Baionako portua Frantziako Estatuko onenetarikoa
Daniel Udalaitz
Baionakoa da Euskal Herriko hiru portuetako bat eta aurten Frantziako Estatuko lehen portua izan daiteke kalitatean, segurtasunean eta ingurumenean onarpena lortzen, bere portuko jarduerengatik. Euren ahalegin guztiak helburu hauetara zuzenduta daude. Bere deszentralizazio prozesua ere abian da, Akitaniako Eskualde-Kontseiluaren alde.
Baionako portu komertzialak 2006 urte honetan ziurtagiri hirukoitza lor dezake portuko jarduerengatik, kalitatean, segurtasunean eta ingurumenean. Lapurdiko hiriburuko Merkataritza eta Industria Ganbarak egin duen 2005eko portuko jarduerei buruzko txostenean ikus daiteke hau. Euskal portu-azpiegitura honetako arduradunen ahalegin guztiak helburu hauetara zuzenduko dituzte.
Egun, portuaren deszentralizazio prozesua ere abian da, Akitaniako Eskualde-Kontseiluaren alde. Urtea amaitu baino lehen buka liteke prozesu hau. Hala balitz, neurri honekin etekina aterako lukeen Frantziako Estatuko lehen portuetakoa izango litzateke. Ondorioz, urte hau funtsezkoa da Lapurdiko portuaren arduradunentzat, euren helburuetako batzuk lor baititzakete.
Baionako portuak, Pasaia eta Bilbokoarekin batera, Euskal Herriko portuetako merkataritza-azpiegitura nagusia osatzen du, bertatik igarotzen dira atzerritik datozen zein gure herrialdetik kanporatzen diren gaiak. 2005eko ekitaldi osoan, hiru euskal portuek 42 milioi tona baino gehiago mobilizatu zituzten. Bilboko portua da lehena 33,2 milioi tonekin, Pasaiakoak 5,3 milioi tona mugitu zituen eta Baionakoak ia 4 milioi tona.
Produktu batzuen izugarrizko igoera
Baionako portuak 2005ean ia 4 milioi tona mugitu zituen. Produktu batzuen izugarrizko igoera ikusi du eta beste batzuen jaitsiera. Hala ikusten da Lapurdiko hiriburuko Merkataritza- eta Industria-Ganbarak emandako datuetan. Materia exotikoen salerosketa %48 igo da, betuna %44,3, elikagaiak %22,23, petrolioaren deribatuak %10,88, produktu kimikoak %8,47...
Hala ere, altzairua, artoa eta sufrearen salerosketak gutxitu egin dira. Altzairuaren kasuan, Aņon Taldearen ijezketa berri batzuk atzeratu dira (500.000 tona). Hala ere, baikor dira urte honetarako, beti ere A Coruņan, Aņo Taldearen Egoitzan, bigarren ijezketa unitate bat habian jartzen bada. Honek itsaso bidezko 2006ko esportazioak indartuko ditu. Artoaren kasuan, lehortearen ondorioz Espainiako hego-ekialdetik inportatu zen, eta hau kamioez egiten da, itsaso bidez egiten denaren kaltetan.
Aurreikusitako inbertsioak
2006 urte honetan zehar, hainbat inbertsio aurreikusi dira, kalitatean, segurtasunean eta ingurumenean hobetzeko helburuak lortzeko bidean. Zentzu honetan, inbertsio batzuk portualdea ixtera behartzen duten segurtasun arau internazionalak abiaraztera zuzenduta daude. Beste batzuk Blancpignon eta Saint-Bernard-en sarrerak hobetzeko eta egokitzeko erabiliko dira; suteentzako sareak indartzeko eta Balea eta Saint-Bernard atoiontzientzat gune berri bat sortzeko.
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.