2006-07-16 -- 2049.zenb
Urte osoan zehar zinema hamabostaldia paratzen dute, Iparraldeko 10 zinema gelatan. Egunean bi saio izaten dira eta orotara 2.700 haur biltzen dira euskarazko filmak ikusten. Zer dute helburu? Haurrei zinema euskaraz ere badela erakutsi nahi diete, ez dela dena frantsesez. Gainera, udako egonaldien eta jardueren berri emateko ere baliatzen dute parada.
Bestetik, bilguneak daude, alegia, haurrak hartzen dituzten zentroak opor ttikietan -Gabonetan, Aste Santuan...- udan eta asteazkenetan. Oraingoz, Baionan eta Hendaian daude bilguneak, baina gainerako hainbat herritara ere zabaldu nahi dute asmoa. Gurasoek goizetik eramaten dituzte haurrak eta arratsaldean jasotzen dituzte. Eskolaz kanpo euskaraz bizitzeko modua izaten da haurrentzat. Kanpoko eta barneko jokoak, tailerrak, informatika ariketak, eskulanak, antzerkiak, kantuak. Orotarik egiten dute, aisialdian asma daitekeen aktibitate oro egiten dute. Baionan 150 haur ibiltzen dira, Hendaian, berriz, 120.
Horretaz gain, egonaldiak ere antolatzen dituzte, udan nahiz neguan. Udalekuetan, 4 eta 14 urte arteko haurrek astebete pasatzen dute zentroetan. Igandetik ostiralera bitarte, surfa, zaldi irteerak, eskulan tailerrak, hidrospeed eta kanoyng ekintzak eta bidaiak antolatzen dituzte. Neguko egonaldiak ere izaten dira. Elurretara eramaten dituzte haurrak, astebete igarotzera. Guztia eguneroko jardunean euskaraz bizi daitezen laguntzeko.
Uda Lekuk animazioak ere antolatzen ditu, asteburuetan batez ere. «Demagun badela Sagarno Eguna Baionan, eta antolatzen da haurren txoko bat, non badiren puzgarriak eta mozorrotzeko, txapak egiteko, baloiak puzteko eta panpinak egiteko tailerrak», esan digu Aguerrek. Animazio horietan ere haur kopuru interesgarria biltzen da.
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
© Sareko Argia
Lege Oharra
RSS sindikazioa