Bilboko euskaltegi batean eman beharreko hitzaldia amaitu eta Tolosakoa nintzela jakitean ikasleetako batek honako hau esan zidan: «Bada, agian, udan Tolosaldera joango naiz euskara praktikatzera». «Udan ez zaitez Tolosaldera joan; han ez da inor geratzen eta! Euskara praktikatzera zoaz Jacara!».
Ikasle hark txantxetan nenbilela pentsatuko zuen agian, baina serio ari nintzen; izan ere, udan, euskara gehien entzuten den hirietako bat izango da Jaca, edo nahiago baduzue, Chaca, aragoieraz. Ez dut kale-neurketarik egin, baina emaitzak harrigarriak izango lirateke.
Euskaldunon topaleku
Neguan elurra, udan hiria edo mendia... Kontua da Jaca eta Jacetania urte osoko turismo gune bilakatu direla. Horren froga, azken hamarkadako hirigintza hazkunde ikaragarria. Bertako batzuekin hizketan, eraikitzen ari zirenak «casas para vascos» zirela aipatu zidaten. Bazekitela etorkizun ekonomikoa neurri batean turismo euskaldunaren baitan zegoela, baina... Ez ninduen «baina»ren doinu saminak harritu.
Historia aberatseko eskualdea
Askoz ere ikusgarriagoa da, ordea, San Juan de la Peña, harkaitzaren kontra eraikitako monasterio magikoa. Granitozko txapelak babesturiko zenobio honetan, Erdi Arora itzuli zareten sentsazioak hartuko zaituzte. Eta horren ezagunak ez izan arren, Santa Maria de Iguácel edo San Pedro de Siresara hurbiltzea gomendatuko nizueke.
Jacan bertan, garai eta estilo desberdinetako eraikinak ikusi ahal izango dituzue, katedraleko plazatik abiatuta, hiriko kalexka estuetatik barrena abiatzen bazarete: Erlojuaren dorrea, Aragoiko platereskoaren adibide ederra den Udaletxea edo Aragón ibaia zeharkatzen duen San Miguel zubia, konparazio batera. Rapitaneko gotorlekura igoz gero, inguruetako bista zabalaz gozatu ahal izango duzue, eta fortea eta berunezko soldadutxoen erakusketa ikusi.
Eta Gotorlekua. Oso-osorik mantentzen den gutxietako bat da. Haurrekin joateko leku egokia da; bertako lubakian dauden oreinak bisitatzeko aitzakian, inguruko terrazetan egonalditxoa egin ahal izango duzuelako. Bertan militarrak daude, eta egia esan, ez naiz inoiz sartu.
Egañaren Jaca
Chaca
Fablarik ez, baina jan-edana bai. Ostalaritza indartsua du Jacak, eta ondo jakin du egokitzen inguratu zaion turismo euskaldun familiarrari.
Nahi adina ibilaldi
Goizeko freskuraren babesean, ibilaldi ugari egin daiteke oinez Jacatik abiatuta inguruko herrixketara: Barós, Asieso, Guasa...
Denbora gehixeago behar da Oroel mendira igotzeko (1.769 m.). Jacatik abiatuta 3 bat ordu. Bestela aterperaino autoz inguratu eta 2 ordutan igoko zarete. Animatuenek, urtero abuztuan antolatzen den Oroeleko igoeran har dezakezue parte.
Pirinioetako gailurrez aparte asko dira, familian eta haurrekin egin daitezkeen ibilaldiak. Formigaletik abiatuta, bi aukera proposatuko dizkizuet: Portaletetik Anayeten lakuraino, edo Portaleteko muga pasa eta berehala autoa aparkatuta, Midi dÆOssauren azpialdera heltzea. Oso aterpetxe txukuna duzue bertan. Echotik aurrera Ozako basoraino iritsi eta Aguas Tuertasen barrena abia zaitezkete, trikuharriz, animaliez eta mendi tontor ederrez inguratuta, eta indarrean egonez gero Estaneseko lakuraino iritsi. Astunen teleaulkia hartuta, amuarrainen lakuraino igo zaitezkete eta paseotxo bat emanez Midi dÆOssauren parera heldu.
Plan errazagoa nahi? Meatzariek zerabilten Artousteko trentxoak izen bereko lakuraino eramango zaituzte, malkar ikusgarri baten ertzetik.
Merezi du, egun ez oso eguzkitsu batean, inguruko herrixka txiki guztiak zeharkatzen dituen errepidea hartu eta Aisaraino heltzea, gero bertatik basoan barrena abiatzen den bidea segitzeko. Garcipollera da, gutxi ezagutzen den beste haran interesgarria. Virgen de Iguacelera doan bidea hartuta, eskuinetara Villanovilla herrixka hustu eraberritua edo Larrosa herri abandonatua aurkituko dituzue.
Zer gehiago? Canfranc bere tren-geltoki eta nazien urrearen inguruko historia harrigarriekin. Urrutixeago Ansó eta Echo. Eta hegoaldera joanda, Riglos, labanaz moztuak diruditen harkaitz gorrixka izugarriekin. Gertu, Loarreko gaztelua. Lur hauek euskaraz mintzo dira oraindik: Loarre, Aierbe... Eta Santa Eulalia de Gállegoko etxe atarietan lauburu ugari ikus daiteke oraindik.
Festarako aukera anitz
Herri txikietako festak ere nonahi. Ez aukerarik galdu Os Chotos dÆEmbún bezalako taldeekin kalejiran ibiltzeko, bizilagunek gazta eta txorixoa banatzen duten bitartean. Esate baterako, Aragües del Puerton. Eta Huescako festak ere ez dira ahaztekoak!
Inguruko udako jaialdien artean, Sallent de Gállegoko Pirineos Sur nabarmendu behar; aurten uztailaren 13tik 29ra. Baita udan zehar, Done Jakue bideko herrietan egiten den antigoaleko musikako Jaialdia. Folk musika Aragües del Puerton eta Jasan uztailean eta Bailon abuztuan. Santa Cilian, berriz, kaleko antzerkia abuztuan.
Kiroling
Aldapetan pedalei ondo eraginez gero, Aisako itzulia eman dezakezue bizikletan Guasillotik abiatu eta Castiellotik itzulita. Edo San Juan de la Peñara joan, Oroeleko mendatetik edo Santa Cruz de la Serósetik.
Perretxikoak bildu nahi dituenak, eguraldia eta zortea lagun, aukera paregabea izango du paraje hauetan. Ez dut pista handiegirik emango, baina Somportetik bestaldera pasaz gero, nekez itzuliko zarete onddo, gibelurdin edo zizahoririk bildu gabe.
Eta, aizue, lasai-lasai egon eta aspertu nahi baduzue, horretarako aukera ere izango duzue.
![]() |
|
||||
2048 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa