Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-06 16:28:34
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2006-07-23 -- 2050.zenb

Eduardo Moreno Bergaretxe Pertur ETA pm-ko buruzagia desagertu zela 30 urte pasatu direnean, desagerpenaren errudunei buruzko hipotesiek airean jarraitzen dute. Bi hipotesi dira nagusi: Espainiako indar parapolizialek desagerrarazi zuten, edo berarekin desadostasunak zituzten ETA pm-ko Bereziak izeneko taldeko kideek egin zuten. Bereziek desagerpenean zerikusirik izana ukatu dute beti eta, aldiz, talde parapolizialek desagerpena euren gain hartu zuten. Esamesa ugari egon dira lehen hipotesiaren gainean, baina oraindik ez da gaiari buruzko aitortza edo froga baliagarririk azaleratu.

Onintza Irureta


Azken agurra Muniozgureni

Fernando Muniozguren eibartarra uztailaren 8an hil zen minbiziak jota. Joan den larunbatean, hilaren 15ean, senideek eta euskalgintzako hainbat jendek azken agurra egin zioten Eibarko Txaltxa Zelai plazan.
Filosofian lizentziatu zen eta irakasle lanean hasi zen. Ondoren, hainbat urte egin zuen Eibarko Udalean euskara teknikari. Euskara zabaltze lanetan beste hainbat proiektutan buru-belarri ibili zen, hala nola, Eibarko ...eta kitto! euskara elkartearen sorreran hartu zuen parte eta baita izen bereko astekariaren sorreran ere. Deba Ibarreko Badihardugu euskara elkartearen sorreran ere izan zen. Zarauzko Txaparro Euskara Elkartean eta Txaparro aldizkarian ere aritu zen. 1997an, Topaguneko lehen presidentea izan zen. Hainbat hedabidetan kolaborazioak egiten zituen eta ARGIAn euskara kontuak astindu zituen gaixoaldiak eragotzi zion arte.


EAE, Galizia eta Kataluniako hizkuntza politikak elkarlanean

Lehen ere ari ziren elkarlanean hiru erkidegoetako Hizkuntza Politika alorrak, baina hirurak batera ez. Uztailaren 14an bildu ziren Patxi Baztarrika, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordea, Sixte Moral, Generalitateko Hizkuntza Politikarako idazkaria eta Marisol L-pez, Xuntako Hizkuntza Politikarako idazkari nagusia. Mahaia osatu dute hiruren artean eta hiru helburu nagusi jarri dituzte: Europako Hizkuntza Gutxituen Ituna zenbateraino betetzen den gertutik jarraitzea, mahaiko hiru gobernuen arteko elkarlana eta Espainiako Gobernuak euskara, katalana, galiziera eta gaztelania berdintasun sozialera eramango dituen hizkuntza politikak sustatzea.


Xorroxinek 25 urte

1981ean jarri zuten abian Xorroxin Irratia Nafarroako Baztanen. Baztandarren Biltzarreko gazte batzuk izan ziren sustatzaileak eta lehen urratsa eman zuten Erratzuko eskola zaharreko estudioan. 25 urte ondoren, soldatapeko zortzi langile ditu irratiak eta hainbat eta hainbat kolaboratzaile Nafarroako iparraldean. Baztanen, Bortzirietan eta Lapurdiko kostaldean ere entzun daiteke Xorroxin. Egunero hamaika orduko programazioa du euskaraz eta gainerakoa musikarekin betetzen du. Arrosa Irrati Ekoizpen Zentroko kide da irratia. Emisiorako lizentzia 1998. urtean lortu zuen.

AHT

Juan Mari Arregi


Uztailaren 16an Abiadura Handiko Trenari buruzko herri kontsulta egin zuten Arabako Urbina herrian. Emaitzak honezkero jakingo dituzue. AHTren kontrako urteroko kanpaldia uztailaren 21etik 31ra egingo dute Urbinan bertan. Eta aste gutxi dira, Donostian AHTren aurkako manifestazioa egin zutela.

Oraintsu Espainiako eta Gasteizko Gobernuek lanak hasiko zirela esan dute, 4.100 milioi euroko inbertsioekin. Gasteizek eztabaidarako urteak pasa direla dioen arren, aurretik inolako eztabaidarik izan gabeko inbertsioa da hori, herriko talde ekologistek, sozialek, sindikatuek eta politikoek behin baino gehiagotan eskatu badute ere. Gure lurra eta gure geroa arriskuan jartzen duen inbertsio estrategikoa da hau, eta ezin da inposatu, are eta gutxiago proiektu estrategiko nazional baten barruan ez dagoenean. Lemoizko zentral nuklearra, Boroako zentral termikoa edo Itoizko urtegia inposizioaren adibide garbiak dira. Horrexegatik herri mugimenduak kalera irten dira behin baino gehiagotan. Nori egiten dio mesede AHTk? Dudarik gabe, ez gure ingurumenari, ezta lurralde antolamenduaren orekari ere, herri txiki eta ertainak bakartzen baititu. Ez dio mesederik egiten gure lursail eta nekazaritzari ere, birrindu egingo baititu. Ezta herritar xumeei ere, garestia izango baita. Ez dio mesederik egiten ohiko trenbideari ere, berau hobetzeko inbertsioak kenduko baitizkio... mesede egiten die lobby multinazionalei eta interes eta negozio pribatuei.

Xabier Letona


Filtrazioak: defentsa eta eraso

Kafkiarra izan da Pablo Muñozek bere atxiloketarekin pasatu behar izan duena. Kafkiarra berme gisa, eta beraz teorikoki ihes egin ez dezan, jarritako 4.000 euroak. Kafkiarrak zerga iraultzailea-ren inguruko azken polizi operazioan izandako gertaera asko. Eta Maquiaveloren eskolakoa operazioa bera, bake prozesua nahastu edo baldintzatzeko tresna gisa erabili delako eta erabiltzen jarraitzen dutelako. Euskal Herrian azken zortzi edo bederatzi urteetan gertatu diren operazio politiko-judizial askoren tankerakoa izan da ikuspegi politikoari dagokionez. Logikak dio bake prozesuan aurrera egin ahala -eta hala gertatzen ari dela dirudi- halakoek gure paisaje politikotik kanpo beharko luketela, baina hemen dira, errealitateak sarri erakusten duen moduan, egoera politikoa baldintzatzeko erabilgarri

Horrexegatik da kexu Batasuna eta horrexegatik datoz filtrazioak ezker abertzaletik edo, beharbada, ezker abertzaleko zenbait gunetatik. Esamesa ugari ekarri zuen Espainiako Gobernuaren eta ETAren arteko balizko akordioei buruz Gara-k hilaren 10ean zabaldutako informazioak. Informatze soiletik haratagoko helburuekin egindako filtrazioa izan da, bistan da, baina ez dago guztiz argi helburu horiek zeintzuk diren. Espainiako Gobernuaren eta ETAren arteko akordio mailaren bat egon badagoela ez da zalantza handirik, bestela nekez ulertzen dira orain arteko errepide mapan gertatutako guztiak. Bestelakoa da jakitea akordio horiek zer eduki duten edota bakoitzak zer ulertzen duen akordio berbaren esanahiaz.

Edozein eratan, halako filtrazioak egiten dituenak berak ere egoera baldintza dezakeela pentsatzen du, indar maila bat eta posizio bat erakusten ari da eta filtrazioaren iturriari sinesgarritasun bat eta indar maila hori aitortzen dio. Hau da, filtrazio horiek ez dira irensterrazak PSOE eta Zapaterorentzat -nahiz Otegik gero sostengua luzatu- eta posible da ENAMen prozesu hau gidatzen ari direnek egin izana, su-etenetik gaurdaino ezker abertzaleak berak ere asko jasan behar izan duelako atxiloketa eta presio judizial eta polizialarekin, eta fase berrien aurrean Espainiako Gobernuari horrela ezin dela aritu erakutsi nahi diolako. Arnaldo Otegik ez zuen Gara-k esandakoa gezurtatu, akordio horien berririk ez zuela esan zuen, ez besterik. Eta posible da, halaber, prozesuaren norabidearekin horren pozik ez diren ezker abertzaleko sektoreren batzuek egin izana, prozesuaren norabidea baldintzatzeko. Bi hipotesi dira edozein modura, eta gehiago ere izan daitezke.

Halako prozesuetan, dena den, filtrazio eta informazio interesatuak eguneroko ogia dira, eta horretan norbait maisu izan bada, hori El Pais egunkaria da, J. R. Aizpeolea kazetariaren bidez, Moncloa Jauregiaren interesak lau haizetara zabalduz. Hark iragarritako asko bete dira eta beste batzuk ez, edo ez oraingoz. Beste informazio askok, ordea, unean uneko abagunearen aurrean Zapatero gobernuburua PPren erasotik defendatzera bideratuak izan dira. Eta beste asko prozesua bera baldintzatzera.


Iñigo Fernandezek Euskara eta Publizitatea blogean:
«(...) Eta ondo da euskarak itzultzaile onak izatea, baita publizitatean ere, baina publizitate sortzaile euskaldunak behar ditugu publizitateak euskarari ekarpena egin diezaion noizbait».

Tourra Kanbotik igaroko zela-eta Vincent Bru auzapezak esandakoak Berriari: «Begi-bistakoa da diru laguntzak ukan bagenitu errazkiago jarriko genuela dena elebidunean. EEPk ez gaitu lagundu. Agian, ezezkorrak direnek ez dela aski erranen dute. Egia da ez dela aski. EHEk eta Batasunak hori bera salatu berri dute. Baina diskurtso politiko horrek ni ez nau interesatzen. Niri bost axola zer dioten. Edozein gisaz, zernahi eginik ere kritikatzen gaituzte. Guhaurrek gure urratsak eginez bakarrik gara aitzinatu».

«Konstituzioan gaude eta bertan izango gara 'per secula seculorum'. Konstituzioa eta Autonomia Estatutua dira gure katixima». Javier Rojo buruzagi sozialista arabarra Espainiako Senatuko lehendakaria da eta adierazpenok hilaren 16an egin zituen El Mundo-k egindako elkarrizketan.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan