Mikel Asurmendi
Arrasate, 1959. Zuzenbide eta enpresa ikasketak eginak ditu. Eusko Alkartasuneko kidea. EAEko Ingurumen eta Lurralde Antolamendu sailburua da. Ekologistek inoiz bere gestioari egindako kritika aipatu diogu: «Kritika oso ondo ulertzen dut, baita nik egindakoaren aurka bada ere. Harrigarria kritikarik eza litzateke. Administrazioan ari naiz, eta erakundeek -udalek nahiz diputazioek, besteak beste- hartzen dituzten erabaki guztiak ez daude ere nire esku, ez naiz munduaren begiralea».
guztia irakurri
Ainhoa Lendinez
1983an sortu zen Uda Leku, Iparraldean, aisialdi denboran euskara bultzatzeko. Eskola eta ikastoletan haurrek euskara ez dute erabat atxikitzen, eta horretara, gainerako orduetan ere euskaraz bizitzeko paratu zuten Uda Leku.
2005ean Uda Lekuk hitzarmen bat sinatu zuen Frantziako botere publikoekin. Hitzarmen horretan bi atal jaso ziren: batetik, botere publikoek konpromisoa hartu zuten egungo aktibitateak diruztatzeko. Eta bestetik, lehen aldikotz Iparraldean, hizkuntza politika bermatu nahi dela-eta, Uda Lekuri bilgune berriak irekitzeko eskema baten proposatzea eskatu zioten. Zertan datza proposamena? Honela argitu digu Ttitto Aguerre Uda Lekuko zuzendariak: «Proposatu dugu eskema bat, biziki sinplea: Iparraldeko haurrak ez dira denak Hendaian eta Baionan bizi, behar da sortu hortaz bilgune bat Donibane Lohizunen, Garazin, Urruńan... Eta proposamena ongi hartua izan da».
Asmo hori aktibatu, sustatu nahi dute orain, gurasoak sentsibilizatu eta hunki, molde batez edo bestez, haurrak euskararen aisialdiguneetara eraman ditzaten. Kanpainak ilustratzeko proiektuaren xede eta ikur diren etxe txiki batzuk paratu dituzte, sinbolo gisa, lortu nahi dutenaren erakusgarri. Datorren urtetik hasita, hainbat udal prest daude proiektu bat edo beste onartu eta zentro berri batzuen irekitzeko.
Herriko Etxeak uzkur
Hauxe adierazi digu Aguerrek: «Aisialdian hitzarmen batzuk badira ezinbestekoak. Izan ere, haur bat zentro batean errezibitzea ez da nolanahi egiten, Gazteria Sailaren Ministerioa, Familien Laguntza Kutxa eta udalen babesa bateratu behar da». Arazoa, baina, herriko etxeekin dute. 80 udaletako haurrak joaten dira Uda Lekuren ekintzetara eta horietarik 30ek baino ez dute atxiki proiektua laguntzeko konpromisoa: «Aisialdia udalek diruztatu behar dute nagusiki, eskumena beraiek dutelako. Zentro honen funtzionamendurako Eusko Jaurlaritzari edo Kontseilu Orokorrari dirua eskatzea ez da baitezpada bide zuzena, ez delako, maila batean edota jarduera guzientzat, euren eskumena. Udalek dute eskumen hori, eta eurek nagusiki diruztatu beharko gintuzkete».
Horrek zerikusia ote du euskarak Iparraldean duen egoerarekin? Luze pentsatu gabe, supituki erantzun digu Uda Lekuko zuzendariak: «Euskara bigarren hizkuntza da hemen, eta ez da interesatzen frantsesarekilako parekotasunik». Haurrek frantsesa entzuten dute gehienbat etxean eta egunerokoan. «Uda Lekura etortzen diren haurrek familiaren baitan pauso bat emana dute, hona ekartzen dituzte, badakite hemen praktikatuko dutela, denek badute axola, atentzioa edo maitasuna, nahiz gurasoetan denak, ia gehienak, ez euskaradunak izan».
Ikastolen patua, euskararen patua
Eta euskararen osasunean eragin zuzena du hezkuntzak. Iparraldean hiru irakaskuntza sare daude: ikastola pribatua -D eredu hutsa eskaintzen duena-, eskola elebidun pribatua -B eredukoa- eta eskola elebidun publikoa -B eredukoa-. Haur gehienak eskola publikoetara joaten dira, baina Aguerrek argi esan digu ikastolako eta gainerako zentroetako haurren euskaran aldea nabaria dela: «Fite ikusten da zeinek duen euskara jakiten eta zeinek ez. Izango dira kasu isolatu batzuk publikoetan ere, baina nola B eredua den eta giroa oro har erdalduna den, sistema horrek ez du jendea nahikoa euskalduntzen». Uda Lekura biltzen diren haur gehienak Ikastolakoak dira, baina Hendaiako zentroan adibidez, gehienak publikotik datoz.
Erronka nagusiak
Beste adinetako ume zenbait zain dago eta horregatik zentro gehiago sortzea dute xede nagusi, baita egungoak indartzea ere. Kanpaina egiten hasi dira horretarako. Ikusirik irakaskuntzak ez duela euskalduntzen, irakaskuntzari aisialdi denboretan euskara intentsiboki behar zaio erantsi. Horretarako ari dira lanean Uda Lekun makina bat begirale eta animatzaile, Hegoaldeko batzuk eta Iparraldekoak. Azken urteetan biziki egin du gora bilguneetara bildu den haur kopuruak eta asmoa da 2010erako kopurua hirukoiztea. Aurten 500 haurrek -5.300 haur hainbat egunetan errepikatuta- gozatuko dute euskararekin aisialdian.