Katixa Garate
Txotxongiloek Gasteizko plaza hartu dute
Arabako Panta Rhei txotxongilo taldearen eskutik eta Gasteizko Udalaren laguntzaz, Txotxongilo Txoroak zikloa egingo dute Gasteizen, bosgarren urtez. Uztailean hasi eta iraila hasierara bitarte, asteburu oro txotxongiloez gozatzeko aukera izango dute familiek hiriko plaza eta parkeetan. Talde andana izango da: Cinco sentidos (Katalunia), Taxarina (Galizia), Panta Rhei, Teatre Nu (Katalunia), Tropos (Madril)... Jaialdia beste herri bazuetara ere iritsiko da, besteak beste, Ozeta, Zalduondo, Alaitza, Kuartango, Lantziego eta Aramaiora.
Jazzarekin hitzordua Baionan
La ruee au jazz jaialdia egingo dute laugarren aldiz Baionan. Baionan jazzaldi ofiziala antolatzeari utzi ziotenean, lagun jazz zale batzuek Swing Home elkartea sortu eta La Ruee au Jazz antolatzeari ekin zioten, jazza herritarrei hurbiltzeko. Iaz 8.300 ikusle izan ziren eta aurten ez dituzte gutxiago espero uztailaren 13tik 16ra bitartean. Baiona Ttipian jarriko duten karpan musikari handiak izango dira, nor bere estiloan: Rabih Abou-Khalil, Stephane Belmondo eta Sylvain Luc, Elisabeth Caumont, Renaud García Fons, Kiko Ruiz... Horiez gain, beste 40 kontzertu izango dira hiriko zazpi txokotan.
Inguru hurbilak Artiumen
Bederatzi artista gazteren obrak paratu dituzte Gasteizko Artium museoan, Inguru hurbilak 2006 erakusketaren baitan. Bederatziak Arabarekin eta Euskal Herriarekin harremana duten artistak dira. Bigarren aldiz antolatu du Artiumek erakusketa hau, artisten proposamen berriei jarraipena egite aldera. Denetariko lanak ageri dira erakusketan: margoak, argazkiak, instalazioak, bideoak, zeramika... Hauexek dira lanok jarri dituzten artistak: Zigor Barayarra, Karmelo Bermejo, Miriam Isasi, Iratxe Jaio eta Klaas van Gorkum, Fermín Jiménez, Ana Lezeta, Héctor Orruño eta Javier Soto.
Bilbao live estreinakoz
Askotariko musika taldeak izango dira Bilbon lehen aldiz egingo den Bilbao Live Festival jaialdian. Guns NÆ Roses, Placebo, Ben Harper, The Pretenders, Tricky, The Cardigans, Los Planetas... Zalaparta sortu du jaialdiak, 4,2 milioi euroko aurrekontua duelako, Udalak 1.370.000 euro jarriko dituelako eta, diotenez, hiria promozionatzeko tresna gisa sortu duelako. Euskal Herriko talderik apenas izango den, El Inquilino Comunista eta Gatibu baino ez. Eta azken hau da euskaraz abesten duen bakarra. Uztailaren 13, 14 eta 15ean egingo da Kobetamendin. Bi eszenatoki nagusi izango dira eta beste hiru karpa kontzertuen ondoren musika entzuten jarraitzeko. Jaialdira doazenek kanpatzeko aukera izango dute halaber.
Pirinioetako istorioak
Nafarroako Xareta bailaran topaketak egin zituzten iaz Euskal Herriko eta Kataluniako hamaika idazlek. Elkar ezagutzea eta sortzea zuten xede. Esperientzi hark liburu forma hartu du orain. Egonaldian izandako idazleek ipuin bana idatzi dute, nor bere hizkuntzan. Euskal Herrian argitaratutako Lauburu. Pirinioetako kontakizunak liburuan euskaraz ageri dira guztiak eta Kataluniakoan katalanez.
Txapel Reggae
Reggaearen jarraitzaileek hitzordua daukate Armintzan (Bizkaia), uztailaren 15ean. Izan ere, aurten ere Txapel Reggae jaialdia antolatu dute. Besteak beste, 12 Tribu, Garagardo Guda, Mood Rakers (Madril) eta The Tostones (Valladolid) izango dira zuzenean.
Euskal animazio filmak atzerrian ere ikusteko
Euskal Herrian ekoitzitako animazio filmak beste herrietan erakusteko ahalegina egingo du Eiken-ek, EAEko Ikus-Entzunezkoen Klusterrak. Zinemagintzako sortzaileak lan munduan txertatzeko egitasmoa ere abiatu du: Eiken Bank. Horiez gain, sektorea sendotze aldera bost lan talde estrategiko sortu ditu Klusterrak, egin berri duen lehen kongresuan.
Alfredo Bikondoa margolari donostiarrak azken bost urteetan egindako artelanak jarri ditu Donostiako Koldo Mitxelena kulturuneko ganbaran. 37 urte zituela, pintura utzi zuen eta Zen meditazioari lotu zitzaion. 20 urtez utzi zion margotzeari eta ordutik hona egindako lanak ikusi ahal izango dira abuztuaren 26a bitarte.
EGO duela hamar urte sortu zela ospatzeko, Musika-lur musika garaikideko tailerra egiten ari dira Euskal Herriko Gazte Orkestrako kideak. Tailerrean landutako Musika-lur antzerki eta musika ikuskizuna hilaren 18tik 20ra aurkeztuko dute Gasteizen, Donostian eta Gernikan.
Xabier Arregi filosofoak Herria, hiria, nazioa. Zibilismoaren sustraiak saiakera karrikaratu du Pamiela argitaletxearen eskutik. Boterea zuritu duten ikuspegi filosofikoei kritika egiteaz gain, haien atzean zer ezkutatzen den agertzeko saioa egin du autoreak.
Alfonso Sastre dramaturgoak 2006ko Victoria Eugenia saria jasoko du larunbatean, Donostiako Antzerki Feriaren baitan. Sastrek antzerkigintzan egindako bidea eta gizartearekiko izandako konpromisoa nabarmendu nahi dituzte horrela.
Paulo Iztuetak Garari esanak: «Saioa marjinala izateak baditu konnotazio garbiak: bat, euskaldun intelektuala -irakurle potentziala- bere hizkuntzan analfabetoa izan dela ia atzo arte; eta bi, 1970eko hamarkada hasierako saiogintza azkarrari hegoak moztu zitzaizkiola, beharrak irakaskuntzako testuetan omen zeudelako. Laguntzak hortik doaz, argitaletxeen interesak ere bai, eta obra errentagarrien arteko lehian literaturak hartzen du saioaren lekua».
Natalia Monge dantzariak honakoa adierazi zion UKri: «EHUtik deitu gaituzte, badirudielako sortu nahi dutela master bat. Asmo horrek ez dauka zentzu handirik; ez dagoelako gradurik eta graduondoa egin nahi dute! Gradua sortzearena airean dago eta bestea aurrera doa? Teilatutik hasiko gara etxea egiten! Dena dela, inor ez da dantzatik bizi hemen, Espainian agian Duatoren konpainiakoak, guztiok beste edozertan egin behar dugu lan. Jendeak oraindik ez dauka sentsibilitate hori, futbolaren eta zinemaren gizartean bizi gara».
Rafael Moneo arkitektoaren hitzok jaso zituen El Cultural astekariak: «Jendeari baliagarri zaion eta leku jakin batean premiazkoa den eraikuntza horixe egin nahi nuke. Arkitektoak lan egiten duen gizarte horrexekin lotura izan nahi du. Eta alde horretatik, ba al du zentzurik erantzunik topatzen ez duzun leku horretan eraikitzeak?».