Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-07 16:31:31
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2006-07-23 -- 2050.zenb

Jakoba Errekondo

Usaimenak bere aparteko memoria duela diote gastronomo jakintsuek. Usain batek egoera, garai edo une zaharrak berritu, aldarte eta paisaia iraganak gaurko begietara ekarri omen ditzake. Memoriaren terralpean bizitutakoaren hondakindegia zirudiena, usain jakin baten lainoan samur kudeatzeko moduko irudi biltegia da bat-batean.

Landareek estrategia zehatzak burutzen dituzte usainak medio. Esentzia oliotsuak dituzten landareen hostoari edozein animalia belarjalek ez dio ez nola-hala, kazetariak kiratsa darion berriari gisa itsu, kosk egingo. Loreen kolore eta eiteak hala, usaina horrela: sexurako nahitaezko bitartekari dituen animaliak erakartzeko eraikitzen ditu landareak. Erakarri nahi duenaren gustuko usaina dario loreak. Ez bada, beltzurituta sudurilun zaputz, esan: «Lore honen usaina ez dut gogoko» edo «bai txarra lore honen kiratsa!» bezalako txepelkeriarik, landare horrek zu aldamenean ez zaituela nahi jabetu zaitez behingoz, mozolo alaena!

Berotan landareak usainak loditzen trinkotzen umatzen ditu, eta gu mozolometroan adina melenga ere izan daiteke: liluratu, horditu, mozkortu, zorabiatu eta usaina eta kiratsaren arteko mugan zein aldetan jarriko zenukeen erabakitzerako, memoriaren artxiboan gogaikarri itsatsi eta hurrena ezagutu ahala goragalea pizteko gai diren lurrinak taxutzen dituzten landareak badira. Harpa doinuz «ondo etorri» dizu, uxatuz.

Atzo, aspaldiko partez, errioaren beste aldeko erriberatan izan nintzen. Zubia igaro ordurako, lehengo mendeko hirigintzaren ikur, bide ertzean Ligustrum vulgare zuhaiztxo ilara ederra. Hemen beltxalea, biñorria, zuhain madarikatu, sosakusia eta, batez ere, arbustu arrunta deitzen diogu.

Inoiz ezagutu ez dudan adinako lorea du aurten, ikaragarritako horietakoa. Onenean zabal zabalik loreak; zimeltze bidean, azpian lore euria ari zuen, lorea lur-estali. Usaina liluragarria zen, hordigarria... bada ezpada ere, azkar asko hanka egin nuen. Nire artean, jo iezaion harpa beste bati...

Jabier Agirre

Istripu kardiobaskularra izateko arriskua faktore ugarik mugatzen duten arren, Interheart ikerketaren bidez lortutako emaitzek argi utzi dute bizimoduan aldaketa batzuk eginez -erretzeari uztea, fruta eta barazkietan aberatsak diren jatorduak egitea, alkoholaren kontsumoa gutxitzea- eta praktika klinikoan erraz identifikatu eta erraz aldatzeko modukoak diren arrisku faktoreak -hipertentsio arteriala, diabetesa eta obesitatea, batez ere- zuzenduz, posible dela miokardioko infartoa jasateko arriskua %90 jaistea.

Garrantzi handikoa da faktore askoren gainean mesede egingo duten esku-hartzeak proposatzea eguneroko praktika klinikoan, baina arrisku faktoreetako bakoitzaren kontrol indibiduala gutxietsi eta baztertu gabe. Asko dira infartoa, bihotzeko angina eta horrelako «istripu» kardiobaskularren agerpenean parte hartzen duten arrisku faktoreak. Eta, gainera, ez dago pertsona jakin batean arrisku faktore bakoitzak eduki dezakeen garrantzia baloratzeko proba zehatzik. Horregatik, beharrezkoa da faktore guztien gainean jardutea, eta hipertentsio arterialaren gainean bereziki, hori baita usadio klinikoan arrisku faktorerik garrantzitsuena, oso zabaldua dagoelako, besterik ez bada ere. Izan ere, eta gure ospitaletan kardiopatia iskemikoaz eta gaixotasun zerebrobaskularraz tratatuak izaten diren pazienteak hipertentsiboak izaten dira, kasurik gehienetan.

Horrez gain, Interheart ikerketak frogatu duen bezala, tabakoa uzteak %50 gutxituko luke miokardioko infartoa jasateko arriskua. Bestetik, obesitatea, egoneko bizitza edo fruta, barazki eta arrainetan urria den elikadura bezalako ohitura kaltegarriak ere baztertu egin behar lirateke.

Beraz, presio arteriala, lipido plasmatikoak -kolesterola eta triglizeridoak, batik bat- eta glukosaren metabolismoa kontrolatzea izango lirateke, aspirina hartzearekin batera, lehenengo nahiz bigarren mailako prebentzio kardiobaskularraren zutabeak. Horrez gain, botikak eta bestelako helburu terapeutiko zehatzak daude eta betiere gaixo bakoitzaren ezaugarrien arabera aginduko ditu medikuak.

Joxerra Aizpurua


Alpeetako glaziarrak, desagertzeko arriskuan

Alpeetan mende honen bukaeran zenbat glaziar geratuko diren jakin nahian ari dira ikerlariak. Zurich-eko unibertsitateko Michael Zemp-ek eta lagunek eredu berri bat aurkeztu dute hil honen erdialdean eta bertan mende bukaera bitartean glaziarrek beren gainazalaren %80 gal dezaketela adierazi dute, beti ere tenperatura-igoera 1 eta 5º C artekoa bada.
Joan den mendeko 70eko hamarkadan 5.100 glaziar zeuden Alpeetan eta 2.909 kilometro koadro hartzen zituzten. 1850. urtean zeuden glaziarren erdia ziren eta ez da ahaztu behar 2003ko udaminean glaziarrek ia bere bolumenaren %10 galdu zutela.


Gorilen talde bizitzak epidemiak areagotzen ditu

Ebolaren sukar hemorragikoa gertatu zen Kongon 2003an eta gizakia ez zen kaltetu bakarra izan, gorilei ere era nabarian eragin baitzien. Odzalako eta Lossiko parke nazionaletako ehunka gorila hil ziren sukarrak jota.

Hori dela eta, Rennes-ko eta Montpellier-eko unibertsitateko ikerlariek goriletan gertatutako heriotza kopuru handiaren zergatia aztertu dute eta ondorio nagusia honakoa izan da: gorilek beraien artean duten soziabilitateak zerikusi handia izan du.

Kongo eta Gabonen gizakiak kutsatzeko bidea txinpantze eta gorilen haragia jatea izan da. Primate horiek beste animalia batzuk kutsatu dituzte, hala nola gau-txoriak, eta hauek birusa eraman bai baina gaixotasuna ez dute garatzen.

Ikerlari taldeko kidea den Damien Caillaud-en arabera, gorilen arteko birusaren transmisio bideak ez dira ongi ezagutzen. Hainbat ikerlarirentzat animaliengandik gorilenganako birus transmisioa handiagoa zen gorilen artean gertatzen zena baino, baina 2001etik aurrera Odzalako parkean zeuden 400 gorilen populazioari jarraituz iritziak aldatzen hasiak dira.

2003 eta 2004an gertatutako ebola epidemien ondoren ar bakanengan heriotza tasa %77koa izan da eta taldeetan bizi ziren gorilena %97koa, hau da, urte betean gorila populazioaren %95 desagertu da. Emeak eta kumeak taldeetan bizi direnez gorilen biziraupena oso zaila gertatzen ari da. Beraz, kasu honetan bizitza sozialak askoz gehiago kaltetzen du bakarrik bizitzeak baino.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan