Laugarren kirola
Jon Gonzalo
Astearte buruzuria da Euskal Herriko txoko gehientsuenetan lan giroa da nagusi. Jendea korrika eta presaka dabil batetik bestera, fabriken tximiniak kea etengabe botatzen ari dira eta auto-iladak nonahi daude. Andoaingo Goiburu golf zelaian, ordea, oso bestelako giroa dago. Bakea arnasten da. Belar moztu berriaren usaina, txorien kantuen doinua, haize epelaren gozotasunaà Golfa ezagutzen ez duzuenok Heidiren marrazki bizidunetako giroa deskribatzen ari garela pentsatuko duzue. Golfa ezagutzen duzuenok, berriz, badakizue zertaz ari garen. Kirol honek xarma berezia du, eta adituen esanetan oso gutxi dira behin probatu eta gero errepikatzen ez dutenak.
Jon Otaño da horietako bat. Golfak gizon honen bizitza aldatu du. Orain sei urte Andoaingo fabrika batean egiten zuen lan, eta gaur egun Goiburu golf eskolako irakaslea da. «Golfean hasi nintzenean mundu berri bat aurkitu nuen. Laneko estresa alde batera utzi eta lasaitzeko oso baliagarria egin zitzaidan. Poliki-poliki serioago hartzen hasi nintzen, eta azkenean irakasle titulua atera nuen», adierazi digu Otañok.
Golfak elitista ospea izan du betidanik, aberatsen kirola deitu izan zaio. Jon Otañok ere askotan entzun du hori, baina ez dago ados, «golfa elitistatzat jotzen dutenek ez dute kirol hau ezagutzen. Ez dute inoiz golf zelai bat bisitatu. Golf zelai batean askotariko pertsonak aurki daitezke. Golf jokalariek ez dute perfil jakin bat, elkarrekin batere antzik ez duten pertsonak dira».
Ez zaio arrazoirik falta Otañori. Hortaz jabetzeko aski da Goiburu golf zelaian buelta bat ematea, eta bertan dagoen jendeari erreparatzea. Askotariko pertsonak aurkitu ditugu: ikastolako haurrak, erretreta hartu duten gizonezkoak, emakumezko lagun taldeak, negozio-gizonak, arotzak, kazetariakà «Nire lagun bat aspalditik dator hona, eta probatzeko esan zidan. Orain dela hiru hilabete hasi nintzen, eta ia egunero nator. Oso kirol polita da, eta azkar hobetzen ari naiz. Ez nuen uste hainbeste gustatuko zitzaidanik», aitortu digu Oscar Badallo kazetariak. Goizeko bederatzietan iritsi da golf zelaira, eta goiza bertan pasatzeko asmoa du.
Golfaren xarmak harrapatu du Badallo, eta bera bezala beste hainbat ere bai. Euskal Herrian 18.000 jokalari federatu baino gehiago daude. Futbola, arrantza eta ehizaren ondoren jokalari federatu gehien dituen kirola da. Goiburu golf zelaiak, esate baterako, 600 bazkide ditu. Ibon Arregi Uranga Goiburuko arduradunaren esanetan, «bazkideen kopurua etengabe doa gora». 2.002. urtean bederatzi zulodun zelaia zabaldu zuten, eta ondoren haurrentzako eskola.
Golfean egiteko joko-arauak
Urtean zehar 1.000 haur baino gehiago pasatzen dira Goiburu golf eskolatik, eta horietako askok eskolan gelditzea erabakitzen dute. Lehenik eta behin, pilota behar den bezala jotzen erakusten diete: hasierako kolpea, greenera gerturatzekoa, zuloan sartzeko kolpeaà Golf makila behar bezala aukeratzea ere oso garrantzitsua da, kolpe bakoitzak bere makila behar baitu.
Halaber, arauak ikasi gabe ezin da golfean jokatu. Hona hemen oinarri-oinarrizkoak: golf zelaiek 9 edo 18 zulo dituzte; zulo bakoitzak hiru atal (irteera, kalea eta greena); zulo bakoitzean pilota sartzeko kolpe kopuru jakin bat jo behar da, eta ibilbidearen amaieran ahalik eta kolpe gutxien jotzea da helburua.
Ingurumen eta errespetuarekin lotura duten arauak ere badaude. «Golfa naturarekin lotura estua duen kirola da. Esate baterako, pilota jo eta gero belarra altxatzen badugu belar zati hori konpondu gabe ezin da aurrera jarraitu. Ingurumenarekiko eta gainontzeko jokalariekiko errespetua mantendu behar da», azaldu digu Jon Otaño irakasleak.
Golfak duen beste gauza berezi bat jokalarien janzkera da. Zergatik janzten dira beti hain dotore? Beharrezkoa al da horrela janztea? Jon Otañoren esanetan garrantzitsuena eroso joatea da: «Galtza bakeroak janzten badituzu ez duzu golfean eroso jokatuko. Galtza zabalak eta finak behar dira, polo edo alkandora bat, eta zapata takodunak. Haizea ibiliz gero, bisera bat jartzea ere komeni da».
Alabaina, kirol honekin gozatzeko garrantzitsuagoa da ikasteko grina janzkera baino. Adituek diote bizpahiru hilabetetan maila txukuna lor daitekeela. Goi-mailako jokalaria izateko, berriz, maila psikologiko eta fisiko oso ona behar da. «Jokalari profesionalek ordu asko pasatzen dituzte gimnasioan, baina psikologikoki ere oso indartsuak izan behar dute. Kontzentrazioa da golfean ondo jokatzeko gakoetako bat».
Ibon Arregi Urangak, Goiburu golf zelaiko arduradunak eman dizkigu golfarekin gozatzeko azken gomendioak: «Aurreiritzi guztiak alde batera utzi behar dira. Inolako presarik gabe hona etorri eta inguruarekin gozatu behar da. Pazientzia ere beharrezkoa da, ez baita berehala ikasten». Prezioei dagokionez, egun bateko jardunak 6 euro balio du eta urteko kuotak 180.
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.