Mapan begiratua, Euskal Herriko ezker-pareta dirudi Kantabria auzo-lurraldeak. Ondorioz, Espainiako eskumaren mugarria ere bagenuke! Tira, Kantabria pagotxa da Bilbo aldean bizi garenontzat: gertu dago, eder ageri zaigu, jan eta lo merkeago egin ditzakegu bertan. Kantabria osoa korrituko dugu artikulu labur honetan. Etorri nahi ez baduzue, toki gehiago besteontzat.
Fermin Etxegoien2006-07-09 |
Hasteko, Castro eta Laredo... Ez dira bat ere «cool», badakigu. Proba ezazue bien artean dagoen Oriñon badiarekin, zer esanik ez bazter batean ezkutatzen den Sonabia hondartza naturista: buru gainean sekulako pareta daukagu, bertako buitreak itsasora begira jaiotzen dira, penintsulako bakarrak.
Kantabriako mendilerroak lau gune nagusi dauzka eta lehenean gaude, Castro Valnera (1.718) mendi inguruan. Portillo de la Sia mendateraino igotzeko ordubete inguru beharko duzue Laredotik. Soba bailara zeharkatuz: bertakoek asmatu zuten «sobao» bizkotxo famatua, baina bertakoak ez dira pasiegoak. Izan ere, nortzuk dira pasiegoak?
Etxeko traste oinarrizkoenak mando gainean eramanda, hilabetero etxez aldatzen diren familiek osaturiko Herria, h larria onartzen badidazue. Familia bakoitzak hiruna etxe dauzka, etxe baten inguruko belarra agortzen denean hurrengo etxera doaz, eta horrela hilabetero. Europa osoan ez dago hain ziklo laburreko eredu trantsumanterik. Non ikus daitezke benetako pasiegoak gaur egun?
Miera bailaran aurki itzazue Calseca eta Valdició mendi auzoak, flipatuko duzue. Carriedo bailara ez da pasiegoa, baina Selaya gainean eta Pisueña mendi aldean badago zer esploratu. Pas bailara, noski, pasiegoa da bere osoan. Halere etxerik-etxe mando gainean bidaiatuz ba ote dabil inor oraindik ere? Vega de Pas hiriburutik egin ezazue Castro Valnera azpiraino, esker-eskuin ageri zaizkizuen etxoletan familia pasiego tradizional batzuk aurkituko dituzue. San Pedro del Romeral inguruan ehunka txabola pasiego dauzkazue zain: galdu haien artean ea zer gertatzen den. Imajinatzerik ez daukazuen mundu berezia daukazue zain, oraindik ere.
Santander eta harago
Hiriburua eta Torrelavega bigarren hiria lotzen dituen autobide ingurua, ordea, Kantabriako alderik zatarrena dugu: etxe lerro adosatuek dena hartu dute. Halere merezi du Pas eta Cabuerniga ibaiak itsasoratzen diren Liencres ingurua ezagutzeak, sekulako hondartza, padura eta dunak.
Eremu zentral honen barrualdea Kantabriako bihotza dugu. Besaya, Buelna, Iguña... Honela sonatzen du Kantabriako hizkuntzak. Mesetarako bide xamur samar bakarra hemendik igarotzen da, Reinosa helburu. Haren inguruan zabaltzen da Campóo eskualdea, guztiz mesetarioa. Bigarren mendigune nagusia begira gauzka: Alto Campoo-ko mendilerro harroak. Hamabost bat gailur zeruratzen dira bi mila metrotik gora, denak lotzea posible da sekulako ertz-zeharkaldia eginez, baina hobe banan-banan hartzea eski-estaziotik abiatuta.
Eta jendea
Tira, bizitza osoa daramagu Kantabrian barna ibiliaz, mendi bailaretan zein kostaldeko herrietan. Beti ondo... baina tokiak eta tokiak daude, badakigu. Kostaldean, Santillana eta Comillas bezalako herri monumentalak ditugu. Biak ere, Espainia inperial eta atzerakoienarekin lotzen ahal dituzue lasai asko... baina ikustea ere ez zaizue damutuko.
Comillaseko eraikin unibertsitarioetan, adibidez, neo-gotiko ingelesa eta Espainiako nazional-katolizismoa bat eginda daude! Gaudi ere bertan dago, El Capricho eraikin txikiarekin. Gero datoz Kantabriako hondartzarik handienak: Oyambre, naturaren harribitxia, eta San Vicente de la Barquera herri sonatuaren hondartza handiak ere, kilometrikoak.
Mendialdera eginez gero, Kantauriar mendilerroa sekulako hesia bilakatu zaigu jada. Cabuérniga bailaratik igoko gara Palombera mendateraino, lehen mailako natur gune bikainean sentituko zarete ezinbestean, Saja erreserba famatuak hartu baikaitu.
Zer esanik ez hurrengo bailaran: Polaciones basatia, Kantabriak ondoen gorde duen sekretua! Puentenansa herria izan dakizueke abiapuntua: errepide estuan gora arretaz gidatu eta goi-lautadara ailegatuko zarete, hartzak Bilbotik gertuen bizi diren gune naturala hain zuzen.
Peña Sagra mendigunea mugarri handia bada eskualde honetan. Iparraldeko magalean San Sebastian de Garabandal eta beste herri isolatu batzuk daude. Errepide horietako bihurgune batzuetatik, batera ageri zaizkigu Naranjo de Bulnes eta itsasoa bera.
Eta ailegatu gara gure azken portura. Itsasoan, Pechón herri txikia izan liteke: joan zaitezkete, baina gero ez esan inori, oraindik ezezagun samarra baita. Mendialdean, Piedras Luengas eta San Glorio mendate garaiak: bestaldean Palencia eta León hasten zaizkigu.
Haraino ailegatzeko Deva ibaian gora egin dugu, hasieran Hermida arroila estuan barrena. Eta bailara zabaldu zaigu bat-batean, Liébana mundu berezian gaude, mendien arteko paradisuan.
Curavacas eta Peña Prieta atzean ageri dira zein baino zeinago. Kantabria bukatzen ari zaigu, jaun-andreok. Mendebaldean -eskumara ala ezkerretara, nondik begiratzen zaion- inoiz ikusi duzuen harri-paretarik garaiena ageri zaizue -Picos de Europa!- eta bukatu da Kantabria.