Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-02 15:11:57
Udako Euskal Unibertsitateko web gunera lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • Erreportaje / Elkarrizketak

2006-07-23 -- 2050.zenb

Pilar Iparragirre

Nolatan ekin zenion liburu hau osatzeari?
Duela lau urte izan zen. Orduan Euskaldunon Egunkarian nebilen, Ekialde Hurbil zabalaren inguruko hainbat elkarrizketa eta erreportaje egiten. Izan ere, 1993an Palestinara joan nintzen brigadista bezala, Palestina historiko guztian ibili ginen -hau da, 1948ko eta 1967ko lurraldeetan-, eta hainbat material neukan gordeta. Beti pil-pilean dagoen gaia denez, pentsatu nuen merezi zuela material hori euskaraz zabaltzea. Horrela ekin nion liburua hezur-mamitzeari. Prozesu luzea izan da eta bidean gauza asko geratu dira: hainbat eraso gogor -jada ohiko dirudite-, Arafat eta bere laguntzaileen kontrako setioa Ramalan, Arafaten heriotza bera...

Palestinarren garbiketa etnikoa nahi al da?
Horixe baietz. Hango gatazka ez da bi alde berdinen artekoa, bata bestearen aurkako gatazka hutsa da. Hor, okupatzen duen indar bat dago, Israelgo Estatua, eta beste aldean herri oso bat, palestinarra. Egia da hor ere erresistentzia dagoela, baina argi eta garbi dago ez dagoela indar orekarik. Eta garbiketa etnikoa sionistak Palestinako lurraldeetara iritsi zirenetik egiten joan diren etengabeko hustuketa da, palestinarrak beraien herri, lur eta etxebizitzetatik kanporatuz. Gaur egun ia-ia hamar milioi palestinar errefuxiatu daude munduan barrena.

Horiek al dira zure lanaren ardatzak?
Bai. Baina ez dut bakarrik azken hamarkadetako historia aipatzen. Atzera joan nahi izan dut, kronologia bat osatuz gatazka eta lurraldearen historia zein den perspektiba zabal batean kokatzeko, egungo gatazka hobeto uler dadin.


* * * * * * * * * * * *

Olibondoetatik Apartheid hesira
J.M. Sarasola
Arbizuko Udala
374 orrialde
12 euro

Palestina edo suntsitu nahi duten herriaren borroka

Arbizuko Udalak eta Askapenak plazaratu dute Juanma Sarasola Murgiak idatzi duen Olibondoetatik Apartheid hesira (Palestinako gatazka, okupazioa eta garbiketa etnikoa). Berez palestinarren historia gogorra bada, sionistek -nazioartearen laguntzaz- Palestina beren eskuetan hartu zutenez geroztik, gaur egun bereziki gogorra dela gogoratu nahi izan dute argitaratzaileek. Izan ere, Israelgo armadak berriro lurraldeak indarrez hartzeari ekin dio eta demokratikoki aukeratutako gobernu palestinarreko agintariak atxilotu eta kartzelaratu ditu, naziorteko isiltasunaren aurrean. Horra Palestinako herriak jasan duen eta jasaten ari den suntsipenaren nondik norakoak azaltzen dituen Juanma Sarasolaren lana plazaratzearen arrazoia. Tituluan, berriz, egileak Israelgo armadak eta kolonoek olibondoak erauziz palestinarren ekonomiari egiten dioten kalte latza eta hesiarekin suntsitu nahi duten guztia nabarmendu nahi izan du. Horiez gain, honako gaiak jaso ditu liburuan: Intifada bien bilakaera eta ondorioak, Osloko akordioen porrota, palestinarren zein juduen helburuak -pentsaera ezberdineko pertsonak elkarrizketatuz- eta egungo egoera.

Izaskun Jauregi

Aingeru Epaltzari irakurri genion behin «genero kanonikoen arteko mugak hausteko grina» izan duzula beti. Eleberri-kronika, saiakera-artikulu bilduma, nobela-rapsodia, antologia apetatsua, gazteentzako lokuzio liburuaŕ Jon Alonsok literaturarekin nahi duena egiten al du?
Segurutik, kontrakoa izango da: literaturak nahi duena egiten du nirekin, edo, errealistagoa izanda edo apalago esanda, nik nahi dudana ez, ahal dudana egiten dut, gehienok bezala.

Hain zuzen, oraingo honetan Patrikarako ipuinak osatu dituzu. Ipuina ez da Jon Alonsori asko ezagutzen diogun generoa.
Ez, ez dut askorik argitaratu. Bakarren bat bai, sariketaren bat irabazi ere bai... Baina beti interesatu zait generoa, irakurlea naizen aldetik, eta idazlea naizen aldetik ere bai. Baina errespetu handia diot ipuinari. Oso genero zaila da. Eta hau esaten dut jakinik beti azpimarratu izan dudala generoen araberako sailkapena aski arbitrarioa dela. Baina inoiz zentzurik badu sailkapen horrek, poesiaren eta ipuinaren kasuetan da.

Jon Alonsok gauez, musika entzuten eta purua erretzen idazten omen du. Ipuin hauek noiz idatziak dira? Nondik datoz? Eta norentzat dira?
Urteak dira ipuinak idazten ditudala. Halako desafio modukoa daukat nire buruarekin, ea zerbait duin egiteko gauza naizen. Norentzat... irakurri nahi dituenarentzat. Tira, beste alde batetik hainbat urtetan ibili naiz tokiz toki ipuingintza ikastaroak ematen, eta beti pentsatu izan dut entzule ibili den jendeak nolabaiteko eskubidea zeukala teoriaren eta praktikaren arteko aldea ikusteko.

Txema Larreak esan zuen behin «Nafarroan zeudela pentsatzen zuten idazleak». Garbi dago Jon Alonsok behintzat asko pentsatzen duela. Eta badituela liburu gehienetan errepikatzen dituen obsesioak: euskalgintzari, komunikabideei, euskaltzaindiari, politikari... eginiko kritikak. Horiek guztiek zer moduz tratatu zaituzte zu?
Hainbestean. Ez naiz kexatzen hasiko. Bakarren batentzat, gaizki disimulatutako disgustuaz eraman beharreko morroia izateko beste meritu egingo ahal nuen!

Bi ipuin hauetan, badago errealitatearekiko ikuspegi zinikoa. Esan daiteke, bietan, pertsonaiek iruzurra jasaten dutela, nolabait... Hori ere ez al da zure obsesioetako bat?
Ziniko gehiegi iruditzen zait. Ironiko, igoal. Abiapuntuko inozotasun batetik begiratuta, errealitatea iruzur etengabea da.

Gauzak hainbeste aldatu al dira? Sindikalistak hainbeste aldatu al dira?
Gizartea eta lan mundua aldatu da, asko eta agudo. Sindikatuak eta sindikalistak ere bai. Sindikalismo-mota bat, batez ere. Langile soil naizen aldetik daukadan esperientziatik ateratako ondorioa da.

Non fida, han gal da lehen ipuinaren izenburua. Ez da esaldi hori zure lanetan agertzen den lehen aldia. Camembert helburun ere aipatzen duzu. Gaurko onura, biharko galera, horixe da ipuinotan adierazi nahi zenuena?
Nik uste dut esaldi horrek interpretazio desberdin batzuk eduki ditzakeela. Kasu honetan, zer nolako kontsumitzaile pribilejiatu eta aldi berean eskasak garen, eta horrek zer nolako neurosiak sortzen ahal dituen, eta sortzen dituen. Gehiegiak kalte eginda bizi gara, iparra galtzeraino.

Zihara Enbeita

Bizkaiko bertsogintza izenduna, XX. mendea aurrera samartu arte behintzat, ez da plazako bertsolaritza izan», dio Xabier Amurizak Bizkaiko Bertsogintza II liburuan. Hori bai, hamaika ezizen eta hamaika izengabe agertu ziren orduko aldizkarietako zein egunkarietako orrietan. Horiekin batera baita hainbat izen propio ere. Eskoladun eta ikasiak batzuk, eskola gabeak beste batzuk. Bertsoak bakarrik ez, koplak ere asko idazten zituzten 36ko Gerrara arte. Ez da harritzekoa, beraz, Bizkaiko Bertsogintza III liburuan zati handi bat hartzea koplaritzak, «Bizkaian hain maitea eta, zorionez, ugari jasoa izan den bertsogintza xarmangarri horrek» Amurizaren esanetan.

Bat-bateko bertsogintzari dagokionez, Kepa Enbeita Urretxindorra izan zen XX. mende hasieratik 36ko Gerrara arteko erreferentzia nagusia. Mende hasieran Getxon antolatu zuten txapelketa batean lehenengo saria lortu zuen, hogeitabost urterekin. Bigarren Txirritak egin zuen. Ordutik batetik bestera ibili zen gaixotu zen arte. 1941ean hil zen. Gerra aurretik gerra osterako zubi lana, berriz, honen seme Balendin Enbeitak egin zuen. Gerra denboran erdi isilik ibili zen-eta bertsolaritza.

1958an antolatu zuen Euskaltzaindiak lehenengo Bizkaiko Bertsolari Txapelketa. Alfontso Irigoienek gutun batean hala zioen: «Bilboko arenala puntatik puntara beterik egoan gentez, eta urrunetan be, gentea zutunik ikusten zan, ezarleku barik» Abuztuaren 24an egin zen final handi hori eta Balendin Enbeita muxikarrak jantzi zuen txapela. Juan Ormaetxea larrauriarra izan zen bigarren. Hirugarren Jose Alberdi mańariarra. Laugarren Asentzio Bidaurrazaga getxoztarra, bosgarren Eusebio Zubiaga Urdulizkoa. Beste biak Pedro Castrejana Loiukoa eta Florencio Zarraga Berangokoa ziren. Azken bi hauek zenbatgarren egin zuten ez dakar dokumentuetan. Epaimahaian Nazario Oleaga Euskaltzaindiako idazkaria, Migel Arruza, Josu Arenaza medikua, Aita Santi Onaindia karmeldarra, Aita Martzel Andrinua pasiotarra, Gabriel Aresti idazlea eta Alfontso Irigoien zeuden, besteak beste. Irigoien bera ibili zen aurreko hilabeteetan bertsolariak topatzen, baimenak lortzen, laguntzak eskuratzen, epaimahaia osatzen zein gaiak eta ariketak prestatzen. Propaganda ere berak egiten zuen. Bar ipintzen zuen leku guztietara gutun-azal bat bidaltzen zuen propagandarekin eta gero hauek jartzen zuten tabernan. Pertsona klabea izan zen Irigoien urte horietan guztietan. Egindako lana gutxi balitz, urteetan batutako dokumentu, argazki eta abarrei esker, gehiago dakigu gure historiaren inguruan.

1959an ere ospatu zuten Bizkaiko Txapelketa, baina oraingo honetan Eskualdeetakoak jokatu ziren lehenengo. Bost izan ziren guztira. Denak herriko jaietan. Urkiolan ekainaren 13an Jose Alberdi mańariarra izan zen txapeldun, Mungian ekainaren 28an Juan Ormaetxea, Bermeon ekainaren 29an Deunoro Sardui, Markinan uztailaren 18an Jon Azpillaga eta Zeanurin abuztuaren 15ean Basilio Pujana. Finala Bilboko Areatzan egin zuten berriro. Abuztuaren 30ean, jaietan, egitekoa zen, baina alkateak bozgorailuak kentzeko agindua eman zuen. Azkenean, hurrengo domekan egin zuten. Berriro ere Enbeitak jantzi zuen txapela eta Jon Azpillagak egin zuen bigarren. Anaitasuna aldizkariak osorik atera zuen final hori gehigarri berezi batean. 1960an, 1961ean, 1962an, 1964an eta 1966an ere antolatu zuten Txapelketa.


Bertsolarien batzarrak

Ez zituzten txapelketak bakarrik antolatu, 1963. urtean bertsolarien batzarra antolatu zuten Markinako karmeldarrek. Pilarica egunean izan zen, urriaren 12an. Balendin Enbeita, Iturri, Sardui, Pujana, Lopategi, Arregi, Mugartegi eta Ibarzabal bizkaitarrekin batera Basarri, Lazkano, Agirre eta Egileor ere bertan ziren. Berdin egin zuten hurrengo lau urteetan ere. Bertso saioaz gain, berbaldiak ere antolatzen zituzten. Jose Mari Iriondok bertsolaritzaren historia izan zuen berbagai, Xabier Amurizak bertsolarien zelanbaiteko antolaketa baten premia eta Juan Mari Lekuonak doinuak. 1967ko batzarrean, ostera, Abel Enbeita falta izan zen. Bezperan atxilotu egin zuten. Gabriel Arestik hartu zuen berba eta esan zuen: «Eskatzen dizuet hemengo bertsolari guztiei dokumentu bat firmatzeko, Bizkaiko gobernadoreari Abelen libertatea eskatzeko. Uste dut dela justiziari eta bertsolaritzari zor diogun beharrizan bat». Eztabaida piztu zen orduan. Eztabaidaren erdian Abel Muniategik «Gugana heldu da dokumentu bat/idatzitzeko premia/praileren batek ekarri beza/idatzitzeko makina» bota zuen. Horregatik edo beste arrazoiren batengatik, baina gehiago ez zuten Markinako karmeldarrek batzarrik antolatu.

1975ean, 76an eta 77an Mallabiko Bertsolari Txapelketa antolatu zuten. «Bizkaiko 2. mailako txapelketa» legez izendatu zuten berau. Mallabiko orduko gazte mugimenduak antolatu zuen eta asmoa batez ere gazteak eta plazan gutxi ikusten zirenak bultzatzea zen. Bertsolariek bizkaitarrak izan behar zuten eta ez zegoen adin mugarik. Hori bai, behin txapeldun ateratzen zenak ez zeukan hurrengo urtean parte hartzerik.


Bertso eskolen loraldia

Frankismo osteko urte horietan hainbat bertso eskola sortu ziren. Mallabikoa eta Durangokoa (gaur egun Iurretakoa), besteak beste. Hala ere, lehenengo bertso-eskola 1959an sortu zuten: Garriko. Muxikako Ariatza auzoko Fuenterrabia tabernan elkartzen ziren garai hartako hainbat bertsolari gazte Pedro Ajuria eta Balendin Enbeitarekin batera. Pedro Mari Aldana idazkariak hala batzen du aktan: «Eta zer izango da gure batzar-gaia? Gauza erreza, oso erreza: bertsotan egin, bertsotan, datorren urtian Bilbon izango dan txapelketa naguzian, nagusi izan daitean Ariatzako erria. Asmo ederragorik ezin geinke billatu, geurea dogun berbeta bizi au, munduaren zear ezagutua izan daitean, batez be geroago eta sendoago maitatuaz». Hogeitabost batzar egin zituzten guztira. Garrikoren bigarren loraldia 80ko hamarkadan etorri zen -aurretik ere Lamikizen batzen ziren arren-. Lehenengo Garrikoko ikasleak irakasle zirela. Oraingoan bertsolariak batzeko bakarrik ez, umeei bertsotan irakasteko ere sortu zen. Ordurako bertso eskolen mugimendua puri-purian zegoen Bizkaian. 70eko hamarkadan sortu zen Mallabikoa eta baita Durangokoa ere. 80ko hamarkadarako sortu ziren Santutxukoa, Algortakoa, Durangokoa, Gernikakoa, Ondarroakoa, Arratiakoa, Zornotzakoa, Larrabetzukoa zein Mungiakoa. Hainbat estilotako bertso eskolak. Gaur egun ere oraindik indartsu jarraitzen dute horietako batzuk.


Lehenengo emakumea

80ko hamarkada horretan abestu zuen plazan lehenengo emakume bertsolariak: Kristina Mardaras. Emakume bertsolariak aspaldikoak dira, baina plazan ibilitakorik ez zegoen ordura artean. 1982an abestu zuen lehenengoz plazan Mardarasek eta honela kontatzen du Bizkaiko Bertsogintza IV liburuan: «Gogoan daukat lehenengoz kantatu nuenekoa, Bilbon. Entzuleen artean sekulako isiltasuna sortu zen, ea zer kantatuko nuen. Eta gero, bertsoa kantatzen nuenean, ordaina txalo piloa izaten zen». Hala ere emakumea taula gainean txarto ikusten zuenik ere bazen: «Entzunda daukat bertsolariren batek edo bestek ez zuela nirekin kantatu gura, feminista nintzelako». 1980ko hamarkada hasiera horretan bera izan zen emakumezko bertsolari bakarra. Horretan denbora guztian txapelketetan ere parte hartu zuen.

Etenaldi luzearen ostean, 1987an Araba eta Bizkaiko Bertsolari Txapelketa antolatu zuen Bertsolari Elkarteak (oraingo Bertsozale Elkartea dena). Orduko errealitateak ekarri zuen herrialde biek bat egitea. 1990ean antolatu zuten hurrengoa. Belaunaldi berriak gogor zetozen. Eta hortik gorakoa historian sartzeko goizegi omen da.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan