Astekaria

 Bestelakoak 

Astoaren lastoa

Anuntxi Arana

Anuntxi Arana


2050. alea
2006-07-23
alde 0    kontra 0

Prentsa idatzia krisi handia pasatzen ari da eta izugarri aldatu da azken urte hauetan. Begi-bistan dira bi gauzak eta, segur aski, lotuak: lehena bigarrenaren kausa dateke, baina ez da esana alderantziz ere ez dela gertatzen.

Berrikitan, Libération egunkaritik haizatua izan da Serge July, haren zuzendaria eta sortzailetarik bat, Sartrerekin batera. Rothschildek 20 milioi euro inbertitu zituen igaz kazetan, eta akzionista nagusi bilakatu zen, Julyk berak atea zabaldurik. «Otsoa arditegian» ohartarazten du mikatz irakurle batek. Gaur egunean berriro diruaren premia gorrian dago Libé, eta horren ekartzeko zuzendaritzaren aldaketa exigitu du nagusiak. Lerro editoriala aldatuko dute, urrean, eta ez prezeski erradikaltze aldera.

Ideologien gainetik, ordea, denetan berdina da konsigna, berritu ala hil, eta beti ikus-entzunezko komunikabideek bultzatzen omen duten aldera egiten dute, gero eta arinago, gero eta koloretsuago bilakatuz, hau da, testu gutxi eta irudi asko. Le Monde bezalako egunkari erreferentzial serioak ortzadar itxura dauka jadanik; Iparraldeko Herria astekari ez aberatsak ere eman du urrats hori eta, hemen gaindi, Enbatak bakarrik irauten du bere zuri-beltzetan.

Argazkien kopurua eta handitasuna neurri gabe hazi da. Testuaren osagarri behar lirateke, ontsalaz, informazio zerbait ekarri. Eta ez da hala izaten: askotan, bereziki jende polit ospetsuen kasuetan, lehen planoak izaten dira, edo berdin aurpegiaren erdia, larruaren txindor eta poroak erakusteko moduan; «cinemascope»an, gainera, eremuaren hiru laurdenak beretuz. People magazine aire bat hartu dute egunkariek.

Aldi berean titularrak eta hizkiak ere handitu dira. Eta gehigarriak; hasiera batean, aspaldian, astean bat; orain egunean bi edo. Batzuk oso estimagarriak; beste batzuk, aldiz... Jaiak, adibidez: «Sanferminak: zapi gorrien uholdeak hartu ditu Iruñeko plazak eta kaleak: eromena izan da nagusi». Edo moda, tisanak, etxea eta holako: «Oihalek jantzi egiten dute gela: goxotasuna eta nortasuna ematen dizkiote dekorazioari», eta ondoan marken izenak; haiek finantzatu orriak badira, ongi litzateke irakurleari jakinaraztea.

Edukiez hustu arau, puzten joan dira gure kazetak. «Astoarentzako lastoa» esan ohi zaio kartetan jokoa eraman duenari, tanto txikiak besterik biltzen ez dituenean. Astoak gustuko du lastoa, pantza ederra badu haren digeritzeko. Baina guk, urdail bat baizik ez, «erabil eta bota» mokanes gisa baliatzen dugu zelulosa. Zer egin? Egunkariak Interneten irakurri? Salmentak gutxiagotuko dira eta orduan lasto «erakargarri» gehiago sartzera behartuak izango dira. Erosiko ditugu? Papera birziklatzen omen da.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
azala  
azala2049
 
azala2048

2050 zenbakia.
2006ko uztailaren 23a


   

Babeslea

Irizarren webgunera joan
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia