Daniel Udalaitz
Baionakoa da Euskal Herriko hiru portuetako bat eta aurten Frantziako Estatuko lehen portua izan daiteke kalitatean, segurtasunean eta ingurumenean onarpena lortzen, bere portuko jarduerengatik. Euren ahalegin guztiak helburu hauetara zuzenduta daude. Bere deszentralizazio prozesua ere abian da, Akitaniako Eskualde-Kontseiluaren alde.
guztia irakurri
Jon Gonzalo
Orain dela bospasei urte jarri zuten abian Lasarte-Oriako Udalean euskararen normalizazioa bultzatzeko plana. Bi fasetan banatu zuten. Lehenengoan (2001-2003) langileen idatzizko ohiturak aldatzen saiatu ziren. Alegia, euskararen presentzia langileen idatzietan areagotzen. Plan horrek, ordea, ez zuen nahi adina arrakastarik lortu. Ez zen aldaketa nabarmenik izan langileen hizkuntza-ohituretan. Gauzak horrela, bestelako plan bat prestatu zuten, 2003an hasi eta oraindik ere martxan dagoena. Plan honek ahozko ohiturak aldatzeari ematen dio garrantzia, eta jardunak erakutsi die asmatu egin dutela. Ahozko ohiturak aldatzea askoz ere eraginkorragoa da.
Aitor Unanue egitasmoaren bultzatzaile eta liburuaren egileak argi eta garbi ditu ahozko ohiturak aldatzearen onurak: «Ahozko jarduna bi solaskideren artekoa da, eta horrek elkarreraginaren eremuan kokatzeko aukera ematen digu. Aldi berean, lokalizatuagoa da, nagusiki departamentuan bertan gauzatzen baita. Ahozkoak aukera paregabea ematen digu mintzamolde formalean ez ezik informalean ere eragiteko, eta bigarrena erabakigarria da hizkuntza-ohiturak finkatzerakoan. Horrekin batera, departamentu askotan, ahozko ekoizpena idatzizkoa baino ugariagoa da». Diruzaintza departamentua aukeratu zuen Unanuek egitasmoa gauzatzeko, eta departamentu honetako zazpi langilerekin aritu da lanean.
Argitaratu berri duen liburuan 2005eko urtarriletik maiatzera bitarteko epean egin zuten lana bildu du. Denbora tarte horretan 38 saio edo bilera egin zituzten Unanuek eta diruzaintza departamentuko langileek. Saio horietan prozesuaren ekintzak eta jarduerak finkatu zituzten. Hala nola, euskaraz hitz egitea eskatzen zuten txartelak mahai gainean jartzea erabaki zuten, atsotitzak landu zituzten edo elkarri gazteleraz hitz egitean atentzioa deitzea deliberatu zuten. Azken jarduera honek izan zuen arrakasta gehien, «atentzioa deitzea oso erraza dela konturatu ginen, eta jendea asko inplikatu zen. Langileak bete-betean sartu ziren guardia zibil linguistikoaren rolean», azpimarratu digu Unanuek.
Garrantzitsuena, ordea, bost hilabete horietan lankideen artean sortu zen dinamika izan zen. Euskararen presentziak nabarmen egin zuen gora beraien harremanetan, eta gaur egun bere horretan mantentzen da joera hori. Azken bospasei urteetan %40 egin du gora diruzaintza departamentuko langileen artean euskararen erabilerak. Zein da, ordea, arrakastaren gakoa? «Prozesuaren funtsa hiztunaren nahia eta borondatea dira. Hortik aurrera metodologia bat baino gehiago erabil daiteke. Dena den, behar-beharrezkoa da euskaraz egiteko motibazioa piztea eta elikatzea. Horretarako, estrategia, baliabide eta tresna egokiak garatu behar dira».
Langileen iritzia
Niko Urrutia eta Yolanda Gonzalez Lasarte-Oriako Udaleko diruzaintza departamentuko langileak dira. Urrutia euskaldun zaharra da eta Gonzalez euskaldun berria. 14 urte daramatzate elkarrekin lanean. Udalean martxan jarri duten euskararen normalizazio planak beraien arteko harremana aldatu du. «Elkarren artean gazteleraz hitz egiteko ohitura izan dugu betidanik. Urte asko pasa ditugu elkarri gazteleraz hitz egiten. Gure harremana, ordea, aldatzen hasi da, eta poliki-poliki gero eta gehiago hitz egiten dugu euskaraz. Egia esan, niri oso zaila egiten ari zait, baina pozgarria da gure harremana euskaldundu dela ikustea», onartu digu Urrutiak.
Yolanda Gonzalez ere iritzi berekoa da. Bere ingurunea (familia eta lagunak) oso erdalduna da, eta lanean euskaraz aritzeak mesede galanta egiten dio, «nire euskara mailak nabarmen egin du gora egitasmo hau martxan jarri genuenetik. Lankideekin gero eta gehiago hitz egiten dut euskaraz, eta Udalera datozen herritarrekin ere euskaraz egiten saiatzen naiz. Garai batetik gaurdaino aurrerapauso handiak egin ditut, eta gero eta lasaiago hitz egiten dut euskaraz herritarren aurrean».
Esperientzia honetatik ondorio garbiak atera dituzte. Batetik, biek ala biek uste dute hizkuntza ohiturak aldatzea oso zaila dela. Gonzalezen esanetan, «lankide batekin gazteleraz hitz egiteko ohitura hartzen duzunean ez da erraza hizkuntza aldatzea, lan handia egin behar duzu ohitura hori aldatzeko». Bestetik, lan horretan kanpoko norbaiten estimulua behar-beharrezkoa dela konturatu dira, «Aitor Unanueren lanak berebiziko garrantzia izan du. Hasiera batean motibazioa piztu zigun, eta ondoren motibazio hori elikatzen asmatu du», azpimarratu digu Urrutiak.
Etorkizuneko erronkak
Diruzaintza departamentuko langileek lan ona egin dutela uste du Aitor Unanuek, baina etorkizunari begira bestelako erronkak jarri dizkio bere buruari. Gaur egun, idazkaritzako departamentuko langileekin ari da lanean, eta harrituta gelditu da: «Oso epe laburrean euskararen erabilerak nabarmen egin du gora departamentu honetan, eta Udaleko beste langileak harrituta daude idazkaritzakoek izan duten bilakaerarekin».
Lasarte-Oriako egitasmo honek oihartzun handia izan du, eta inguruko udaletan antzeko plangintzak prestatzen hasi dira. Horren lekuko dira Urnietako eta Andoaingo Udalak. Euskararen erabilera bultzatzeko plangintza berriak prestatu dituzte udalerri hauetan, eta ahozko ohituretan oinarritu dira. Izan ere, eraginkortasun maila askoz ere handiagoa da. Aitor Unanuek bide horri heltzeko gonbidapena egin die Euskal Herriko gainontzeko udalei: «Gure esperientzia ezagutarazi nahi genuen, eta horretarako kaleratu dugu liburua. Gainontzeko udalerriei bide beretik abiatzeko deialdia egin nahi diegu. Ezinbestekoa da ahozko jardunari heltzea administrazioan euskararen erabilera normalizatu nahi badugu».
Mikel Asurmendi
«Ez nuen pentsatzen engaiamendu politikoak nagoen tokira ekarriko ninduenik. Politika ez da polita, ezta erakargarria ere, indar harremanen eta botereen arteko jarduera baizik. Eskerrak Euskal Herrian eta bereziki ezker abertzalean politika egiteko moldea ezberdina den» dio gure solaskideak.
Prozesu politiko berria ilusioz eta buru-belarri bizi du Xabi Larraldek, Euskal Herria osoan gaindi ibili dabilelarik: «Esperientzia polita da, nahiz eta baldintza gogorretan bizitzea egokitu zaigun, Batasuna Hegoaldean legez kanpo baitago. Polita da Euskal Herriko errealitate ezberdinak ezagutzen ari naizelako. Baina errealitate horiei aurre egiteko ez bagara mahai beraren inguruan esertzen eta eztabaidatzen hasten ez da posible elkarrekin aitzina egitea. Gai bat beste baten esku uzten duzularik, badaiteke ordezko horrek ongi egitea, baina gaia delegatzeak berau ongi ezagutzea mugatzen dizu. Ibilbide nazionalean elkarrekin aritzeak Euskal Herri osoa ezagutzeko parada ematen digu, baita ikuspegi globala eta ezagupen maila zehatzagoa ukaitea ere».
Espainiako Gobernuko presidente Zapaterok azkenekoz hitz egin zuenean «la libre decisión de los vascos» aipatu zuen, euskaldunok erabakitzeko eskubidea alegia. Iparraldeko euskaldunak gogoan izango ote zituen, zure ustez?
Argi da Hegoaldeko herritarrez ari zela. Hasteko, Espainiako nahiz Frantziako estatuek onarpen arazo bat dutelako. Alta, Zapateroren errana eskubide horren aldeko aitortza erreala bada, guk Frantziako Estatuaren aldetik gisa bereko adierazpena itxaroten dugu.
Nicolas Sarkozy barne ministroa berehala bildu zen Zapaterorekin «arazoa Espainiari soilik dagokiola» adierazteko.
Frantziako Estatutik heldu ohi den mezua da, ez da ustekaberik. Frantziak ordea, badaki prozesua mugituz eta aldatuz joanen dela. Estatu honek ETArekin finkatu beharreko eremuaz, ardura agertu du soilik, presoen gaia edo desmilitarizazioa kontrolatu nahi ditu. Guk urratu nahi dugun prozesuan Estatu hau ere eremu politikoan ardura hartzera bultzatu nahi dugu.
Prozesua garatu ahala bere jarrera alda daitekeela uste duzu, beraz.
Hori da parioa edo erronka. Euskal Herriko eragileen eraginez Frantziako Estatua prozesuan murgiltzera «eraman» behar dugu. Ezker abertzaleak horregatik herri bat eta gatazka bat dagoela dio, prozesua ez dela Baskongadetara soilik mugatu behar. Batzuek jarrera hori ezker abertzalearen aldarrikapen ideologikoa dela aurpegiratzen digute, guk berriz alderantziz ikusten dugu. Lurralde guztietako eragileek parte hartzeko aukera izan dezaten baldintzak sortu behar ditugula diogu, Nafarroa eta Iparraldearen parte-hartzea serioski hartu behar direla. Frantziako Gobernuari herri bakar gisa jokatu nahi dugula erakutsi behar diogu abertzaleok, hemen herri bat osoa dagoela eta erantzun osoa eman behar diogula.
Batasuna PSE-EErekin bildu da berriki, Patxi Lopez eta Rodolfo Ares solaskide zituela. Behinola Arnaldo Otegirekin batera, Ibarretxe lehendakariarekin bildu zinen eta Aresek «El francés» gisa aipatu zintuen.
Ez nau harritzen horrela pentsatzeak. Aresek, gu frantsesak garela pentsatzen badu ere, gu euskaldunak garela eta eskubideak ditugula onartu beharko du finean. Euskal herritar bezala zor zaizkigun eskubideak ezagutarazi beharko dizkigute, alegia.
EAJrekin batera, Batasuna eta PSE-EE ménage a trois batean ikusten ditut normalizazio prozesuan. Itxuaz, EAJ bigarren planoan geratu da oraingo fasean eta hainbat gertakariren aurrean kezkatuta. Adibidez, Gara egunkariak ETAk eta Gobernuak otsailean akordatu omen zutenaren berriek kezkatuta.
EAJk agertzen dituen kezken aurrean zalantzak izaten ditut, ez dakit zein neurrian errotuak diren prozesua azken mugaraino iristeko zereginean eta nahian, edo protagonismo gosez ari ote den. Alderdikeriak alde batera uzteko garaia heldu da ordea. Kontua ez da, hauteskunde garaian bezala, norgehiagoka aritzea, baizik herri honen gatazka konpontzeko jokaleku batera iristea.
Rodolfo Aresek ez dutela Alderdien Legea bertan behera utziko berretsi du. Beste alderdi bat erregistratzeko tenorea heldu al zaio Batasunari?
Ezker abertzalearen eremu elektorala deusezteko erasoa bortitza izan da azken urteetan, Estatuak ez du alabaina gu desagertaraztea lortu. Batasunaren bozeramaileak lanean ari dira, baita ezker abertzalearen kideak oro har, eta marka aldatu izan delarik ere, EHAKko kideak lekuko. Gu lasai gaude, legalizazioaren moduak ez dira Batasunaren arazoa PSOErena baizik. PSOEk aitzina egin nahi badu demokratizazio prozesuan ibilmoldeak berak hautatu beharko ditu. Prozesua aurrera joan dadin ilegalizazioarekin bukatu beharko du, PSOEk ezin du Entzutegi Nazionalak erabakitzen duenaren zain egon Batasunarekin bilkura publikoak egiteko, erridikulua da eta lekuz kanpokoa.
Prozesua aitzina doa, nola ikusten duzu berau? Zer udazkena igurika dezakegu?
Alde ilunak eta argiak ikusi ditut. Ilunak legez kanpo aritzea eta errepresioak segitzea, azken atxiloketak lekuko. Baina gertakari ilun horiek larriak izanda ere, borondate politikoa desitxuratzeko nahia da kezkagarriena. Prozesua eremu tekniko soil batera eraman nahi izatea, auzia ETA eta Gobernuaren arteko afera soila balitz bezala, helburua presoak armen truk negoziatzea bailitzan. Kontua eremu politikoan lan egitea da larrazkenean lehen emaitzak ikus ditzagun, urria aldean, ontsalaz, prozesu politikoa gidatuko duen mahaiak indarrean izan behar luke eta.
Mahaia bakarra izanen ote?
Guk herri bat garela eta gatazka ere bakarra dela diogu, beraz, eremu bakarra hartu behar dela kontuan. Printzipioz eta molde praktikoengatik ere hori da ibilmoldea. Adibidez, prozesuan nazioarteko babesa behar dugu, Europako Batasunaren (EB) sostengua tarteko. Horretarako zer egingo dugu Nafarroa, EAE eta Iparraldetik hiru ordezkaritzarekin Europako parlamentariengana joan? Horrek ez du logikarik. Molde ezberdinetan, baina gatazka bakarra dago, eta nazioarteko agintariei hori azaldu behar zaie. EBko nahiz globlalizazioaren testuinguruan ari gara, beraz, ordenatu ditzagun eremuak eta gaiak... Bistan da, Euskal Herriak lurraldeka berezitasunak ditu, Ipar Euskal Herrian Frantziarekin konpondu behar dugu auzia. Prozesuak jite berezi bat eskatzen du Estatu honi begira ari garenean, baina prozesu nazionaletik kanpo geratu gabe.
Azkenik, Batera plataforma 46.000 sinadura biltzeko kanpainan ari da. Zer iritzi duzu?
Batasunak oso ekimen inportantetzat jotzen du Bateraren kanpaina eta gure militanteak ere bertan ari dira. Onarpen instituzional baten eskaera egiten ari gara, eta nahiz eskaera mugatua izan -Euskal Departamendua- herritarrak gai instituzional bati buruz eztabaida bultzatzen ari dira erabakitzeko eskubidea finkatzeko bidean. Haatik, bi ńabardura jarri dizkiogu kanpainari: lehena, guretzat Departamenduaren lorpena pauso bat litzateke, ez da pausoa. Pausoa guretzat gutxieneko aldarrikapenak bermatuko dituen -eta eskumenak dituen- erakundea edo marko juridikoa erdiestea da. Esaterako, Departamenduak ez ditu bermatzen hizkuntzari dagozkion eskumenak. Bigarrena, kanpainaren testuinguruarekin kritikoak gara. Berau Auzapezen Biltzar Nagusian egindako eskaeraren ondoren hasi zen, auzapezei ea kanpaina hau onartzen zuten galde egin baitzitzaien. Paradoxikoa da kanpaina burutzea, hain justu existentzia ukatu diguten instituzioen eskaeraz, Iparraldean instituzioek berauek itotzen gaituzte eta. Guk kanpaina kontsultaren inguruan kokatzen dugu, eta finean, sinadurak biltzeko ariketa eta arrakasta Euskal Herrian neurtu behar dela diogu. Hori erranik, ez dut erran nahi helburu ez dela ahalik eta sinadurarik gehien biltzea, kanpaina ahalik eta helburu gehien betetzeko burutu behar baita.