez izendatu zuten berau. Mallabiko orduko gazte mugimenduak antolatu zuen eta asmoa batez ere gazteak eta plazan gutxi ikusten zirenak bultzatzea zen. Bertsolariek bizkaitarrak izan behar zuten eta ez zegoen adin mugarik. Hori bai, behin txapeldun ateratzen zenak ez zeukan hurrengo urtean parte hartzerik.
Bertso eskolen loraldia
Lehenengo emakumea
Etenaldi luzearen ostean, 1987an Araba eta Bizkaiko Bertsolari Txapelketa antolatu zuen Bertsolari Elkarteak (oraingo Bertsozale Elkartea dena). Orduko errealitateak ekarri zuen herrialde biek bat egitea. 1990ean antolatu zuten hurrengoa. Belaunaldi berriak gogor zetozen. Eta hortik gorakoa historian sartzeko goizegi omen da.