Katixa Garate
Bizkaiko Zubia gizateriaren ondare
Uztailaren 28an 113 urte beteko dira Portugalete eta Getxo lotzen dituen Bizkaiko Zubia inauguratu zenetik. Ia 113 urtez -36ko Gerran zubia lehertu zuten eta 1941ean zabaldu zuten berriz- garraiatu ditu oinezkoak eta autoak munduko lehen zubi transbordadoreak. Unescok gizateriaren ondare izendatu berri du. Hala, industria ondarearen atalean Euskal Herriko lehen izendapena da. Gizateriaren ondare denez gero, Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Estatuak zubia zaintzeko konpromisoa dute eta hondamendi naturalik izango balitz, Unescok berreraikuntzan parte hartuko luke.
Poesia Egunak Ean, Arestiren omenez
Duela hiru urte antolatu zituen Poesia Egunak Ean Herrijeri Emon Arnasa (HEA) elkarteak. Ean (Bizkaia) bizi izan zen Gabriel Aresti, bere bizitzaren azken bi urteetan eta bertan biltzen dira urtero poesiaz hitz egiteko hainbat idazle, poeta eta literaturzale. Uztailaren 22an eta 23an gai mordoa izango dute mintzagai: atzerriko poesiak euskal poesian izandako eragina, nola munduratu euskal poesia, zergatik itzuli zituen Gabriel Arestik Nazim Hikmet eta Bocaccio... Gainera aurtengoan Italiako Associacione Culturale Euskara elkarteko kideek parte hartuko dute eta hainbat poeta italiar etorriko da. Bertako poetak ere izango dira euren poesiak irakurtzen: Edu Zelaieta, Miren Agur Meabe, Leire Bilbao, Angel Erro...
Errobiko jaialdiak transmisioa oinarri
Uztailaren 20tik 22ra izango da aurten Itsasun Errobiko jaialdia. Hamaikagarren edizioa Jean Makauriri eskainiko diote eta transmisioa, ahozkotasunak eta zeinuak izango dira aurtengo gaiak. Munduko hainbat herritako musika izango da: Lura (Cabo Verde), Dabiyel Warol La Reunion uharteko esklabo ohien kantuekin, Bernard Lubat eta Beñat Axiari, Barkatu Bartok bikotea... Kontzertuez gain, arte erakusketak, hitzaldiak eta literatura tailerrak izango dira. Aurten liburutegi bat jarriko dute jaialdian parte hartuko duten idazleek idatzitako liburuekin eta artistek euren sorkuntzak egiteko erabili dituzten laneik, edonoren eskura.
Antzerki klasikoa Erriberrin
Calderón de la barcaren La vida es sueño, Lope de Vegaren El mágico prodigioso, Tirso de Molinaren Desde Toledo a Madrid eta Moliéreren El Avaro antzezlanak ikusi ahal izango dira, besteak beste, uztailaren 22tik abuztuaren 5era Erriberriko Antzerki Klasikoko VII. Jaialdian. Bederatzi konpainia arituko dira San Pedroko klaustroan eta Gurpileko plazan. Kalean beste lau antzerki talde izango dira eta antzerki barrokoan argiztatzeko eta soinua jartzeko erabiltzen ziren tresnez osatutako erakusketa izango da ikusgai Nafarroako Erregeen jauregian.
Jazza Donostian eta Zarautzen
Lehen lerroko musikariak izango dira Donostiako Jazaaldian uztailaren 21etik 26ra: Caetano Veloso, Keith Jarret, Erykah Badu, The Neville Brothers... Trinitate plazan eta Kursaalean eskainiko dituzte kontzertuak musikari horiek. Kursaaleko terrazan bertako taldeek joko dute zuzenean: Acido C, Teresa Zabalza Quintet, THC, Amama Luisa Brass Band... Eta Zurriolako hondartzan eta Hernaniko Chillida-Lekun kontzertu gehiago izango da. Aurten Herbie Hancock pianistak jasoko du Donostia saria, jazz garaikidearen garapenean izan duen eragina nabarmentze aldera. Zarautzen ere hitzordua dute jazzarekin. uztailaren 24an abiatuko dute Nazioarteko VII. Jazz Mintegia. Hilaren 29a bitarte, ikastaro andana izango da. Jesse Davis saxofoi jotzailea bertan izango da.
Belarreggae Zornotzan
Iaz antolatu zuten lehenengoz Belarreggae baina bertan behera utzi zuten arazo teknikoengatik. Aurtengoa izango da beraz lehena. Uztailaren 24rako reggae kontzertu handia atondu dute Zornotzako Larreako futbol zelaian. Besteak beste, Luciano, Andrew Tosh, Dean Fraser, eta Cañaman izango dira eszenatokian arratsaldeko 20:00etatik aurrera.
Folklore aukera zabala
Orenburgo, Kamchatka, Kroazia, Argentina, Vietnam, Txile, Togo eta Portugaleko folklore taldeak hartuko ditu Portugaleteko Nazioarteko XXXII. Folklore Jaialdiak. Herrialdetako dantza eta musikaz gozatu ahal izango da Portugaletetik kanpo ere, Getxo, Balmaseda, Santurtzi eta Soraluzen esaterako.
Terrazetan irakurtzen
Aurten ere liburuak kalera atera dituzte Getxoko liburutegiek. 2.000 liburu har daitezke maileguan Algortako Geltokia plazan, Andra Mariko Sarri plazan eta Areetako Geltokia plazan jarritako etxolatan. Irakurzaletasuna sustatzeko asmoz, liburuak eskuratu ahal izango dira halaber tabernatan eta inguruko hondartzetan.
Pirmin Treku dantzaria (Zarautz, 1930) zendu zen joan den astean, bihotzekoak jota. 36ko Gerra zela-eta, Ingalaterrara joan zen bizitzera haurra zela eta bertan ekin zion dantzari ibilbideari. Royal Balleteko dantzari nagusi izan zen 1948 eta 1961 bitartean eta ondoren dantza akademia zabaldu zuen Oporton. Duela hiru urte itzuli zen Zarautzera.
Ghatusain folk musika taldea Sopuertako Mendebala jaialdiko II. Maketa Lehiaketan garaile suertatu zen eta saria eskuetan du jada. Ghatusain diskoa plazaratu du Elkar diskoetxearen eskutik. Bederatzi abesti bildu dituzte, instrumentalak gehienak.
Koldo Almandozek Midori film laburra zuzendu du. Kioton eta Donostian filmatu dute eta Angel Aldarondo arduratu da filmeko animazioez. MK Filmak eta Kosmikar Studioren elkarlana da filma eta postprodukzio lanak egiten ari dira orain.
Txalo antzerki taldeak Agatha Christieren Una visita inesperada komedia estreinatu du. Gerardo Mallak zuzendu du eta besteak beste, Jaime Blanchn Fermín Sanles eta Lola Casamayor aktoreek jokatzen dituzte rol nagusiak.
Lourdes Oñederraren Eta emakumeari sugeak esan zion ingelesez argitaratu du Renoko Unibertsitateko Center for Basque Studiesek. Kristian Addisek itzuli du And the Serpent Told The Woman. Halaber, Ramon Saizarbitoriaren Rossettiren obsesioa ingelesera itzuli du Madalen Saizarbitoriak eta Renoko Unibertsitateak argitaratu.
Thierry Malandain koreografoaren hitzok jaso zituen Euskonews & Mediak: «Lanbide hau ankerrenetarik da, gutien babestuenetarik. Gelditzen delarik, dantzari batek ez du ezer eta hogeita hamabost urte dituelarik ezin da hirurogei urteko jubilazioaren zai egon eta, beraz, aterabide bat, bakarrik lortu behar du. Gai larri eta mingarria da zeren eta ezer ez baita prestaturik haientzat Frantzia bezalako lurraldean».
Gorka Zero Hortzmuga taldeko zuzendariak El Paísi: «Tristea da baina jendeari erantzutea kostatzen zaio. Eta hori ere bada kaleko antzerkiaren egitekoa, sarrera ordaintzera ala antzokira gerturatzera ausartzen ez den jendea hezi edo zaletu dadin lortzea. Baina, azkenean, kulturaren arazoa da orokorrean; antzerkia, pintura erakusketak eta musika kontzertuak bezalako aisialdi proposamenak une zailak igarotzen ari direlako. Gure arerio nagusia telebista da. Jendeak aisialdian pentsatzen duenean ez du kulturan pentsatzen, ez pentsatzean pentsatzen du eta gure borroka ikusmolde hori aldatzea da».
Nuevo Catecismo Católico taldeko Arturok eta Gonzalok hauxe adierazi zioten Xirikari: «Aipatu digute 1530 segundos de... disko laburra dela. Bagenituen kanta gehiago, baina ez genuen sartzeko beharrik ikusi (...) Gure ustez, diskoari ez zaio ezer falta, eta ez du ezer soberan. Ez genuen gehigarririk nahi. Azken urteetan, kantu eta minutu gehiago sartzea izan da ohikoa, baina guk entzuten ditugun disko mitikoak ez dira ordu erdira iristen. Azken batean, CDek 80 minutu irauten dutelako, kantu gehiago sartu behar direla uste du jendeak eta ez da horrela».