Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-07 16:31:31
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2006-07-16 -- 2049.zenb

Ihesi: Mendukilo lurpeko Aralar

Estitxu Eizagirre


Lekunberrira jo dugu (A15), Ultzama, Araitz, Imotz eta Larraun bailarak lotzen dituen Plazaola trenbidearen geltokira. Bertan inguruko interesguneen informazioa jasoko dugu: Bide Berdea, Orgiko hariztia, Beigorri abentura parkea, Aralarko Santutegia, eta hainbat ibilbide azaltzen dituen liburuxka. Guk Mendukilo koba ezagutuko dugu, eta ondoren Iribasko iturburura joango gara. Horretarako, autoz Alli herrira joango gara lehenik, eta Astitzerantz hartuko dugu ondoren (NA750). Herria baino lehen, eskuinera sartuko gara, «Mendukilo» seinaleei jarraiki. Bost minutuan iritsiko gara harrera etxera. Kotxea parkingean utzi, eta bagoaz barrura.

Aralar mendizerra grouyer gazta handi bat dela azaltzen digun maketa dugu ikusgai bertan. Baita lurrazpiaren maketa ere, benetako kobara sartu aurretik presta gaitezen. Ondoko gelan, 15 minutuko ikus-entzunezkoak Aralar mendizerra aurkeztuko digu bertako artzain, mendizale, eta adituen eskutik.


Ibilbide botanikotik koba ahora

Harrera etxearen bueltan 1,5 kilometroko ibilbide botanikoa dugu. Bide hau jarraituta iritsiko gara kobazulora, zonaldeko zuhaitz esanguratsuenak ikusten ditugun artean: elorri zuria, pagoa, lizarra, haritz kanduduna, urritza, hostazuria, haritz amerikarra, gorostia, zuhandorra, zumarra...

Iritsi gara kobaren ahora, eta zortzi laguneko taldea elkartu gara. Berehala iritsi da gida, eta iaz jarritako burdinazko atea zabaldu digu. Ate honen aurretik harrizko horma batek estaltzen zuen kobako sarrera. Izan ere, jendea kontrolik gabe sartzen zen, estalaktita eta bestelako formazioak hautsiz eta lapurtuz. Baina kobaren zikloa eragozten zuen paretak, horregatik jarri dute zulo handiak dituen atea. Barra horizontalak ditu koba sarrerako ateak, bertikalak izanez gero, bertako biztanle diren saguzarrak ezingo bailirateke sartu edo atera.

Aurrean dugun koba duela 160 milioi urte inguru sortu zen. Ikusgarrienetakoa bai, baina ez da inguru honetako koba bakarra: Aralar kararrizko mazizoa izanik, badira 800 kobazulo erregistratuak.


Artzainzulo

Mendukilok mendiko ukuilua esan nahi du, eta sarrerako gelari Artzainzulo izena jarri zaio, bertakoek eman izan dioten erabileragatik: Astitzeko zaharrenek kontatzen dute nola babesten zituzten bertan 70-80 ahuntzeko taldeak eguraldi txar eta elurretatik. Baina lehenagoko artzainek ere erabili izan zuten gune hau: aurkitu diren aztarna arkeologikoek -zeramikak, su hondarrak, pareta bat...- adierazten dute Burdin Aroan (900-200 k.a), Aralarko megalitoak egin zituzten artzainek erabiltzen zutela sarrerako gela hau.


Kontuz hartzekin!

Zaldain edo pasarela flotakorretik behera abiatu gara, koba barrenera. Baina gidak araua gogor azpimarratu digu: «Ez hormarik ukitu, ez estalaktita eta estalagmitarik, ez bestelako formaziorik».

Berehala iritsi gara Hartz zulora. Bertan, leize-hartzen bi garezur topatu zituzten. Hankak dardarka jarri zaizkigu kobazulo ilunetik horrelako piztiatzarra ateratzean gizaki batek baino gehiagok bizi izango zuena imajinatzean.

Baina hortz polit askoak ere badira koban, begira bestela bertako estalaktita -sabaitik zintzilik daudenak- eta estalagmitak -lurrean altxatzen direnak-. Eszena benetan erromantikoa ikusi dugu koban: estalaktita eta estalagmita, bat egiteko zorian! Tira, «zorian», 500 urte edo bakarrik faltako zaie egun handirako.

Hartz zuloa da beste bi geletarako sarbidea: Laminosin dugu ezkerrera eta Herensugearen gordelekua eskuinera. Goazen Laminosinera.


Laminosin

Lur azpitik 30 metrora gaude eta ipuinetakoa dirudien ur putzua dugu aurrean. Ur putzua zeharkatuta beste zulo bat, eta aurrerago hainbat txoko egongo direla sumatzen da. Baina horra adituak bakarrik sartzen direla azaldu digu gidak: «Publikoarentzat pasabidea jartzeko formazioak hautsi beharko lirateke».

Lurraren kanpoa eta barrua lotuta daudenez, barrua kanpoaren ispilu dela ikasi dugu: kolore beltzeko hormarekin egin dugu topo. Orain 200 bat urte, koba gaineko basoa erre egin zen eta iragazitako urak errautsak ere ekarri zituen, kostra beltz hau sortuz.

Hartz zulora itzuli eta Herensugearen gordelekura sartu gara.


Tssss! Herensugea esnatu gabe

30 metro garai eta 60 metro luze ditu gela honek. Sekulako gaztelua saguzarrentzat. Beste bi sala daude beheko zulotik jaitsita: Gerlariaren gela eta Intxixuren Gordelekua. Baina hauetarako ere ez dago pasabiderik, kobaren formak zaintzearren.

Bat-batean, argiak itzali dira 40 segundoz. Dena ilunpean geratu da, hiri batean sekula ezagutuko ez dugun erabateko iluntasunean, eta isilik, lurrazpia sentituz, koba entzun dugu: ttan-ttan-ttan ttanttoak doaz estalaktitetan behera. Sekulako patxada arnasten da. Argiak itzuli direnean, lehen esploratzaileek berau aurkitu zutenean bizi izan zutena sentitu ahal izan dugu.

Sei metroko estalagmitatzarra eta erabat txuria den zutabea ikusi ditugu. Urak dakarren buztinak ematen die kolorea formazioei, eta zutabe hau, aldiz, batere buztinik gabe datorren urak sortua da.

Eskaileretan gora itzulerako bideari ekin diogu. Baina oraindik uraren ibilbidea dugu deskubritzeko: Aitzarrateta iturburua.


Aitzarrateta iturburua

Mendukilokoak agurtu, kotxea hartu eta Iribas herrira joan gara -Lekunberrirantz jo eta bidegurutzean Lekunberrira beharrean gora hartu, NA-7504-.

Herri sarrerako seinalearen parean utzi dugu kotxea, eliza atzean. Bertatik jada seinaleztatuta dago Aitzarrateta iturbururako bidea, marra txuri berdeekin. Horiei jarraiki eta bi kilometroren buruan iritsiko gara haitz ikaragarrien artetik ateratzen den Ertzilla errekaren iturburura. Parean errota izandakoa eta presa moduko bat ditu.

Nola ez, ura edanaz bukatuko dugu gaurko eguna, zenbat indar duen argi geratu zaigu eta.

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan