Ainhoa Lendinez2006-07-16 |
1983an sortu zen Uda Leku, Iparraldean, aisialdi denboran euskara bultzatzeko. Eskola eta ikastoletan haurrek euskara ez dute erabat atxikitzen, eta horretara, gainerako orduetan ere euskaraz bizitzeko paratu zuten Uda Leku.
2005ean Uda Lekuk hitzarmen bat sinatu zuen Frantziako botere publikoekin. Hitzarmen horretan bi atal jaso ziren: batetik, botere publikoek konpromisoa hartu zuten egungo aktibitateak diruztatzeko. Eta bestetik, lehen aldikotz Iparraldean, hizkuntza politika bermatu nahi dela-eta, Uda Lekuri bilgune berriak irekitzeko eskema baten proposatzea eskatu zioten. Zertan datza proposamena? Honela argitu digu Ttitto Aguerre Uda Lekuko zuzendariak: «Proposatu dugu eskema bat, biziki sinplea: Iparraldeko haurrak ez dira denak Hendaian eta Baionan bizi, behar da sortu hortaz bilgune bat Donibane Lohizunen, Garazin, Urruńan... Eta proposamena ongi hartua izan da».
Asmo hori aktibatu, sustatu nahi dute orain, gurasoak sentsibilizatu eta hunki, molde batez edo bestez, haurrak euskararen aisialdiguneetara eraman ditzaten. Kanpainak ilustratzeko proiektuaren xede eta ikur diren etxe txiki batzuk paratu dituzte, sinbolo gisa, lortu nahi dutenaren erakusgarri. Datorren urtetik hasita, hainbat udal prest daude proiektu bat edo beste onartu eta zentro berri batzuen irekitzeko.
Herriko Etxeak uzkur
Ikastolen patua, euskararen patua
Erronka nagusiak
Egungo zentroak:
Baiona eta Hendaia.
Lantzen ari direnak:
Biarritz, Angelu, Urruńa,
Garazi, Senpere.
Etorkizuneko asmo:
Donibane Lohizune, Uztaritze, Kanbo, Hazparne,
Ortzaize/Arrosa, Oztibarre,
Amikuze, Zuberoa.
Urte osoan zehar zinema hamabostaldia paratzen dute, Iparraldeko 10 zinema gelatan. Egunean bi saio izaten dira eta orotara 2.700 haur biltzen dira euskarazko filmak ikusten. Zer dute helburu? Haurrei zinema euskaraz ere badela erakutsi nahi diete, ez dela dena frantsesez. Gainera, udako egonaldien eta jardueren berri emateko ere baliatzen dute parada.
Bestetik, bilguneak daude, alegia, haurrak hartzen dituzten zentroak opor ttikietan -Gabonetan, Aste Santuan...- udan eta asteazkenetan. Oraingoz, Baionan eta Hendaian daude bilguneak, baina gainerako hainbat herritara ere zabaldu nahi dute asmoa. Gurasoek goizetik eramaten dituzte haurrak eta arratsaldean jasotzen dituzte. Eskolaz kanpo euskaraz bizitzeko modua izaten da haurrentzat. Kanpoko eta barneko jokoak, tailerrak, informatika ariketak, eskulanak, antzerkiak, kantuak. Orotarik egiten dute, aisialdian asma daitekeen aktibitate oro egiten dute. Baionan 150 haur ibiltzen dira, Hendaian, berriz, 120.
Horretaz gain, egonaldiak ere antolatzen dituzte, udan nahiz neguan. Udalekuetan, 4 eta 14 urte arteko haurrek astebete pasatzen dute zentroetan. Igandetik ostiralera bitarte, surfa, zaldi irteerak, eskulan tailerrak, hidrospeed eta kanoyng ekintzak eta bidaiak antolatzen dituzte. Neguko egonaldiak ere izaten dira. Elurretara eramaten dituzte haurrak, astebete igarotzera. Guztia eguneroko jardunean euskaraz bizi daitezen laguntzeko.
Uda Lekuk animazioak ere antolatzen ditu, asteburuetan batez ere. «Demagun badela Sagarno Eguna Baionan, eta antolatzen da haurren txoko bat, non badiren puzgarriak eta mozorrotzeko, txapak egiteko, baloiak puzteko eta panpinak egiteko tailerrak», esan digu Aguerrek. Animazio horietan ere haur kopuru interesgarria biltzen da.